Gauak irabazi dizu | Bud Letona

‘’Boletuak eskuan, ekaitza edo loteria tokatzeko boletuak; garrantzikoena boletua, patua bera, engainatzen saiatzea dun, etorri behar denaren aurrean trikimailuak erabiltzea, hasperen egiteari utzi akaso, zoriontasuna ohiko ez diren zokoetan aurkituz bestela’’.

Hiriko tranpolinik handiena duen igerilekua aukeratu.

Ordutegiak arakatu eta gau hartan zaintzaile izango denaren lagun bilakatu, neoizko budweiser zeinu duen tabernan, … 7 zerbezen segurtasun aparrea mundua josi, 3 alditan gutxienez eta mesedez, gau batez, berandu, argirik gabe igeri egiten uzteko eskatu, lasaitasun hori behar duzula, zure ilusio handienetako bat dela, benetan eskertuko diozula, intimitate zerutiar hori edukitzen laguntzen badizu.

Kostata baina lortu duzu, ordu erdiko parentesi hau, eta prozesu luze baten ondorioz lortzen diren gauza oro bezala, momentu honek irribarre bat lapurtu dizu, bainujantzia jantzita 15 bat metroko hormigoizko kume honen azken pisuan, ertza behatz lodiz laztandu duzu, igeri egiteko prestaturiko bide bereziak ezker eskuin luzatzen direla arnasari eutsi nahi diozu.

Ura geldo mugitzen da, barrenak mihatzen izan dituen igerilari guztiak etxeratu eta merezi duen lasaitasunarekin.

Gauak irabazi egin dizu. Beste behin.
Beste borroka bat. Ez da lehena, ez da azkena ziurrenik, bizitzaren argazkia hauxe baita, isiltasunak mina sentiarazteraino betetzen zaituenekoa, giza kondizioan berezko den hutsunea onartzeak dakarren baretasuna.

Estatistika berari desafio egin diozu, ehuneko hamar baten ehuneko hamar hotz horretan zaudela, beste behin, alkohol botilaz gorputza busti, pizgailua atera,  eta zure buruari su eman diozunean. Hau ez da naturari irabazi nahi diozun liskar bat, ez da heldutasuna mehatxatzea. Suntsitzearen plazera da. Sortzearena.

Bitartean, hiru azukre geruzako opil industriala jaten ari den zaindaria ez da ezertaz ohartzen, lana du bibotearen forman egokitu zaion krema piloa miazkatzen eta egunkarian ateratzen diren futbolarien artean bere ametsak aurkitzen.

Sutan zaude. Salbazioak jauzi baten forma hartu du, baina ez daukazu salbatzeko asmo ez gogorik, hau da benetako erronka, isilik gorputza pixkanaka nola kiskaltzen den ikustea, azala tantaka sentitzea, segundoen zehaztasunez, ez mugitzea, … sentitzea, hiriko tranpolinik garaienaren azken pausoan zaudela, bizitzaren azken tartean.

Nahiago nuke, hau ikusterik bazenu- aurpegiratu diozu zure buruari.

Gure belaunaldiaz | Peter Ostolaza

Gure belaunaldia ez dago, oro har, lore jokoetarako. 90eko hamarkada zoriontsuan, industrialki oparoan, gure Euskadi jator, goxo eta ez hain puta honetan hazi ginenon penak zoriontsuegiak dira poetarenak izateko. Ez dugu topatu zeri emantzipaturik, oro eman digute nahieran, establishmentak irentsiriko behinolako iraultzaileak dira gure gurasoak, haiengan dakusagu gure asmo bakoitzaren hutsaltasuna. Ez gara deus egiteko gai. Ez diogu aberriari kantatzen, maiteminak bi egun irauten digu asko jota, heriotza ez da kasik existitu ere egiten. Oi gu hemen, bidean galduak, inoiz inon izan diren literatur sariketa gehien ezagutuagatik literaturaz zinezko interesik izan ez dugunak, “estolda” eta “gudu-zelai” esaldi berean jarriz gero aurrera samarrean ibiliko ginelakoa sinetsi genuenak. Eta batez ere, oi gu, hamabost urterekin poema txatxuz josiriko blogak ireki genituenak, sakon sakonean ligatzeko asmo arrunt bezain errespetagarriak bultzaturik (batere emaitzarik gabe, esan beharrik ez dago). Horretantxe geratu baita literatura geuretzat, adoleszentziako anekdota ezdeus batean, behinola beste helbururen bat lortzeko balio zigun bitarteko kadukatu antzekoan.

Eta, bestalde, zer diren kontuak: plazara atera nahi izan dugun okasio apurretan taxuzko zerbait besapean hartuta atera nahi izan dugu, lehendabiziko obra argitaratu izanaz damuturik diren aski idazleren berri dugu honezkero. Ikasi dugu, ustez, zerk eragiten digun mina begietan, baina zertaz idatzi behar genukeen jakitea falta zaigu, baldin eta esne mamitan bizitakook aparteko intereseko ezertaz ari bagaitezke. Pare bat esaldi ekibokatu papereratzea baino isiltasunaren perfekzioa nahiago dugu aukeran, oi guk, kritikatuko, gaitzetsiko, akaso egurtuko gaituzten beldur garenok. Gure belaunaldiko bururik argienak ikusi ditugu isiltzen umiltasunaren izenean, listoia altu jartzen duenak autoezeztatzera jo ohi duen gisa berean. Uste sendorik gabeak ez ezik, ego ahulekoak gara, ez dugu zopetarako ere balio. Agian arima urratu jaiotzea izan da gure akatsa, baina akabo, beranduegi da orain, psikologorik entzutetsuenek ere ez gaituzte arrastoan sartuko. Isilpean eta inor gogaitu gabe igaroko gara zuen albotik.

Eta batez ere kebapak

Lur hartu du hegazkinak. Flughafen Schönefeld. Gaua da arratsaldeko lauak izanagatik. Neguko gauak luzeak izaten dira hemen, egunarekin alderatuz behintzat. Apika ez dute berdin irizten gauaren esperoan bizi direnek. Negu ilunaz gain Berlini esaten zaio egunero dela desberdin, aldaketa etengabean uneoro. Hogei bat egun izango dira azkenekoz hemen egon nintzenetik. Ez dirudi hemen denborak halako eraginik izan duenik, ezpada “viva España!” dioen pintadagatik, azkenekoz ikusi ez nuena, denak bere horretan dirau, arkupetik noala akordeoiez ekialdeko doinuak haizatzen dituen gizonaren presentziak egiaztatzen duenez. Doinu jostariz existentzia alaitu nahian, oharkabean zer pentsa emanaz, bakan batzuei zer dantzatua ere, igarotzen diren turista, enpresagizon, ikasle eta abarrei. Nahiz eta ondoren, trenean arloteak begietara begiratzen digularik diru apurren bat eskatuz, ahaztuak izan ekialdeko doinu hark, urruna dagoeneko, pentsarazi dizkigunak.

“Aussteigen bitte” dio ahots batek megafoniatik, irteteko alegia, eta gure estazioa ez izanagatik hori ulertu egin dugu, ezin jasan alderraiaren begirada. Hurrengo trena noiz etorriko, denbora dortokaz mozorrotu da, arloteak begirada zuzentzen zigunean bezala, hurrengo trena iritsi den arte. “Einsteigen bitte” dio orain megafonoak, eta trenera egin dugu jauzi poltsikoko txapon apurren eskean ari zitzaigula ulertu ez diogun, ulertu nahi izan ez diogun, haren begiradatik ihesean, trenetik gure helmugara iritsi aitzin atera garenok, “aussteigen” entzundakoan. Lasaiago goaz orain nahiz eta damuak harturik eta kontzientzia gaiztoak. Ezabatuko ditugunak, bata zein bestea, gure geltokira iristearekin bat erosketen zerrenda burura datorkigularik eta Augustiner-a erosten dugunean, Gabonetako azken kapritxoa, hidratatzeko beharreaz. “Damen und Herren, Herren und Damen” eta “Bitteschön, Bitteschön”, belarrira bitexen denaz, ongietorria supermerkatuko turkiarrak, sagar eskaintza “Angebot, “Ananas aus Caracas”, eta kebab-ak, eta arkupeetakoaren zerikusi handirik ez duen ekialdeko musika, kantatua, instrumentu askoz lagundua, arkupeko akordeoi soilaren aldean konplexua, betegarria ere bai. Kaletik igaro den emakume alemaniarrak musikaren bolumena jeisteko gomendioa, poliziarekin arazorik nahi ez badute, hobebeharrez ari dela zin eginda. Eta bapatean sirena hotsa“Polizei” idatzirik duen autotik.

Ez dira gelditu, sirenaren hotsak eragotzi egingo zien supermerkatuko zarata aditzerik, edo agian emakume alemaniarrarena mehatxua besterik ez, goiko pisuan bizi denez lo egin ezin duelako. Sagarrak bai, eta gainera eskaintzan, “angebot”, mandarinak ere bai, laranjak, platanoak, kiwiak, letxuga, tomateak, piperrak, kalabaza, alles ja, dena bai, eta ondoren etxera, dena txukun gordetzera, hozkailuan. Ahaztua ibildaunaren eskaria eta begirada, asteko erosketak buruan. Dena erosi ote zalantza. Baiezkoan, atzera kalera. Spätkaufean Augustiner bat ohiko Berliner merkeagoaren ordez, Gabonetako azken kapritxoa eta zentzua emateko arloteari xentimo haiek eman ez izana. Zerbeza hau erosteko behar nituen. Arlotearen begirada ahaztu banuen sagar eta piperrekin, orain baita harengandik ihes egin izanaren damua ere, xentimoak zerbezatarako behar ditudan aitzakia horrekin. Zerbeza garrantzitsua baita hidratatzeko, baita sagarrak ere. Bitamina ugari dituzte. Aurreraxeago Mustafas Kebab famatua eta Currywurst, kebab-ak saltxitxak patatekin, mahonesa eta ketchupez blaituak, eta sagarrak eskaintzan, “Angebot”. Helatuak “Vanille und Marillen”, Melita Sundstrom kafe iluna, Rausch taberna homosexuala, eta kebab-ak. Kebab asko, batez ere kebab-ak. Ilara luzeak Mustafarenean, festa eroa Rausch-en, jendetza Currywurst 36-n, eta sagarrak “Angebot”, ahots nekatuaz, jada “Damen und Herren, Herren und Damen, Bitteschön, Bitteschön”-ik, belarrira bitexen dena, gabe. Egun osoa lanean zutik egon izanaren ordaina.

Pauso batzuk aurrera eta metroa, U-Bahn Mehringdamm, eta inoiz baino beteago doa trena. Larunbat gaueko hamabiak dira, edozein asteguneko goizeko zortzietan ere ez da halako overbooking-ik , aldatua du ordutegi biologikoa Berlinek. Oraindik ez zuen gaindituko harresia erori ondoren ekialdetik mendebaldera egindako bidaian pairaturiko jet-lag-a. “Einsteigen bitte” eta aireportuko trenean ikusiriko arlotea, eta burura sagarrak, piperrak, kalabazak, platanoak, letxugak, tomateak, eta kebab-ak batez ere kebab-ak. Augustiner-a hidratatzeko.

Hurrengo egunak argituko du, eta berriro Turkiarrak “Damen und Herren, Herren und Damen, bitteschön, bitteschön!”, belarrira bitexen denaz, esnatuko gaitu eta ahaztuko arlotea, buruan piperrak dauzkagulako eta kebab-ak, batez ere kebab-ak, Augustinerra hidratatzeko eta “Angebot”, baina gaur anana eskaintza, “ Ananas aus Caracas”.