32. ‘Tractatus’, Jule Goikoetxea

http://www.ivoox.com/32-tractatus-jule-goikoetxea_md_3260683_1.mp3″ Ir a descargar

Denboraldiko azken irratsaioa duzue hau. Jule Goikoetxearekin aritu gara hizketan ‘Tractatus’ poema liburuari buruz, Jon Iraolak Svetlana Alexievitxen ‘La fin de l’homme rouge’ liburuaren komentarioa osatu digu, Lander Arretxeak Peter Ostolaza elkarrizketatu du Obaba Festi buruz eta saioaren hondarrean, ohi legez, ITU bandakoek kendu digute mikrofonoa, Ameriketara artzain joandako burkide zahar bat berreskuratuta, gainera.

On egin!

Peter Ostolazarekin hizketan | Lander Arretxea

http://www.ivoox.com/peter-ostolazarekin-hizketan-lander-arretxea_md_3260699_1.mp3″ Ir a descargar

Denboraldiko azken saioa dela eta, Peter Ostolazari elkarrizketa egin dio Lander Arretxeak, irratsaioari eta Obaba Fest-i buruz, oro har. On egin!

24. ‘Amaren heriotzak libreago egin ninduen’, Mari Luz Esteban

http://www.ivoox.com/24-amaren-heriotzak-libreago-egin-ninduen-mari-luz_md_2851431_1.mp3″ Ir a descargar

Mari Luz Esteban idazle eta antropologoarekin izan gara oraingoan, eta bere estreinako poema liburuaz aritu gara ‘Amaren heriotzak libreago egin ninduen’ izenekoaz. Aldez aurretik, Peter Ostolazak ‘Gabon’ opa dizue, ordea. Ondoren, Jon Iraolak liburu komentarioa egin digu, klasiko batena, oraingoan: Alexandre Dumasen ‘Montecristoko Kondea’. Etorri da Lander Arretxea hilero legez, besapean erreportaje bat duela. Midcult literatura izan du hizpide oraingoan, Iban Zalduari egindako elkarrizketa oinarri hartuta. Saioaren hondarrean, ITU bandakoek Arkaitz Belloni eskainitako hainbat testuren irakurketa egin dute.

On egin!

Gabon | Peter Ostolaza

http://www.ivoox.com/gabon-peter-ostolaza_md_2851461_1.mp3″ Ir a descargar

Gabon letra jale amorratuoi eta ez hain amorratuoi, gabon  mesanotxearen hanka herrena orekatzeko Martuteneren alea erabiltzen duzuenoi, gabon liburu elektronikoak irakurri bitartean papereko tabakoa erretzen duzuenoi, eta gabon paperezko liburuak irakurri bitartean zigarro elektronikoak erretzen dituzuenoi. Gabon guztioi. Gabon baita ere itsasoarekin metaforak egitea barregarri iritzita zer eta ibaiaren fluxuarekin metaforak egiten hasi zaretenoi, biba zuek. Gabon, nola ez, satelite jendeari, kausarik gabeko errebeldeei, munduarekin konforme ez baina inolako mugimendu eta teoriatan kabitzen ez diren kontuak esaten dituztenei, gabon.

Eta gabon, gabon, gabon, mila bider gabon aldarean bizi zaretenen intelektualei, zuen jakintza liluragarriz eta teoria puruz kontraesanak dituen edozein mugimendurekiko hiper-kritiko agertzen zaretenoi, gabon. Gabon eta ohore zuri, arazo sentimentalak ahanzteko herrigintzan buru-belarri zabiltzan horri, ai, denek oinazea hain ongi bideratuko balute, beste ahuntz batek egingo luke eztula! Orobat gabon, lan bila zabiltzatenoi, curriculuma puztu beharraren beharraz zazpi urterekin auzoko krosean zilarrezko domina irabazi zenutela ipintzen duzuenoi. Gabon bizilagunarekin haserre zaudetenoi, etxeko atetik hanka puntetan irten aurretik portaleko argia itzali arte itxaroten duzuenoi. Ahaztu aurretik, gabon Gaboneko biztanleoi, gauero akordatzen gara zuekin. Ospelak al dira hango haranak?

Gabon euskaltzale jatorrei, sukaldeko Seaskako egutegiaren eraginez zuen seme-alabei Trumoi eta Jare bezalako izen autentikoak jartzea deliberatu duzuenoi, gabon Gabiri Racing-eko jendeari, eta gabon manifa amaieran ezker ukabila altxatuta ‘Eusko gudariak’ abesten hasi eta pixkanaka bolumena eta ukabila jaisten duzuenoi. Bidenabar, gabon asozialei ere, ezezagunekin elkarrizketa arrunt bat edukitzeko gai ez zareten guztioi, oharkabean igarotzea besterik ments ez duzuenoi. Gabon aristokrata odoleko artistei, zerbait egitearen eta deus ez egitearen artean alderik ez dagoela uste dutenei, gabon bizitza osoa bizitzeko oinarrizko azpiegituraren bila darabilzuen guztioi, gabon estrategiaren eraginkortasunari bainoago norbanakoaren sakrifizio pertsonalari begiratzen dioten militante prestuei,  gabon eskolara bilobari ogitartekoa ematera joaten diren aiton amonei.

Eta gabon aste osoko barne hutsunea arindu asmoz igande goizero ohe desberdinetan esnatzen zareten arima isolatuoi, gabon idazle handienen kezka berberak dituzuen idazle kaskarrei, gabon monologista penagarriei, gabon inoiz esperientzia mistikoren bat bizi izan eta geroztik gainontzekoei Egiaren bidea irakasten zabiltzatenei. Gabon jende pragmatikoari ere, kooperatibismoaren praktikante itsu ohiei, gabon eraldaketa proiektu bateko kide orori. Azkenik, gabon, zuen burua boz-emaile aldakortzat aurkezten duzuenoi, harro egoteko moduko zerbait balitz bezala.

Gabon dizuela denoi. Eta goraintziak etxean.

13. Zertarako idatzi/irakurri eta beste galdera eternal batzuk

http://www.ivoox.com/13-zertarako-idatzi-irakurri-eta-beste-galdera-eternal-batzuk_md_2224527_1.mp3″ Ir a descargar

Denboraldiko azken irratsaiora heldu gara Obabako Testiguak, eta oporretara erretiratu aurretik, literaturarekin lotutako galdera eternal batzuei bueltaka aritu gara. “Zertarako idatzi?” “Zertarako irakurri?” “Ze funts du honek guztiak?” Guk, noski, erantzunik ez daukagu, eta han hemenka gai horiei buruz topatutako aipuekin osatu dugu saioa. Bertako idazleak atzerrikoekin nahas-mahasean jarri ditugu, garaikideak zein klasikoak… Horrez gain, Elearazi atariko Garazi Arrulak eta Danele Sarriugartek udarako pare bat liburu gomendio eman dizkigute, Nagore Aresek liburu komentarioa egin digu, eta amaieran, ITU bandakoek kendu dizkigute mikroak.
Kuriositatez zaudetela? Ez galdu denboraldiko azkena!

Axola duena | Peter Ostolaza

http://www.ivoox.com/axola-duena-peter-ostolaza_md_2030212_1.mp3″ Ir a descargar

Ingurukoak baino lehenago aspertzen zelako igaro zen literaturara, eta geroztik bertutetzat du azkar aspertzeko gaitasuna. Ezezagunak erakarri izan du obsesiboki, etengabe harago iritsi nahi batek, jakin-min aseezina da atzera begira bere bizitzan detekta dezakeen konstante bakarrenetarikoa. Eta horrekin erabat kontrastean, errezelo gogaikarri bat, tankera guztien arabera honezkero alde egingo ez diona: ez ote dabilen etengabe etxeko patioan itzulika, bertan goxo, emana izan zaiona bere horretan onartuaz, ohitura ohituragatik erreproduzitzen.

Ohartzen da honek denak duen funtzionatzeko modua ez zaiola aski, are, eramanezin zenbaitetan, bizitzako plazer txikiekin zoriontsu dela dioen hori berbera izan ohi dela bizitzako kolpe txikienarekin zoritxarreko konpleto. Bigarren Erregionalean gabiltza Championsean jokatzen dugulakoan -lotsatu da otu zaion konparazioaz-, denbora pasan, , mintzaren mintzean lardaskan. Bizi izan zezakeenaren eta bizi izan duenaren arteko distantzia itzelezkoak ikaratzen du. Kondizio kabroia gurea, kexatu izan da bera ere.
Mesfidati da bizitzako lezioak esplizitu antzean ematen dituzten narrazioekin, eta hala ere auto-laguntzarako duin askoak ateratzen zaizkio azkenaldian. Akaso aipu borobilek oro har beragan uzten duten momentuko orbain puztuxearen ondorioetatik ari da, pisu astunetako bati aditu dizkionak gogotik apartatu ezin dituela: ezarria denaren aurkako akzioa omen idaztea. Berak gehituko luke: ez da soilik literatura Egiaren bilaketa gisara uler daitekeela, Errealitatearen arrakalak bere konplexutasunean erretratatzeko saiakera modura nahi bada, ez; Errealitate Ofiziala dagoenik eta gauzarik anti-literarioena da.

Axola ez duena zer den erabaki zuenetik dabil alderrai, inon pausatu gabe, erantzunei izkin egiten. Gauzen mamian gehixeago barneratu nahi luke tarteka, irristan ibili den gainazala zulatu, benetan axola duenaren bila. Eta aspaldian domatu antzeko duen bere baitako eszentrikora itzuli, hura elikatu, hura bere egin, hark bizi dezan utzi eta harengandik idatzi. Isiltzeak limurtzen du gehienetan, ordea: ituna sinatu eta betiko erretiratu. Bere eskuetatik ez litzateke literatura deitzea merezi duen deus sortuko. Obrarik ezean, bere kezkek batuko dute literatoekin. Eta zein zaion akigarri hamarkada oso batzuetan zehar izango dituen mamuak hain garbi irudikatzea.

5. Samara Velte

http://www.ivoox.com/5-samara-velte_md_1870477_1.mp3″ Ir a descargar

Samara Velte zarauztarrarekin “Eta Karmele?” antzerki obraz aritu gara gaurko saioan. Horrez gain, Peter Ostolazak idatzitako lehendabiziko eta azkeneko poema, Jon Iraolaren liburu komentarioa, Gorka Gurrutxagaren zutabe librea eta Beñat Gaztelumendik hasitako ipuinaren lehen puntua ere izango dituzue entzungai. On egin!

(Ni)re obra literarioa | Peter Ostolaza

Nire obra literarioak
defendituko nau
poliziaren kontra,
izpi ultramoreen kontra
zaldi haragiaren kontra,
larru jotze mediokreen kontra,
defenditu
egingo nau
nire obra literarioak.
Esango ditut
hitz totelak
txiste negargarriak
iritzi ekibokatuak;
esango ditut
zurikeriak,
besteen sekretuak,
pentsatu eta esaten ez diren gauzak,
baina nire obra literarioak defendituko nau.
Atzerrira eramango dute,
eta itzulita defendatuko nau
nire obra literarioak;
ale denak agortuko dira,
eta edizio berriekin defendituko nau
nire obra literarioak.
Errezitaldi eskainiak
kongresuak,
tesiak
egingo dizkiote,
eta fortunarekin defendituko nau
nire obra literarioak.
Nire obra literarioa hilen da,
haren zaleak desagertuko dira,
haren oroimena galduko da,
baina nik
iraunen dut
zutik.

4. Euskarazko literatur blogak

http://www.ivoox.com/4-euskal-blogosfera_md_1830185_1.mp3″ Ir a descargar

4. saio honetan euskarazko literatur blogak izan ditugu ardatz, eta gida antzeko batean blog interesgarrienak aipatu ditugu (beti ere geuk topatu dtugunak). Nobedadea Elearazi webguneko Danele Sarriugartek eta Garazi Arrulak ekarri diguten “Autoreak Plazara” atala izan da. Gaurkoan Anais Nin-en inguruan hitz egin digute. Gainera, Bud Letonaren nire kolkotik, Iraitz Ugalderen liburu komentarioa, Martin Riellaren kantu kontari eta Iraitz Agirrek idatzitako Mr Lopetegiren abenturen azken atala izan ditugu. On egin!

Hemen, saioan aipatu ditugun blog-ak. Literaturari buruzko besterik ezagutzen baduzue, jakinarazi, eta gehituko dugu zerrendara!

Elearazi http://elearazi.org/
Metropolitan http://www.donostialdetik.blogspot.com
Eremu Lauak http://eremu4ak.blogspot.com.es/
Boligrafo Gorria http://www.blogari.net/boligorria eta http://www.argia.com/blogak/boligrafo-gorria/
Hitz egiteko modu bat http://www.bsarasola.wordpress.com
Separata http://separata.wordpress.com
Kevin Heredia http://www.kevinheredia.mundua.com
Juan Luis Zabala http://www.berria.info/blogak/zabala helbidean
Taperware kolektiboa http://www.taperware.mundua.com
Bernardo Atxaga http://www.atxaga.org
Lagun batek esan dit… http://www.eibar.org/blogak/gabiria
Nire uste harroan http://www.eibar.org/blogak/mendiguren
Gauez eta Azpikeriaz http://www.blogari.com/katixa
Asel Luzuriaga http://www.blogak.goiena.net/asel
Volgako Batelariak http://eibar.org/blogak/volga
Oharrak eta Hondarrak http://ibanzaldua.wordpress.com
Idazkola http://www.idazkola.com
Barnemuinetan http://www.tximinia.net
Lasai, ez da ezer gertatzen http://samulasaitasuna.tumblr.com
Xerezaderen artxiboa http://www.blogak.com/xalp
Txiribueltaka http://txiribueltaka.blogspot.com
Ugaitz Agirre http://www.psychedelictearoom.blogspot.com
Peru Iparragirre http://www.nomadagaldua.blogspot.com
Literatur Mikropilulen Farmazia http://www.mikropilula.blogspot.com
Hankahutsik http://www.hankahutsik.blogspot.com
Idatziz http://idatziz.tumblr.com
Celosamente Gordea http://www.celosamentegordea.tumblr.com
Nire kontra esanak http://zuzeu.com/blogak/nire-kontraesanak
Alter eta Ego http://www.alteretaego.wordpress.com
Errailak http://www.blogak.com/errailak
Bookhunterblog http://www.bookhunterblog.wordpress.com
Hitzen Uberan http://www.uberan.org
Sareinak http://www.sareinak.net/
Kapittanttanen Salakota http://blogak.com/kapittanttan/
Oihartzuna naiz http://oiartzunanaiz.wordpress.com/
Hasier Larretxea http://www.hasierlarretxea.com/hasier/

Bokazio madarikatua | Peter Ostolaza

Amari eta aitari, bihotzez,

Badakit azkenaldian arraro samar nabilela. Atzoko pasadizoak ere ez du azalpenik, “etxe honetan ez dago ganorazko ezer idatziko duenik!” bota eta oihuka desagertu nintzen korridorean barrena, horretarako inolako motiborik gabe. Barkamena eskatzen dizuet, beraz, aldez aurretik. Ez dira, ordea, garai onenak idazle jendearentzat, eta are gutxiago nire tankerako hasiberri ilustratu ustekoentzat, esateko deus gutxi eduki arren paper zuriaren aurrean jartzera derrigortzen nau indar hautemaezin batek behin eta berriro. Bokazio madarikatua nirea.

Eta barkatuko didazue atrebentzia, baina zuek ere bazarete erruaren parte. Zeren bestela, esadazue zer dela eta, zuek, psikologo entzutetsu samar zareten pare horrek, pertsonaren osatze prozesuan bizitzako lehendabiziko urteek duten garrantzia demasekoaren berri ondo asko dakizuen berberek, bete zenidaten apala Teoren kolekzioarekin, Bostak eta Hollister familiaren abenturekin, ez aipatzeagatik Kittano, Pottoko, Kaskarintxo edota Txan fantasma. Zergatik, guraso maiteok? Garai hartan jakin nuen, kontu serioetara dedikatu beharrean, Joxemek ohelikopteroan bidaiatzen zuela, ez zegoela Madame Kontxesi Uribe Brigadak argitu ezin zuen kasurik, Xolak bazuela lehoien berri. Zerbait probetxugarria ikas nezan saia zintezketen, udako kanpamendu teknologikoan apuntatuta edo, nik zer dakit. Baina ez, zuek zuenean sendo, ingurukoek soberan zituzten paper-meta denak nire logelan kontzentratzen, eta nire logela leporaino jositakoan bi arrebenean, eta, azkenik, bi anaienean (ez dizuet sekula eskertu hainbeste senide munduratu izana; zuei eskerrak badugu gure penak nori kontatu). Nerabezaroa ailegatu zenerako nire kasuak ez zuen erremediorik: Joxerra Garziaren gazte literaturarako esku abilak harrapatu ninduen institutura jauzi egin berritako garai sentibera hartan. Handik puska batera, punk-oi! musika, galinbak eta Erreala besterik maite ez nuenean -Mujika taldeko hooligan eta guzti egin nintzen, pentsa-, letren krisialdi sakonetik sekula aterako ez nintzela zirudienean, hara non agertu zen gure etxean susmagarriki Juan Luis Zabalaren Galdu arte eleberria, supituan neure Bibliatzat hartu nuena, ohartu bainintzen literaturak bazituela nire bulkadarik antisozialenak ere barnebiltzeko adinako baliabideak, ez nuela sekula abandonatuko, are, literarioki eta literaturagatik biziko nintzela.

Eta horretantxe saiatzen ari naiz orain, ene guraso bihotzekoak. Ez badakizue ere, Kaktus eleberriari, nire opera prima izango denari, azken ukituak ematen ari naizelako igarotzen dut hainbeste denbora ordenagailuaren aurrean. Etxeko garrasi festa etengabeagatik ez balitz, bukatua nuke honezkero. Ados, onartzen dut, atzoko erreakzioa gehitxo izan zen, “etxe honetan ez dago ganorazko ezer idatziko duenik!” bota ostean ez nion zertan sarrerako ateari gisa horretako danbatekorik eman, baina konpreni nazazue ni ere: gurasoen etxean fikzioa egitea Mikel Markezen baladek bihotza samurtzea baino zailagoa da. Hor zabiltza, garunaren zirrikiturik bazterrekoenean arakatzen, narratzailearen barne monologoarekin itzulinguruka, eta bat-batean alboko gelako anaien liskarrek haria galarazten dizute. Edo arrebak ea tabako paketea ezkutuan zeure gelan gordeko diozun eskatzen dizu justu asebeteko zaituen estiloaren bila erotu beharrean zabiltzanean, gau ilunean hiriko zokorik zokoenetan ibiltzea laket duten pertsonaien aldarte drogatuarekin era egokian bat egingo duen idazkera nahasi, bizi eta bihurria topatu nahi duzunean (aitortzen hasita, egia da noiz edo noiz, obraren mesedetan, peyotearekin esperimentatzen aritu izan naizela, baina edonola ere, nirea hutsaren hurrengoa da zuek hippie garaian hartutakoarekin konparatuta). Edo, zertarako ukatu, zeure burua imajinatzen duzu Durangoko azokako standean irribarre mozolo adina liburu saltzen, kazetariz mukuru den areto batean esaldi ponpoxoak boteaz, “eleberri garaikide bat egiten ahalegindu naiz”, edo are hobe, “izaki postmodernoak bizitzea egokitu zaion garaiarekin duen barne-gatazka izan dut mintzagai, nola bera egituratu duten oinarri ezegonkorretan bizitzeari uko egin arren saihestezina zaion betiko joera beretara itzultzea, esentzia aldaezin bakarra aldaketa bera balitz modura”, eta esnobismoaren gandu horretan galduta, aitaren tinbre lehorra entzuten duzu hormaz bestaldera, zeuri sekulako oilaskoa montatzen, hainbestetan desagerrarazteko agindu dizun zabor poltsak betiko tokian jarraitzen duela eta.

Horregatik harrapatu nuen halako kasketatzarra atzo, horregatik bota nuen “etxe honetan ez dago ganorazko ezer idatziko duenik!” oihua eta horregatik alde egin nuen etxetik, sarrerako ateari danbateko itzelezkoa eman ondotik: min eman zidalako literaturaren bideari fidel jarraitzeko neure moduaz ohartzen ez zinetela ikusteak, zaila delako subordinatu egoeran sentitzen den Ni batetik obra txukunik sortzea. Baina, sinetsidazue, jada ez dago herrarik ene baitan, portalean behera desagertu eta lau eskailera maila jaitsi nituenerako aski baretua nintzen, eta kalera irteterako, aldarte bozkariotsuz. Bokazio madarikatua baitu izan norbere zoritxarrak zinez sentitzen ez dituenak, norbere burua ere esperimentazio laborategitzat besterik ez daukanak, lehen pertsonako sufrimendu oro ondoren berak beste zerbait sortzeko lehengaitzat hartzen duenak. Eta nik, kaleko haize freskoa arnastearekin bat, pentsatu nuen: “Peter, gaurko liskarra bazka ezin aproposagoa izango zaik literatura pixka bat egiteko”.