Gabon | Peter Ostolaza

http://www.ivoox.com/gabon-peter-ostolaza_md_2851461_1.mp3″ Ir a descargar

Gabon letra jale amorratuoi eta ez hain amorratuoi, gabon  mesanotxearen hanka herrena orekatzeko Martuteneren alea erabiltzen duzuenoi, gabon liburu elektronikoak irakurri bitartean papereko tabakoa erretzen duzuenoi, eta gabon paperezko liburuak irakurri bitartean zigarro elektronikoak erretzen dituzuenoi. Gabon guztioi. Gabon baita ere itsasoarekin metaforak egitea barregarri iritzita zer eta ibaiaren fluxuarekin metaforak egiten hasi zaretenoi, biba zuek. Gabon, nola ez, satelite jendeari, kausarik gabeko errebeldeei, munduarekin konforme ez baina inolako mugimendu eta teoriatan kabitzen ez diren kontuak esaten dituztenei, gabon.

Eta gabon, gabon, gabon, mila bider gabon aldarean bizi zaretenen intelektualei, zuen jakintza liluragarriz eta teoria puruz kontraesanak dituen edozein mugimendurekiko hiper-kritiko agertzen zaretenoi, gabon. Gabon eta ohore zuri, arazo sentimentalak ahanzteko herrigintzan buru-belarri zabiltzan horri, ai, denek oinazea hain ongi bideratuko balute, beste ahuntz batek egingo luke eztula! Orobat gabon, lan bila zabiltzatenoi, curriculuma puztu beharraren beharraz zazpi urterekin auzoko krosean zilarrezko domina irabazi zenutela ipintzen duzuenoi. Gabon bizilagunarekin haserre zaudetenoi, etxeko atetik hanka puntetan irten aurretik portaleko argia itzali arte itxaroten duzuenoi. Ahaztu aurretik, gabon Gaboneko biztanleoi, gauero akordatzen gara zuekin. Ospelak al dira hango haranak?

Gabon euskaltzale jatorrei, sukaldeko Seaskako egutegiaren eraginez zuen seme-alabei Trumoi eta Jare bezalako izen autentikoak jartzea deliberatu duzuenoi, gabon Gabiri Racing-eko jendeari, eta gabon manifa amaieran ezker ukabila altxatuta ‘Eusko gudariak’ abesten hasi eta pixkanaka bolumena eta ukabila jaisten duzuenoi. Bidenabar, gabon asozialei ere, ezezagunekin elkarrizketa arrunt bat edukitzeko gai ez zareten guztioi, oharkabean igarotzea besterik ments ez duzuenoi. Gabon aristokrata odoleko artistei, zerbait egitearen eta deus ez egitearen artean alderik ez dagoela uste dutenei, gabon bizitza osoa bizitzeko oinarrizko azpiegituraren bila darabilzuen guztioi, gabon estrategiaren eraginkortasunari bainoago norbanakoaren sakrifizio pertsonalari begiratzen dioten militante prestuei,  gabon eskolara bilobari ogitartekoa ematera joaten diren aiton amonei.

Eta gabon aste osoko barne hutsunea arindu asmoz igande goizero ohe desberdinetan esnatzen zareten arima isolatuoi, gabon idazle handienen kezka berberak dituzuen idazle kaskarrei, gabon monologista penagarriei, gabon inoiz esperientzia mistikoren bat bizi izan eta geroztik gainontzekoei Egiaren bidea irakasten zabiltzatenei. Gabon jende pragmatikoari ere, kooperatibismoaren praktikante itsu ohiei, gabon eraldaketa proiektu bateko kide orori. Azkenik, gabon, zuen burua boz-emaile aldakortzat aurkezten duzuenoi, harro egoteko moduko zerbait balitz bezala.

Gabon dizuela denoi. Eta goraintziak etxean.

Advertisements

Axola duena | Peter Ostolaza

http://www.ivoox.com/axola-duena-peter-ostolaza_md_2030212_1.mp3″ Ir a descargar

Ingurukoak baino lehenago aspertzen zelako igaro zen literaturara, eta geroztik bertutetzat du azkar aspertzeko gaitasuna. Ezezagunak erakarri izan du obsesiboki, etengabe harago iritsi nahi batek, jakin-min aseezina da atzera begira bere bizitzan detekta dezakeen konstante bakarrenetarikoa. Eta horrekin erabat kontrastean, errezelo gogaikarri bat, tankera guztien arabera honezkero alde egingo ez diona: ez ote dabilen etengabe etxeko patioan itzulika, bertan goxo, emana izan zaiona bere horretan onartuaz, ohitura ohituragatik erreproduzitzen.

Ohartzen da honek denak duen funtzionatzeko modua ez zaiola aski, are, eramanezin zenbaitetan, bizitzako plazer txikiekin zoriontsu dela dioen hori berbera izan ohi dela bizitzako kolpe txikienarekin zoritxarreko konpleto. Bigarren Erregionalean gabiltza Championsean jokatzen dugulakoan -lotsatu da otu zaion konparazioaz-, denbora pasan, , mintzaren mintzean lardaskan. Bizi izan zezakeenaren eta bizi izan duenaren arteko distantzia itzelezkoak ikaratzen du. Kondizio kabroia gurea, kexatu izan da bera ere.
Mesfidati da bizitzako lezioak esplizitu antzean ematen dituzten narrazioekin, eta hala ere auto-laguntzarako duin askoak ateratzen zaizkio azkenaldian. Akaso aipu borobilek oro har beragan uzten duten momentuko orbain puztuxearen ondorioetatik ari da, pisu astunetako bati aditu dizkionak gogotik apartatu ezin dituela: ezarria denaren aurkako akzioa omen idaztea. Berak gehituko luke: ez da soilik literatura Egiaren bilaketa gisara uler daitekeela, Errealitatearen arrakalak bere konplexutasunean erretratatzeko saiakera modura nahi bada, ez; Errealitate Ofiziala dagoenik eta gauzarik anti-literarioena da.

Axola ez duena zer den erabaki zuenetik dabil alderrai, inon pausatu gabe, erantzunei izkin egiten. Gauzen mamian gehixeago barneratu nahi luke tarteka, irristan ibili den gainazala zulatu, benetan axola duenaren bila. Eta aspaldian domatu antzeko duen bere baitako eszentrikora itzuli, hura elikatu, hura bere egin, hark bizi dezan utzi eta harengandik idatzi. Isiltzeak limurtzen du gehienetan, ordea: ituna sinatu eta betiko erretiratu. Bere eskuetatik ez litzateke literatura deitzea merezi duen deus sortuko. Obrarik ezean, bere kezkek batuko dute literatoekin. Eta zein zaion akigarri hamarkada oso batzuetan zehar izango dituen mamuak hain garbi irudikatzea.

(Ni)re obra literarioa | Peter Ostolaza

Nire obra literarioak
defendituko nau
poliziaren kontra,
izpi ultramoreen kontra
zaldi haragiaren kontra,
larru jotze mediokreen kontra,
defenditu
egingo nau
nire obra literarioak.
Esango ditut
hitz totelak
txiste negargarriak
iritzi ekibokatuak;
esango ditut
zurikeriak,
besteen sekretuak,
pentsatu eta esaten ez diren gauzak,
baina nire obra literarioak defendituko nau.
Atzerrira eramango dute,
eta itzulita defendatuko nau
nire obra literarioak;
ale denak agortuko dira,
eta edizio berriekin defendituko nau
nire obra literarioak.
Errezitaldi eskainiak
kongresuak,
tesiak
egingo dizkiote,
eta fortunarekin defendituko nau
nire obra literarioak.
Nire obra literarioa hilen da,
haren zaleak desagertuko dira,
haren oroimena galduko da,
baina nik
iraunen dut
zutik.

Bokazio madarikatua | Peter Ostolaza

Amari eta aitari, bihotzez,

Badakit azkenaldian arraro samar nabilela. Atzoko pasadizoak ere ez du azalpenik, “etxe honetan ez dago ganorazko ezer idatziko duenik!” bota eta oihuka desagertu nintzen korridorean barrena, horretarako inolako motiborik gabe. Barkamena eskatzen dizuet, beraz, aldez aurretik. Ez dira, ordea, garai onenak idazle jendearentzat, eta are gutxiago nire tankerako hasiberri ilustratu ustekoentzat, esateko deus gutxi eduki arren paper zuriaren aurrean jartzera derrigortzen nau indar hautemaezin batek behin eta berriro. Bokazio madarikatua nirea.

Eta barkatuko didazue atrebentzia, baina zuek ere bazarete erruaren parte. Zeren bestela, esadazue zer dela eta, zuek, psikologo entzutetsu samar zareten pare horrek, pertsonaren osatze prozesuan bizitzako lehendabiziko urteek duten garrantzia demasekoaren berri ondo asko dakizuen berberek, bete zenidaten apala Teoren kolekzioarekin, Bostak eta Hollister familiaren abenturekin, ez aipatzeagatik Kittano, Pottoko, Kaskarintxo edota Txan fantasma. Zergatik, guraso maiteok? Garai hartan jakin nuen, kontu serioetara dedikatu beharrean, Joxemek ohelikopteroan bidaiatzen zuela, ez zegoela Madame Kontxesi Uribe Brigadak argitu ezin zuen kasurik, Xolak bazuela lehoien berri. Zerbait probetxugarria ikas nezan saia zintezketen, udako kanpamendu teknologikoan apuntatuta edo, nik zer dakit. Baina ez, zuek zuenean sendo, ingurukoek soberan zituzten paper-meta denak nire logelan kontzentratzen, eta nire logela leporaino jositakoan bi arrebenean, eta, azkenik, bi anaienean (ez dizuet sekula eskertu hainbeste senide munduratu izana; zuei eskerrak badugu gure penak nori kontatu). Nerabezaroa ailegatu zenerako nire kasuak ez zuen erremediorik: Joxerra Garziaren gazte literaturarako esku abilak harrapatu ninduen institutura jauzi egin berritako garai sentibera hartan. Handik puska batera, punk-oi! musika, galinbak eta Erreala besterik maite ez nuenean -Mujika taldeko hooligan eta guzti egin nintzen, pentsa-, letren krisialdi sakonetik sekula aterako ez nintzela zirudienean, hara non agertu zen gure etxean susmagarriki Juan Luis Zabalaren Galdu arte eleberria, supituan neure Bibliatzat hartu nuena, ohartu bainintzen literaturak bazituela nire bulkadarik antisozialenak ere barnebiltzeko adinako baliabideak, ez nuela sekula abandonatuko, are, literarioki eta literaturagatik biziko nintzela.

Eta horretantxe saiatzen ari naiz orain, ene guraso bihotzekoak. Ez badakizue ere, Kaktus eleberriari, nire opera prima izango denari, azken ukituak ematen ari naizelako igarotzen dut hainbeste denbora ordenagailuaren aurrean. Etxeko garrasi festa etengabeagatik ez balitz, bukatua nuke honezkero. Ados, onartzen dut, atzoko erreakzioa gehitxo izan zen, “etxe honetan ez dago ganorazko ezer idatziko duenik!” bota ostean ez nion zertan sarrerako ateari gisa horretako danbatekorik eman, baina konpreni nazazue ni ere: gurasoen etxean fikzioa egitea Mikel Markezen baladek bihotza samurtzea baino zailagoa da. Hor zabiltza, garunaren zirrikiturik bazterrekoenean arakatzen, narratzailearen barne monologoarekin itzulinguruka, eta bat-batean alboko gelako anaien liskarrek haria galarazten dizute. Edo arrebak ea tabako paketea ezkutuan zeure gelan gordeko diozun eskatzen dizu justu asebeteko zaituen estiloaren bila erotu beharrean zabiltzanean, gau ilunean hiriko zokorik zokoenetan ibiltzea laket duten pertsonaien aldarte drogatuarekin era egokian bat egingo duen idazkera nahasi, bizi eta bihurria topatu nahi duzunean (aitortzen hasita, egia da noiz edo noiz, obraren mesedetan, peyotearekin esperimentatzen aritu izan naizela, baina edonola ere, nirea hutsaren hurrengoa da zuek hippie garaian hartutakoarekin konparatuta). Edo, zertarako ukatu, zeure burua imajinatzen duzu Durangoko azokako standean irribarre mozolo adina liburu saltzen, kazetariz mukuru den areto batean esaldi ponpoxoak boteaz, “eleberri garaikide bat egiten ahalegindu naiz”, edo are hobe, “izaki postmodernoak bizitzea egokitu zaion garaiarekin duen barne-gatazka izan dut mintzagai, nola bera egituratu duten oinarri ezegonkorretan bizitzeari uko egin arren saihestezina zaion betiko joera beretara itzultzea, esentzia aldaezin bakarra aldaketa bera balitz modura”, eta esnobismoaren gandu horretan galduta, aitaren tinbre lehorra entzuten duzu hormaz bestaldera, zeuri sekulako oilaskoa montatzen, hainbestetan desagerrarazteko agindu dizun zabor poltsak betiko tokian jarraitzen duela eta.

Horregatik harrapatu nuen halako kasketatzarra atzo, horregatik bota nuen “etxe honetan ez dago ganorazko ezer idatziko duenik!” oihua eta horregatik alde egin nuen etxetik, sarrerako ateari danbateko itzelezkoa eman ondotik: min eman zidalako literaturaren bideari fidel jarraitzeko neure moduaz ohartzen ez zinetela ikusteak, zaila delako subordinatu egoeran sentitzen den Ni batetik obra txukunik sortzea. Baina, sinetsidazue, jada ez dago herrarik ene baitan, portalean behera desagertu eta lau eskailera maila jaitsi nituenerako aski baretua nintzen, eta kalera irteterako, aldarte bozkariotsuz. Bokazio madarikatua baitu izan norbere zoritxarrak zinez sentitzen ez dituenak, norbere burua ere esperimentazio laborategitzat besterik ez daukanak, lehen pertsonako sufrimendu oro ondoren berak beste zerbait sortzeko lehengaitzat hartzen duenak. Eta nik, kaleko haize freskoa arnastearekin bat, pentsatu nuen: “Peter, gaurko liskarra bazka ezin aproposagoa izango zaik literatura pixka bat egiteko”.

Gure belaunaldiaz | Peter Ostolaza

Gure belaunaldia ez dago, oro har, lore jokoetarako. 90eko hamarkada zoriontsuan, industrialki oparoan, gure Euskadi jator, goxo eta ez hain puta honetan hazi ginenon penak zoriontsuegiak dira poetarenak izateko. Ez dugu topatu zeri emantzipaturik, oro eman digute nahieran, establishmentak irentsiriko behinolako iraultzaileak dira gure gurasoak, haiengan dakusagu gure asmo bakoitzaren hutsaltasuna. Ez gara deus egiteko gai. Ez diogu aberriari kantatzen, maiteminak bi egun irauten digu asko jota, heriotza ez da kasik existitu ere egiten. Oi gu hemen, bidean galduak, inoiz inon izan diren literatur sariketa gehien ezagutuagatik literaturaz zinezko interesik izan ez dugunak, “estolda” eta “gudu-zelai” esaldi berean jarriz gero aurrera samarrean ibiliko ginelakoa sinetsi genuenak. Eta batez ere, oi gu, hamabost urterekin poema txatxuz josiriko blogak ireki genituenak, sakon sakonean ligatzeko asmo arrunt bezain errespetagarriak bultzaturik (batere emaitzarik gabe, esan beharrik ez dago). Horretantxe geratu baita literatura geuretzat, adoleszentziako anekdota ezdeus batean, behinola beste helbururen bat lortzeko balio zigun bitarteko kadukatu antzekoan.

Eta, bestalde, zer diren kontuak: plazara atera nahi izan dugun okasio apurretan taxuzko zerbait besapean hartuta atera nahi izan dugu, lehendabiziko obra argitaratu izanaz damuturik diren aski idazleren berri dugu honezkero. Ikasi dugu, ustez, zerk eragiten digun mina begietan, baina zertaz idatzi behar genukeen jakitea falta zaigu, baldin eta esne mamitan bizitakook aparteko intereseko ezertaz ari bagaitezke. Pare bat esaldi ekibokatu papereratzea baino isiltasunaren perfekzioa nahiago dugu aukeran, oi guk, kritikatuko, gaitzetsiko, akaso egurtuko gaituzten beldur garenok. Gure belaunaldiko bururik argienak ikusi ditugu isiltzen umiltasunaren izenean, listoia altu jartzen duenak autoezeztatzera jo ohi duen gisa berean. Uste sendorik gabeak ez ezik, ego ahulekoak gara, ez dugu zopetarako ere balio. Agian arima urratu jaiotzea izan da gure akatsa, baina akabo, beranduegi da orain, psikologorik entzutetsuenek ere ez gaituzte arrastoan sartuko. Isilpean eta inor gogaitu gabe igaroko gara zuen albotik.