21. Drogak eta literatura

http://www.ivoox.com/21-drogak-eta-literatura_md_2696163_1.mp3″ Ir a descargar

Literaturaren historian, obra askotan aipatu izan dira drogak. Aldi berean, idazleek askotan jo dute drogak erabiltzera. Gaurko irratsaioan saiatuko gara drogak eta literaturak historian zehar izandako harremana landuz, horrekin zerikusia duten autore eta obra nagusien errepaso orokor bat egiten. Horrez gain, Elearazi atariko Garazi Arrulak Alki Zei idazlearen berri emango digu, Iraitz Ugaldek ‘Habiak’ komikiaren komentarioa egingo digu eta, saioaren hondarrean, heriotzarekin lotutako testuak irakurriko dituzte ITU bandakoek.

On dagizuela!

‘Habiak’, Maite Gurrutxaga & Dejabu | Iraitz Ugalde

http://www.ivoox.com/habiak-iraitz-ugalde_md_2696171_1.mp3″ Ir a descargar

“Sustraiak ditut zainen ordez.

Nire begietan kimuak

bilatzen dituenak

zuhaitz bat aurkituko du.

Nire begietan leihoak bilatzen dituenak,

zuhaitzen adarrek sostengatzen duten zerua

aurkituko du.

Sustraiak ditut zainen ordez.

Izakien malkoak edaten

dituzten txorien zain

eman dut bizitza.

Txori ixilak, txori anonimoak…

oroitzapenak nahi bezala astintzen dituzten

txori ixiliak,

anonimoak.”

Pertsonak ezin du txoriak bezala hegan egin. Gure bizilekutik alde egitera behartuko bagintuzte ere, ez lukete lortuko gure sustraiak erauztea. Baina lotzen gaituzten sustrairik gabe nola egin hegan? Kukuak beste txorien arrautzak nola, Ximon ere bere baserritik bota zuten Abiadura Handiko Trena eraikitzeko. Berriki alargunduta, herriko pisu batean kabitu behar berak eta bere bakardadeak. Ez dio horregatik amets egiteari utziko. Hegoa zaurituta izan arren, plan bat du. Eta horretan dihardu lanean, xorro-xorro, txoriak habia egiten duen egonarri eta dedikazio guztiarekin.

Selmak beste arrazoi batzuk tarteko utzi behar izan du bere habia. Han urrutian, Bosnian, etxekoak ditu zain. Ximon zaharra jagotera etorri da Euskal Herrira. Badaki berak bilduko duen diruaren premia gorria dutela gerrak astindutako Gorazde herrian. Inkomunikaziora kondenatuta dirudite Ximonek eta Selmak. Euren munduen bategiteak ekar dezakeen harmonia ilustratuko zaigu, ordea, gaur hizpide dugun liburuan.

Dejà vu panpin laborategia Ainara Gurrutxagak eta Urko Redondok osatzen dute. Aurpegi ezagunak bienak, beste kide batzuekin batera eurek sortutako antzezlanak (Errautsak (2010), Gure bide galduak (2011)…) gauzatzen oholtza gainean ikusi ditugunontzat. Oraingoan, Maite Gurrutxaga marrazkilariarekin elkarlanean, antzerki gisa argia ikusi zuen Covek nije ptica/Gizona ez da txoria (2009) lana komikira ekarri dute, HABIAK izenburupean. Batera argitaratu da NIDOS, gaztelaniara eginiko itzulpena. Jatorrizkoa bezalaxe hiru hizkuntzatan dago idatzia: euskaraz, gaztelaniaz eta bosnieraz. Bietan errespetatzen da euskara Ximonen ahotan, eta bosniera Selmaren esparruan. Ingurua da erdal hiztuna izango dena Nidos-en, eta euskalduna, berriz, Habiak-en.

Hitz gutxiko liburua da, baina marrazkiek narrazio gaitasun handia dute. Simultaneoki gertatzen diren egoerak erakustea lortzen da, pertsonaia bakoitzaren haria galdu gabe istorioaren gauzatze eta ebazte osora iritsi arte. Mugimendua eta efektuak guztiz lortuta daude. Tonalidadeekin jolasten du marrazkilariak, oroitzapenak zuri beltzera eta pasarte ezberdinak hori, arrosa nahiz urdin zaporera ekarriz. Gertakizun hunkigarriek eta pertsonaien arteko harreman samurrak emozioz kargatzen dute irudi liburua. Pasa den urteak utzi digun ale berezienetariko bat, inondik ere, komikizaleontzat.

“Sustraiak ditut zainen ordez.

Nire begietan kimuak

bilatzen dituenak

zuhaitz bat aurkituko du.

Nire begietan leihoak bilatzen dituenak,

zuhaitzen adarrek sostengatzen duten zerua

aurkituko du.

Zuhaitzen sustraiek

hirietako espaloiak zartatzen dituzte”