‘Zebra efektua’, Iñaki Gonzalez Holgado & Harkaitz Cano | Iraitz Ugalde

http://www.ivoox.com/zebra-efektua-iraitz-ugalde_md_3215886_1.mp3″ Ir a descargar

Iñaki Gonzalez Holgadoren irudiek eta Harkaitz Canoren hitzek betetzen dituzte ‘Zebra efektua’ liburuko orriak. 2013ko urrian argia ikusi zuen komikia da, AEBetako historian bidaia egitera garamatzana.

2007a da. Ilargi beteko gaua New Orleanseko errepideetan. Ez da lehen aldia Bob eta Jimmyk diru truke norbait garbituko dutena, beste behin ere zergatia ezagutu gabe. Profesionalak dira eta dena dute kontrolpean. Ustekabeko aldaketa batek guztia hankaz gora jarriko du ordea, eta larri, ihes egin beharko dute bakoitzak bere aldetik.

Bob-ek lagunak baino zorte handiagoa izango du, baina ez da larrialditik atera duen gertakizunari azalpen logikorik aurkitzeko gai izango. Badirudi, azalaren kolorea aldatu zaiola, supituki zuria dela. Jada ez du gauaren erdian poliziak bila dabiltzan bi gizon beltzetariko baten antzik. Ez da susmagarria. Azal zuri berriak salbatu du. Eta orrietan aurrera, mendeetan atzera, hasiko da irakurlea Bob-en arbasoek, bere aitak, aitonak eta aurrekoek izan dituzten antzerako esperientziak ezagutzen. Azalaren koloreak baldintzatutako bizitza izan duten gizonak, eta maldizio zahar bat dela medio, beronen aldaketa jasan dutenak. Belaunaldien sokari tiraka AEBko esklabutzaren historiaren marrazkia osatzera iritsiko gara.

“ Badakizu bi tragedia mota daudela, ezta? Bata, desio duzuna ez betetzea da. Bestea, desio duzuna betetzea… Eta, sinetsi ala ez, bigarrena da bietan txarrena, ez izan dudarik… Kontuz zure desioekin, Ellison anaia…“ Horixe esan zion 1899an jabe zuriek egin zizkioten zauriak sendatzen ari zitzaion atsoak Boben arbasoren bati, honek zuria izatea nahiago lukeela esan zionean.

Bob ez da ohartuko bere azken lanak zein lotura duen berrehun urte lehenago Gineako Golkotik atera zen itsasontzian esklabu zeramaten bere arbasoarekin. Istorioaren girabuelta askoren ondoren ohartuko gara zein den gaur gaueko biktima akabatzeko arrazoia eta deskuido batek zelan eraman duen bilarreko mahaian bola zuria beltzaren ordez zulora.

“Bizitza marra mehar bat da. Eta marraren alde batera zein bestera, amildegi bana.“ Gauzek ez dute zertan zuriak ala beltzak izan. Baina batzuetan hala izaten da, antzina nahiz egun.

Advertisements

‘Gela bat norberarena’, Virginia Woolf eta ‘Anne Franken egunkaria’, Anne Frank | Iraitz Ugalde

http://www.ivoox.com/gela-itxi-bat-iraitz-ugalde_md_2898366_1.mp3″ Ir a descargar

Azken Durangoko azokan presentzia berezia izan zuen Virginia Woolf-en Gela bat norberarena liburuak. Alde batetik, Maria Colera Intxaustik Consonniren eskutik eginiko itzulpena orduantxe argitaratu zelako. Bestalde, aldizkariko azala pintatzen zuten hitzak bertako pasarte ezagunenetariko batekoak zirelako.

Virginia Woolfek 1928an Newnham eta Girtongo Eskola Femeninoetan emandako bi hitzaldi biltzen ditu liburuak. Emakumeak, fikzioa idatziko badu, dirua eta gela propioa behar dituela dio. Ideia hori helarazi nahi die Woolf-ek bere entzuleei, mundua interpretatzeko emakumearen modua idatzita gera dadin, bere garaiko emakumeen hitzak irakur daitezen. Gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasuna baliabideek ezarria dela dio, eta Shakespeare-en balizko arrebaren adibide kuriosoa ipintzen du, haren gaitasun berberak izanda ere, emakume jaio izate hutsak zertan amaitzera eramango lukeen irudikatuz.

Harago doa, gainera, analisia. Gizartean hartzen ditugun rolak aztertzen ditu: “Zergatik edaten zuten gizonek ardoa eta emakumeek ura?”. Gure portaeretan ezustean bezala daramagun generoaren inpronta sakon aztertzen du, “Sexu baten segurtasun eta oparotasunaz eta bestearen pobrezia eta segurtasun gabeziaz” eta horren zergatiez hausnartuz. Eta horrela iritsi da beharbada, egun, generoaren inguruko edozein lanketatan erreferentzia izatera.

Woolfek bere entzuleei opa ziena baino gutxiagorekin idatzi zuen bere egunkaria Anne Frank. Josu Zabaletak itzulia, Erein argitaletxeak berrargitaratu berri du II. Mundu Gerraren kontakizunaren zati den lekukotza hunkigarri hau. Ez zuen gela bat berea Anne Frankek. Beste zazpi lagunekin elkarbanatu beharreko ezkutalekua besterik ez zuen. Dirudun familiako alaba izateak ezin uka lagundu zionik.

Euren babesleek lepoa jokatu zuten ezkutaldi osoan zehar eta behar zuten guztia erosteko adina diru izan zuten Frank-tarrek egonaldi itogarriak iraun artean. Baina Annek bere gela propioa koadernoan idazten zuenarekin eraiki behar izan zuen. Horixe baitzen bere esparru pribatu bakarra. Inozentzia pixkanaka erantziz doazen konikak dira, Anneren izaerarako eta bizipenetarako atea parez pare zabaldu eta II Mundu Gerrako errealitatearen argazki gordina egiten dutenak, historia oraindik idazteke zegoen garaian. Beti izango ditu Anne Frankek 13 urte. Beti izango da heziketa aristokratikoko neskato lotsabakoa. Sarraski historiko baten erdi-erdian bere eguneroko bizimoduko arazoak, amorru, min eta maiteminak, izuari eta itolarriari aurre egiteko estrategiak bide batez bezala kontatzen dizkiguna.

XX. mendeko bi emakumeren ahotsak biltzen dituzten liburuak gaurkoan. Gela bat norberarena zen Woolfek bere entzuleei opa zien handiena. Ez zuen halakorik izan Frankek bere egunkaria idazteko garaian, baina, Woolfek nahiko zukeena utzi zuen historiarako, garaiko emakumeen ahotsa idatzita geratzea.

Jim Thompsonen ‘The Grifters’ eta Dolores Redondoren ‘Hezurren ondarea’ | Iraitz Ugalde

http://www.ivoox.com/iraitz-ugalde-jim-thompsonen-the-grifters-eta-dolores_md_2802056_1.mp3″ Ir a descargar

“Elizondoko isiltasun hark existitzen ez zen bake bat aldarrikatzen zuen, lur azalaren azpitik irakiten zegoen baretasun bat, laba goriko erreka bat balebil bezala Baztan errekaren parean leku hartako bizilagunei su-leizetik beretik goraka doan energía teluriko bat kutsatzeko”.

Horrelako misterioak biltzen ditu bere baitan Hezurren ondareak, Dolores Redondoren bigarren eleberriak. Zaindari ikusezinari jarraipena ematera dator Baztango trilogía osatuko duten hiru liburuetan bigarrena. Fernando Rey eta Mikel Vilchesek euskaratu dute. Argitaratu orduko hamaika hizkuntzatara itzulia izateaz gain, aurki egingo du zinemarako saltoa. Amaia Salazar ispektoreburua eliza baten profanazioa eta jarraian gertatu diren zenbait hilketa ikertzera dator bere jaioterrira. Baztango behelainoa eta egurats umela ezkutaleku ezinhobea dira, ordea, basoko piztia, iraganeko mamu eta zomorro psikopatentzat. Eta banaka behaztopatuko da hauetariko bakoitzarekin. Krimen guztiak erlazionatuta daudela demostratzeko ahaleginean, agoteek, euskal mitologiak, indarkeria matxistak, kristautasunak, tradizioak eta familiak bat egiten duten zurrunbilo sakonaren erdian aurkituko da. Eta zailtasun personal oro gainditu beharko du kasua ebaztera iristeko. Polizia gisa atzean ez geratzeko oilartzen, ama berriaren inseguridadeetan amiltzen, erdi sorgina duen izeba zaharrarekiko tratuan eta umea zenetik ama zoroari dion izu sakona menderatu nahian ikusiko dugu Amaia. Kasua argituagatik, kostako zaio bere barne-korapilo guztiak askatzea.

Jim Thompsonek 1963an idatzi zuen The Grifters eleberria, estatubatuarraren beste zenbait nobelaren antzera Miel Anjel Elustondok euskarara ekarri duena, Litxarreroak izenpean. Nobela zikina eta azkarra da, ez kasualitatez, 1990ean Stephen Frears-ek pantaila handira eraman zuena. Iruzurgileak eta soziopatak izan ohi dira Thompsonen nobeletako pertsonaiak. Halakoxea da Roy Dillon. Bere amak hamalau urte zituela jaio zen. Umea izan berritan alargunduata, neska gaztearen jarrera “arreba zahar berekoiak neba txiki ernegagarriarekin duena”ren antzekoa izan zen. Haurtzaro zakarrak hiriko oihanean bizirauten irakatsia diola ohartzeke, ahal bezain laster urrunduko da Roy amaren ondotik. Ez du sustrai sakonik inon botako. Jendeak oroit dezakeen nabarmenkeria oro saihestuko du. “Hartu eta aire!” filosofiarekin aberastuz (eta aldi berean pobretuz), ingurukoei ahal duen guztia lapurtu eta dagoen tokitik ospa eginez emango ditu urteak. Gipoi baten ondorioz larri dagoen unean, ama berriro agertuko da bere bizitzan. Apur bat ahul eta gizaki, bere inguruaren kontrola galduz joango da Roy. Eta indartzen denerako, urteetako bizimoduak gaina hartua izango dio. Merezi duen azkenburukoaz ixten du nobela Thompsonek, liburu osoan nabaria den azerikeria goi mailaraino eramanez.

Hezurren ondarea, krimena eta afera poliziakoak Baztango lurretan gauzatuak; Litxarreroak, nobela beltz amerikanoaren poltsikoko lagina. Gaurko bi proposamenak akzio apur baten gogoz daudenentzat.

‘Azken afaria’, Xabier Montoia | Jon Iraola

http://www.ivoox.com/azken-afaria-jon-iraola_md_2739655_1.mp3″ Ir a descargar

Felix  eta  Juanjok,  Xabier  Montoiaren  azken  eleberriko  protagonistetako  bik, armagnacak  eta whiskyak  edanez,  Habanakoak  errez  eta Laboaren  abestiak  egusentiraino  kantatuz  ematen  diote amaia  “Azken  afaria”ri. Momentu horretan,  ni  behintzat,  liburua  kolpe  batez  itxi  ostean,  burua atzera bota eta zer egin ez nekiela gelditu nintzen: barrez lehertu? Nire burua tristuraren  zulorik sakonenean hondoratu?

Txiste bat bezala hasten da liburua. Deustuko unibertsitatean zuzenbidea ikasitako lau lagun ohi Bilboko soziedade batean bazkaltzera  elkartzen dira: Kosme Astoreka, PNVko handi­mandi  bat; Juanjo Rodera, komunista madrildar euskaldundu bat; Felix Goñi, jeltzaleen orbitako abokatu bat; eta Samuel Salaberria, Nobel sariaren kinieletan dagoen euskal idazle bat. Bizitzak aurrera egin du, ibilbide  ezberdinak  aukeratu  dituzte  denek.  Umorerik  ez  dute  galdu  halere,  elkarri  ziria sartzen artistak baitira. Hori bai: dosi txikitan bada  ere,  erresumina, inbidia  eta gorrotoa suma daitezke, baina bekaturik larriena ere mahai bueltan bapo janez eta edanez barka daiteke… ezta?

Luze  baino  lehen  lehertuko  da  istorioa  ordea:  Ertzainak  Felix  Goñiren  etxean sartzen  dira,  eta semea,  Eneko,  atxilo  eramaten  dute,  kale  borrokako  zenbait  ekintza  egotzita. Hasierako oreka puskatu  da  betirako:  Audientzia  Nazionalerako  joan  etorriak,  Felix  Goñiren  lagun  eta  iragan jeltzalearen betiko haustura (Kosme Astorekatik  erabat urrunduz  eta Juanjo Roderaren lagunmin bihurtuz),  torturak,  mehatxuak, sufrimendua.  Enekoren  atxiloketak  bai  bikotean  eta  bai semean beragan duen eragina suntsitzailea da erabat. Horren erakusle dugu liburuaren harribitxietako bat, Gauaren  gaua  kapitulua.  Niri  bereziki  jasangaitza  egin  zait,  pertsonaiak  sufritzen  ari  diren insomnio, obsesio eta torturak irakurlearenak egiten baititu Montoiak. Erabat gainera. Batzuetan, ez dakit ba, pixka bat pasatzen dela iruditzen zait… Adibidez: “Aukera, dugun bakarra, ez baita hil ala bizi, hil ala hil baizik”. Irakurle, aldez aurretik abixatuta zaude: Xabier Montoiaren liburu bat da; zer nahi duzu ba. Egia da, hala eta guztiz ere, azken kapituluak, “Afaria” izenekoak, baduela kontrapuntu  funtzioa.  Izan  ere,  beharrezkoa  iruditzen  zait  “Gauaren  gaua”  bezalako  kapitulu itogarri baten ondoren, nobela orekatzeko irakurleari arnasbide bat gutxienez eskaintzea.

“M  letraz  hasiriko  hitzak  erauziko  nituzke  hiztegietatik”,  dio  momentu  batean  Felix  Goñi­k. “Maitasun, malko, menpeko, min…” (idazlea ala musikaria ari ote zaigu hitz egiten?). Dena den, nire irudikoz lau hitz horiek dira, ondoren  aipatutako Tortura  eta Traizioaz gain, liburuko gaiak hobekien laburbiltzen dituztenak. Maitasun, Malko, Menpeko, Min, Tortura, Traizio. Hein handi batean, “Denboraren izerdia” ekarri dit gogora, oso gustuko dudan bere beste nobela bat. “Azken afaria” ere nobela gogorra  baita. Askotan  ez  dizu  bakerik  emango,  ez dizu  arnasten utziko,  zure zauri sakonenetan ibiliko da aztarrika, baina barre egiteko ere parada izango duzu. Aukeratu duen hizkeragatik, elkarrizketen freskotasun eta zorroztasunagatik, istorioaren gertutasunagatik eta, nola ez, espiritu punky­agatik (iluna, desesperatua, etorkizunik gabea, baina edozerri eta edonori barre egiteko prest beti), “Azken afaria” aspaldi honetan irakurri dudan nobelarik borobilena iruditu zait.

‘En la orilla’, Rafael Chirbes | Jon Iraola

http://www.ivoox.com/en-orilla-jon-iraola_md_2672892_1.mp3″ Ir a descargar

“Los viejos amigos”-eko kontu-garbitzeekin nahikoa ez zenuela izan pentsatzen al duzu? “Crematorio”-ren osteko bixamonaren berri nahi duzula izan? Zorionekoa zu, lagun!, “En la orilla”-n biak ala biak topatuko baitituzu: protagonistaren eta bere ingurukoen bizitzari emandako errepaso gordina batetik, eta burbuila lehertu osteko katastrofe humanitarioa bestetik. Bada Chirbesen idazkerak are ilunagoa eta are gordinagoa ezin zuela izan pentsatzen duenik… Ez du, noski, “En la orilla” oraindik irakurri…

Parean daukat liburua, eta Pasaiako portuko txatarra pilen edo Zorrotzaurreko fabrika abandonatuen aurrean bezala sentitzen naiz: txatarra pila hori zaborra da, bai; herdoila besterik ez dute fabrika horiek, ongi da; baina horren guztiaren atzean, estetikaz aparte ere, bada zerbait, istorio ugari daude. Efektu berbera eragin dit “En la orilla”-k. Egunkari eta albistegien bazka den krisiaz baliatuz, Chirbesen begien atzean ezkutatzen den deabru madarikatuak istorio eder, gogor, krudel eta zorrotzak eman baitizkigu.

Baina entzulea nahastu aurretik: nire uste apalean, “En la orilla” ez da krisiari buruzko nobela bat; ez horri buruzkoa bakarrik behintzat. Gerra zibilarekin batera jaio zirenen bizitzaren atzera begiratze bat iruditu zait gehiago, protagonista eta narratzaile nagusi den Estebanen ahotik: Karl Liebknecht eta Rosa Luxemburgori buruzko hizketaldiak; Lou Reed, Janis Joplin eta Jimi Hendrix-en posterrak; gerran benetan zer pasa zen deskubritzen joatea; iniziazio-bidaiak (Paris, Londres, Ibiza); lehen maitasuna; pixkanaka-pixkanaka lagunak urrunduz sentitzea; bakoitzaren ibilbidea zein izan den ikustea…

Esteban, nobelako protagonista, hirurogeita hamarrak bete dituen mutilzahar frakasatu bat da. Bizitzan ez du helburu zehatzik izan, anbizio gabeko pertsona izan da: ez zuen idazle izan nahi, ez zuen eskultore izan nahi eta, batez ere, ez zuen arotza izan nahi (bere aitaren lanbidea), eta are gutxiago nahi zuen aitarekin lan egin; maitea maitatzearekin nahikoa zuen. Nora joan ez dakienarentzat, ordea, ez da bide onik: Esteban arotza izan da lanbidez, berrogeita hamar urtez gainera, guztiak bere aitaren tailerrean; eta maiteak, bere maite bakarrak, pikutara bidali zuen. Eta hori gutxi balitz, bere eta bere aitaren azken urteak duin pasatze aldera (bere aitak ezin baitu bere kabuz bizi –ez hitz egin, ez garbitu…-), zituzten aurrezki, jabetza eta ondasun guztiak higiezin-salmenta handi bateko sozio izateko hipotekatzen ditu. Estebanen aroztegiarekin, etxearekin eta aurrezkiekin zer pasa zen sumatuko zenuten jada… Baina aizue, garai haietan zeinek aurreikus zezakeen 2008ko gainbehera?

Baina, nire iritziz, argumentuan baino askoz ere mami gehiago dago pertsonaietan, batez ere Estebanen bi kontrapuntuetan: bata, bere aita (herra, sumina, bakardadea); bestea, Francisco, gaztetako lagun mina (arrakasta, luxua, jan eta edaneko bizimodua). Aitak errepublikaren alde borrokatu zuen, eta beste edozer baina biziago darama barruan marxismoaren garra. Franciscok, kontrara, frankista zuen aita, gerraostean aberastu zen kriminal horietakoa, baina ongi baino hobeto arduratu da jatorri iluneko urak garbitzen eta bere burua burgesia mokofinenaren parte bihurtzen: elkarte katoliko ezkertiarretan hasi zen; jarraian, garai berriei tankera hartuta, sozialdemokraziari esker ehundu zuen bere lehen kontaktu sarea; eta, sare honetaz baliatuz, Espainiako ardo aldizkaririk sonatuenaren zuzendari izatera iritsi zen.

Paradoxikoa dirudi, baina Estebanek, aldi berean, izan zitekeena du mutur aurrean (Francisco) eta baita bere nahiaren kontra bihurtu dena ere (bere aita). Bestalde, sozialdemokraziaren traizioa (Felipe González, Soltxaga…) eta, batez ere, trantsizioak difuminatutako klase borroka inon baino biziago plazaratzen direla nobela honetan uste dut. Bigarren mailako pertsonaien zerrenda zabala ikustea besterik ez dago gaur egungo miserien polifoniaz jabetzeko (Liliana Estebanen etxeko andre kolonbiarra, aroztegiko lana galdu duten Ahmed, Joaquín, Alvaro, Julio eta Jorge-ren istorioak…).

Laburbilduz, “En la orilla”: heriotzaren eskuetan erori aurretik burua altxatzea inguruko paisaia ikusteko (itsasoa, dunak, inguru zingiratsua), eta oroitzea: osabaren magalean eserita bere gutunei zigiluak itsasten; edota ama plantxan eta ama kantuan; edota lehen maitearen mingaina belarrian, bizkarrezurra gurutzatzen duen zirrara sortuz. Urrun sentitzea zoriona, Estebanek sentitzen duen bezain urrun. Eta adimena Chirbesen idazkera zurrunbilotsuaren baitan askatzea, bizitzaren meandro lakar eta garratzetan barrena, atzera bueltarik gabe eta uholde baten indarrez, Estebanen herrixkako zingiraraino. Eta zingirako ura sentitzea hotz, oso hotz, eta Spree ibaiko ur izoztuez gogoratzea, eta Karl-etaz, eta Rosataz.

‘Aiztoa eta arkatza’ & ‘Idazten ari dela idazten duen idazlea’ | Iraitz Ugalde

http://www.ivoox.com/aiztoa-eta-arkatza-iraitz-ugalde_md_2592931_1.mp3″ Ir a descargar

Idaztearen kirolak arimaren gihar nekeak ematen ditu. Idaztearen ofizioak ez du dirurik ematen. Idaztearen aisia aislatzailea da. Eta, hala ere, zenbatek eta zenbatek gozatzen duen pentsamentuak hitz bilakatze horrekin. Makina bat irakurlek ere sentituko zuen idaztera pasatzeko tentazioa, edota irakurgaiari adina idazleari erreparatzeko bulkada.

‘Aiztoa eta arkatza’ liburua sona handiko idazleek idazteari buruz eginiko zenbait hausnarketaren bilduma da. Irati Jimenezek egin ditu testuen hautaketa eta gibelsolasa. Harkaitz Canoren hitzaurreak ematen dio hasiera liburuari eta Antton Olariagaren marrazkiek aberasten dute edukia. Bi atal nagusitan banatzen da: Lehen atalean XIX eta XX. mendeko zenbait idazleren biografiak datoz (A. Monterroso, V.Wolff, R Carver, C. Bukowski…). Bizi oso baten sintesiak obraren atzean dagoen pertsonaren argazkia egiten digu. Biografiatxoaren segidan idazleak literatura sortzeari buruz hausnartu eta aholkatutakoak biltzen dira. Ironiaz eta intimitatetik esandakoak euren izakeraren eta idazkeraren isla dira.

Bigarren atala, berriz, lau kontzepturen bueltan eraikitzen da: inspirazioa, blokeoa, estiloa eta kritika. Sorkuntza munduko zenbait pertsonalitatek (P.Picasso, A. Ginserg, A. Nïn, Sokrates…) ideia hauen inguruan eginiko aipuen bilduma da, luxuzko brain storm kolektiboa osatzen duena. Idazlearen ajeekin enpatizatzen lagun dezake liburuak, idazketa prozesua barrutik ezagutzen eta idazlearen irudian topikoetatik idiosinkrasira dagoen tartea zenbatekoa den ikusten.

Gogoan izango duzuen bezala, literaturaren inguruko munduaz mintzo diren ipuinen sorta plazaratu zuen iaz Iban Zalduak ‘Idazten ari dela idazten duen idazle’ izenburupean. Euskal literaturaren munduan dabilen edozein idazle, itzultzaile nahiz irakurzalek erraz  topatuko du bere burua bertan. Kritikariekiko sinbiosi behartua, argitaratzera iritsi bitarteko lehia migotsa, liburu denda perfektuan bizi den mutikoa, inspirazioaren bilaketa desesperatua…

Gutxi asko literaturaren gaixotasunak jota daude liburuko pertsonaiak. Ipuin bakoitzean amaiera hurbiltzearekin batera indartzen da trama (idazlea bera Philip K. Dick bilakatzen den momentua esaterako). Feedback handiko istorioak dira, batzuk kasik zirkularrak (Tentazioari eusten, Deskribapena). Pertsonaien ekintzek deskribapenek dioten guztia fin-fin berresten dute.

Istorioaren barruan kontatzen den istorioaren barruko istorioa. Idazlearen fikzioa idazlea bera denean, irakurlea ere norbait da ipuinean. Fikzioan guztiz murgildu eta pertsonaien fluktuazio mental bakoitzean parte hartzera iristen zara (Kafkaren itzultzailea). Hortik aurrera irakurle bakoitzaren sinesberatasunaren esku geratzen da batzuetan errealak diruditen (Potroak), besteetan fantasiosoagoak eta surrealistagoak diren (Bidegurutzea) kontakizunek emango dioten astindua.

Metaliteratura apur bat, beraz gaukoan, ‘Aiztoa eta arkatza’ bilduma-lan dokumentatua
bata, ‘Idazten ari dela idazten duen idazlea’ ipuin-liburua bestea.

Preso nago | Iraitz Ugalde

http://www.ivoox.com/preso-nago_md_2410028_1.mp3″ Ir a descargar

2002an sortu zenetik Ataramiñe elkarteak Euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoak izenburupean Euskal Presoen testuak biltzen dituen urtekaria ateratzen du Durangoko Azokan. Horrez gain, askotariko sorkuntza lanak argitaratu ditu, poesia nahiz komiki, musika edota ipuin, preso dauden sortzaileek euren plaza izan dezaten. Gisa honetara ikusi dute argia gaur hizpide izango ditugun komiki liburuxkek.

Irribarrez apur bat libreago dio 2010ean Mikel Orbegozok argitaratu zuen ‘Preso nago’ komikiko lehen marrazkiak. Filosofia horrekin berberarekin dator aurtengoan ere Intxaurrondokoa ‘Preso nago 2’ lanarekin aurreko ale hari segida ematera.

Izan liteke lau hormen artean egositako bakardadearen aterabide naturala, asperdurari forma emateko modu bat, klaustrofobiaren aurkako terapia kreatiboa edota edozein gizakik berezkoa duen adierazteko nahia. Izan liteke gustoz edo halabeharrez eginiko zerbait. Edo guztiaren nahastura. Kontua da Mikel Orbegozok bere-beretik sortu duenak gauzatze aparta izan duela.

Hondoratuta egonda urari oxigenoa erauzteko gaitasuna, horretatik asko erakusten du Orbegozok. Eta positibitate hori transmititzen asmatzen du. Hain estimulu gutxi eskaintzen dituen unibertso mugatutik kolore biziz bete ditu orriak. Biñeta batean irudikatzen duen matriuxkan bezala: espetxean moduloa, moduloan zelda, zeldan pertsona, eta pertsonarengan baloreak. Mundu bat. Irudimenaren infinitua, hormez ulertzen ez duena, sorkuntzak ilustratzen duelarik zeldako itzala.

Argazki latzak karikatura sinpatiko bilakatzen ditu, pintatzen duen eskuak koloretan pentsatzen baitu. Umore beltzetik badu zerbait (funtzionaria presoekin non dago pelotatxoa jolasera jostatzen denekoa), ideia surrealistaren bat ere bai tarteko (oinpeetan jaiotako sustraien bitartez presoek euren herriko festetako herri bazkarietan bapo jaten dutenekoa).

Euskara eta gaztelania tartekatzen dira, pertsonaia bakoitzaren rollari dagokion hizkuntza erabiliz. Naturalak dira egoerak. Bi komiki lanetan kartzelan koexistitzen duten bi espezieren arteko elkarbizitzaren pasadizoak dira nagusi. Badaude presoen argazkiekiko aferari, Euskal Preso Politikoen Kolektiboari eta preso gaixoen problematikari eskainitako atalak ere.

Marrazkiak sinpleak dira baina badakite hizketan. Kontakizunetariko asko samurrak dira, elkartasuna samurra baita. Hala ere, kartzelako dinamika errutinarioari zorrotz ateratzen dio punta, bertako kontraesanak parodiatuz eta duintasunaren definizio praktikoak emanez.

Aise irakurtzeko komiki atseginak beraz, gaurkoan, sensibilitate handiz baina irribarrea ere lapurtzeko moduan idatziak.