26. ‘Erraiak’, Danele Sarriugarte

http://www.ivoox.com/26-erraiak-danele-sarriugarte_md_2945514_1.mp3″ Ir a descargar

Danele Sarriugartek ‘Erraiak’ bere lehen eleberria argitaratu du, eta elkarrizketa egin diogu. Hizketan luze aritu garenez, ezin izan dugu elkarrizketa osorik sartu irratsaioan, eta hemen duzue entzungai, plazer baduzue. Horrez gain, Lander Arretxeak erreportajea osatu digu, hilean behin ohi duenez. Oraingoan literatura irakurterrazari buruz aritu da. Azken ordu laurdenean, berriz, ITU bandako kideak izan ditugu gurean. Limam Boisha poeta sahararraren hainbat poema itzuli dituzte euskarara.

On egin!

Fernando Morillo literatura irakurterrazaz | Lander Arretxea

http://www.ivoox.com/lander-arretxea-literatura-errazaz_md_2945219_1.mp3″ Ir a descargar

Literatura irakurterrazeko sail berria plazaratuko dute laster Fernando Morillo eta enparauek Gaumin argitaletxearekin. Aukera baliatuz, kontzeptuaren jatorria eta garrantziaren berri eman digu Obabako Testiguoi. Bide batez, Iban Zalduarekin izandako solasaldiaren osagarri gisa, balizko literatur mailen inguruan ere galdegin diogu.

DSC_0049

Zer da literatura irakurterraza?

Zenbait aditu eta irakasle konturatu ziren gutxi gorabehera irakurleen %30ak egoera normal batean zailtasunak dituela ohiko literatur lanak irakurtzeko. Tartean daude gaixotasunak dituztenak, edo hizkuntza menperatzen ez duten etorkinak, edo adinekoak, edo irakurtzeko ohiturarik sekula izan ez dutenak. Haientzako asmatu zuten testuak egituratzeko beste modu bat, sinpleagoa, baina helduek gozatzeko modukoa. Katalunian duela hamar urte hasi ziren, eta ezustea izan bazen ere, arazodun pertsonentzako zen literatura bat, arazorik gabeko askok ere oso ondo hartu zuten.

Horregatik, orain hasi da pixkanaka zabaltzen, baina dena gazteleraz, eta inork ez zuen euskarara salto hori egin nahi. Ni urte asko aritu naiz literatura sinplifikatu nahian, eta ikusi nuen molde hori gurera ekartzea oso garrantzitsua zela. Hasteko, adin jakin batetik aurrerako askok zailtasunak dituzte euskaraz irakurtzeko, ez zirelako euskaraz alfabetatu. Bestetik, ni asko ibiltzen naiz eskoletan, eta argi eta garbi ikusi dut gazteek nahiz eta euskaraz ikasi, zailtasunak dituztela irakurtzeko.  Literaturak irakurleak behar ditu, eta horretarako jendea ohitzea beharrezkoa da. Hori errazteko modu bat da literatura irakurterraza.

Gaumin argitaletxean gisa horretako liburuekin sail berria abiatuko duzue laster…

Halaxe da bai. Katalunian hamar urte daramatzate halako liburuekin lanean eta hara joan ginen horretan aritu direnak ezagutzera. Haiekin elkartu ondoren, erabaki genuen abiatzeko lau liburu argitaratzea. Bertako bi emakumeren liburu banaren itzulpena argitaratuko dugu eta beste biak Ander Izagirre kazetari eta idazleak eta nik neuk idatziak izango dira.

Forma aipatu dugu literatura erraza definitzeko. Baldintzatzen du edukia ere?

Edozein testu modu irakurterrazean idatz daiteke, baita nobela klasiko bat moldatu ere. Edozein generotarako balio dezake beraz. Forma da baldintzatzen duena: esaldi hautsiak erabiltzen dira adibidez, irakurtzeko askoz errazagoak paragrafo luzeak baino. Baina gaiaren aldetik ez dago mugarik. Mugak oro har bi dira: hiztegia zaindu eta forma errazak bilatzea.

Literaturak onak konplexua behar du izan? Nola ulertzen duzu kalitatea zuk?

Literatura ez da zientzia, askoz subjektiboagoa da. Hortaz, zaila da esaten zer den ona eta zer ez.  Niretzat ona da zerbait pizten didan literatura, izan zentzu sentsualean, intelektualean… Harrapatzen banau, gustatu egiten zait.

Salmentak irizpide egokia izan daitezke?

Ezetz esango nuke, salmentak publizitateak baldintzatzen baititu. Asko saltzeak, ez du esan nahi ona denik. Baina jendeak erosi eta gainera gozatzen badu liburuarekin, orduan kalitatezkoa dela esan daiteke.

Badira liburu batzuk ahoz aho zabaltzen direnak eta izugarri saldu. Kasu horietan, jende askorengana iristen dira promozio kanpainarik gabe; zerbait berezia baduten seinale.

Soiltasunarena ariketa pertsonala da edo irakurleari begira egindako ahalegina?

Alde batetik, nobela beltza, fantasia, zientzia fikzioa eta abarrak asko gustatzen zaizkit, eta halako liburuak idaztea da maite dudana. Baten bati entzun nion idazleak bi pauso egin behar dituela: bere buruarentzat idatzi lehenengo, eta jarraian, irakurlea hor dagoela gogoratu. Badirudi askori bigarren pausu hori ahaztu egiten zaiela, irakurleengan pentsatzea zure lanari artea kentzea balitz bezala. Nik, artearen historiari erreparatuta, artistek haien lana helarazteko ahalegina egin izan dutela ikusten dut ordea. Irakurleari entzun egin behar zaio, nahiz eta gero norberaren irizpideak izan nagusi. Eskutik heldu eta elkarrekin egiteko bidaia da.

Testuak gero eta ahalegin gehiago eskatu orduan eta oihartzun handiagoa uzten duela esaten duenik bada…

Izan daiteke, baina agian norbere buruari egindako tranpa bat ere bada. Demagun lagun bati esaten diogula: mendira bazoaz Himalayara joan, mendi txikiek ez dute merezi eta. Hori esaten badiogu edo bidean geratuko da edo ez da saiatu ere egingo. Goi mailako kirolariek gozatzeko izugarrizko sufrimendua behar dute, baina ezin zaie denei hori eskatu. Mendi txikiagoez ere gozatu daiteke.

Gogoan dut Borgesen testu bat, James Joycen Ulisses-ez mintzo zena. Bertan aitortzen zuen nobela garaiena zela, tontorra ukitu zuena,  baina aldi berean,  izan zela porrota ere.  Liburuaz gozatzeko behar zen jakinduria eta kontzentrazio maila hain zen altua, non irakurtzearen plazera galtzen zen.

Euskaraz ez omen da ia best-sellerik. Zergatik gertatzen da hori? Euskal irakurlea jantziagoa da?

Hori entzuten dudan bakoitzean ez dakit barre edo negar egin. Ez du inongo zentzurik. Munduko irakurle onenak ditugula badiozu, edo itsua zara, edo historiako salbuespen handiena daukagu.

Ezin dugu hori esan eta gainera harro agertu. Nire kezka da ikusten dudala irakurle txiki askok kanpora joan behar dutela euskara zaila egiten zaielako. Asko euskalzaleak dira, baina hala ere ezin dute.  Pena da, egile oso onak ditugu euskaraz, baina irakurle gehienak ez dira iristen. Irakurle gehienak dira hizkuntzari oso lotuak daudenak: idazleak, filologoak, kazetariak, euskara irakasleak…

Baina denontzako moduko liburuak ere behar ditugu, euskaraz irakurtzeko ohitura sor dadin; eta larria da, txikitik hasteko aukera ez badute liburu mardul eta sakonagoetara ere ez direlako pasako. Irakurle xume asko kanporatu egiten dira. Best seller irakurleak egon badaude, baina ez dute euskaraz aurkitzen eta beste hizkuntza batzuetara jotzen dute bila.

Gerta daiteke euskal idazle batek Nobel saria irabaztea, oso idazle onak baititugu, baina aldi berean euskarazko irakurlerik gabe geratzea. Askotan iruditzen zait gure aurrean pertsona bat ari dela odolusten eta bere orrazkera dela gure kezka nagusia.