Egun ederra da gaurkoa IV | Jon Urzelai

http://www.ivoox.com/jon-urzelai-puntuka_md_2505554_1.mp3″ Ir a descargar

Egunak ondo hasten direnean ere, batzuetan, espero gabe eta supituki, triste bilakatzen dira patua zurekin jokatzen ariko balitz bezala. Baina Carlton hoteleko botones puta bat zarenean egunak ez dira inoiz ondo hasten eta egia hori ondo ezagutzen duzu. Era berean, gaizki hasitako egunek ere kostata izaten dutela amaiera hoberik ere badakizu. Berdin dio jendearen begiak zure ahoko hortzen zuritasunean islatu ahal izateak, protokoloaren nondik-norakoak absurduraino ezagutzeak edo emazteak oparitutako kolonia modernoa egunero erabiltzeak. Horrek guztiak ez dizu laguntzen zure lana besteak garrantzitsu sentiaraztea denean, zure lana besteak gustura sentitzeko zeure burua makurtzean oinarritzen denean.

Carlton hoteleko botonesak hori guztia aski ongi daki eta horrexegatik ez da ongi gogoratzen korridorean aurrera joanda atzean utzi duen logelak Salvador Allende edo Augusto Pinochet izena duen. Kurt Cobain edo Donna Summer. Azken finean plastikozko bizitoki baten atean zintzilikatutako izenak besterik ez dira, inora eramaten ez dutenak, eta hori ere badaki.

Tok! Tok!

Zaila da egoerak eskatzen duen mailan egotea logela irekitzerakoan topatzen duzuna pistola bat ahoan sartuta daukan gizon elegante bat denean. Imajinatu: ilea eta aurpegia izarditan blai dituen suizida batek begiratzen zaitu atea ireki orduko, atzean irekita daukan leihotik geroz eta euri gogorrago baten tantak sartzen diren bitartean. Irudia ederra da berez, indartsua, indartsuegia agian. Leihotik haratago mila argi, putzu eta ke izango dira baina horri erreparatzeko astirik ere ez du izan muturren aurrean daukana ikusirik. Bai, ahaztu eguna ondo amaituko denaren itxaropen guztiak.

Baina…. baina… ze hostia?!

Pun!

Begiak ireki dituenean odola, kristal hautsiak, haragi puskak eta odolez bustitako kristal hautsiak aurkitu ditu bere uniformean zehar banatuta, abangoardiako artista post-moderno esperimental baten obra bat osatuko balute bezala. Balizko obra kontzeptualaren esanahia aurkitzeari uko eginez edo, begiak itxi ditu. Hiria, bizia, denbora azkarregi doala iruditzen zaio, ez dela dena asimilatzeko gai. Ez dela ezer asimilatzeko gai. Logelatik irten lurrean eseri eta zigarro bat piztu du: keak ez dio suitearen izena zein den ikusten utzi.

Hurrengo egunean, ertzaintzarekin izandako deklarazio eta buruhausteak ahazten saiatzen den bitartean, berriz ere lanera bueltan, bere aitak txikia zenean esaten zionaz gogoratu da, “seme, bizitza xake partida bat bezalakoa da eta guri peoiak izatea tokatu zaigu”. Irri triste batekin aldapa-gora dagoen zebrabidea pasa eta Carlton hotelera sartu da berriz, lanera. Gaurkoa egun gogorra izango da eguzkitsua izanagatik: goizean jakinarazi diotenez, Allende suitea zerri eginda utzi du bart izandako festa pribatu batek.

14. Literatura Eskolak 10 urte

http://www.ivoox.com/14-literatura-eskola_md_2409469_1.mp3″ Ir a descargar

Literatura Eskolak 10 urte bete dituela eta, bertako koordinatzaile taldean sartu diren Iratxe Retolaza eta Amaia Serranorekin hizketan aritu gara. Sortu zenetik gaurdaino izandako historia errepasatzeaz gain, etorkizunera begira dituzten erronkez ere jardun dugu. Horrez gain, Iraitz Ugalderen liburu komentarioa, Manex Mantxolaren puntukako ipuinaren hirugarren zatia eta Itu bandakoen tartea ere entzun ahal izango dituzue. Ah, eta ez ahaztu: sintonia zaharra ala berria, zein duzue nahiago? Sartu gure hemen eta hemen, eta bozkatu!

Ez galdu denboraldi berriko lehendabiziko saioa!

12. Mikel Taberna & ITU bandaren inbasioa

http://www.ivoox.com/12-mikel-taberna-itu-bandaren-inbasioa_md_2186741_1.mp3″ Ir a descargar

“Alkasoroko benta” eleberriari buruz aritu gara hizketan Mikel Tabernarekin, eta elkarrizketa hori izan da saio honetako ardatza. Horrez gain, Jon Iraolak liburu komentarioa egin digu, Amaia Iturriotzek puntukako ipuinaren bigarren atala osatu du, eta saioaren hondarrean, bat-batean eta ezerezetik agertuta, ITU bandakoek bahitu egin gaituzte, ‘Martutene’ bana ahoan sartuta.

Gehiago jakin nahi duzuela? Ez galdu irratsaioa!

Egun ederra da gaurkoa II | Amaia Iturriotz

http://www.ivoox.com/egun-ederra-da-gaurkoa-ii_md_2186831_1.mp3″ Ir a descargar

Idiak ez dira bere ezberdin mugitzen, aurrera, norantza bakarra hori baita. Alboetara begiratzea ez da inoren buruan sartzen halakotan, zertarako. Dena den, burua biratu ez arren, begiekin zeharka begiratzen die eskaparateei, taberna edo dekoradoreetako erakusleihoei. Ispilu moduan erabiltzen ditu denak, ziurtatzeko dotore jantzi dela oso eta inork ez diola antzemango gorbataren korapiloa egiten youtubeko bideo batek erakutsi diola bart. Hori bai, pentsatu du izerdiak eta musugorriek ez diotela trajeari batere laguntzen, nahiz eta zapatei brillo handiagoa emateko balio dezaketen izerditantek berez. Minutu batzuez geldi geratu da azken zebrabidearen aurrean, zeharkatu gabe, eta izerdiari denbora eman dio ebaporatzeko, masailei gorritasuna galtzeko. Azalaren gorria, ordea, semaforoko panpinatxoak hartu du eta arnasa bere onera bueltatu bazaio ere, pixka bat gehiago itxaron behar izan du.
Berdearen aginduz zebrabidea pasatzen hasi denean, orduan, lurreko marren zentzuaz galdetu dio barruari, zergatik marren lekuan ez dauden laukiak eta zebrabidea bera ez den xake-taula bihurtzen. Metafora argiagoa litzateke behintzat, hori seguru, eta jendea ez luke ezustean harrapatuko norbaitek jan izanak, jendea konturatu egingo litzateke zeharkatze bakoitza, mugimendu bakoitza, erabaki bat dela eta zerbait alda dezakeela gure bizitzan. Oso kontziente da erabakiaz marmolezko hiru eskailera mailak igo eta arkupe txiki batean barrena Carlton Hotelera sartu denean. Buenos días opa dio botones delako txorimalo batek. Bai, bai, ez kezkatu, egun ederra da-eta gaurkoa. Baina hori ez dio esan.
Begien aurrean estanpatudun alfonbra gorri biribil bat agertu zaio, etzanda dagoela dirudiena gainean duen kupula ederrari begira, bertako beirate koloretsuari. Alboetan zutabe sendoak daude, Grezia edo Erroma, ideiarik ez baitu arkitekturaz. Orain bi egun ere zalantza bera sortu zitzaion arren, ez da google-i galdetzeaz akordatu. Konturatu da, ez baita zaila konturatzea, dekoratu honekin eta gerrian daraman pistolarekin edonork egingo lukeela pelikula bat. Harreratik pasa gabe, eskailerak igotzen hasi da. Idi bat xake-taula batean.

Egun ederra da gaurkoa | Beñat Gaztelumendi

http://www.ivoox.com/egun-ederra-benat-gaztelumendi_md_2151773_1.mp3″ Ir a descargar

Egun ederra da gaurkoa. Ederregia. Distira ateraz doaz bere zapata beltzak, bere zapata berriak, oraindik inork zanpatu gabeko zapata glamourosoak hiriko espaloi grisetan barrena. Traje beltzari berri usaina dario oraindik eta udaberriko polenaren lurrinarekin nahasten da bere pausu hots gozatuen konpasean.  Hiria nagiak atera nahian dabilen ipurtargi bat da oraindik, izaren antzera mugitzen dira kortinak leihoen begi-niniek “minutu bat, minutu bat gehiago” esango balute bezala. Baina hiriak ez du minuturik ematen. Elizako kanpandorreko kanpaiak orroka hasi dira eta beste pixka bat egin du gora orduen orratz laburrak. Zortzirak.
Egun ederra da gaurkoa. Oraindik ohean egon zitekeen, pertsianetatik sartzen diren argi izpiek bere gelako hormetan xake taulak nola marrazten dituzten begira. “Bizitza xake taula bat duk” esaten zion aitak aspaldi, oso aspaldi, beste mundu batean, eta bere burua ikusten zuen horman eguzkiak marraztutako zuriunez zuriune jauzika, bizitza itzalen eta argien arteko borroka bat zela pentsatuz, egun onak eta txarrak, edo txar bihurtzen diren egun onak, igande hura, esaterako, berak oraindik, goizeko zortzietan kale nagusiko kafetegi berriaren parean geratu zenean, ez zekien arren. Egun ederra da oraindik; haurrak parkera eraman zitzakeen, egunkaria eta croisant batzuk erosi eta banku batean eserita ikusi nola zebiltzan kolunpioetan bueltaka; zigarro bat ere erre zezakeen haiei begira, noizbait utzi behar zuela pentsatuz, zigarroak, alegia, aita izateari ez baina zigarroak erretzeari bai, biak azkarrago hiltzeko moduak izan arren utzi behar zituela zigarroak eta kirola egiten hasi, aspaldian gaztetako galtzak jantzi ezinik zebilen eta ingurukoek ez zioten lehen bezala begiratzen; barre egiten ziotela sentitzen zuen eta isilaraziko zituen, bai horixe. Horrelako gauzak pentsatzen ditu igande goiz honetan, zortziak eta bi minututan, zebra-bidea pasatzen duen bitartean, hankak arrasto zuritik arrasto zurira, noski.

Egun ederra da gaurkoa, ordea, eta denok dakigu ederregi hasten diren egunek min ematen dutela; edertasunak min ematen duela esango luke filosoforen batek baina metafisiko jarri gabe ere badakigu ondo hasten diren egunak gaizki bukatzen direla, bizitza xake taula bat dela, are gehiago azkarregi bizi nahi duten hirietan, are gehiago azkarregi bizi nahi duten hirietan trajea janzten dutenentzat eta are gehiago azkarregi bizi nahi duten hirietan trajea janzten dutenek berak bezala pisu astun bat baldin badaukate gerrikotik zintzilik. Pausua laburtu du, mantsoago doa, izerdi tantak jausten zaizkio kopetatik lurrera, tanten hotsa aditzen du “tan-tan” zebrabideko marra beltzen gainean. Isilarazi egin nahiko lituzke tantak, isilarazi pausuak, isilarazi azkarregi doan bihotz azeleratua eta isilarazi akordeoi zulatu baten moduko bere arnasketa irregularra, baina ederregia da eguna isilik egoteko eta geroz eta pausu laburragoz doa bere helburura, geroz eta mantsoago, “minutu bat, minutu bat gehiago”, gerritik zintzilik daukan metal zatia hatz erakusleaz laztantzen duen bitartean.

Teletipoa IV | Iratxe Esnaola

http://www.ivoox.com/teletipoa-iv-iratxe-esnaola_md_2030048_1.mp3″ Ir a descargar

Taberna iluneko fondo are ilunagoan telebistak piztean atera duen hotsak burua gorarazi dio Mikeli. Kultura deitzen duten espazio anorexikoari bide egiten ari zaio orduantxe Teleberria:
“Mikel Bengoa poeta euskalduna hil da New Yorken 44 urte zituela” iragarri du teletipoko albistea errepikatzen duen aurkezleak. “Breaking News poema bilduma arrakastatsuaren egilea izan zen Bengoa eta Post-gonzo poetry mugimenduaren oinarriak jarri zituen”. Long Island-eko etxalde baten irudiak ikusten dira eta adin ertaineko morroi baten argazkia. Jauzi egin du mahaitik Mikelek gaztetasunarekin batera galdua uste zuen suhartasunez, eta keinuak berarekin ekarri du oihua: “Ipini Heineken bat, deblauki!”.

Arnasa hartu, arnasa bota. Mantso edan botila muturretik. “Ezin duk izan, ezin duk bera izan” errepikatu du begiak zuri. Telmo Telleria da argazkiko morroia. Zalantzarik ez horretan. Nork jakin berak baino hobeto, aurrena ikasketa kide eta hurrena lankide izan bazuen! Nola ulertu behar du, ordea, hura bere izenez New Yorken hil izana? Baina hori baino askoz garrantzitsuago. Telmo ez al zegoen jada hilda? Azkenekoz ikusi zuenekoaz oroitu da argitasun gupidagabez. Egunkarian lankide ziren garaian elkarrekin egin ohi zituzten txangoak asteburuetan, literatur kezkak aletzeko eta barruak husteko. Zooan egin zuten azken hitzordua zen, ustez, Telmok bizirik eman zuen azken asteburua, hurrengo astean egin zen haren hileta. Min hartu zuen heriotza harekin Mikelek, beti miretsi izan baitzizkion Telmori bere poesia eta bere eskuzabaltasuna. Garai hartan Mikelek poesia argitara gabeak gordetzen zituen poltsikoan, eta gaur bezala etsipenaren mugara lerratzen zenez, Telmok idazten jarraitzera animatu ohi zuen. Zooan esan zituen hitzak etorri zaizkio akordura:
“Poeta hila nauk. Ez zegok atzera bueltarik”. Bisonte amerikar biri urrutitik begira zeuden hesiaren bestaldetik. Telmok aire komiko serioz erantzun zion. “Ba al dakik hildakoarena egiten diala animalia hainbatek? Babesteko egiten ditek, baina ez zeudek hilda”. Hesitik aldendu zen bide ertzeko kala lore baten ondoraino. Seriosago esan zion handik: “Ezak galdu esperantza hire poesia hilaren birjaiotzean”. Handik hiru egunera izan zuen Mikelek bere heriotzaren berri.

Heineken botila eskuan biratu eta biratu, piezak batzen saiatzen da. Hildakoarena egiten jardun da Telmo urte mordoan berari identitatea lapurturik? Mikelek ez du gorrotorik ez inbidiarik sentitzen. Kontrara, Telmoren ontasunean sinesten du iraganean bezala gaur. Bat-batean, bihozkada izan du Telmok Egindakoarena. Post-gonzo poetry … Nola ez konturatu lehenago! New Yorkeko intelektualak ere ez dira deusez enteratu. Nola ba, Mikelentzat zifratutako kodea bada. Orain argi ikusten du. Post-gonzo poetry ez da mugimendu, baizik omenaldi, abisu, adierazpen. Ohar bat, post bat. Post: go on zoo poetry! Hots; aurrera zooko poeta etsitua. Berpiztu haut poeta hilen erreinutik poesia hire izenean idatziz. Biziberritu hadi hi orain.

Esku dardaratiz, esker onaren harra barrenak janez, Mikelek poesia berriaren aieruak taupadaka sentitu ditu. Zer behar du munduak? Egia pittin bat, egia hutsa. Zein da hilda ez dagoen poesia? Barraskiloen triskantzak baratzeetan, esne hautsa eta pixoihalak, emaztea eta alaba, bizia duen hura. Zer egin apatiaren astigmatismoari aurre egiteko? Bizi, bizi, bizi. Inarrosaldi bortitz baten mende karpetako orriak hausteari ekin dio. Breaking news. Poesia, egia eta kazetaritza batzen diren puntua deskubritu berri du. Egunkarietako gertakarien atala hain justu. Haietara jo behar du Mikelek bera bezalako jende arruntaren miseriak eta heroikotasunak biltzera. Arnasa sakon eta pozez hartu du. Badaki Telmo hilik ez dela. Beste poeta etsitu baten identitatea ostu eta haren izena biziberritzeari emana izango da honezkero.

Teletipoa II | Gorka Bereziartua

http://www.ivoox.com/teletipoa-ii_md_1947025_1.mp3″ Ir a descargar

“Mikel Bengoa poeta hilik aurkitu dute New Yorken zeukan etxean”. Fakultateko irakasgai hura etorri zaio gogora: albiste guztiak baieztatu behar dira. Ez da zaila kasu honetan, kontuan izanik titularreko protagonista inoiz ezagutu duen lehen eskuko iturririk lehen eskukoena dela.

Mikel Bengoa.

Beste Mikel Bengoa bat ote? Albistearen tripak esaten dio kointzidentzia handiegia litzatekeela: “Mikel Bengoak (Donostia, 1969 – New York, 2013), kazetaritza ikasi zuen EHUn eta Euskaldunon Egunkarian egin zuen lan hura itxi zuten arte. Berria egunkaria sortzearekin batera Agenda sailean hasi zen lanean, ofizio horretan inoiz gehiegi nabarmendu gabe”.

“Hori iritzi bat da, ez informazioa”, kexatu da.

Titularrera buelta: Mikel Bengoa poeta. Inoiz ez zioten irain hori bota. Azalpen gehiago barruan: “Berrogei urterekin hasi zen literaturzaleen arreta deitzen, BREAKING NEWS poema bildumarekin. 37 hizkuntzatara itzulia izan den obra horretan Bengoak kazetaritzaren hizkera deseraiki zuen, gerora post-gonzo-poetry deitua izan den mugimenduaren oinarriak jarriz”.

“Hum…” dio Mikelek.

Idazmahaiaren kaxoitik karpeta bat atera du. Orain arte garrantzirik ez zuten lanak dira, titular ebakiak, albiste zatiak, kafe kondarrekin zirriborratutako argazki-oinak; editorial batera bidali-ez bidali zeukan fede gutxiko proiektu bat. BREAKING NEWS ez dela titulu txarra pentsatu du.

Bai baina… eta New York?

“Bengoaren lorpen handiena, dena den, poesiaren mugak gainditzea izan da adituen ustez, kazetaritza eta oro-har, komunikazioaren industria birdefinituz. Bere lehen liburuarekin lortutako oihartzunak Amerikako Estatu Batueraino iritsi ziren. The New Yorker aldizkariak hainbat lan argitaratu zizkion ingelesez eta papereko edizioak ixten ari ziren egunkari tradizionalek post-gonzoan ikusi zuten euren negozio-eredu zaharkituaren salbamena. Hainbat eskaintzari uko egin ostean, The New York Timeseko lan taldean sartzeari baiezkoa eman zion Bengoak”.

“Dirua”, pentsatu du Mikel honek, teletipoari begira dagoenak, erredakzioan azkenputz.
“Errekonozimendua”, karpetari begira. “Dirua, errekonozimendua eta heriotza”, frenatu behar izan du bere burua.

Teletipoak ez du argitzen Mikel Bengoa nola hil den. Edo nola hil duten. Polizia ikertzen ari da eta hipotesi guztiak zabalik daude.

Mikel Bengoa honek, bizirik dagoenak, ordenagailua itzali du eta karpeta gutunazal handi batean sartu. Editorialaren helbidea idatzi dio. Ez dauka oso argi. Ezer egin aurretik trago bat behar duela uste du. Kalerantz abiatu da, atearen eremuan kalerik aurkituko ote duen ere ez dakiela.

Teletipoa | Beñat Gaztelumendi

Egia astigmatismoak jotako betoker bat zela ikasi zuen garagardo usaineko garai urrun batean. Ez dauka gogoan unibertsitateko esne mindu koloreko aulki batean edo Kafe Antzokian izan ote zen, Heineken botila miope bat eskuan hartuta. Bera ere hain berde zegoen artean… Kazetari izatearekin egiten zuen amets orduan, manifestazioetan begirada objektiboz manifestarien aurretik eta poliziaren atzetik edo alderantziz (urte asko pasa dira izan ere) joaten diren kazetari horietako bat izan nahi zuen, parrandan ere grabagailua gabardinan sartuta aterako zen usaimen fineko piztia, egiaren zerbitzura beti. Leioako kafetegiko hirugarren solairutik marihuana kea irteten zen garaietan izan zen hori; munduari buruzko teoria apurtzaileak sortzen zituzten garaietan; hain apurtzaileak izanik hurrengo goizean bestondoaren kristal apurtuak garuneko zoko ezkutuetatik erauzten aritu behar izaten baitzuten. Mundua aldatuko zuen kazetaritza berriaren teorizatzaileak.

Orain fisioterapeutarenera joaten da Mikel astean bitan, korapiloak sorbaldan omoplatoetan klabikulan eta auskalo non gehiago; izerdi kiratsezko alkandorako botoi apurtuen artetik ile kizkurtuak munduari begira; usaimen fineko piztiak berrogei urte bueltako sabelean zintzilik dauden ile mataza lotsagabeak… Haurraren negarrek egun bihurtutako gauetan futboleko baloi bilakatu zaizkio begiak, eta orain erredakzioko mahai desordenatuko fluoreszenteak itsutzen dio objektibotasuna. Alaba txikiaren argazkitxo bat dauka ordenagailu aldamenean, irribarretsu, “egizu lan eta ni ere zu bezalakoa izango naiz” esanez bezala, “ordaindu nire pixoihal bizikleta botika arropa eta ikasketak eta bekadun zoriontsu izango naiz, langabe irribarretsua, zure etxeko altzari dotorea” eta Mikelek burua jaitsi eta agendari begiratu dio, “bihar elkarrizketa zirkuko domatzaileari, etzi etxeko hormetan mamuak ikusi dituen jubilatuari, etzidamu ur baso batean etorkizuna ikusten duen neskatoari” eta abar eta abar eta abar; agenda bat bic urdinez zirriborratua, marjinetan “gogoratu esnea erostea, gogoratu xanpua, gogoratu, gogoratu, gogoratu” emaztearen kaligrafia borobilduaz, eta Mikelek baietz buruarekin, baietz oraindik ere ordenagailu aurrean, hatzak teklatuan jarri eta “bai, bai, bai” teletipoei, egia astigmatismoak jotako betoker bat da folio zuriek apaindutako erredakzio mahaietan. Iraultzak kontatu nahi zituen, mundua aldatuko zuten egunak; boligrafoak husterainoko sakontasunez. Baina orain zertaz ari den jakin gabe kopiatzen ditu teletipoak; urteak dira inork bizkarra ukitu eta “ederki ari haiz” esaten ez diola, nork esango dio bada, hain ikusezin Mikel bere besaulki urdinean, hain nekatua, hain betaurrekoduna, hain etsia, hain korapilatua, hain Mikel. Munduak bezala, konturatu gabe ematen du bira arratoiko gurpiltxoak, teletipoz teletipo, gertaeraz gertaera. Eta, meteorito batek jo balu bezala, kolpera lehertu da teletipo batean bere izena irakurri duenean.

Lopetegi Jauna IV | Iraitz Agirre

http://www.ivoox.com/mr-lopetegi-4-iraitz-agirre_md_1829396_1.mp3″ Ir a descargar

Haize bolada, marea behera datorrenean bezala, bere baitan irentsiz aldendu da sukaldetik. Alabak leihorantz begira jarraitzen du. Ez du zirkinik egin, soa hirugarrenean geldi dagoen gizonak esku artean duen objetibora, zuzen bideratuta duen arren. Harritu egin da Lopetegi jauna; badirudielako alabari, diskreziorik gabe leihotik begiratzen dion pertsona bat badela jakiteak, ez diola batere axola; eta harritu egiten da, ez zuelako alaba hain sosegatua gogoan. Baina zer ote daki berak begirada zorrotzeko emakume hartaz? Zela jakin gauero aitari deitzea ahaztu zitzaion neska hark, ze burutazio ote duen bi kristalen arteko puntu horretara begira ari den bitartean?

Alabak begirada itzuli dio aitari eta ezkaratz gainean dagoen edalontziari begira. “Ba al dago niretzako?”. Kosta zaio zertaz ari den konturatzea, azken orduetan edan dituen guztien eraginez beharbada, baina bai, aterako dio whiski bat alabari, nola ez ba. Botila gerturatu du eta banda erdoilduek hala moduz eusten duten armairutik, bigarren edalontzi bat atera du. Alabarena betetzen hasi da lehenengo, likidoa gorantz eta zeharka begira, badaezpada, gehiegi botatzen ari ote den pentsatzen bezala. Baina hark ez dio deus esan, ez dio begiratu. Nahikoa dela iritzi duenean, “To Ainhoa” esan dio, eta bere edalontzia bete du, lehen edalontziaren tamainan, badaezpada.

Harritu egiten du alabaren soseguak bai, eta pentsatu du, hauek ez direla urte samurrak izan beretzako. Begiradan igartzen zaio, hatzamarrak mugitzeko eran, ezpanak bustitzen ez dituenean, egoteko duen lasaitasun artifizialean. Isiltasun deserosoa apurtzeko asmoz, galdetzera ausartu da, “Eta, zer moduz habil ba?”. “Hainbestean” erantzun dio. Eta isiltasuna berriz, koipetutako baldosa urdinek hozten duten sukaldean, horman zintzilikatutako erlojuaren tik-tak-ak momentua laban zorrotz baten gisan mozten duen bitartean. Zertara eta ze arraiogatik etorri den galdetu nahi lioke, baina ez da esatera ausartu, hatz erakuslea luzatzeko inor ez dela iritzita, eta zain gelditu da, whiskiari, alabak eta emazteak kafea edaten bezala, hurrupa txikiak ematen dizkion bitartean.

“Laster nire bila etorriko dira aita, ez dakit gaur, bihar, etzi… tarte horretan zure etxean geldituko naiz, axola ez badizu behintzat” esan du Ainhoak su gaineko baldosa apurtuari begira, “hainbestean” erantzun duen tonu, tinbre eta gogo berdinarekin. Lopetegi jaunak zer esan jakin gabe jarraitu du, baina hurruparik eman gabe, whiskiaren azken tantak eztarri barruraino irentsiz. Ez dio galdetuko zer egin ote duen, zergatik datozen bere atzetik, nola erabaki duen aitaren eta amaren etxera itzultzea, etxe hari zentzua ematen zion ama, tximinia gainean dagoen txuri beltzezko argazki bat bihurtu den garaiotan. “Eta axola ez badizu aita, zure 62 argazki edukitzea gura nuke, eramaten nautenean, zure Reflexaren begietatik mundua ikustea gurako nuke eta, ez badizu axola behintzat…”. Bere gorputza hotzikara batek zeharkatu du. Ez ditu bi arazo Lopetegi jaunak, arazo bakarra da ikuspegi, lente eta prisma ezberdinetatik erretratatua. Badaki besarkada bat emateko momentu ona dela, baina ez zaio tripetatik edo bihotzetik edo besarkadak sortzen diren leku horretatik ezer irten. “Noski Ainhoa, bihar hasiko gaitun argazkiok aukeratzen, ondo baderitzon behintzat…”. Alabari begietan malko bat ikustea begitandu zaio pijaman jantzitako gizonari. “Amaren antza daukan” bota dio, whiskiaz edalontziak berriro betetzen dituen bitartean.

Gauero ez bezala, konpainian edango du Lopetegi jaunak eta oheratzerakoan, denborak ilundutako marko marroitik irribarrez begiratzen dion zuri-beltzezko emazteari keinu bat egingo dio “faltan bota haugu maitea”, edo antzeko zerbait esateko. Eta ez dio garrantzirik emango auzokoek edo hirugarreneko zelatariak argazki bati hizketan harrapatuko balute pentsatzeari. Gauero ez bezala, hurrengo egunean 62 argazki aterako ez dituela pentsatzen loak hartu du Lopetegi jauna.

Lopetegi jauna III | Manex Agirre

http://www.ivoox.com/lopetegi-jauna-iii-manex-agirre_md_1791020_1.mp3″ Ir a descargar

Zer den ihes-puntu bat: beste edozein egoeratan amorragarri egingo litzaioke atea zabaltzera altxa beharra, batez ere afalondoren. Baina barruak irakiten dituenean norberak, ustekabeak eskertzekoak izaten dira; iheserako aitzakia. Lasai altxa da Lopetegi jauna besaulkitik, eta whiskiaren zorabio gozoak lagundu dio ateraino.

Zabaldu duenean, ordea, eztarria igo zaio ahora.

Alabak aldatuta du ilea: luze eta kiribildua gogoratzen zuen, baina
belarrien parean moztuta du orain, eta kolorea aldatuta. Bizkarrean poltsa bat hartuta dator, eta keinu serio bat du iltzatuta aurpegian. Tarte bat eman du berari begira. Azkenean, lan handiz, ateari eutsiz, bazterrera egin du, eta neska sartu egin da pasilora.

Ez daki oso ondo nola jokatu. Denbora luzea da alabarekin harremana
galdua zuela. Are, denbora luzea da inorekin ez duela harremanik: jendearekin egoten ahaztu zaio. Egongelaraino joan da bere atzetik, ia orpoak zapaltzen dizkiolarik. Neskak ez die sokatik zintzilik jarraitzen duten 62 argazkiei begiratu ere egin. Poltsa sukaldeko baldosa gainera erortzen utzi, eta besaulkian eseri da. Nekatu itxura dauka.

Zerbait hartu nahi duen galdetu dio, eta kafe bat gustura hartuko lukeela erantzun dio. Lasaitasun itxura eman nahi du, baina ez zaio erraza egiten: mugimendu naturalak egin nahiean kafe-paketea erori zaio lurrera. Antzerkia egiten ari denaren sentipena du, sosegatuegi mugitzen dela, edo azkarregi, eta ez du urduri dagoenik adierazi nahi. Neskak, aldiz, ez du besaulkian zirkinik ere egiten. Badirudi une batetik bestera lokartzera doala.

Kafe-kikara eskaini aurretik, bere whiski edalontzia hustu du harraskan. Ur-txorrotaren zaratarekin batera zabaldu ditu begiak neskak. Hitzak bata bestearen atzetik josi ditu, arrastaka. “Zure etxean geldituko naiz denboraldi baterako, axola ez badizu”.

Burutik pasa zaizkio zenbait gauza: non egingo dezakeen alabak lo.
Bihar goizean zein ordutan jaiki beharko duen. Zein ordutan bazkalduko duten, baldin eta elkarrekin bazkaltzea bada asmoa. Kezka hutsalak, bisitak barruan sortu dion ezinegonarekin alderatuta. Ihes-puntu bat berriro ere; bere buruari unean-uneko terapia egiten trebatuta dagoela ohartu da.

Kafeari hurrupa txikiak eman dizkio neskak, bero dago eta. Hori bai,
gogoratzen du: amak ohitura berbera zuen, bi eskuekin kikarari heldu eta ahoaren aurrean edukitzekoa, hoztu arte. Erdi-irekitako leihotik haize-bolada bat iritsi zaio ustekabean; alaba ere asaldatu egin da, leihorantz luzatu du soa.

Bi arazo ditu orain, Lopetegi jaunak.