18. ‘Odol hotzean’, Truman Capote

http://www.ivoox.com/18-odol-hotzean-truman-capote_md_2592874_1.mp3″ Ir a descargar

Azaroa da, azaroa izatea merezi du, eta gaurkoan azaroarekin lotura estua duen eleberri ezagun bat izan dugu saioaren ardatz: Truman Capoteren ‘Odol hotzean’. 1959ko azaroaren 15ean, Kansas estatuko Holcomb herrixkan Cluttertarren familia nola hil zuten azaltzen du eleberriak. Nobela beltzaren eta erreportajearen arteko nahasketa gisa sailkatu daiteke, Capotek berak ‘non-fiction novel’ gisara bataiatu zuen. Kontu gehiago ere izango ditugu gurean, ordea. Elearazi atariko Danele Sarriugarte eta Garazi Arrulak bi autore plazaratuko dizkigute: Clarice Lispector eta Paula Meehan. Iraitz Ugaldek ‘Aiztoa eta arkatza’ (Irati Jimenez) eta ‘Idazten ari dela idazten duen idazlea’ (Iban Zaldua) liburuen komentarioa egingo digu, eta saioaren hondarrean, ITU bandakoek subjektibitate iraultzailearekin lotutako testuak irakurriko dizkigute.

On egin!

Advertisements

‘Aiztoa eta arkatza’ & ‘Idazten ari dela idazten duen idazlea’ | Iraitz Ugalde

http://www.ivoox.com/aiztoa-eta-arkatza-iraitz-ugalde_md_2592931_1.mp3″ Ir a descargar

Idaztearen kirolak arimaren gihar nekeak ematen ditu. Idaztearen ofizioak ez du dirurik ematen. Idaztearen aisia aislatzailea da. Eta, hala ere, zenbatek eta zenbatek gozatzen duen pentsamentuak hitz bilakatze horrekin. Makina bat irakurlek ere sentituko zuen idaztera pasatzeko tentazioa, edota irakurgaiari adina idazleari erreparatzeko bulkada.

‘Aiztoa eta arkatza’ liburua sona handiko idazleek idazteari buruz eginiko zenbait hausnarketaren bilduma da. Irati Jimenezek egin ditu testuen hautaketa eta gibelsolasa. Harkaitz Canoren hitzaurreak ematen dio hasiera liburuari eta Antton Olariagaren marrazkiek aberasten dute edukia. Bi atal nagusitan banatzen da: Lehen atalean XIX eta XX. mendeko zenbait idazleren biografiak datoz (A. Monterroso, V.Wolff, R Carver, C. Bukowski…). Bizi oso baten sintesiak obraren atzean dagoen pertsonaren argazkia egiten digu. Biografiatxoaren segidan idazleak literatura sortzeari buruz hausnartu eta aholkatutakoak biltzen dira. Ironiaz eta intimitatetik esandakoak euren izakeraren eta idazkeraren isla dira.

Bigarren atala, berriz, lau kontzepturen bueltan eraikitzen da: inspirazioa, blokeoa, estiloa eta kritika. Sorkuntza munduko zenbait pertsonalitatek (P.Picasso, A. Ginserg, A. Nïn, Sokrates…) ideia hauen inguruan eginiko aipuen bilduma da, luxuzko brain storm kolektiboa osatzen duena. Idazlearen ajeekin enpatizatzen lagun dezake liburuak, idazketa prozesua barrutik ezagutzen eta idazlearen irudian topikoetatik idiosinkrasira dagoen tartea zenbatekoa den ikusten.

Gogoan izango duzuen bezala, literaturaren inguruko munduaz mintzo diren ipuinen sorta plazaratu zuen iaz Iban Zalduak ‘Idazten ari dela idazten duen idazle’ izenburupean. Euskal literaturaren munduan dabilen edozein idazle, itzultzaile nahiz irakurzalek erraz  topatuko du bere burua bertan. Kritikariekiko sinbiosi behartua, argitaratzera iritsi bitarteko lehia migotsa, liburu denda perfektuan bizi den mutikoa, inspirazioaren bilaketa desesperatua…

Gutxi asko literaturaren gaixotasunak jota daude liburuko pertsonaiak. Ipuin bakoitzean amaiera hurbiltzearekin batera indartzen da trama (idazlea bera Philip K. Dick bilakatzen den momentua esaterako). Feedback handiko istorioak dira, batzuk kasik zirkularrak (Tentazioari eusten, Deskribapena). Pertsonaien ekintzek deskribapenek dioten guztia fin-fin berresten dute.

Istorioaren barruan kontatzen den istorioaren barruko istorioa. Idazlearen fikzioa idazlea bera denean, irakurlea ere norbait da ipuinean. Fikzioan guztiz murgildu eta pertsonaien fluktuazio mental bakoitzean parte hartzera iristen zara (Kafkaren itzultzailea). Hortik aurrera irakurle bakoitzaren sinesberatasunaren esku geratzen da batzuetan errealak diruditen (Potroak), besteetan fantasiosoagoak eta surrealistagoak diren (Bidegurutzea) kontakizunek emango dioten astindua.

Metaliteratura apur bat, beraz gaukoan, ‘Aiztoa eta arkatza’ bilduma-lan dokumentatua
bata, ‘Idazten ari dela idazten duen idazlea’ ipuin-liburua bestea.

17. ‘Parisen bizi naiz’, Koldo Izagirre

http://www.ivoox.com/17-parisen-bizi-naiz-koldo-izagirre_md_2549202_1.mp3″ Ir a descargar

Koldo Izagirrerekin aritu gara argitaratu berri duen ‘Parisen bizi naiz’ poema liburuaz, luze eta zabal. Tartean atera dira gai asko, Donostia, hiriak, memoria, bakea, kultur ereduak, umorea eta gehiago. Elkarrizketa luzatu egin zaigu (38 minutu guztira), eta ordu beteko irratsaioan ezin izan dugu osorik jarri. Hemen entzun dezakezue, ordea, oso osorik. Horrez gain, Lander Arretxeak erreportajea egin digu orain gutxi Irati Jimenezek argitaratu duen ‘Aiztoa eta arkatza’ liburua oinarri hartuta, eta izenburu deigarria jarri dio: ‘Nola izan euskal idazle ona’. Saioaren hondarrean, ohi moduan, ITU bandakoak izan ditugu gurean, papereratutakoak uhinetan zabaltzen.

On egin!

‘Nola izan euskal idazle ona’ | Lander Arretxea

http://www.ivoox.com/nola-izan-euskal-idazle-ona_md_2549161_1.mp3″ Ir a descargar

Lander Arretxearen erreportajea, Irati Jimenezen Aiztoa eta arkatza liburua abiapuntu hartuta.

Jimenezen adierazpen batzuk ere ekarri ditugu hona:

Bada dena idatzita dagoela esaten duenik. Zertarako idatzi orduan?

Eta bada esaten duenik, Monterroso uste dut dela, eta Canok erosi egiten dio ideia hori, dena idazteko dagoela. Egoistak gara modu horretan, baina hala behar du, bestela kultura aspaldi emango genuke bukatutzat, eta ez genuke jarraituko elkar historia kontatzen. Gurea falta da, eta mundua gu garen neurrian, dena falta da. Batek esan dezake espainolez ez dela inoiz poesiarik egin Cernudak egin zuena bezalakoa. Baina horri heldu izan bagenio, inork ez zuen jarraituko espainolez idazten, eta pentsa zenbat poeta galduko genituzkeen. Optimistagoa da, eta idazle naizen aldetik, nahiago dut pentsatu dena idazteko dagoela dena idatzita dagoela baino.

Esan izan duzu txikitan izugarri idatzi arren, gero gaztaroan halako blokeo bat izan zenuela…

Nik hala gogoratzen dut, nahiz eta memoria ere fikzioa den. Txikia nintzenean asko idazten nuen, ez bakarrik idatzi, baita marrazkiak egin, plastilina eraikuntzak egin …  Buruan kritiko bat sortzen zaigun momentutik, horri sekulako boterea ematen diogu, eta barruan dugun beste sortzaile hori egurtzen dugu. Nik orain ez dut marrazten adibidez, eta nahiz eta ongi ez egin, asko gozatu dut egin dudanetan. Idaztearekin beldur guztiak etorri zitzaizkidan gainera: dena idatzita dagoela, bizipenetatik abiatu behar dela sinesgarria izateko… Geroago berreskuratu nuen, argitaratzearena, gainontzekoek pentsatuko zuketena eta antzekoak  burutik kenduz. Kazetaritzak ere lagundu zidan berriz idazten haste horretan.

Idazteko zein gomendio emango lituzke Irati Jimenezek?

  • Idazteko gogoz bazabiltza seinale gozatzen duzula, edo gozatu izan duzula. Ez ahaztu. Goizero edo astean behin jartzen zarenean, gogoratu hori.
  • Idaztea ez da gertatzen parkean zaudela, nahiz eta hori, edo lagunekin ibiltzea, idaztea baino garrantzitsuagoa den. Baina idatzi nahi baduzu, espazio fisiko bat, eta batez ere, zure bizitzan leku bat, eman behar diozu. Ez du zertan handia izan, baina leku bat. Diziplina behar da, beste edozein lanbidetan bezala.
  • Hartu aiztoa, baina kontuz. Askotan aiztoarekin gure buruari egiten diogu min. Erabili hitzak mozteko, baina ez zure burua zauritzeko. Gozatu.