31. Lekuak eta ezlekuak

http://www.ivoox.com/31-lekuak-eta-ezlekuak_md_3215955_1.mp3″ Ir a descargar

Lekuez eta ezlekuez aritu gara gaurko saioan. Nolako lotura dute literaturarekin? Zer diote idazleek horiei buruz? Bestetik, Elearazi atariko Garazi Arrulak Jamaica Kincaiden ‘Neska’ ipuina irakurriko digu, Iraitz Ugaldek liburu komentarioa egin digu ‘Zebra efektua’ komikiari buruz, eta ITU bandakoek Harkaitz Canoren “Neguko zirkoa” ipuin bildumako ale bat ekarriko digute.

On egin!

‘Zebra efektua’, Iñaki Gonzalez Holgado & Harkaitz Cano | Iraitz Ugalde

http://www.ivoox.com/zebra-efektua-iraitz-ugalde_md_3215886_1.mp3″ Ir a descargar

Iñaki Gonzalez Holgadoren irudiek eta Harkaitz Canoren hitzek betetzen dituzte ‘Zebra efektua’ liburuko orriak. 2013ko urrian argia ikusi zuen komikia da, AEBetako historian bidaia egitera garamatzana.

2007a da. Ilargi beteko gaua New Orleanseko errepideetan. Ez da lehen aldia Bob eta Jimmyk diru truke norbait garbituko dutena, beste behin ere zergatia ezagutu gabe. Profesionalak dira eta dena dute kontrolpean. Ustekabeko aldaketa batek guztia hankaz gora jarriko du ordea, eta larri, ihes egin beharko dute bakoitzak bere aldetik.

Bob-ek lagunak baino zorte handiagoa izango du, baina ez da larrialditik atera duen gertakizunari azalpen logikorik aurkitzeko gai izango. Badirudi, azalaren kolorea aldatu zaiola, supituki zuria dela. Jada ez du gauaren erdian poliziak bila dabiltzan bi gizon beltzetariko baten antzik. Ez da susmagarria. Azal zuri berriak salbatu du. Eta orrietan aurrera, mendeetan atzera, hasiko da irakurlea Bob-en arbasoek, bere aitak, aitonak eta aurrekoek izan dituzten antzerako esperientziak ezagutzen. Azalaren koloreak baldintzatutako bizitza izan duten gizonak, eta maldizio zahar bat dela medio, beronen aldaketa jasan dutenak. Belaunaldien sokari tiraka AEBko esklabutzaren historiaren marrazkia osatzera iritsiko gara.

“ Badakizu bi tragedia mota daudela, ezta? Bata, desio duzuna ez betetzea da. Bestea, desio duzuna betetzea… Eta, sinetsi ala ez, bigarrena da bietan txarrena, ez izan dudarik… Kontuz zure desioekin, Ellison anaia…“ Horixe esan zion 1899an jabe zuriek egin zizkioten zauriak sendatzen ari zitzaion atsoak Boben arbasoren bati, honek zuria izatea nahiago lukeela esan zionean.

Bob ez da ohartuko bere azken lanak zein lotura duen berrehun urte lehenago Gineako Golkotik atera zen itsasontzian esklabu zeramaten bere arbasoarekin. Istorioaren girabuelta askoren ondoren ohartuko gara zein den gaur gaueko biktima akabatzeko arrazoia eta deskuido batek zelan eraman duen bilarreko mahaian bola zuria beltzaren ordez zulora.

“Bizitza marra mehar bat da. Eta marraren alde batera zein bestera, amildegi bana.“ Gauzek ez dute zertan zuriak ala beltzak izan. Baina batzuetan hala izaten da, antzina nahiz egun.