‘La fin de l’homme rouge’, Svetlana Alexievitx | Jon Iraola

http://www.ivoox.com/la-fin-l-homme-rouge-svetlana-alexievitx_md_3260690_1.mp3″ Ir a descargar

Gabon, entzule! Minoritarioen artean minoritarioena izateko desafioari helduz, gaurko saiora lehengo urtean Frantzian argitaratu zen nobedade bat dakarkizut: “Gizon gorriaren akabera” edo “La fin de l’homme rouge”, Svetlana Alexievitx idazle eta kazetariaren azken obra. Bai, badakit zer pentsatzen duzun… Baina apenas entzulerik ez izateak abantailaren bat izan beharko zuen, ezta?

Svetlana Alexievitx: nor da emakume hau? Hegoaldekoek, agian, “Txernobylgo ahotsak” (1997) obragatik ezagutuko duzue. Iparraldekoek, ohi bezala, zorte hobea duzue: frantsesez, Txernobyl-ekoaz gain, II. Mundu Gerrako emakume soldadu sobietikoei eginiko elkarrizketa-liburu bat (“Gerrak ez du emakume aurpegirik”, 1985), Afganistango gerran parte hartu zuten sobietarren testigantzak jasotzen dituen liburu bat (“Zink-ezko hilkutxak”, 1990) edota komunismoaren erorialdiaren osteko hiritar errusiarren suizidioei buruzko beste bat (“Heriotz istorioek sorginduta”, 1995) daude argitaratuta.

Azken liburu honetan, “Gizon gorriaren akabera”n, bere ibilbideari leial, Svetlana Alexievitx-ek milaka sobietar ohien testigantzak plazaratu ditu, eta marxismo-leninismoaren laborategiak hamarkada luzez moldatu zuen Homo sovieticus delakoak nola maitatzen zuen, nola sufritzen zuen, nola bizi zen, zer desio zuen, edota bere amets eta beldurrak zein ziren adierazten digu, eta baita gaur eguneko egoerara nola moldatu den ere.

Trantsizio hori da liburu honen muina. Trantsizio horrek, Alderdi Komunistaren eta Sobietar Batasunaren desagerpenak, Eltsine eta Gaïdar-en shock terapiak, plutokraten harrapaketa lotsagabeak, izugarrizko drama humanoa eragin du. Biziera, kultura eta zibilizazio oso bat egun batetik bestera eraitsi da, eta iritzi dut bide horretan galdu den guztia dokumentatzeko saiakera dela Alexievitx-en liburu hau. Ezabatu, ahaztu edo isildu nahi den guztia dokumentatzeko.

“Erabat aldatu da bizitza”, dio testigantzetako batek, “mundua jada ez da Zurien eta Gorrien artean banatzen, ezta Solzhenitsin irakurri dutenen eta ez dutenen artean ere; mundua, eros dezaketenen eta ezin dezaketenen artean banatzen da”. “Atzo krimena zena, gaur business-a da”, dio beste batek.

Ez dago ondorio kategorikorik, ez sinplekeriarik, ez nostalgiarik, ez errazkeriarik; “Gizon gorriaren akabera” liburu konplexu eta aberatsa da. Era guztietakoak dira argitara emandako iritziak, baina guztiak irakurri ostean iruditzen zait gehiengoa traizionatua, etsitua edota makurrarazia sentitzen dela. Erdiragarriena “berreziketa-esparruak” eta estalinismoaren urte luzeetako torturarik lazgarrienak pasa, eta oraindik komunista izaten jarraitzen dutenen testigantzak iruditu zaizkit. Purgak, gerrateak, beldurra… bereak eta bi ikusitakoak dira, eta askok eta askok sufritu dutena imajinaezina da.

Baina, aldi berean, amets eta ideal baten partaide ziren, naziak garaitu eta gizona espaziora lehen aldiz bidali zuen inperio baten partaide, Txernobylgo erregai nuklearra esku hutsik jaso zuen nazio baten parte. “Eta orain… Orain hori guztia akats izugarri bat dela esaten digute”. Etorkizun hobe baten esperantza sobietar guztien bihotzean zegoen tatuatua; gaur eguneko errusiarrek, ordea, ez dute iritzi berbera: “ez dut ulertzen zergatik zeuden hainbeste idealista garai hartan. Erabat desagertu dira gaur egun”. Arima errusiarraren mila izkinak biluzten ditu saiakera honetan Svetlana Alexievitx-ek: izan ere, ez pentsa dena estatu-kolpe, tragedia, suizidio, gerra eta eromen denik; ugariak dira maitasun eta zoriontasun istorioak ere.

Bitxikeria moduan, harrigarria iruditu zaidana garai hartan sukaldeko eztabaida ezkutuek, irakurtzeak eta hitzek zuten pisua eta garrantzia da. Gaur egun, horiek guztiak erabiltezin bihurtu dira: alde batetik, ez Puxkinek, ez Maiakovskik, ez Tolstoik ez digutelako esplikatzen nola aberastu; eta, bestetik, hitzek bere balioa erabat galdu dutelako. Testigantza batek zioen bezala: “mundu guztiak hitz egiteko gogoa du orain, baina inork ez du entzuten…”

Liburu hau amaiezina da, goitik behera azpimarraz betea dut. Errelato bakar eta monolitiko baten ordez, milaka errelato txikik -bakoitza bere egi eta bere sufrimenduekin-, errealitatea fidelago islatzen duenaren adibide eredugarria da. Eta nola ez: Alexievitx-ek baliatu dituen erreferentzia historikoak, soziologikoak, literarioak, politikoak… ezinbestekoak dira gaur egungo geopolitika eta gatazkak ulertzeko, eta baita sobietar ohiek nola pentsatzen eta sentitzen duten igartzeko ere, nahiz eta, protagonistetako batek dioen bezala, “sobietar batek soilik uler dezakeen beste sobietar bat”.

28. ‘Lasai, ez da ezer gertatzen’, Ana Malagon

http://www.ivoox.com/28-lasai-ez-da-ezer-gertatzen-ana-malagon_md_3076787_1.mp3″ Ir a descargar

Ana Malagon idazlearekin arituko gara bere estreinako lanaz, ‘Lasai, ez da ezer gertatzen’ mikroipuin liburuari buruz. Horrez gain, Lander Arretxea literatur ikasketei buruzko erreportajea osatuko digu, Iratxe Esnaolari egindako elkarrizketan oinarrituta. Hark azalduko digu non egin daitezkeen ikasketa horiek eta zertarako balio duten. Iraitz Ugaldek, berriz, bi komikiren komentarioa osatuko digu: bataren izena ‘Kristalezko hiria’, Paul Karasik eta David Mazzucchellik egina. Bigarrena, ostera, ‘Alokairuan’, Pernan Goñirena. Saioaren azken ordu laurdenean ITU bandakoek hezkuntzari buruzko gogoetak izango dituzte hizpide.

On egin!

‘Kristalezko hiria’, Paul Karasi & David Mazzucchelli eta ‘Alokairuan’, Pernan Goñi | Iraitz Ugalde

http://www.ivoox.com/iraitz-ugalde-izena-kristalezko-hiria-paul-karasik-eta_md_3076792_1.mp3″ Ir a descargar

Paul Austerren City of Glass (1985), Ghosts (1986) eta The Locked Room (1986) New York-eko trilogia osatzen duten hiru liburuek metropolian gauzatzen diren hiru istorio kontatzen dituzte. Horietan lehena, ‘Kristalezko hiria’, Paul Karasik eta David Mazzucchellik komikira ekarri zuten 1994an. Edizio hura Harkaitz Canok itzuli zuen euskarara 2006an.

Zoritxarreko bizitzak mundutik isolatuta daukan Danniel Quinn idazleak detektibe batengatik galdetzen duen ezezagun baten deia jasoko du gauaren erdian. Erratuta dabilela esan arren, ezezagunak ez dio deitzeari utziko. Eta azkenean Quinnek bila dabilen pertsona bera dela esatea deliberatuko du. Horra protagonistaren lehen irristada. Hutsala, izatez, ez balitz supituko berea ez den bizitza bat bizitzen hasiko delako. Idazten dituen eleberrietako protagonistaren antza hartuz. Inoren larruan sartuz. Bere semea hil nahi omen duen Stillman jaunari jarraitzea izango du xede. Haren itzala izatea. Hori muturreraino eramateak noraino eramango duen ez daki, ordea.

Austerren obran kirika egiteko abagune grafikoa da. Abstraktutasuna irudi bidez esplikatzea lortzen du. Pertsonaiaren barne bukleetan, hiriaren laberintoan, egia eta fikzioaren dikotomia lausoan galtzea. Besterentzea, zerbait naturala balitz bezala. Bizipen eldarniotsuen keak irentsia izan arte. Probatzeko modukoak diren sensazioak dirudite.

‘Alokairuan’ komiki liburua 2010ean argitaratu zen. Pernan Goñik Gaur 8 astekarian luzaroan argitaratutako komiki tiren bilduma da. Alokairuan bizi diren pertsonaien arteko bizikidetza aitzakiatzat hartuta, eguneroko bizimoduaz mintzo da, era zirikatzailean. Alokairuan bizitzearen prekarietatea eta aldi bereko aberastasuna umorez erakusten ditu, edonori bizipenak gogora ekarri eta kilimak ateratzeko moduan.

Etxeari zutik eusten diotenak ez baitira hormak, habitanteak baizik. Horror Morroreko biztanleak kolore guztietakoak dira: Xabi mendizale zaildua; Florencilla musikari feminista zoroa; Neo, teknologia berriek errealitatetik deskonektatuta daukaten mutikoa (sekula bere aurpegia ikusiko ez duguna, beti baitarama markara bat jantzita); Neoren ama, alokairu etxera semearekin etorri zena; Bixen komikigilea… eta pasaeran ibiliko diren beste asko eta asko. Bizikidetzaren ajeak. Bizikidetzaren bizitasuna. Eguneroko gauza txikietan tolerantziak duen garrantzia. Platera zikinak, igande arratsaldeak, paretaz bestaldeko larrujotzeak, pisukideen joan etorriak… egunerokoaren argazki komikoak.

Bi komiki proposamen gauzkoan: sakona bata, ‘Kristalezko hiria’, airosoa bestea, ‘Alokairuan’. Liburutegiko apalean hautsa kendu eta birziklatzea merezi dutenak.

‘Alcools’, Guillaume Apollinaire | Jon Iraola

http://www.ivoox.com/guillaume-apollinaire-alcools_md_2989697_1.mp3″ Ir a descargar

Hitz baten atzetik usnaka hasi eta liburu oso batekin egin nuen topo lehengoan, kafetxo bat bakarrik hartzera atera eta azken tragoa after hours-ean barre algara bat lez puskatzen duzunean bezala.

Labur esanda: “surrealista” hitza zen nire jomuga, nazkatuta bainengoen bere erabilerarekin: ateraldi surrealista, amonaren gona surrealista, zakurraren putz surrealista! Eta gurutzada etimologikoak hitzaren sorreraraino eraman ninduen: Guillaume Apollinaire zen erruduna! Guillaume Apollinaire, surrealismo hitzaren sortzailea! Madarikatua!

Baina orduan bataioan pentsatu nuen, eta bere zentzu poetikoan, eta Eskorbuto taldea ez litzatekeela talde bera izango Eskorbuto izena ez balu. Aukera bat merezi zuen, beraz, Apollinaire madarikatuak. Finean, frantsesa zen, eta poeta. Ongi da ba. Aurrera: bere liburu sonatuena, Alcools, deskargatu, monokuloa jantzi eta, bibotea laztandu bitartean, urtean behin burutzen dudan ariketa handiusteari ekin nion: poesia irakurtzen duenaren itxurak egiteari, alegia…

Hasi aurretik, egia aitor dezadan: poema batzuei bigarren aukera ere ukatu egin diet. Frantsesa, hizkuntza, oztopo izan dut, eta gainera poema bat arbelean zatikatu nuen azken alditik urte asko pasa dira, eta ez nago zirujauarena egitera ohituta… Baina, kontrara, beste poema askok… dios, pop kanta batek baina indartsuago harrapatu naute!

Zalantzarik gabe, Alcools bildumako poema ugari arrakastarako jaio dira. Har dezagun, adibidez, ongietorria egiten digun “Zone” poema (Ingurua), 100 urteren ostean oraindik ere tonu urbano eta inkonformista galdu ez duena: puntuaziorik ez, asonantziak, kaleko hizkuntzako arrastoak, erlijioari eta tradizio immobilistari ironiaz egurra, saltoak eta bueltak eta jauzi linguistikoak… Baina ze ostia, pentsatu nuen: Guillaume Apollinaire, Frantziako lehen raperoa ote?

Eta lehenengo poemak eragindako inpresioari buelta eman aurretik… Bang! “Le pont Mirabeau”, bigarren crocheta! Begi-kolpe bat nahikoa bere kontrasteez eta musikaz jabetzeko: “L’amour s’en va comme cette eau courante / L’amour s’en va / comme la vie est lente et comme l’espérance est violente», edota «Vienne la nuit sonne l’heure / Les jours s’en vont je demeure». Guillaume Apollinaire, lehen raperoa ala… Frantziako lehen kantautorea ote?

Hortik gutxira dator nire gustukoenetako bat, “Les colchiques”: poema batean emakumeak, lore pozoitsuak, behiak, eskolatik irten berritan armonika joz dauden haurrak eta udazkena nola nahasi, irakurlearengan melankolia arrasto bat utziz eta, batez ere, barregarri geratu gabe? Horren adibide eder da “Les colchiques”.

“La maison des morts” (Hildakoen etxea) da gustatu zaidan beste bat. Apollinaire-k hildakoak hobitik atera eta bizidunekin dantzan, hizketan, maitatzen jartzen ditu. Barrea eragiten dizula batzuetan? Negarra besteetan? Biak batera? Absurdoa iruditzen zaizula guztia? Ba ezinezkoen arteko oreka eta tentsio hori ere ongi mantentzen daki.

Gainontzean, intentsitate handikoak iruditu zaizkit “Hotels” (Hotelak), “Automne malade” (Udazken gaixoa), “L’adieu” (Agurra), 1909 (hain zen ederra, beldurra ematen zidala), Mai (Maiatza) edota “À la Santé” (ironia hemen ere, tituluan). Azken hau kartzelan idatzitakoa da, Gioconda lapurtu izana egotzita Santé-n pasatako astebetean inspiratua. Eta nola ez, liburua ixten duen Vendémiaire (titulutik hasita hemen ere hitzekin jolasean Apollinaire: frantziar errepublikar egutegiko lehen hila izateaz gain mahats-bilketarena ere bai baita). Azken poema honetan mozkorkeria unibertsalari kantatzen dio, inoiz baino kosmopolitago Paris osorik irensteari, osorik edan nahiari, (“Egarri naiz Frantziako Europako eta munduko hiriez / Zatozte denak neure eztarri sakonean isurtzera”).

Sinbolismoaren tradizioari heldu eta garaiko tendentziekin nahastuz (futurismoa, kubismoa), korronte guztiak, alkohol guztiak, pertz magiko batean nahastu zituen Apollinairek, eta edabea 15 urtez eduki zuen eskailerapean: 18 eta 32 urte bitartean ondutako poesia bilduma bat baita Alcools, bizitakoaren alkimiarekin etorkizunari eskainitako erreserba-handiko ardo-botila bat, formaz erabat berritzailea, eta erritmo eta musika berri baten jabea.

Eta Guillaume Apollinaire-ren eldarnio poetikoak hartuta, bibotea laztantzeari utzi eta “Badator modernitatea!” egiten dut garrasi balkoitik. Kale-garbitzaileak gorantz begiratu du instante batez. A ze egoera surrealista pentsatuko du, agian.

 

25. Albert Camus oroituz

http://www.ivoox.com/25-albert-camus-oroituz_md_2898357_1.mp3″ Ir a descargar

Gaurko saioaren zatirik handiena Albert Camus idazleari eskainiko diogu. Orain hilabete gutxi batzuk ospatu zen bere jaiotzaren mendeurrena, eta berandu samar izanagatik, aitzakia hori baliatuko dugu berari buruz hitz egiteko. Horrez gain, Iraitz Ugaldek bi liburu izango ditu hizpide, Virginia Woolfen ‘Gela bat norberarena’ batetik, eta Anne Franken Egunkaria, bestetik. Gurekin izango ditugu ITU bandako kideak ere, ohi duten moduan azken 15 minutuetan nahi duten guztia esateko. Gaurkoan, Amiri Baraka poeta amerikarraren poema batzuk euskaratu dituzte lehen aldiz.

On egin!

24. ‘Amaren heriotzak libreago egin ninduen’, Mari Luz Esteban

http://www.ivoox.com/24-amaren-heriotzak-libreago-egin-ninduen-mari-luz_md_2851431_1.mp3″ Ir a descargar

Mari Luz Esteban idazle eta antropologoarekin izan gara oraingoan, eta bere estreinako poema liburuaz aritu gara ‘Amaren heriotzak libreago egin ninduen’ izenekoaz. Aldez aurretik, Peter Ostolazak ‘Gabon’ opa dizue, ordea. Ondoren, Jon Iraolak liburu komentarioa egin digu, klasiko batena, oraingoan: Alexandre Dumasen ‘Montecristoko Kondea’. Etorri da Lander Arretxea hilero legez, besapean erreportaje bat duela. Midcult literatura izan du hizpide oraingoan, Iban Zalduari egindako elkarrizketa oinarri hartuta. Saioaren hondarrean, ITU bandakoek Arkaitz Belloni eskainitako hainbat testuren irakurketa egin dute.

On egin!

‘Montecristoko Kondea’, Alexandre Dumas | Jon Iraola

http://www.ivoox.com/jon-iraola-montecristoko-kondea-alexandre-dumas_md_2851479_1.mp3″ Ir a descargar

Edmond Dantès marinelaren berri, lehen aldiz, hamar bat urterekin izan nuen. Etxe azpiko liburu-dendan gazteentzat egokitutako lehen tomoa erosi zidan senitartekoren batek, eta hasi eta buka irentsi nuen. Gogoan iltzatua geratu zitzaidan liburu haren azala: Dantès gaztearen irudia zekarren, uretatik atera berritan, gibelean If-eko gaztelua zuela. Bigarren aldiz, Edmond Dantès-ekin ETB 2-k eman zuen Gérard Depardieu-ren telefilmean egin nuen topo, hamasei  bat urte nituela.

Argumentua, gutxi-asko, denok jakingo duzue: Edmond Dantès etorkizunez beteriko gaztea, gutun anonimo bat tarteko bonapartista sutsu izatez akusatua, bizi guztirako giltzaperatzen dute If-eko gazteluan. Gutun anonimoa ustez lagun zituen Danglars eta Fernand-ek idazten dute, Caderousse mozkorraren begiradapean, eta azkenik Villefort prokuradoreak kondenatzen du gaztea, errugabea dela jakinda. Errugabe bat kartzelan preso: zenbat pelikula ez ote dira egin gai horretan oinarrituta?

Nahiz eta momentu batean Dantès-ek bere burua guztiz abandonatu, kartzelan ezagutzen duen Faria abade jakintsuari esker eusten dio bizi gogoari: azken honek politika, ekonomia, kimika, hizkuntzak… irakasten dizkio, eta Monte Cristo-ko irlan dagoen altxor ezkutu baten berri ere ematen dio. Fariaren heriotzaz baliatuz, Dantès-ek If-eko gaztelutik ihes egitea lortzen du, eta altxorraren jabe egiten da. Hortik aurrera, jada Monte Cristo-ko kondearen mozorropean, kartzelan zegoen bitartean laguntzen saiatu ziren lagunak saritu eta traizionatu zituenak banan bana mendekatzen ditu.

Bai gazteentzako moldaketak bai telefilmak, biek ala biek sorgindu ninduten bere garaian, abenturaren muina laburbiltzen nahiko ongi jakin baitzuten. Baina oraingoan, jatorrizko nobelaren bidez istorioari hirugarrengo aldiz heldu diodanean, aitor dezaket mendekuari eskainitako katedral honen katakonba eta korridore ezkutuenetatik paseatu nahi duenarentzat liburua bezalakorik ez dagoela. Nobelan baino errazago nekez barnera baitaiteke, arrakala eta ñabardura guztietaz jabetuz, Edmond Dantès-en eboluzioa: hasieran gazte lerden, adoretsu, maitemindu, itxaropentsu eta pixka bat xalo izatetik; traizioak eta kartzelaldi luzeak itxuraldatutako mendekatzaile ia-ia jainkotiar gupidagabea bihurtzera ondoren; eta barkatzeko gai den eta maitearekin bizitza berri bati ekiteko prest dagoen gizona izatera amaieran.

Hori bai, Gérard Depardieu-ren aurpegia jartzera ohituta, nobela irakurtzerakoan nire harridurarako beste itxura bateko Kondea deskubritu dut: argalagoa, zurbilagoa, jonkixeagoa (hasieran pixka bat harritu nau drogen inguruan duen jakintzak -kontsumitzen dituen hashish eta opio pilulak, esaterako-), kosmopolitagoa eta hotzagoa mendekuaren plangintzan, baina sentikorragoa gauzatzerakoan. Gainera, uste baina zirraragarriagoak egin zaizkit Kondearen mozorro festa eta joko eta elkarrizketa paraleloak.

Pertsonaien inguruan, Dumas-ek sortzen duen unibertsoan denetik dago, ugari, bereizi eta xehe gainera. Izaeren aberastasuna bigarren mailako protagonisten sare zabaleraino ere iristen da: eleberri hau irakurri duen edonork edukiko ditu gogoan Noirtier bonapartista,  Luigi Vampa bandido italiarra, edota Bertuccio, kondearen laguntzailea…

Monte Cristo-ko kondea nobela klasiko bat da, eta irakurlea uneoro narratzaile orojakilearen eskutik helduta doa korapiloaren meandro guztietan barrena. Baina ez du inolaz ere horregatik bizitasun faltarik: traizioa, pasioa, abentura eta ezustekoak nahi adina aurkituko ditu bertan irakurleak. “Altxor uhartea”rekin batera, iruditzen zait bigarren hezkuntza hasterakoan gehien faltan botatzen dudan liburua dela honako hau, heldutasunerako bidaia iniziatiko moduan-edo…

Azkenik, inoiz gaurkotasunik galduko ez duen nobela dela uste dut, eta ez bakarrik gai unibertsal asko (mendekua, justizia, traizioa) sakon eta maisuki garatzen dituelako; are gehiago, gaurkotasunik inoiz ez du galduko, zoritxarrez beti egongo baita, gizakiok bata bestea giltzaperatzen jarraitzen dugun bitartean behintzat, bidegabeki, traizio baten ondorioz, prozesu kafkiar baten harlauza azpian lurperatuta eta ahanzturara kondenatuta, itzalpean usteltzen ari den norbait.

23. Euskal itzulpengintzako aferak

http://www.ivoox.com/23-euskal-itzulpengintzako-aferak_md_2801924_1.mp3″ Ir a descargar

Euskal itzulpengintzari helduko diogu gaurkoan. Ikusiko dugu zer nolako aferak sortzen diren euskal literatura atzerrira itzultzen denean, eta baita atzerriko literatura euskarara ekartzean ere. Horrez gain, Elearazi atariko Danele Sarriugartek bi autore plazaratuko dizkigu (Chus Pato eta Maria Aurelia Capmany), Iraitz Ugaldek bi libururen komentarioa egingo digu (Jim Thompsonen ‘The Grifters’ eta Dolores Redondoren ‘Hezurren ondarea’), eta saioaren hondarrean, ohi legez, ITU bandakoei emango dizkiegu azken 15 minutuak. Maria Jose Kerejetaren ‘Ezezagun baten koadernoa’ (1988) poema liburuko ale batzuk ekarriko dizkigute gaur.

On egin!

22. ‘Azken afaria’, Xabier Montoia

http://www.ivoox.com/22-azken-afaria-xabier-montoia_md_2739642_1.mp3″ Ir a descargar

Xabier Montoiaren ‘Azken afaria’ eleberria izango dugu hizketagai gaurko saioan, batez ere. Egilearekin izandako elkarrizketa entzun ahal izango duzue –nahi duenak elkarrizketa osoaren idatzizko bertsioa irakur dezake hemen– eta Jon Iraolaren liburu komentarioa ere liburu horri buruzkoa izango da. Horrez gain, Lander Arretxeak hilero bezala erreportajea osatuko digu, aipuei buruzkoa gaurkoan. Amaieran, ohi moduan, ITU bandakoei utziko dizkiegu hamabost bat minutu. Gaur, Ituren burkideak idatzitako istorio bat entzungo dugu beren ahotik.
On egin!

‘Habiak’, Maite Gurrutxaga & Dejabu | Iraitz Ugalde

http://www.ivoox.com/habiak-iraitz-ugalde_md_2696171_1.mp3″ Ir a descargar

“Sustraiak ditut zainen ordez.

Nire begietan kimuak

bilatzen dituenak

zuhaitz bat aurkituko du.

Nire begietan leihoak bilatzen dituenak,

zuhaitzen adarrek sostengatzen duten zerua

aurkituko du.

Sustraiak ditut zainen ordez.

Izakien malkoak edaten

dituzten txorien zain

eman dut bizitza.

Txori ixilak, txori anonimoak…

oroitzapenak nahi bezala astintzen dituzten

txori ixiliak,

anonimoak.”

Pertsonak ezin du txoriak bezala hegan egin. Gure bizilekutik alde egitera behartuko bagintuzte ere, ez lukete lortuko gure sustraiak erauztea. Baina lotzen gaituzten sustrairik gabe nola egin hegan? Kukuak beste txorien arrautzak nola, Ximon ere bere baserritik bota zuten Abiadura Handiko Trena eraikitzeko. Berriki alargunduta, herriko pisu batean kabitu behar berak eta bere bakardadeak. Ez dio horregatik amets egiteari utziko. Hegoa zaurituta izan arren, plan bat du. Eta horretan dihardu lanean, xorro-xorro, txoriak habia egiten duen egonarri eta dedikazio guztiarekin.

Selmak beste arrazoi batzuk tarteko utzi behar izan du bere habia. Han urrutian, Bosnian, etxekoak ditu zain. Ximon zaharra jagotera etorri da Euskal Herrira. Badaki berak bilduko duen diruaren premia gorria dutela gerrak astindutako Gorazde herrian. Inkomunikaziora kondenatuta dirudite Ximonek eta Selmak. Euren munduen bategiteak ekar dezakeen harmonia ilustratuko zaigu, ordea, gaur hizpide dugun liburuan.

Dejà vu panpin laborategia Ainara Gurrutxagak eta Urko Redondok osatzen dute. Aurpegi ezagunak bienak, beste kide batzuekin batera eurek sortutako antzezlanak (Errautsak (2010), Gure bide galduak (2011)…) gauzatzen oholtza gainean ikusi ditugunontzat. Oraingoan, Maite Gurrutxaga marrazkilariarekin elkarlanean, antzerki gisa argia ikusi zuen Covek nije ptica/Gizona ez da txoria (2009) lana komikira ekarri dute, HABIAK izenburupean. Batera argitaratu da NIDOS, gaztelaniara eginiko itzulpena. Jatorrizkoa bezalaxe hiru hizkuntzatan dago idatzia: euskaraz, gaztelaniaz eta bosnieraz. Bietan errespetatzen da euskara Ximonen ahotan, eta bosniera Selmaren esparruan. Ingurua da erdal hiztuna izango dena Nidos-en, eta euskalduna, berriz, Habiak-en.

Hitz gutxiko liburua da, baina marrazkiek narrazio gaitasun handia dute. Simultaneoki gertatzen diren egoerak erakustea lortzen da, pertsonaia bakoitzaren haria galdu gabe istorioaren gauzatze eta ebazte osora iritsi arte. Mugimendua eta efektuak guztiz lortuta daude. Tonalidadeekin jolasten du marrazkilariak, oroitzapenak zuri beltzera eta pasarte ezberdinak hori, arrosa nahiz urdin zaporera ekarriz. Gertakizun hunkigarriek eta pertsonaien arteko harreman samurrak emozioz kargatzen dute irudi liburua. Pasa den urteak utzi digun ale berezienetariko bat, inondik ere, komikizaleontzat.

“Sustraiak ditut zainen ordez.

Nire begietan kimuak

bilatzen dituenak

zuhaitz bat aurkituko du.

Nire begietan leihoak bilatzen dituenak,

zuhaitzen adarrek sostengatzen duten zerua

aurkituko du.

Zuhaitzen sustraiek

hirietako espaloiak zartatzen dituzte”