‘La fin de l’homme rouge’, Svetlana Alexievitx | Jon Iraola

http://www.ivoox.com/la-fin-l-homme-rouge-svetlana-alexievitx_md_3260690_1.mp3″ Ir a descargar

Gabon, entzule! Minoritarioen artean minoritarioena izateko desafioari helduz, gaurko saiora lehengo urtean Frantzian argitaratu zen nobedade bat dakarkizut: “Gizon gorriaren akabera” edo “La fin de l’homme rouge”, Svetlana Alexievitx idazle eta kazetariaren azken obra. Bai, badakit zer pentsatzen duzun… Baina apenas entzulerik ez izateak abantailaren bat izan beharko zuen, ezta?

Svetlana Alexievitx: nor da emakume hau? Hegoaldekoek, agian, “Txernobylgo ahotsak” (1997) obragatik ezagutuko duzue. Iparraldekoek, ohi bezala, zorte hobea duzue: frantsesez, Txernobyl-ekoaz gain, II. Mundu Gerrako emakume soldadu sobietikoei eginiko elkarrizketa-liburu bat (“Gerrak ez du emakume aurpegirik”, 1985), Afganistango gerran parte hartu zuten sobietarren testigantzak jasotzen dituen liburu bat (“Zink-ezko hilkutxak”, 1990) edota komunismoaren erorialdiaren osteko hiritar errusiarren suizidioei buruzko beste bat (“Heriotz istorioek sorginduta”, 1995) daude argitaratuta.

Azken liburu honetan, “Gizon gorriaren akabera”n, bere ibilbideari leial, Svetlana Alexievitx-ek milaka sobietar ohien testigantzak plazaratu ditu, eta marxismo-leninismoaren laborategiak hamarkada luzez moldatu zuen Homo sovieticus delakoak nola maitatzen zuen, nola sufritzen zuen, nola bizi zen, zer desio zuen, edota bere amets eta beldurrak zein ziren adierazten digu, eta baita gaur eguneko egoerara nola moldatu den ere.

Trantsizio hori da liburu honen muina. Trantsizio horrek, Alderdi Komunistaren eta Sobietar Batasunaren desagerpenak, Eltsine eta Gaïdar-en shock terapiak, plutokraten harrapaketa lotsagabeak, izugarrizko drama humanoa eragin du. Biziera, kultura eta zibilizazio oso bat egun batetik bestera eraitsi da, eta iritzi dut bide horretan galdu den guztia dokumentatzeko saiakera dela Alexievitx-en liburu hau. Ezabatu, ahaztu edo isildu nahi den guztia dokumentatzeko.

“Erabat aldatu da bizitza”, dio testigantzetako batek, “mundua jada ez da Zurien eta Gorrien artean banatzen, ezta Solzhenitsin irakurri dutenen eta ez dutenen artean ere; mundua, eros dezaketenen eta ezin dezaketenen artean banatzen da”. “Atzo krimena zena, gaur business-a da”, dio beste batek.

Ez dago ondorio kategorikorik, ez sinplekeriarik, ez nostalgiarik, ez errazkeriarik; “Gizon gorriaren akabera” liburu konplexu eta aberatsa da. Era guztietakoak dira argitara emandako iritziak, baina guztiak irakurri ostean iruditzen zait gehiengoa traizionatua, etsitua edota makurrarazia sentitzen dela. Erdiragarriena “berreziketa-esparruak” eta estalinismoaren urte luzeetako torturarik lazgarrienak pasa, eta oraindik komunista izaten jarraitzen dutenen testigantzak iruditu zaizkit. Purgak, gerrateak, beldurra… bereak eta bi ikusitakoak dira, eta askok eta askok sufritu dutena imajinaezina da.

Baina, aldi berean, amets eta ideal baten partaide ziren, naziak garaitu eta gizona espaziora lehen aldiz bidali zuen inperio baten partaide, Txernobylgo erregai nuklearra esku hutsik jaso zuen nazio baten parte. “Eta orain… Orain hori guztia akats izugarri bat dela esaten digute”. Etorkizun hobe baten esperantza sobietar guztien bihotzean zegoen tatuatua; gaur eguneko errusiarrek, ordea, ez dute iritzi berbera: “ez dut ulertzen zergatik zeuden hainbeste idealista garai hartan. Erabat desagertu dira gaur egun”. Arima errusiarraren mila izkinak biluzten ditu saiakera honetan Svetlana Alexievitx-ek: izan ere, ez pentsa dena estatu-kolpe, tragedia, suizidio, gerra eta eromen denik; ugariak dira maitasun eta zoriontasun istorioak ere.

Bitxikeria moduan, harrigarria iruditu zaidana garai hartan sukaldeko eztabaida ezkutuek, irakurtzeak eta hitzek zuten pisua eta garrantzia da. Gaur egun, horiek guztiak erabiltezin bihurtu dira: alde batetik, ez Puxkinek, ez Maiakovskik, ez Tolstoik ez digutelako esplikatzen nola aberastu; eta, bestetik, hitzek bere balioa erabat galdu dutelako. Testigantza batek zioen bezala: “mundu guztiak hitz egiteko gogoa du orain, baina inork ez du entzuten…”

Liburu hau amaiezina da, goitik behera azpimarraz betea dut. Errelato bakar eta monolitiko baten ordez, milaka errelato txikik -bakoitza bere egi eta bere sufrimenduekin-, errealitatea fidelago islatzen duenaren adibide eredugarria da. Eta nola ez: Alexievitx-ek baliatu dituen erreferentzia historikoak, soziologikoak, literarioak, politikoak… ezinbestekoak dira gaur egungo geopolitika eta gatazkak ulertzeko, eta baita sobietar ohiek nola pentsatzen eta sentitzen duten igartzeko ere, nahiz eta, protagonistetako batek dioen bezala, “sobietar batek soilik uler dezakeen beste sobietar bat”.