11. Euskarazko literatur aldizkariak [Korrok, Txortan, Zantzoa & Vladimir]

http://www.ivoox.com/11-euskarazko-literatur-aldizkariak_md_2151789_1.mp3″ Ir a descargar
Euskarazko literatur aldizkariak izan ditugu mintzagai, lau guztira: 80ko hamarkadako bi (Korrok eta Txortan) eta 90eko hamarkadako beste bi (Zantzoa eta Vladimir). Horrez gain, Iraitz Ugaldek liburu komentarioa egin digu, Gorka Gurrutxagak Berlineko kontuak ekarri dizkigu berriz ere, Elearazi atariko Garazi Arrulak eta Danele Sarriugartek bi autore plazaratu dizkigute (Elfriede Jelinek eta Samantha Schweblin), eta Beñat Gaztelumendik puntukako ipuinaren lehen zatia irakurri digu. On egin!

Egun ederra da gaurkoa | Beñat Gaztelumendi

http://www.ivoox.com/egun-ederra-benat-gaztelumendi_md_2151773_1.mp3″ Ir a descargar

Egun ederra da gaurkoa. Ederregia. Distira ateraz doaz bere zapata beltzak, bere zapata berriak, oraindik inork zanpatu gabeko zapata glamourosoak hiriko espaloi grisetan barrena. Traje beltzari berri usaina dario oraindik eta udaberriko polenaren lurrinarekin nahasten da bere pausu hots gozatuen konpasean.  Hiria nagiak atera nahian dabilen ipurtargi bat da oraindik, izaren antzera mugitzen dira kortinak leihoen begi-niniek “minutu bat, minutu bat gehiago” esango balute bezala. Baina hiriak ez du minuturik ematen. Elizako kanpandorreko kanpaiak orroka hasi dira eta beste pixka bat egin du gora orduen orratz laburrak. Zortzirak.
Egun ederra da gaurkoa. Oraindik ohean egon zitekeen, pertsianetatik sartzen diren argi izpiek bere gelako hormetan xake taulak nola marrazten dituzten begira. “Bizitza xake taula bat duk” esaten zion aitak aspaldi, oso aspaldi, beste mundu batean, eta bere burua ikusten zuen horman eguzkiak marraztutako zuriunez zuriune jauzika, bizitza itzalen eta argien arteko borroka bat zela pentsatuz, egun onak eta txarrak, edo txar bihurtzen diren egun onak, igande hura, esaterako, berak oraindik, goizeko zortzietan kale nagusiko kafetegi berriaren parean geratu zenean, ez zekien arren. Egun ederra da oraindik; haurrak parkera eraman zitzakeen, egunkaria eta croisant batzuk erosi eta banku batean eserita ikusi nola zebiltzan kolunpioetan bueltaka; zigarro bat ere erre zezakeen haiei begira, noizbait utzi behar zuela pentsatuz, zigarroak, alegia, aita izateari ez baina zigarroak erretzeari bai, biak azkarrago hiltzeko moduak izan arren utzi behar zituela zigarroak eta kirola egiten hasi, aspaldian gaztetako galtzak jantzi ezinik zebilen eta ingurukoek ez zioten lehen bezala begiratzen; barre egiten ziotela sentitzen zuen eta isilaraziko zituen, bai horixe. Horrelako gauzak pentsatzen ditu igande goiz honetan, zortziak eta bi minututan, zebra-bidea pasatzen duen bitartean, hankak arrasto zuritik arrasto zurira, noski.

Egun ederra da gaurkoa, ordea, eta denok dakigu ederregi hasten diren egunek min ematen dutela; edertasunak min ematen duela esango luke filosoforen batek baina metafisiko jarri gabe ere badakigu ondo hasten diren egunak gaizki bukatzen direla, bizitza xake taula bat dela, are gehiago azkarregi bizi nahi duten hirietan, are gehiago azkarregi bizi nahi duten hirietan trajea janzten dutenentzat eta are gehiago azkarregi bizi nahi duten hirietan trajea janzten dutenek berak bezala pisu astun bat baldin badaukate gerrikotik zintzilik. Pausua laburtu du, mantsoago doa, izerdi tantak jausten zaizkio kopetatik lurrera, tanten hotsa aditzen du “tan-tan” zebrabideko marra beltzen gainean. Isilarazi egin nahiko lituzke tantak, isilarazi pausuak, isilarazi azkarregi doan bihotz azeleratua eta isilarazi akordeoi zulatu baten moduko bere arnasketa irregularra, baina ederregia da eguna isilik egoteko eta geroz eta pausu laburragoz doa bere helburura, geroz eta mantsoago, “minutu bat, minutu bat gehiago”, gerritik zintzilik daukan metal zatia hatz erakusleaz laztantzen duen bitartean.

5. Samara Velte

http://www.ivoox.com/5-samara-velte_md_1870477_1.mp3″ Ir a descargar

Samara Velte zarauztarrarekin “Eta Karmele?” antzerki obraz aritu gara gaurko saioan. Horrez gain, Peter Ostolazak idatzitako lehendabiziko eta azkeneko poema, Jon Iraolaren liburu komentarioa, Gorka Gurrutxagaren zutabe librea eta Beñat Gaztelumendik hasitako ipuinaren lehen puntua ere izango dituzue entzungai. On egin!

Teletipoa | Beñat Gaztelumendi

Egia astigmatismoak jotako betoker bat zela ikasi zuen garagardo usaineko garai urrun batean. Ez dauka gogoan unibertsitateko esne mindu koloreko aulki batean edo Kafe Antzokian izan ote zen, Heineken botila miope bat eskuan hartuta. Bera ere hain berde zegoen artean… Kazetari izatearekin egiten zuen amets orduan, manifestazioetan begirada objektiboz manifestarien aurretik eta poliziaren atzetik edo alderantziz (urte asko pasa dira izan ere) joaten diren kazetari horietako bat izan nahi zuen, parrandan ere grabagailua gabardinan sartuta aterako zen usaimen fineko piztia, egiaren zerbitzura beti. Leioako kafetegiko hirugarren solairutik marihuana kea irteten zen garaietan izan zen hori; munduari buruzko teoria apurtzaileak sortzen zituzten garaietan; hain apurtzaileak izanik hurrengo goizean bestondoaren kristal apurtuak garuneko zoko ezkutuetatik erauzten aritu behar izaten baitzuten. Mundua aldatuko zuen kazetaritza berriaren teorizatzaileak.

Orain fisioterapeutarenera joaten da Mikel astean bitan, korapiloak sorbaldan omoplatoetan klabikulan eta auskalo non gehiago; izerdi kiratsezko alkandorako botoi apurtuen artetik ile kizkurtuak munduari begira; usaimen fineko piztiak berrogei urte bueltako sabelean zintzilik dauden ile mataza lotsagabeak… Haurraren negarrek egun bihurtutako gauetan futboleko baloi bilakatu zaizkio begiak, eta orain erredakzioko mahai desordenatuko fluoreszenteak itsutzen dio objektibotasuna. Alaba txikiaren argazkitxo bat dauka ordenagailu aldamenean, irribarretsu, “egizu lan eta ni ere zu bezalakoa izango naiz” esanez bezala, “ordaindu nire pixoihal bizikleta botika arropa eta ikasketak eta bekadun zoriontsu izango naiz, langabe irribarretsua, zure etxeko altzari dotorea” eta Mikelek burua jaitsi eta agendari begiratu dio, “bihar elkarrizketa zirkuko domatzaileari, etzi etxeko hormetan mamuak ikusi dituen jubilatuari, etzidamu ur baso batean etorkizuna ikusten duen neskatoari” eta abar eta abar eta abar; agenda bat bic urdinez zirriborratua, marjinetan “gogoratu esnea erostea, gogoratu xanpua, gogoratu, gogoratu, gogoratu” emaztearen kaligrafia borobilduaz, eta Mikelek baietz buruarekin, baietz oraindik ere ordenagailu aurrean, hatzak teklatuan jarri eta “bai, bai, bai” teletipoei, egia astigmatismoak jotako betoker bat da folio zuriek apaindutako erredakzio mahaietan. Iraultzak kontatu nahi zituen, mundua aldatuko zuten egunak; boligrafoak husterainoko sakontasunez. Baina orain zertaz ari den jakin gabe kopiatzen ditu teletipoak; urteak dira inork bizkarra ukitu eta “ederki ari haiz” esaten ez diola, nork esango dio bada, hain ikusezin Mikel bere besaulki urdinean, hain nekatua, hain betaurrekoduna, hain etsia, hain korapilatua, hain Mikel. Munduak bezala, konturatu gabe ematen du bira arratoiko gurpiltxoak, teletipoz teletipo, gertaeraz gertaera. Eta, meteorito batek jo balu bezala, kolpera lehertu da teletipo batean bere izena irakurri duenean.