14. Literatura Eskolak 10 urte

http://www.ivoox.com/14-literatura-eskola_md_2409469_1.mp3″ Ir a descargar

Literatura Eskolak 10 urte bete dituela eta, bertako koordinatzaile taldean sartu diren Iratxe Retolaza eta Amaia Serranorekin hizketan aritu gara. Sortu zenetik gaurdaino izandako historia errepasatzeaz gain, etorkizunera begira dituzten erronkez ere jardun dugu. Horrez gain, Iraitz Ugalderen liburu komentarioa, Manex Mantxolaren puntukako ipuinaren hirugarren zatia eta Itu bandakoen tartea ere entzun ahal izango dituzue. Ah, eta ez ahaztu: sintonia zaharra ala berria, zein duzue nahiago? Sartu gure hemen eta hemen, eta bozkatu!

Ez galdu denboraldi berriko lehendabiziko saioa!

Preso nago | Iraitz Ugalde

http://www.ivoox.com/preso-nago_md_2410028_1.mp3″ Ir a descargar

2002an sortu zenetik Ataramiñe elkarteak Euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoak izenburupean Euskal Presoen testuak biltzen dituen urtekaria ateratzen du Durangoko Azokan. Horrez gain, askotariko sorkuntza lanak argitaratu ditu, poesia nahiz komiki, musika edota ipuin, preso dauden sortzaileek euren plaza izan dezaten. Gisa honetara ikusi dute argia gaur hizpide izango ditugun komiki liburuxkek.

Irribarrez apur bat libreago dio 2010ean Mikel Orbegozok argitaratu zuen ‘Preso nago’ komikiko lehen marrazkiak. Filosofia horrekin berberarekin dator aurtengoan ere Intxaurrondokoa ‘Preso nago 2’ lanarekin aurreko ale hari segida ematera.

Izan liteke lau hormen artean egositako bakardadearen aterabide naturala, asperdurari forma emateko modu bat, klaustrofobiaren aurkako terapia kreatiboa edota edozein gizakik berezkoa duen adierazteko nahia. Izan liteke gustoz edo halabeharrez eginiko zerbait. Edo guztiaren nahastura. Kontua da Mikel Orbegozok bere-beretik sortu duenak gauzatze aparta izan duela.

Hondoratuta egonda urari oxigenoa erauzteko gaitasuna, horretatik asko erakusten du Orbegozok. Eta positibitate hori transmititzen asmatzen du. Hain estimulu gutxi eskaintzen dituen unibertso mugatutik kolore biziz bete ditu orriak. Biñeta batean irudikatzen duen matriuxkan bezala: espetxean moduloa, moduloan zelda, zeldan pertsona, eta pertsonarengan baloreak. Mundu bat. Irudimenaren infinitua, hormez ulertzen ez duena, sorkuntzak ilustratzen duelarik zeldako itzala.

Argazki latzak karikatura sinpatiko bilakatzen ditu, pintatzen duen eskuak koloretan pentsatzen baitu. Umore beltzetik badu zerbait (funtzionaria presoekin non dago pelotatxoa jolasera jostatzen denekoa), ideia surrealistaren bat ere bai tarteko (oinpeetan jaiotako sustraien bitartez presoek euren herriko festetako herri bazkarietan bapo jaten dutenekoa).

Euskara eta gaztelania tartekatzen dira, pertsonaia bakoitzaren rollari dagokion hizkuntza erabiliz. Naturalak dira egoerak. Bi komiki lanetan kartzelan koexistitzen duten bi espezieren arteko elkarbizitzaren pasadizoak dira nagusi. Badaude presoen argazkiekiko aferari, Euskal Preso Politikoen Kolektiboari eta preso gaixoen problematikari eskainitako atalak ere.

Marrazkiak sinpleak dira baina badakite hizketan. Kontakizunetariko asko samurrak dira, elkartasuna samurra baita. Hala ere, kartzelako dinamika errutinarioari zorrotz ateratzen dio punta, bertako kontraesanak parodiatuz eta duintasunaren definizio praktikoak emanez.

Aise irakurtzeko komiki atseginak beraz, gaurkoan, sensibilitate handiz baina irribarrea ere lapurtzeko moduan idatziak.

Egun ederra da gaurkoa III | Manex Mantxola

http://www.ivoox.com/egun-ederra-da-gaurkoa-iii_md_2410009_1.mp3″ Ir a descargar

Idia, barrabilak moztu dizkioten zezen bat besterik ez da. Horrela ikusten du bere burua, produkziorako diseinatua, besteen beharrak asetzeko domestikatutako etxaberea, plazerrerako gaitasunik gabea.

Moketa gorriko korridorean barrena doa gelaren bila, ibiltzetik baino estropezutik gertuago dauden pausoak emanaz. Ez da gai zuzen ibiltzeko ez bada  kontrako aldera zuzenduz doan beste norbaiti lotuta. Aitak bete izan zuen urte luzetan postu hori, hainbeste estropezuren ostean, berriz altxatzeko gai izan ez zen arte. Amore eman zuen.  Banan banan, denek eman dute amore. Emazteak, lagunek, seme-alabek. Bere txanda da orain.

Hiru suite igaro ditu, bertan inoiz gaurik pasa ez duten pertsonaien izenekin batailatuak: Hemingway, Kurt Cobain , Salvador Allende. Eta pentsatu du mus partida interesgarria izan zitekeela lauen artekoa. Heriotzarekin xakean aritzea baino hobea bai behintzat.

Logela parera heldu eta hutsik dagoela jakin arren,  hiru aldiz jo du atea. Barrura sartu da ”no molestar” dioen afixa kanpoko maratilan zintzilik utzita. Duela bi egun bezala dago dena eta izen ahoskagaitzeko Ikeako besaulki berean eseri da pareko mahai gaineko ordulariari so. Berandu da.  ‘Zeren zain zaude? Ez da inor agertuko.’ pentsatzen duen bitartean ‘minutu bat, minutu bat gehiago’ erregutzen dio ahapeka bere buruari. Urtebetetze festara lagunik agertu ez zaion haurrari bezalaxe, inpotentzia eta amorrua nahasten zaizkio zainetan. Ez du ulertzen, hobe esanda, ez du ulertu nahi.

Herenegun facebooken bere asmoen berri eman zuenean baliteke barnean daraman idazle frustratuak literatura lausoegia erabili izana inork ulertzeko. Izan ere, jaso zuen erantzun bakarra kaletik agurtu ere egiten ez duen neska baten ”atsegin dut” ironiko bat izan baitzen. Baina oraingo honetan ongi egin zituen gauzak, facebookaz gain, bere bloga eta twitterra ere eguneratu baitzituen data, toki, ordu eta guzti. Alperrikako literatura albo batera utziz gainera. Baina ezer, norbaitek ertzainei abixatu izan balie sikiera.

Ordularia begiratu du beste behin. Berandu da oraindik, beranduegi. Leihora hurbildu da barnean daraman sua elikatzeko oxigeno bila. Gorrotozko azken begirada bat eskeini dio hainbeste kendu dion hiriari. Zerua urdin egonagatik ziri-miri moduko bat nabari du begietan. Nekatu da munduaz, bere buruaz. Ez du beste desiorik: erraustea, erra hustea, ke bihurtzea. Eta Bilbo deritzen kristalezko oihanari begira azken erabakia hartzen du: ‘Egun ederra da gaurkoa, hiltzeko’.

Aitaren azken hitzak etorri zaizkio gogora pistolaren puntarekin bekokia ferekatzen duen bitartean ”Seme, bizitza konpartitu, lapurtu, eskeini edota kendu daiteke, baina heriotza? Heriotza zurea da oso osorik.”  Begiak itxi, behatza gatilura, arnasa sakon hartu eta tok! tok!

Berlin V | Gorka Gurrutxaga

http://www.ivoox.com/berlin-v-gorka-gurrutxaga_md_2151814_1.mp3″ Ir a descargar

Hozkailuan izokin xerra bat geratzen da oraindik. Telefonoa hoska ari da eta halere ezta imintziorik ere. Ipurdian loktite tanta batek egiten duena. Irratiak dio tiroak ez direla gelditu aste betean, eta bonbak laster hasiko direla lurreratzen. Txokolatea urtzen ari da eta baita izozkia ere.
Termometroa 30era iritsi da gaur. Hondartza turistaz lepo da, medusek gutxi batzuk uxatu badituzte ere. Gereziak belarritik zintzilik, udari freskotasuna ematearren, eta arropa zuriak. Era guztietako sandaliak, galtza motzak, soineko alaiak. Bonbak jausi dira hiriko karriketara. Hiltzeko jaioak.
Gosaritarako meloia, eta bazkaritarako baserriko tomatea, bere horretan, oliba olio eta gatz pixkatekin. Txoriak txioka ordulariaren tik-tak monotonoarekin batera ari dira. Sirena hotsak entzuten dira, poliziarenak, suhiltzaileenak edo anbulantziarenak. Zerua urdina da gaur. Umeak plisti-plastaka urertzean eta hondar gazteluak egiten. “Amazon”-en bidez ume bana erosi dute 2000 internautek. Haurrentzako arropa dendak zabalik gaueko hamarrak arte. Izozkia saltzen duten postua hamabiak arte ere bai, izozkia lehenago amaitzen ez bada. Banilazkoa da amaitzen lehena. Herriko festak iristear dira. Orduan marrubizkoa ere gaueko hamabiak baino lehen bukatu ohi da.
Aiton-amonek muxu ematen diote elkarri eta bilobak galdetu ez al diren zaharregiak elkarri muxuka ibiltzeko. Amonak tomatea jarri dio platerean, oliba olioz eta gatzez, eta isildu egin da umea. Ahoan baduelako nahikoa lan, tomatea xamurra egon arren. Ezker eskuan ogirik gabe jatean hutsune bat sentitzen da, platera hustean betekada. Helatuarentzat beti dago lekutxo txikitxo bat, dastatu ahala handitu egiten dena, batez ere helatua jogurtezkoa bada eta txokolatezko bizkotxoa badauka ondoan. Platera mingainez garbitzeko modukoa. Kreuzbergstrasseko 75.etik hitz egiten ari natzaizuen azken aldia da entzule. Autoen burrunba etengabea da.
Zerua urdina da eta txoriak aspertu dira ordulariaren martxan kantatzeaz. Hegazkin bat ari da orain teilatu gainean hegaldatzen. Turistak medusarik gabeko itsasoren batera eramango ditu. Irratiak dio bonbek helburu militarrak soilik kolpatzen dituztela. Zibilek ez dutela arriskurik, eta lasai joan daitezkeela mandarinazko helatu bila. Irratiak dio bero sapak ez duela alde egingo.
Irratiak dio elurra ere laster etorriko dela. Lehenik baina, euria eta haizea. Halere joateko lasai hondartzara, bonbek kuartelak soilik erasotzen dituztela. Eskaintza: limoizko izozkia 80 xentimotan. Meriendatarako.
Sagardo botila hotza ireki da eta eztarri lehorrak busti ditu. Parrila indarra hartzen ari da, eta laster jarriko dira erretzen txuletak, hirugiharrak eta piperrak. Lehen sagardo botila hustu da. Festa giroak ez du etenik izango hemendik aurrera. Bozak alaiak dira. Bala batek ume jaioberri bat kondenatu du. Saltxitxak laster egongo dira bere puntuan. E-mailera ez da mezurik iritsi. Parrilaren ondoren udare eta platanozko izozkia postre moduan.
Irratiak dio gauean 24 gradura jeitsiko dela beroa. Mahuka motzeko blusez ateratzeko modukoa. Eta lehergailuek etena egingo dutela. Gerra hegazkinak, piloturik ez duten arren, gasolinaz hornitu behar baitira egunaren bukaeran. Telefonoak aspaldi utzi zion garrasi egiteari, eta txokolatea eta izozkia urtu dira. Izokin xerrak bere horretan darrai.