Hemen da OBABA FEST!

Obabako Testiguok aurkezten dugu… OBABA FEST!

ObabaFest8 arrazoi bururatzen zaizkigu gutxienez uztailaren 3an (osteguna) Donostiako Kafe Antzokira gerturatzeko:

  1. Ez da poesia errezitaldirik izango.
  2. Ez da bertso musikaturik izango.
  3. Ez da bestelako ikuskizun hibridorik izango.
  4. Aldiz, etorkizunetako nobeletan fikzionatuko diren pasarteak trumilka izango dira.
  5. Danele Sarriugartek ‘Erraiak’ eleberria sinatuko dio liburua eramaten duen edonori.
  6. Bernardo Atxaga euscoolen zerrendan sartuko da berriro.
  7. Jon Juaristi bertan izango da.
  8. ___________________________(idatzi hemen bururatzen zaizun beste edozein arrazoi).

Eta noski, musika taldeak apartak dira. Ikusi bestela:

OSOFAN
Giorgio Bassmatti bakarlari donostiarraren proiektu berria, euskarazko abestiekin osatua.


XABMONTOIA
Ez du aurkezpenik behar. Inoiz baino biluziago dabil azken diskoan, teklatua, gitarra eta txeloa lagun dituela.


PERLAK
Zarauzko post punk talde gaztea. Atmosfera ilunak, erritmo geldoak, sintetizadorez lagundutako melodiak.


LASTEA
Eva Gutierrezek eta Lorea Argaratek osatutako bikotea. Electro, Drum n’ Bass, Dubstep eta Moombahton doinuen zale dira.

 

Sarrerak erosteko: http://bibe.me/event/96

Egun ederra da gaurkoa III | Manex Mantxola

http://www.ivoox.com/egun-ederra-da-gaurkoa-iii_md_2410009_1.mp3″ Ir a descargar

Idia, barrabilak moztu dizkioten zezen bat besterik ez da. Horrela ikusten du bere burua, produkziorako diseinatua, besteen beharrak asetzeko domestikatutako etxaberea, plazerrerako gaitasunik gabea.

Moketa gorriko korridorean barrena doa gelaren bila, ibiltzetik baino estropezutik gertuago dauden pausoak emanaz. Ez da gai zuzen ibiltzeko ez bada  kontrako aldera zuzenduz doan beste norbaiti lotuta. Aitak bete izan zuen urte luzetan postu hori, hainbeste estropezuren ostean, berriz altxatzeko gai izan ez zen arte. Amore eman zuen.  Banan banan, denek eman dute amore. Emazteak, lagunek, seme-alabek. Bere txanda da orain.

Hiru suite igaro ditu, bertan inoiz gaurik pasa ez duten pertsonaien izenekin batailatuak: Hemingway, Kurt Cobain , Salvador Allende. Eta pentsatu du mus partida interesgarria izan zitekeela lauen artekoa. Heriotzarekin xakean aritzea baino hobea bai behintzat.

Logela parera heldu eta hutsik dagoela jakin arren,  hiru aldiz jo du atea. Barrura sartu da ”no molestar” dioen afixa kanpoko maratilan zintzilik utzita. Duela bi egun bezala dago dena eta izen ahoskagaitzeko Ikeako besaulki berean eseri da pareko mahai gaineko ordulariari so. Berandu da.  ‘Zeren zain zaude? Ez da inor agertuko.’ pentsatzen duen bitartean ‘minutu bat, minutu bat gehiago’ erregutzen dio ahapeka bere buruari. Urtebetetze festara lagunik agertu ez zaion haurrari bezalaxe, inpotentzia eta amorrua nahasten zaizkio zainetan. Ez du ulertzen, hobe esanda, ez du ulertu nahi.

Herenegun facebooken bere asmoen berri eman zuenean baliteke barnean daraman idazle frustratuak literatura lausoegia erabili izana inork ulertzeko. Izan ere, jaso zuen erantzun bakarra kaletik agurtu ere egiten ez duen neska baten ”atsegin dut” ironiko bat izan baitzen. Baina oraingo honetan ongi egin zituen gauzak, facebookaz gain, bere bloga eta twitterra ere eguneratu baitzituen data, toki, ordu eta guzti. Alperrikako literatura albo batera utziz gainera. Baina ezer, norbaitek ertzainei abixatu izan balie sikiera.

Ordularia begiratu du beste behin. Berandu da oraindik, beranduegi. Leihora hurbildu da barnean daraman sua elikatzeko oxigeno bila. Gorrotozko azken begirada bat eskeini dio hainbeste kendu dion hiriari. Zerua urdin egonagatik ziri-miri moduko bat nabari du begietan. Nekatu da munduaz, bere buruaz. Ez du beste desiorik: erraustea, erra hustea, ke bihurtzea. Eta Bilbo deritzen kristalezko oihanari begira azken erabakia hartzen du: ‘Egun ederra da gaurkoa, hiltzeko’.

Aitaren azken hitzak etorri zaizkio gogora pistolaren puntarekin bekokia ferekatzen duen bitartean ”Seme, bizitza konpartitu, lapurtu, eskeini edota kendu daiteke, baina heriotza? Heriotza zurea da oso osorik.”  Begiak itxi, behatza gatilura, arnasa sakon hartu eta tok! tok!

Lopetegi jauna III | Manex Agirre

http://www.ivoox.com/lopetegi-jauna-iii-manex-agirre_md_1791020_1.mp3″ Ir a descargar

Zer den ihes-puntu bat: beste edozein egoeratan amorragarri egingo litzaioke atea zabaltzera altxa beharra, batez ere afalondoren. Baina barruak irakiten dituenean norberak, ustekabeak eskertzekoak izaten dira; iheserako aitzakia. Lasai altxa da Lopetegi jauna besaulkitik, eta whiskiaren zorabio gozoak lagundu dio ateraino.

Zabaldu duenean, ordea, eztarria igo zaio ahora.

Alabak aldatuta du ilea: luze eta kiribildua gogoratzen zuen, baina
belarrien parean moztuta du orain, eta kolorea aldatuta. Bizkarrean poltsa bat hartuta dator, eta keinu serio bat du iltzatuta aurpegian. Tarte bat eman du berari begira. Azkenean, lan handiz, ateari eutsiz, bazterrera egin du, eta neska sartu egin da pasilora.

Ez daki oso ondo nola jokatu. Denbora luzea da alabarekin harremana
galdua zuela. Are, denbora luzea da inorekin ez duela harremanik: jendearekin egoten ahaztu zaio. Egongelaraino joan da bere atzetik, ia orpoak zapaltzen dizkiolarik. Neskak ez die sokatik zintzilik jarraitzen duten 62 argazkiei begiratu ere egin. Poltsa sukaldeko baldosa gainera erortzen utzi, eta besaulkian eseri da. Nekatu itxura dauka.

Zerbait hartu nahi duen galdetu dio, eta kafe bat gustura hartuko lukeela erantzun dio. Lasaitasun itxura eman nahi du, baina ez zaio erraza egiten: mugimendu naturalak egin nahiean kafe-paketea erori zaio lurrera. Antzerkia egiten ari denaren sentipena du, sosegatuegi mugitzen dela, edo azkarregi, eta ez du urduri dagoenik adierazi nahi. Neskak, aldiz, ez du besaulkian zirkinik ere egiten. Badirudi une batetik bestera lokartzera doala.

Kafe-kikara eskaini aurretik, bere whiski edalontzia hustu du harraskan. Ur-txorrotaren zaratarekin batera zabaldu ditu begiak neskak. Hitzak bata bestearen atzetik josi ditu, arrastaka. “Zure etxean geldituko naiz denboraldi baterako, axola ez badizu”.

Burutik pasa zaizkio zenbait gauza: non egingo dezakeen alabak lo.
Bihar goizean zein ordutan jaiki beharko duen. Zein ordutan bazkalduko duten, baldin eta elkarrekin bazkaltzea bada asmoa. Kezka hutsalak, bisitak barruan sortu dion ezinegonarekin alderatuta. Ihes-puntu bat berriro ere; bere buruari unean-uneko terapia egiten trebatuta dagoela ohartu da.

Kafeari hurrupa txikiak eman dizkio neskak, bero dago eta. Hori bai,
gogoratzen du: amak ohitura berbera zuen, bi eskuekin kikarari heldu eta ahoaren aurrean edukitzekoa, hoztu arte. Erdi-irekitako leihotik haize-bolada bat iritsi zaio ustekabean; alaba ere asaldatu egin da, leihorantz luzatu du soa.

Bi arazo ditu orain, Lopetegi jaunak.