ITU bandakoen zortzigarrena

http://www.ivoox.com/itu-bandaren-zortzigarrena_md_2637399_1.mp3″ Ir a descargar

ITU bandako kide berriak ezagutzeko parada izan dugu Durangon, bertatik osatu baitute beren zortzigarren saioa. Paperean argitaratu berri dute hirugarren fanzinea, eta han topa daitezke oraingoan irakurri dizkiguten testuak. Irakurri bakarrik ez, gainera, amaiera aldean kopla batzuk ere abestu dizkigute, eta nola abestu ere!

 

18. ‘Odol hotzean’, Truman Capote

http://www.ivoox.com/18-odol-hotzean-truman-capote_md_2592874_1.mp3″ Ir a descargar

Azaroa da, azaroa izatea merezi du, eta gaurkoan azaroarekin lotura estua duen eleberri ezagun bat izan dugu saioaren ardatz: Truman Capoteren ‘Odol hotzean’. 1959ko azaroaren 15ean, Kansas estatuko Holcomb herrixkan Cluttertarren familia nola hil zuten azaltzen du eleberriak. Nobela beltzaren eta erreportajearen arteko nahasketa gisa sailkatu daiteke, Capotek berak ‘non-fiction novel’ gisara bataiatu zuen. Kontu gehiago ere izango ditugu gurean, ordea. Elearazi atariko Danele Sarriugarte eta Garazi Arrulak bi autore plazaratuko dizkigute: Clarice Lispector eta Paula Meehan. Iraitz Ugaldek ‘Aiztoa eta arkatza’ (Irati Jimenez) eta ‘Idazten ari dela idazten duen idazlea’ (Iban Zaldua) liburuen komentarioa egingo digu, eta saioaren hondarrean, ITU bandakoek subjektibitate iraultzailearekin lotutako testuak irakurriko dizkigute.

On egin!

ITU bandaren zazpigarrena

http://www.ivoox.com/itu-bandaren-zazpigarrena_md_2598568_1.mp3″ Ir a descargar

Ohi legez, saioaren azken hondarra utzi diegu ITU bandako burkideei. Oraingoan, subjektibitate iraultzailearekin lotutako testuak irakurri dizkigute, ea zer iruditzen zaizuen.

Zuekin, zazpigarrenez, ITU banda!

‘Aiztoa eta arkatza’ & ‘Idazten ari dela idazten duen idazlea’ | Iraitz Ugalde

http://www.ivoox.com/aiztoa-eta-arkatza-iraitz-ugalde_md_2592931_1.mp3″ Ir a descargar

Idaztearen kirolak arimaren gihar nekeak ematen ditu. Idaztearen ofizioak ez du dirurik ematen. Idaztearen aisia aislatzailea da. Eta, hala ere, zenbatek eta zenbatek gozatzen duen pentsamentuak hitz bilakatze horrekin. Makina bat irakurlek ere sentituko zuen idaztera pasatzeko tentazioa, edota irakurgaiari adina idazleari erreparatzeko bulkada.

‘Aiztoa eta arkatza’ liburua sona handiko idazleek idazteari buruz eginiko zenbait hausnarketaren bilduma da. Irati Jimenezek egin ditu testuen hautaketa eta gibelsolasa. Harkaitz Canoren hitzaurreak ematen dio hasiera liburuari eta Antton Olariagaren marrazkiek aberasten dute edukia. Bi atal nagusitan banatzen da: Lehen atalean XIX eta XX. mendeko zenbait idazleren biografiak datoz (A. Monterroso, V.Wolff, R Carver, C. Bukowski…). Bizi oso baten sintesiak obraren atzean dagoen pertsonaren argazkia egiten digu. Biografiatxoaren segidan idazleak literatura sortzeari buruz hausnartu eta aholkatutakoak biltzen dira. Ironiaz eta intimitatetik esandakoak euren izakeraren eta idazkeraren isla dira.

Bigarren atala, berriz, lau kontzepturen bueltan eraikitzen da: inspirazioa, blokeoa, estiloa eta kritika. Sorkuntza munduko zenbait pertsonalitatek (P.Picasso, A. Ginserg, A. Nïn, Sokrates…) ideia hauen inguruan eginiko aipuen bilduma da, luxuzko brain storm kolektiboa osatzen duena. Idazlearen ajeekin enpatizatzen lagun dezake liburuak, idazketa prozesua barrutik ezagutzen eta idazlearen irudian topikoetatik idiosinkrasira dagoen tartea zenbatekoa den ikusten.

Gogoan izango duzuen bezala, literaturaren inguruko munduaz mintzo diren ipuinen sorta plazaratu zuen iaz Iban Zalduak ‘Idazten ari dela idazten duen idazle’ izenburupean. Euskal literaturaren munduan dabilen edozein idazle, itzultzaile nahiz irakurzalek erraz  topatuko du bere burua bertan. Kritikariekiko sinbiosi behartua, argitaratzera iritsi bitarteko lehia migotsa, liburu denda perfektuan bizi den mutikoa, inspirazioaren bilaketa desesperatua…

Gutxi asko literaturaren gaixotasunak jota daude liburuko pertsonaiak. Ipuin bakoitzean amaiera hurbiltzearekin batera indartzen da trama (idazlea bera Philip K. Dick bilakatzen den momentua esaterako). Feedback handiko istorioak dira, batzuk kasik zirkularrak (Tentazioari eusten, Deskribapena). Pertsonaien ekintzek deskribapenek dioten guztia fin-fin berresten dute.

Istorioaren barruan kontatzen den istorioaren barruko istorioa. Idazlearen fikzioa idazlea bera denean, irakurlea ere norbait da ipuinean. Fikzioan guztiz murgildu eta pertsonaien fluktuazio mental bakoitzean parte hartzera iristen zara (Kafkaren itzultzailea). Hortik aurrera irakurle bakoitzaren sinesberatasunaren esku geratzen da batzuetan errealak diruditen (Potroak), besteetan fantasiosoagoak eta surrealistagoak diren (Bidegurutzea) kontakizunek emango dioten astindua.

Metaliteratura apur bat, beraz gaukoan, ‘Aiztoa eta arkatza’ bilduma-lan dokumentatua
bata, ‘Idazten ari dela idazten duen idazlea’ ipuin-liburua bestea.

16. Pre(nt)sa(z)ko literatura

http://www.ivoox.com/16-pre-nt-sa-z-ko-literatura_md_2505518_1.mp3″ Ir a descargar

Xabier Gantzarain, Anjel Lertxundi eta Lorea Agirre “Pre(nt)sa(z)ko literatura”-ri buruz hizketan aritu ziren orain astebete, Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatean antolatzen dituzten literatura topaketen baitan. Hirurak elkarrizketatu genituen, eta haiek esandakoekin osatu dugu irratsaioaren zatirik handiena. Uztartu litezke presa eta literatura? Presa beti al da kalterako literaturari dagokionean? Ze trikimailu erabiltzen dituzte zutabegileek? Non daude kazetaritzaren eta literaturaren arteko mugak? Galdera horiek eta gehiago erantzuten saiatu dira hiru hizlariak. Kontu gehiago ere izan ditugu gurean: Jon Iraolak Donald Ray Pollocken ‘The Devil All The Time’ liburuaren kritika egin digu, Jon Urzelaik ‘Egun ederra da gaurkoa’ puntukako ipuinari errematea eman dio, eta saioaren hondarrean, ohi moduan, ITU bandako kideak izan ditugu gurean.

Presarik ez baduzue geldi zaitezte gurean, eta presaka bazabiltzate ere bai. Gaur ez duzue aitzakiarik. On egin!

ITU bandakoen bosgarrena

http://www.ivoox.com/itu-banda_md_2505576_1.mp3″ Ir a descargar

Ez behin, ez bitan, ez hirutan. Ezta lautan ere, adiskideok. ITU bandakoak bostetan etorri dira jada Obabako Testiguongana. Saio bakoitzean aurrekoan baino are indartsuago. Eta ez da erraza, kontuan hartuz gero inbasio biolento batekin eskuratu zutela beren tartea.

Ez galdu aste honetakoa ere!

The Devil All The Time (Donald Ray Pollock)| Jon Iraola

http://www.ivoox.com/diablo-a-todas-horas_md_2505543_1.mp3″ Ir a descargar

Mendebaldeko eta ekialdeko kostak, lurraldearen ezkerretara eta eskuinetara dauden bi parentesi bezala. Halaxe irudikatzen dute AEBak bertako jende askok. Estatubatuar arrunta, autentikoa, ez dela ez New York-en ez Los Angeles-en bizi diote, etxez etxe sakabanatutako erdialde zabal horretan baizik.
Barrualdeko Estatu Batuetara eramaten gaitu, preseski, El diablo a todas horas-ek, Ohio-ra eta West Virginia-ra hain zuzen ere. Hasiera batean, non zeuden ere ez nekien. West Virginia agian bai, John Denver-en Country Roads kantagatik. El diablo a todas horas eleberriaren antipodetan dagoen kanta, bidenabar. Paisaia idiliko eta doinu melenga gutxi, orrialde hauetan.
Izan ere, aspaldi zen horrelako istorio odoltsu eta gogorrik irakurri ez nuela: bizioa, gainbehera, etsipena, amorrua, biolentzia, heriotza… Ufffffffffa. Mizkinak bazarete, edo bihotzeko arazotxoren bat baduzue, badakizue: urrutira, aire! Ez pentsa, hala ere, Tarantinoren odol-festa baten aurrean gaudenik: heriotza asko daude, bai, baina ez dira arinak edo funsgabekoak. Idazle honek badu azken arnasak deskribatzeko talentu berezi bat…
Eleberria Bildungsroman bat da hein handi batean, Arvin Russell protagonistak ume izatetik gizon izaterako ematen duen saltoa baitu ardatz, Bigarren Gerra Mundialaren ondorenean hasi eta hirurogeigarren hamarkadaren amaierara arte. Arvin-ek ez du bizitza samurra izan: oraindik ume dela, bere ama minbiziak jota erremediorik gabe hiltzera doa, baina bere aitak, Willard Russell-ek, otoitzaren bidez ama salba dezaketenaren uste osoa du. Basoaren erdian aldare bat eraikitzen du horretarako, animaliak sakrifikatzen ditu hauen odola aldarean isurtzeko, eta Arvin-ekin batera bertan igarotzen ditu egunak eta gauak, errezoaren eldarnioan, gogortutako odolaren eta hildako animalien artean, ama etxeko ohean hilzorian dagoen bitartean.
Horrela hasten den istorioak jarraipen alairik izan al dezake? Pertsonaia guztiek dute kaltegarria izan daitekeen erotasun puntu bat, edo fanatismo ukitu bat, edo krudelak dira, edo ezjakinak, edota aurreko guztia batera. Esaterako: Lee Bodecker, sheriff ustel eta alkoholikoa; Carl eta Sandy, Estatu Batuetako errepideak irrika hiltzailez zeharkatzen dituzten senar-emazte serial killer-ak; Preston Teagardin, apaiz anker eta bortxatzailea; edota Roy eta Theodore, lehena Jainkoa debozio itsuz -eta arriskutsuz- miresten duen sermolaria, eta bigarrena aurrekoaren bidaia-lagun paralitiko gitarrista (ez dakit zergatik, baina Midnight Cowboy pelikulako bikotea ekarri didate gogora; hori bai, bertsio jainkozale burubero arriskutsuan).
Sinesgarritasuna falta zaiela? Ez dut uste, ez dut hori nabaritu liburua irakurri bitartean. Alderantziz, nabari da idazlea hiru dimentsioko pertsonaiak sortzen saiatu dela; bigarren mailan dauden pertsonaiak ere ederki landu ditu. Pixka bat artifiziala iruditu zaidana muntaia izan da, hau da, sorpresak sorpresa, heriotzak heriotza, dena ondoegi-edo etortzen dela bat, igande arratsaldeko pelikula batean bezala puzzleko pieza guztiek ederki egiten dutela bat.Gainontzean? Nahiz eta idazlearen ahotsa gogorra eta gupidagabea izan, arin irakurtzen da, eta ez da dena izugarrikeria: badaude momentu ederrak, laguntasunezkoak, duintasunezkoak.
Baina herri txikia, infernu handia sentsazioak ez zaitu inoiz abandonatuko. Nobelak asko baitu ezintasunetik, herri txiki nazkagarri puta batean trabatuta eta usteltzen sentitzetik: basakeria, whisky botilak, larrutan egin ostean bide ertzean abandonatutako putak, pobrezia, kulpa ezin eramana, utzikeria, pistolak eta lokatzetan hondoraino bizi diren pertsonak.
Ongi etorri, entzule, American way of life-aren alderik ezezagun, ilun eta bortitzenera.

Egun ederra da gaurkoa IV | Jon Urzelai

http://www.ivoox.com/jon-urzelai-puntuka_md_2505554_1.mp3″ Ir a descargar

Egunak ondo hasten direnean ere, batzuetan, espero gabe eta supituki, triste bilakatzen dira patua zurekin jokatzen ariko balitz bezala. Baina Carlton hoteleko botones puta bat zarenean egunak ez dira inoiz ondo hasten eta egia hori ondo ezagutzen duzu. Era berean, gaizki hasitako egunek ere kostata izaten dutela amaiera hoberik ere badakizu. Berdin dio jendearen begiak zure ahoko hortzen zuritasunean islatu ahal izateak, protokoloaren nondik-norakoak absurduraino ezagutzeak edo emazteak oparitutako kolonia modernoa egunero erabiltzeak. Horrek guztiak ez dizu laguntzen zure lana besteak garrantzitsu sentiaraztea denean, zure lana besteak gustura sentitzeko zeure burua makurtzean oinarritzen denean.

Carlton hoteleko botonesak hori guztia aski ongi daki eta horrexegatik ez da ongi gogoratzen korridorean aurrera joanda atzean utzi duen logelak Salvador Allende edo Augusto Pinochet izena duen. Kurt Cobain edo Donna Summer. Azken finean plastikozko bizitoki baten atean zintzilikatutako izenak besterik ez dira, inora eramaten ez dutenak, eta hori ere badaki.

Tok! Tok!

Zaila da egoerak eskatzen duen mailan egotea logela irekitzerakoan topatzen duzuna pistola bat ahoan sartuta daukan gizon elegante bat denean. Imajinatu: ilea eta aurpegia izarditan blai dituen suizida batek begiratzen zaitu atea ireki orduko, atzean irekita daukan leihotik geroz eta euri gogorrago baten tantak sartzen diren bitartean. Irudia ederra da berez, indartsua, indartsuegia agian. Leihotik haratago mila argi, putzu eta ke izango dira baina horri erreparatzeko astirik ere ez du izan muturren aurrean daukana ikusirik. Bai, ahaztu eguna ondo amaituko denaren itxaropen guztiak.

Baina…. baina… ze hostia?!

Pun!

Begiak ireki dituenean odola, kristal hautsiak, haragi puskak eta odolez bustitako kristal hautsiak aurkitu ditu bere uniformean zehar banatuta, abangoardiako artista post-moderno esperimental baten obra bat osatuko balute bezala. Balizko obra kontzeptualaren esanahia aurkitzeari uko eginez edo, begiak itxi ditu. Hiria, bizia, denbora azkarregi doala iruditzen zaio, ez dela dena asimilatzeko gai. Ez dela ezer asimilatzeko gai. Logelatik irten lurrean eseri eta zigarro bat piztu du: keak ez dio suitearen izena zein den ikusten utzi.

Hurrengo egunean, ertzaintzarekin izandako deklarazio eta buruhausteak ahazten saiatzen den bitartean, berriz ere lanera bueltan, bere aitak txikia zenean esaten zionaz gogoratu da, “seme, bizitza xake partida bat bezalakoa da eta guri peoiak izatea tokatu zaigu”. Irri triste batekin aldapa-gora dagoen zebrabidea pasa eta Carlton hotelera sartu da berriz, lanera. Gaurkoa egun gogorra izango da eguzkitsua izanagatik: goizean jakinarazi diotenez, Allende suitea zerri eginda utzi du bart izandako festa pribatu batek.

15. Genero-ariketak, feminismoaren subjektuak

http://www.ivoox.com/15-genero-ariketak-feminismoaren-subjektuak_md_2452050_1.mp3″ Ir a descargar

Genero-ariketak‘ liburua aurkeztu dute Edo argitaletxekoek Hernaniko Biteri kultur etxean, errezitaldi, performance, musika emanaldi eta abarrez osatutako ekitaldi ezohiko batean. Transfeminismotik edaten duten testigantza eta gogoetaz osatutako liburuan jende askok hartu du parte, eta horietako zenbait elkarrizketatu ditugu: Isa Castillo, Amaia Alvarez eta Danele Sarriugarte lehenik, Kattalin Miner ondoren. Horrez gain, sail berria estreinatu dugu: Lander Arretxeak erreportajeak ekarriko dizkigu hilean behin. Oraingoan, musika eta literaturaren arteko harremanaz aritu da, tartean Ruper Ordorikaren eta Jon Benitoren hitzak sartuta. Elearazi atariko Garazi Arrulak hil honetan plazaratu dituzten Kubako ahotsen berri eman digu, eta ITU bandakoek lapurtu digute azken ordu laurdena, ohi dutenez.

On egin!