17. ‘Parisen bizi naiz’, Koldo Izagirre

http://www.ivoox.com/17-parisen-bizi-naiz-koldo-izagirre_md_2549202_1.mp3″ Ir a descargar

Koldo Izagirrerekin aritu gara argitaratu berri duen ‘Parisen bizi naiz’ poema liburuaz, luze eta zabal. Tartean atera dira gai asko, Donostia, hiriak, memoria, bakea, kultur ereduak, umorea eta gehiago. Elkarrizketa luzatu egin zaigu (38 minutu guztira), eta ordu beteko irratsaioan ezin izan dugu osorik jarri. Hemen entzun dezakezue, ordea, oso osorik. Horrez gain, Lander Arretxeak erreportajea egin digu orain gutxi Irati Jimenezek argitaratu duen ‘Aiztoa eta arkatza’ liburua oinarri hartuta, eta izenburu deigarria jarri dio: ‘Nola izan euskal idazle ona’. Saioaren hondarrean, ohi moduan, ITU bandakoak izan ditugu gurean, papereratutakoak uhinetan zabaltzen.

On egin!

‘Nola izan euskal idazle ona’ | Lander Arretxea

http://www.ivoox.com/nola-izan-euskal-idazle-ona_md_2549161_1.mp3″ Ir a descargar

Lander Arretxearen erreportajea, Irati Jimenezen Aiztoa eta arkatza liburua abiapuntu hartuta.

Jimenezen adierazpen batzuk ere ekarri ditugu hona:

Bada dena idatzita dagoela esaten duenik. Zertarako idatzi orduan?

Eta bada esaten duenik, Monterroso uste dut dela, eta Canok erosi egiten dio ideia hori, dena idazteko dagoela. Egoistak gara modu horretan, baina hala behar du, bestela kultura aspaldi emango genuke bukatutzat, eta ez genuke jarraituko elkar historia kontatzen. Gurea falta da, eta mundua gu garen neurrian, dena falta da. Batek esan dezake espainolez ez dela inoiz poesiarik egin Cernudak egin zuena bezalakoa. Baina horri heldu izan bagenio, inork ez zuen jarraituko espainolez idazten, eta pentsa zenbat poeta galduko genituzkeen. Optimistagoa da, eta idazle naizen aldetik, nahiago dut pentsatu dena idazteko dagoela dena idatzita dagoela baino.

Esan izan duzu txikitan izugarri idatzi arren, gero gaztaroan halako blokeo bat izan zenuela…

Nik hala gogoratzen dut, nahiz eta memoria ere fikzioa den. Txikia nintzenean asko idazten nuen, ez bakarrik idatzi, baita marrazkiak egin, plastilina eraikuntzak egin …  Buruan kritiko bat sortzen zaigun momentutik, horri sekulako boterea ematen diogu, eta barruan dugun beste sortzaile hori egurtzen dugu. Nik orain ez dut marrazten adibidez, eta nahiz eta ongi ez egin, asko gozatu dut egin dudanetan. Idaztearekin beldur guztiak etorri zitzaizkidan gainera: dena idatzita dagoela, bizipenetatik abiatu behar dela sinesgarria izateko… Geroago berreskuratu nuen, argitaratzearena, gainontzekoek pentsatuko zuketena eta antzekoak  burutik kenduz. Kazetaritzak ere lagundu zidan berriz idazten haste horretan.

Idazteko zein gomendio emango lituzke Irati Jimenezek?

  • Idazteko gogoz bazabiltza seinale gozatzen duzula, edo gozatu izan duzula. Ez ahaztu. Goizero edo astean behin jartzen zarenean, gogoratu hori.
  • Idaztea ez da gertatzen parkean zaudela, nahiz eta hori, edo lagunekin ibiltzea, idaztea baino garrantzitsuagoa den. Baina idatzi nahi baduzu, espazio fisiko bat, eta batez ere, zure bizitzan leku bat, eman behar diozu. Ez du zertan handia izan, baina leku bat. Diziplina behar da, beste edozein lanbidetan bezala.
  • Hartu aiztoa, baina kontuz. Askotan aiztoarekin gure buruari egiten diogu min. Erabili hitzak mozteko, baina ez zure burua zauritzeko. Gozatu.