‘Inon ez, inoiz ez’, Iban Zaldua | Jon Iraola

http://www.ivoox.com/inon-ez-inoiz-ez-iban-zaldua-jon_md_3168353_1.mp3″ Ir a descargar

On the other side edota Bestaldean da gaurko kritika girotzeko jarri dudan kantaren izena, “bestaldera” eramaten baikaitu Iban Zalduaren “Inon ez, inoiz ez” ipuin-bildumapolifazetikoak. “Bestaldera” diodanean, Iban Zalduaren irakurle leial den edonork jada ezagun duen lurralde partikularrera esan nahi dut, arnas laburreko fikzioaren eremura, ilargiaren alderdi ilunera… Zein diren fikzio partikular honen osagaiak? Ba aletu ditzagun bere bibliografiako izenburuetako hitzetatik abiatuz: “aberria” edo “euskaldunak” adibidez, euskal gatazkak bere fikziozko pertsonaia askotan duen arrastoaren isla; “gezurrak”, “traizioak” edota “itzalak” hitzen atzean ezkutatzen dira bikote, lankide, lagun eta familia arteko tirabirak; “biodiskografiak” da beste bat, Iban Zalduaren ipuinetan pop musikaren presentzia batazbestekoaren gainetik dagoenaren seinale; eta ez dezagun ahantz ”etorkizuna”, beharbada bere genero kuttunenaren, zientzia fikzioaren, erakusgarri.

Baina itzul gaitezen “Inon ez, inoiz ez” bildumara. Nire ustez, bere aurreko lanekin alderatuta eta gai eta estilo aldetik behintzat, honakoan irakurleak ez du berrikuntza handirik topatuko, ez bada Zalduaren betiko obsesioen eta hauen idazketaren hurrengo finkatze, fintze eta hibridazio ariketa. Ezer berririk ez, baina denetik pixka bat: heterogeneotasuna da bilduma honen ezaugarririk behinena.

Hala ere, uste dut aurkitu dudala cocktail narratibo honetako pieza guztiak lotu ditzakeen haria: kontaketaren atmosfera. Beste era batera esanda, hari hori, nire ikuspuntutik noski, ipuin gehienek irakurri ostean utzi didaten arrastoa edo zirrara mota da; izan ere, ametsetan bizi ohi ditudan sentsazioak pizten baitizkit Zalduaren ipuin errealistenak ere. Adibidez: traizioaren aurrean ezer egin ezina; giro itogarri batetik ziztu bizian hanka egin nahia; huts egin ondoren, halabeharrez pairatu beharreko zigorrari beldurra; egoera absurdo bati, eskuak lotuta, ezin buelta emana; tragedia erdiragarri bat ustekabean, nahigabe, xaloki, deskubritzea; edota finkoa eta betierekoa uste genuen espazio-denbora, lausoa eta irristakorra dela ohartzea, eta galduta eta noragabe sentitzea. Bale, egia da liburu hau gosaldu bitartean irakurri izan dudala, aitor dut. Baina askotan iruditzen zitzaidan esnatu berritako sentsazio irreal hori -ametsaren arrastoa, non nago, non esnatu naiz eta abar- eguneroko ipuina irakurri bitartean luzatzen zitzaidala.

“Inon ez, inoiz ez” aurtengo nahitaezko irakurketetako bat iruditzen zait. Asko baitira gustatu zaizkidan ipuinak. Esaterako: barre asko egin dut “Gerra zibilak” -ekin; “Ohean irakurtzea debekatu zidanean” ipuineko ispilu jokoa ere gustatu zait, irteerarik gabeko espiral eroa; krudelak edota benetan tragikoak diren asko ere ondo daude (“Orbangabe” edota “Williams” ditut gogoan); eta nola ez, kontrazaleko amua edo “single”a, beti bezain zorrotz, motz eta borobil. Eta horiez gain, ez dakit kanpoan bizi naizelako ote den, baina asko gustatu zaizkit “Hemen, orain” ataleko ipuinak, euskal gatazkari buruzko monografikokoak, “Zelula lokartua” batez ere; ageri da elkarrizketa hutseko ipuinetan soka tenk mantentzeko gai dela Zaldua.

Amaitzeko, Iban Zalduaren liburuetara zaletzen hasten denari abisu bat eman nahiko nioke: kontuz, bere ipuinetako beldur eta obsesioak zure egin baititzakezu. Edo are arriskutsuagoa dena: jada iltzatuta baldin badituzu, Zalduaren ipuinek obsesio horiek zure barnean arriskutsuki hauspotu ditzakete, droga psikotropikoen antzera. Abisatuta zaude, entzule: kontuz, desio dizudan gauzarik okerrena Iban Zalduaren hurrengo ipuin bateko protagonista bihur zaitezen baita…

http://ibanzaldua.wordpress.com/2014/04/14/ibon-egana-14-hitz-inon-ez-inoiz-ez-liburuaren-inguruan/

Advertisements