24. ‘Amaren heriotzak libreago egin ninduen’, Mari Luz Esteban

http://www.ivoox.com/24-amaren-heriotzak-libreago-egin-ninduen-mari-luz_md_2851431_1.mp3″ Ir a descargar

Mari Luz Esteban idazle eta antropologoarekin izan gara oraingoan, eta bere estreinako poema liburuaz aritu gara ‘Amaren heriotzak libreago egin ninduen’ izenekoaz. Aldez aurretik, Peter Ostolazak ‘Gabon’ opa dizue, ordea. Ondoren, Jon Iraolak liburu komentarioa egin digu, klasiko batena, oraingoan: Alexandre Dumasen ‘Montecristoko Kondea’. Etorri da Lander Arretxea hilero legez, besapean erreportaje bat duela. Midcult literatura izan du hizpide oraingoan, Iban Zalduari egindako elkarrizketa oinarri hartuta. Saioaren hondarrean, ITU bandakoek Arkaitz Belloni eskainitako hainbat testuren irakurketa egin dute.

On egin!

Advertisements

‘Montecristoko Kondea’, Alexandre Dumas | Jon Iraola

http://www.ivoox.com/jon-iraola-montecristoko-kondea-alexandre-dumas_md_2851479_1.mp3″ Ir a descargar

Edmond Dantès marinelaren berri, lehen aldiz, hamar bat urterekin izan nuen. Etxe azpiko liburu-dendan gazteentzat egokitutako lehen tomoa erosi zidan senitartekoren batek, eta hasi eta buka irentsi nuen. Gogoan iltzatua geratu zitzaidan liburu haren azala: Dantès gaztearen irudia zekarren, uretatik atera berritan, gibelean If-eko gaztelua zuela. Bigarren aldiz, Edmond Dantès-ekin ETB 2-k eman zuen Gérard Depardieu-ren telefilmean egin nuen topo, hamasei  bat urte nituela.

Argumentua, gutxi-asko, denok jakingo duzue: Edmond Dantès etorkizunez beteriko gaztea, gutun anonimo bat tarteko bonapartista sutsu izatez akusatua, bizi guztirako giltzaperatzen dute If-eko gazteluan. Gutun anonimoa ustez lagun zituen Danglars eta Fernand-ek idazten dute, Caderousse mozkorraren begiradapean, eta azkenik Villefort prokuradoreak kondenatzen du gaztea, errugabea dela jakinda. Errugabe bat kartzelan preso: zenbat pelikula ez ote dira egin gai horretan oinarrituta?

Nahiz eta momentu batean Dantès-ek bere burua guztiz abandonatu, kartzelan ezagutzen duen Faria abade jakintsuari esker eusten dio bizi gogoari: azken honek politika, ekonomia, kimika, hizkuntzak… irakasten dizkio, eta Monte Cristo-ko irlan dagoen altxor ezkutu baten berri ere ematen dio. Fariaren heriotzaz baliatuz, Dantès-ek If-eko gaztelutik ihes egitea lortzen du, eta altxorraren jabe egiten da. Hortik aurrera, jada Monte Cristo-ko kondearen mozorropean, kartzelan zegoen bitartean laguntzen saiatu ziren lagunak saritu eta traizionatu zituenak banan bana mendekatzen ditu.

Bai gazteentzako moldaketak bai telefilmak, biek ala biek sorgindu ninduten bere garaian, abenturaren muina laburbiltzen nahiko ongi jakin baitzuten. Baina oraingoan, jatorrizko nobelaren bidez istorioari hirugarrengo aldiz heldu diodanean, aitor dezaket mendekuari eskainitako katedral honen katakonba eta korridore ezkutuenetatik paseatu nahi duenarentzat liburua bezalakorik ez dagoela. Nobelan baino errazago nekez barnera baitaiteke, arrakala eta ñabardura guztietaz jabetuz, Edmond Dantès-en eboluzioa: hasieran gazte lerden, adoretsu, maitemindu, itxaropentsu eta pixka bat xalo izatetik; traizioak eta kartzelaldi luzeak itxuraldatutako mendekatzaile ia-ia jainkotiar gupidagabea bihurtzera ondoren; eta barkatzeko gai den eta maitearekin bizitza berri bati ekiteko prest dagoen gizona izatera amaieran.

Hori bai, Gérard Depardieu-ren aurpegia jartzera ohituta, nobela irakurtzerakoan nire harridurarako beste itxura bateko Kondea deskubritu dut: argalagoa, zurbilagoa, jonkixeagoa (hasieran pixka bat harritu nau drogen inguruan duen jakintzak -kontsumitzen dituen hashish eta opio pilulak, esaterako-), kosmopolitagoa eta hotzagoa mendekuaren plangintzan, baina sentikorragoa gauzatzerakoan. Gainera, uste baina zirraragarriagoak egin zaizkit Kondearen mozorro festa eta joko eta elkarrizketa paraleloak.

Pertsonaien inguruan, Dumas-ek sortzen duen unibertsoan denetik dago, ugari, bereizi eta xehe gainera. Izaeren aberastasuna bigarren mailako protagonisten sare zabaleraino ere iristen da: eleberri hau irakurri duen edonork edukiko ditu gogoan Noirtier bonapartista,  Luigi Vampa bandido italiarra, edota Bertuccio, kondearen laguntzailea…

Monte Cristo-ko kondea nobela klasiko bat da, eta irakurlea uneoro narratzaile orojakilearen eskutik helduta doa korapiloaren meandro guztietan barrena. Baina ez du inolaz ere horregatik bizitasun faltarik: traizioa, pasioa, abentura eta ezustekoak nahi adina aurkituko ditu bertan irakurleak. “Altxor uhartea”rekin batera, iruditzen zait bigarren hezkuntza hasterakoan gehien faltan botatzen dudan liburua dela honako hau, heldutasunerako bidaia iniziatiko moduan-edo…

Azkenik, inoiz gaurkotasunik galduko ez duen nobela dela uste dut, eta ez bakarrik gai unibertsal asko (mendekua, justizia, traizioa) sakon eta maisuki garatzen dituelako; are gehiago, gaurkotasunik inoiz ez du galduko, zoritxarrez beti egongo baita, gizakiok bata bestea giltzaperatzen jarraitzen dugun bitartean behintzat, bidegabeki, traizio baten ondorioz, prozesu kafkiar baten harlauza azpian lurperatuta eta ahanzturara kondenatuta, itzalpean usteltzen ari den norbait.