Danele Sarriugarteren elkarrizketa osorik

http://www.ivoox.com/danele-sarriugarte-elkarrizketa-osorik_md_2945169_1.mp3″ Ir a descargar
Luze aritu ginen Danele Sarriugarterekin hizketan eta irratsaioan elkarrizketako zati batzuk bakarrik jarri behar izan ditugu. Hemen duzue osorik, plazer baduzue.

Advertisements

Xabier Montoia: “Niregatik balitz, liburuetatik kenduko nuke baita egilearen izena ere”

Argazkia: Ruben Plaza (Noticias de Gipuzkoa)

Anekdota bat kontatu du estudiora sartzean. Berriki hots egin omen dio kazetari batek, jakinarazteko orain gutxi egindako hiru orduko elkarrizketa ez zuela gorde. Kazetaritzako klasiko bat, gertatzen dira horrelakoak, ofizioaren keriak, aritu gara solasean. Gero elkarrizketa egin dugu, ordu erdi inguru. Eta gero ordenagailuak errorea eman du, akatsa zerbitzarian, ezin dela elkarrizketa gorde, artxiboa hor egonagatik ere. Bolumen altuan erreproduzitu eta mugikorrez grabatu behar izan dugu azkenean. Bihoakie gure elkartasunik basatiena zoritxarreko kazetari guztiei.

Aipatu izan duzu eroso bizi ziren pertsonaiak lokatzetan jarri nahi izan dituzula Azken afaria-n. Zer bilatu duzu horrekin?

Ez dut uste ezer bilatu dudanik bereziki. Liburu bat egin nahi nuen, funtsean. Bilatu baino, aurkitu egin dut istorio hori. Liburuan badira gutxienez bizpahiru istorio benetako, alegia, lagun errealei gertatutakoak, ez hain aspaldi. Istorio horiek nire buruan egon dira urtetan. Aurreko nobela idatzi aurretik –Golgota izenekoa–, eleberri hau ari nintzen idazten. Halako batean, beste istorio haren berri izan nuen artikulu baten bitartez, istorio hark harrapatu ninduen, atera ninduen idazten ari nintzen nobela honetatik eta behartu ninduen nobela hura idaztera. Eleberri hau denbora luzez egon da geldirik. Are, eleberri honen aurretik idatzi nuen beste eleberri bat, nonbait istorio hau kontatzen zuena. Justu honen halako bi zen, 500 orriko monologo bakar bat, paragrafo bakarrean idatzia. Gertatu da, ordea, istorio bera beste modu batera kontatuta beste istorio bat bilakatu dela. Pertsonaia asko desagertu dira. Aldaketa handiak egon dira, batez ere kontaeran.

500 orrialde idatzi, gero apalean gelditzeko. Nola daramazu kontu hori?

Tira, zer edo zertarako balio badu –eta kasu honetan balio izan du–, ba itxuran. Bestela, gaizki, noski. Ordu asko dira, buruhauste asko, buelta asko, zalantza asko, beldurrak…

Eta apalean gelditu den nobela mardul hura idazten ari zinelarik ez zinen ohartzen ez zela zuk nahi zenuena? Alegia, osorik idatzi ondoren konturatu zinen horretaz?

Bai. Batez ere besteek irakurri zutenean esan zizkidaten gauzengatik. Ez nintzen gustura geratu. Erabaki nuen hutsetik hastea eta beste nobela bat idaztea, istorio bera aitzakia hartuta.

Lokatzetan jarri dituzu pertsonaiak, baina lokatz horrek ez die denei berdin eragiten. Bereziki hondoratzen da Felix Goñi protagonista. Bizitza aldatzen zaio, erabateko gainbeheran sartzen da, depresio sakon batean erori arte. Gainera, Felixen bizipen pertsonalek bere konbikzio ideologikoetan eragin zuzena dute. Azal dezakezu prozesu hori, ze mundutatik zetorren eta nora gerturatu den apurka?

Frankismo garaian, Deustuko Unibertsitatean ikasi zuten lau protagonista nagusiek, nahiz eta benetako protagonista nagusiak goñitarrak diren, Felix, bere seme Eneko, eta bere emazte Begoña. Garai hartan, Deustura joaten ziren Espainiako oligarka guztien semeak –ezen ez alabak–, erregimen eliteak osatu izan dituztenak. Oraindik ere hor dago boterean belaunaldi hori. Lau lagunetako bakoitza bere bidetik eraman du bizitzak, oso desberdina izan da bakoitzaren bidea. Bizi izan dutenak sekulako eragina izan du haiengan eta hain ideietan, beren bizitzak eragin du beren pentsaera. Beti gertatzen den bezala, ezta?

Felix EAJ inguruko mundutik dator, nolabait esatearren.

Baina bera alderdikide izan gabe. Boto emaile bai, haien lagun, haien giroko, baina ez du sekula karnetik izan.

Eta pasatzen da ezker abertzalearen inguruko mundura, nolabait esatearren.

Bai, pasatzen da. Baina nobelaren bukaeran badago beste zerbait, dagoeneko etorri da “bakea”, giroa aldatu da. Giro aldaketa horrekin berak ere zalantzak dauzka, eta ez da hain argia aldaketa hori. Baina bai, bere esperientziaren arabera, ikusi du nor aritu zaion kontra eta nor alde, eta bera, noski, bere alde egin dutenengana gerturatzen da.

Deigarria da Felixek gainontzeko hiru lagun horiekin duen hartu-emanak ze bilakaera duen gerora. Kosme Astoreka jotzen du gertatu zaionaren errudun. Juanjo Rodera, berriz, amaierara arte du lagun. Eta hor badago beste pertsonaia bat, Samuel Salaberria, idazlea, zuk askotan aipatu izan duzuna garrantzitsua dela, baina sekula zergatirik azaldu gabe…

Elkarrizketa batean ezin da dena kontatu, utzi behar da zerbait irakurleak deskubritzeko. Dena kontatzen badiot, zertarako irakurriko du liburua? Ez luke zentzurik, badago liburu hoberik munduan irakurtzeko. Horiek irakurriko ditu, edo telebista ikusiko du, edo paseatzera joango da.

Primiziaren bat nahi nuen, baina…

Ez, begira. Ez dakit nola esan. Literaturaz elkarrizketak egiteko izan dudan eragozpen handienetako bat hori izan da, hain zuzen ere: gehiegi esan beharra, gehiegi azaldu beharra. Erabat kontra nago. Literatura ikusteko dudan modua, literatura niretzako dena, justu beste muturrean dago. Idazleak, beren iritziak, beren bizitzak, beren aburuak, beren gorabeherak… bost axola. Axola zaidana da liburu on bat, horren bila noa, hori da gustatzen zaidana. Niregatik balitz, liburuetatik kenduko nuke baita egilearen izena ere.

Obrak bere kabuz hitz egin behar du, beraz.

Noski, noski.

Eleberrian hiru idazkera desberdintzen dira nabarmen. Lehen zatian, elkarrizketa moduan erakusten da bazkaria, eta narratzailerik ez da ageri. Bigarrenean, gertakariak ahalik eta erarik ‘objektiboenean’ kontatzen dira. Hirugarrenean, berriz, Felix Goñiren barne mundua erakusten da, erabat subjektiboa den dimentsio bat. Zergatik erabili dituzu hiru estilo hain desberdin?

Beharbada banentorrelako azaldu dizudan estilo horretatik, nobela erabat zirkularra idaztetik, folio pila bat, monologo bat, ahots bakar bat paragrafo bakarrean, hutsunerik gabe…  Eta ikusi nuen ez zebilela behar lukeen moduan. Orduan, estrategiaz aldatu nuen. Hausnarrean hasi nintzen, nola konta nezakeen istorio hori beste era batean. Hiru maila horiek bururatu zitzaizkidan, eta horregatik hiru estilo horiek, hiru kontaera mota horiek.

Eta hasierako nobela mardul hura…

Nobela hasten zen esaldi honekin: ‘Gizon bat hiltzera noa’. Eta bukatzen zen esaldi berberarekin. Noski, nobela osoan ez zuen inor hiltzen. Orduan… barkatu, zein zen galdera?

Ba hori, hiru kontatzeko modu oso diferente erabili dituzula ‘Azken afaria’-n, eta ea aurreko eleberri mardul hartako idazkera ‘Azken afaria’-ko hirugarren zatian –Felix Goñiren introspekzio horretan– erabili duzunaren tankerakoa ote zen.

Ez daukate zerikusirik. Biak monologoak dira, baina lehena monologo tradizional bat da, eta ‘Azken afaria’-n agertzen denak beste erritmo bat dauka, beste giro bat, beste intentzio bat. Hura zen gehiago kontatu eta kontatu, eta hau da gehiago dagoeneko kontatua dagoen hori guztia Felixek nola bizi izan duen. Inori kontatu ez dizkion gauzak kontatzen dira, bere buruari ere onartu izan ez dizkionak. Hortaz, bai, biak monologoak dira, baina asmoz eta giroz zeharo desberdinak.

Esfortzu handia eragin dizu hiru idazkera hain desberdin erabiltzeak?

Ez. Noski, eskatu dit behin eta berriz zuzentzea, lantzea, eta hori dena. Baina ikustea ez, hasieratik oso garbi ikusi nuen. Asmatu dudan edo ez besteek esan beharko dute, baina nik argi ikusi nuen.

Idazle bezala, lan berri bat idazterakoan, zer eskatzen diozu zure buruari? Adibidez, esan izan duzu musikan saiatzen zarela kosta ala kosta errepikapena saihesten, besteak beste, zure burua ez aspertzeko. Literaturan antzeko zerbait gertatzen zaizu?

Bai, nahiz eta gero kritikoek esaten duten betiko gaiak dauzkadala. Edukiko ditut, ez naiz horren jakitun, haiek badiote segur aski hala izango da. Saiatu beharrik ez dut, nahi gabe ateratzen zait. Idatzi badut ipuin liburu bat, ez dut gogorik izaten berriz ipuin liburu bat idazteko, eta orduan nobela bat idazten dut. Beti ibili izan naiz nobelatik ipuinera eta ipuinetik nobelara. Bestelako kontuak ere aldatzen ditut, giroak, istorioak, asmoak…

Elkarrizketa batean aipatu zenuen euskal musikagintzako ertz batean kokatzen zarela. Berdin literaturan?

Beharbada ez. Literaturan ez dakit non kokatuko nukeen nire burua, ez dut hain argi ikusten, ez behintzat musikan ikusten dudan bezain argi. Ez nuke erantzuten jakingo.

Zure idazle ibilbidean bereziki eragin dizuten autore edo korronte batzuk zerrendatzerik badaukazu?

Saiatuko naiz. Lehendabiziko oroimenak Enid Blytonenak dira. Gero Pío Baroja etorri zen, kasualitatez, eta haren liburu guztiak irakurri nituen.Baina geroztik ez didate autore askok bereziki eragin, liburuak izan dira gehiago. Noski, hor egon dira oso garrantzitsuak izan diren idazleak, Louis-Ferdinand Céline, Samuel Beckett, Joseph Roth, milaka, edo ehunka. Ah, eta Bertold Brech, oso inportantea. Euskaldunak ahaztu gabe. Idazten hasi nintzenean argitaratu zituen Bernardo Atxagak Obabako ipuin horiek, eta liluratu ninduten, noski. Nire aurretiko jende askoren gauzak aipatuko nituzke, orduan irakurri ahal nituenak, Koldo Izagirre, Joseba Sarrionandia…. Baina, esandakoa, gehiago izan dira liburuak.

Zerrendatu dituzu dezente.

Bai, baina esan nahi dizudana da… Garai batean irakur nezakeen idazle bat, Cormac McCarthy, esaterako. Hasieran, hartzen nituen bere libururik indartsuenak. Iruditzen zitzaidan sekulako idazlea. Baina gero irakurri ditut bere azken liburuak, eta niretzako ez dira batere onak. Pentsatuko dute, a ze harroputza, baina ez zaizkit gustatu, beherantz doa. Horregatik esan dizut inportanteena niretzako liburuak direla, ez idazleak. Idazleek idatzi ahal dituzte liburu onak, ez hain onak, erdipurdikoak, txarrak, oso txarrak… Ez dago idazle perfekturik, dena ondo egingo duenik. Malcom Lowry, adibidez. Garai batean irakurri nituen bere poema dezente, eta oso poeta txarra zen. Aldiz, Sumendipean nobela izugarria da. Baina badauzka beste batzuk hain izugarriak ez direnak. Nahiko lan bukatzeko.

Eta literaturari dagokionean, zer ez zaizu gustatzen?

Nire liburuetan?

Ez,  literaturan, orokorrean. Adibidez, entzun izan dut ez zarela bereziki metaliteratura zalea. Hori egia da?

Ez da egia. Niretzako, literatura guztia metaliteratura da. Orduan, metaliteraturaren metaliteratura, ba ez zait gustatzen. Ondo eginda baldin badago, eta batzuek oso ondo egiten dute, tira. Baina genero bezala ez zait interesatzen, pixka bat manieristegia iruditzen zait. Estetikoki ez daukat afinitaterik horrekin.

Laster izango dira bi hilabete Azken afaria publikatu zenuenetik. Nolako harrera izaten ari da?

Ideiarik ez. Kritika bakarra argitaratu da, nik dakidala, egunkarietan.

Eta hura zer moduzkoa?

Interneten dago irakurri nahi duenak irakurri dezala. Badakizu, ni horretan naiz Guardiola bezalakoa, ez dut arbitroez hitz egiten.

Oraintxe bertan zer ari zara irakurtzen?

Tarteka irakurtzen ari naiz Mo Yan idazle txinatarraren Hori da umorea, maisu! eleberria, orain gutxi euskaratu duten  liburu bat. Eta baita David Albahari serbiarraren Götz eta Meyer ere, orain gutxi euskaratua hori ere, eta oso interesgarria.

Eskuartean badaukazu aitortzeko moduko proiekturik?

Bai. Ipuin liburu bat daukat ia bukatuta, zuzentzen ari naiz orain, baina ez dut berehala aterako. Gero, nahiko nuke nobela bat idatzi. Zertaz, ideiarik ez daukat.

Zer eragina dauka Durangoko azokak euskal kulturan? | Garazi Arrula

http://www.ivoox.com/garazi-arrula-durangoko-azokaz_md_2637402_1.mp3″ Ir a descargar

Egunero bezala gosaldu bitartean Kale gorrian saioa entzuten ari zela, euskara mundialaren eta hondakinen kudeaketaren eta final handiaren iragarki artean, galdera bat geratu zitzaion buruan itsatsirik: Zer eragina dauka, zure ustez, Durangoko azokak euskal kulturgintzan eta oro har euskalgintzan? Beste ezeren aurretik, kirrinka egin zion zure ustez horrek, «noren ustea izanen da ba?». Baina atariko hutsalkeria linguistikoak alboratuta, mamiaz hausnarrean hasi zen. Info7koek entzuleei astean galdera bat egin eta whatsapp, email eta dei bidez erantzuteko aukera ematen dute; nahi duen orok erantzuteko moduko erraztasuna: modernoek eta nostalgikoek, hatz arinek eta mihi-dantzariek, labur-maiteek eta erretorika oparokoek.

Zer eragina dauka, zure ustez, Durangoko azokak euskal kulturgintzan eta oro har euskalgintzan? egin zuen bere baitarako hortzak garbitzen ari zela. Aurten inoiz baino herrikoiagoa saldu digute, lur gaineko burdinbidearen desagertzeari esker. «Sortzaileak eta kulturzaleak elkartzeko hiria» diote, eta listu xaboitsua konketan botatzearekin batera pentsatu zuen kulturzaleak ez ote diren sortzaile, sortzaileak ez ote diren kulturzale, nondik elkarketa horren beharra, nork eskatu du. Liburu eta diskoez gain (izena ez baitute apeta hutsez aldatu), panpinak, postalak, egutegiak, kamixetak eta beste hamaika gauza salgai, Olentzeroren zain. Batzuek atzerapausotzat hartuko dutela pentsatu zuen, Mursegoren kantu berrian tokirik ez luketen gauza horiek guztiek letra larrizko Kultura zikintzen dutelakoan. Kultura barruan zer sartzen den. Kultura barruan egoteko zer prezio ordaintzen den eta nork ordain dezakeen. Ausentziak ez dira kultura izanen, ez lau egun horietan, behintzat. Ez bazaude, ez zara.

Zer eragina dauka, zure ustez, Durangoko azokak euskal kulturgintzan eta oro har euskalgintzan? Buruan zuen bulegoko aulkian hondoratu zenean ere. Errentagarritasunaren izenari hainbeste begiratzen zaionean, zergatik ez daude kulturaren plazan (ez fisikoan ez irudizkoan) Coches, Marie Claire, Marca, Playboy, Meristation edo Cestas y setas moduko euskarazko aldizkariak? Ordenagailua piztearekin irudikatu zuen bat baino gehiago hozka egiteko prest esaldi hori ahoz gora esan izan balu. Edorta Jimenez agian ez zebilen erratuta euskal kultura munstro bat zela zioenean, beso bat garatua eta bestea moztua… Ez dira horiek nahi ditugun ereduak, jakina, baina Euskal Herrian milaka irakurle gehiago izanen dute aldizkari horiek edozein euskal idazleren liburuek baino. Ez al luke benetan horrek euskal kultura bultzatuko? Ez kulturgintza, pentsatu zuen, baina euskalgintza bai, dudarik gabe. Euskararen normalizazioa, alegia. Zeren, bururatu zitzaion, garbiegiak izan nahi dugu, eta inozoki pentsatzen dugu euskararen normalizazioa elite kulturalak salbatuko duela. Euskararekin ere, Duhaldek zioen bezala, maita dezagun gutxigo eta goza dezagun gehiago.

Zer eragina dauka, zure ustez, Durangoko azokak euskal kulturgintzan eta oro har euskalgintzan? Accessa zabaldu zuen. Eragina. Urteko beste egun guztietan baino trikiti eta pandero gehiago Plateruenan. Urteko beste egun guztietan baino abertzale gehiago Palentinoan. Urteko beste egun guztietan baino euskara gehiago Durangon. Lau egun horiei esker justifikatuko dute komunikabide batzuek euskarazko kulturari eskaini beharreko gutxieneko zutabeak. Lau egun horietako irudiekin esanen dute askok kultura osasuntsu dagoela gurean. Baina guztia ez da itsusi: beti bezala parrandara edota aldarrikapenetara soilik joanen denik egonen baita aurtengoan ere; egunaren arabera, berdez, urdinez eta laranjaz jantziko dira kaleak, horretarako abagune ere baita Durangoko azoka. Eta lagun zaharrak ikustekoa. Eta elkar egurtu eta igurztekoa. Eta euskal kulturgintzaren inguruan marmarrean aritzekoa.

Zer eragina dauka, zure ustez, Durangoko azokak euskal kulturgintzan eta oro har euskalgintzan? Galderarekin oraindik eulien pare hasi zitzaizkion eguerdiko tripazorriak. Ez zuen whatsappik bidaliko, ez emailik idatziko ez deirik eginen. Zertarako hautsak harrotu? Dugun gutxi hori babestu behar dela ongi irakatsi ziguten. Ekarpenik egin gabe marmarka aritzea hutsala dela. Durangoko azokara joanen zen, emanaldiren bat ikusi eta poteoan ibiliko zen. Sortzaile ezagunik aurkituz gero, beharbada haren sormena erosi eta sinadura ere eskatuko zion. Hori bai, joan eginen zen bertan egon gabe gaizki-esaka ibiltzea ez delako gizalegez jokatzea, norbere buruarekin bada ere, edo batez ere norbere buruarekin.

ITU bandakoen zortzigarrena

http://www.ivoox.com/itu-bandaren-zortzigarrena_md_2637399_1.mp3″ Ir a descargar

ITU bandako kide berriak ezagutzeko parada izan dugu Durangon, bertatik osatu baitute beren zortzigarren saioa. Paperean argitaratu berri dute hirugarren fanzinea, eta han topa daitezke oraingoan irakurri dizkiguten testuak. Irakurri bakarrik ez, gainera, amaiera aldean kopla batzuk ere abestu dizkigute, eta nola abestu ere!

 

Pasarte hautatuak | Iraitz Ugalde

http://www.ivoox.com/iraitzen-liburu-irakurketak_md_2637409_1.mp3″ Ir a descargar

Gustuko liburuetako pasarte batzuk hautatu eta haiek errezitatu dizkigu Iraitz Ugaldek. Virginia Wolfekin hasi eta Bernardo Atxagarekin amaitu, ea gustatzen zaizkizuen bildu dizkigun pasarteak.

Koldo Izagirreren elkarrizketa osorik

http://www.ivoox.com/koldo-izagirre-osoa_md_2549104_1.mp3″ Ir a descargar

Irratiaren keriak, 38 minutuko elkarrizketa ezin izan dugu osorik jarri ordu beteko irratsaioan. Bai, ordea, sarean. Hemen dituzue Koldo Izagirrek esandako zenbait kontu:

“(Donostiak) lantegi hondare hori dena suntsitu du, eta horrek adierazten du ezintasun bat ezer eraikitzeko aurrez suntsitu gabe. Hori ez da hiri bat, hiri bat ez da horrela eraikitzen. Hiri bat memoriarekin eraikitzen da”

– “Tabakalera emakumea eta lana uztartzen zituen tokia zen. Bihur zitekeen erreferentziazko toki bat, ez museo bat bakarrik. Emakumea eta lana, nik ez dut horrelako polorik ezagutzen EHn. Donostian emanak zeuden horretarako baldintzak eta ez da egin. Zer egin nahi den ere ez dakigu oso ondo”.

– “Bilbora Frank Gehry ekarri zuten, eta berak egin zuen toki guztietan egiten duen gauza bera, tokian tokiko aldaerarekin. Guggenheim bat edukitzeak dakar Kukutza botatzea. Saihestezina da”.

– “Lehen guk Pello Kirten eta euskaldunari bere euskaltasunagatik barre egiten zioten show haiek salatzen genituen, baina horiek bueltatu egin dira berriz. Gure buruaren kritika egin beharrean, gure buruaren parodia egiten dugu, existitzen ez duten euskaldun batzuk parodiatuz. Horretan izugarrizko atzerakada egon da”.