Berlin V | Gorka Gurrutxaga

http://www.ivoox.com/berlin-v-gorka-gurrutxaga_md_2151814_1.mp3″ Ir a descargar

Hozkailuan izokin xerra bat geratzen da oraindik. Telefonoa hoska ari da eta halere ezta imintziorik ere. Ipurdian loktite tanta batek egiten duena. Irratiak dio tiroak ez direla gelditu aste betean, eta bonbak laster hasiko direla lurreratzen. Txokolatea urtzen ari da eta baita izozkia ere.
Termometroa 30era iritsi da gaur. Hondartza turistaz lepo da, medusek gutxi batzuk uxatu badituzte ere. Gereziak belarritik zintzilik, udari freskotasuna ematearren, eta arropa zuriak. Era guztietako sandaliak, galtza motzak, soineko alaiak. Bonbak jausi dira hiriko karriketara. Hiltzeko jaioak.
Gosaritarako meloia, eta bazkaritarako baserriko tomatea, bere horretan, oliba olio eta gatz pixkatekin. Txoriak txioka ordulariaren tik-tak monotonoarekin batera ari dira. Sirena hotsak entzuten dira, poliziarenak, suhiltzaileenak edo anbulantziarenak. Zerua urdina da gaur. Umeak plisti-plastaka urertzean eta hondar gazteluak egiten. “Amazon”-en bidez ume bana erosi dute 2000 internautek. Haurrentzako arropa dendak zabalik gaueko hamarrak arte. Izozkia saltzen duten postua hamabiak arte ere bai, izozkia lehenago amaitzen ez bada. Banilazkoa da amaitzen lehena. Herriko festak iristear dira. Orduan marrubizkoa ere gaueko hamabiak baino lehen bukatu ohi da.
Aiton-amonek muxu ematen diote elkarri eta bilobak galdetu ez al diren zaharregiak elkarri muxuka ibiltzeko. Amonak tomatea jarri dio platerean, oliba olioz eta gatzez, eta isildu egin da umea. Ahoan baduelako nahikoa lan, tomatea xamurra egon arren. Ezker eskuan ogirik gabe jatean hutsune bat sentitzen da, platera hustean betekada. Helatuarentzat beti dago lekutxo txikitxo bat, dastatu ahala handitu egiten dena, batez ere helatua jogurtezkoa bada eta txokolatezko bizkotxoa badauka ondoan. Platera mingainez garbitzeko modukoa. Kreuzbergstrasseko 75.etik hitz egiten ari natzaizuen azken aldia da entzule. Autoen burrunba etengabea da.
Zerua urdina da eta txoriak aspertu dira ordulariaren martxan kantatzeaz. Hegazkin bat ari da orain teilatu gainean hegaldatzen. Turistak medusarik gabeko itsasoren batera eramango ditu. Irratiak dio bonbek helburu militarrak soilik kolpatzen dituztela. Zibilek ez dutela arriskurik, eta lasai joan daitezkeela mandarinazko helatu bila. Irratiak dio bero sapak ez duela alde egingo.
Irratiak dio elurra ere laster etorriko dela. Lehenik baina, euria eta haizea. Halere joateko lasai hondartzara, bonbek kuartelak soilik erasotzen dituztela. Eskaintza: limoizko izozkia 80 xentimotan. Meriendatarako.
Sagardo botila hotza ireki da eta eztarri lehorrak busti ditu. Parrila indarra hartzen ari da, eta laster jarriko dira erretzen txuletak, hirugiharrak eta piperrak. Lehen sagardo botila hustu da. Festa giroak ez du etenik izango hemendik aurrera. Bozak alaiak dira. Bala batek ume jaioberri bat kondenatu du. Saltxitxak laster egongo dira bere puntuan. E-mailera ez da mezurik iritsi. Parrilaren ondoren udare eta platanozko izozkia postre moduan.
Irratiak dio gauean 24 gradura jeitsiko dela beroa. Mahuka motzeko blusez ateratzeko modukoa. Eta lehergailuek etena egingo dutela. Gerra hegazkinak, piloturik ez duten arren, gasolinaz hornitu behar baitira egunaren bukaeran. Telefonoak aspaldi utzi zion garrasi egiteari, eta txokolatea eta izozkia urtu dira. Izokin xerrak bere horretan darrai.

Berlin IV | Gorka Gurrutxaga

http://www.ivoox.com/berlin-iv_md_2069535_1.mp3″ Ir a descargar

Ez errurik bota eguraldiari zure inspirazioa eskasiagatik, zu zeu zarenean errudun bakarra. Udaberria ez da zure antzutasun literarioaren kausa. Ez aitzakia gisa negar eguzkiak berotzen duela eta ideiak lurrundu zaizkizula. Kalera nahi duzula egin jauzi, banillazko izozkia ahoan urtzearekin bat hostoen jaiotza zure begiz gozatu, gainontzeko hiritarrek bezala, flexoaren argitan idazmakinaren teklak sakatzen ari ordez.
Neguan errazagoa dela papera hitzez betezea diozu. Kolore apurren bat emateko elur zuriari eta zuhaitzen hezurdurek behelaino grisean margotzen dituzten silueta beltzei. Koloregabetasun horri aurre egiteko diozu idazten duzula, eta arrazoi izango duzu agian; baina udaberriari gorazarre eginez ere izkiari zenitzake berba xalo batzuk.
Funts-mamirik gabekoak direla diozu ordea. Ele errugabeak orriratu baino karrikara maiteago jaitsiko zarela. Eta zu zeu izan errugabe, banillazko izozkia eskuan, loreei begira.
Berehala ohartu zara baina, udaberriak ez dituela gaitz guztiak sendatzen. Lorautsari diozun alergia esaterako. Neguan etzenuen doministikurik egiten, eta orain izozki bolatxoa airean aterako duten haize boladak eragiten dituzu.
Hori ez dela arazo larria. Edozeinek egin dezakeela aurrera polenari alergia izanda ere. Inor ez duela loretxo baten haziak hilko. Asko jota ere doministikuaren erruz banillazko izozkia jausiko dela lurrera.
Ez al zinen baina gozoki horren bila irten kalera? Baietz diozu, izozki bila egin duzula pausoa karrikaruntz, baina baita aire umelaren usaina gozatzeko ere.
Ez al dituzu ordea sudurzuloak itxita lorautsak eraginda?
Idazmahaira itzultzea duzu onena, eta zure barneko neguan arakatzea, ea han baden papera zikintzea merezi duen konturik. Kanpoan eguzkiak dirdir egin arren zure baitan iluna baita oraindik Maiatza; kolore biziko soinekoek estaltzen badizute ere azala.
Baina ezetz diozu, ez duzula sinesten poeta zorigaiztokoen mitoan; eta barrenak argi behar duela, kanpoan ilun den bitartean, xentimorik balio duten berbak plazaratzeko. Eta aurkakoa dela orain egoera, kanpoan argia nagusi eta barnean ilun.
Ez iezaiozu errua eguraldiari bota zure inspirazio eskasiagatik, zure barnean dago arazoa.
Eta kanpoan ere bai, esaten didazu. Barrenaren eta kanpoaren arteko harreman gatazkatsuan zehazki, borobiltzen.
Baina hainbestekoa al da barrenaren eta kanpoaren artean dagoen aldea? Banillazko izozkiak ere gure erraietan hartzen du azken batean atseden. Eta ekiaren epelak, txorien kantuak, loreen perfumeak.
Egunen batean horiek guztiek argituko dizute iluna, ordurako baina negua izango da ostera ere hor kanpoan.

Amonari [Berlin III] | Gorka Gurrutxaga

Harrizko bilakatu nintzen amak berria emandakoan. Harrizko baino, automata bihurtu
nintzela esatea egokiagoa izango da. Harrizko automata agian. Izan ere, goizero gisan, ez bainion hortzak garbitzeko usadioari uko egin. Ahoa aparrez mukuru, eskumuturraren eragiteari ezer gertatu ez balitz bezala jarraitu nion. Horregatik automata, agian harrizkoa, mugitu mugitzen bainintzen, harriak ez bezala, baina harrizko bainintzan. Ahaztuta ene giza kondizioa, barrua zuri edo beltz, ez dakit, harrizko esatea zehatzena. Barrua huts sentituagatik, pisu baitzen aldi berean. Automata bat bainintzan erosi nituen hegazkin tiketak, maleta egin, lotu beharrekoak lotu, abisua eman eman beharrekoei. Eta bideari ekin nion, nora nindoan jakinaren gainean, zertara nindoan ordea ohartu gabe oraindik, edo onartu gabe oraindik, edo ahaztu nahian. Esan bezala, barrena hutsa baina astun, aurrera nindoan bidean. U-bahn-a eta autobusa. Hegazkina gero Bartzelonara. Handik berriz Bilbora. Bilbotik autobusez etxeratu nintzen azkenik. Horrela bat-batean, goizean Berlinen jaiki eta Donostian oheratzen dena bezala, goizean bizirik itzarri eta gauen hilik itzaltzen dena bezala.

Bidai luzerako, humanoa naizela ez ahaztearren edo, Sarrionandiaren “Narrazio Guztiak”
hautatu nituen bidelagun, ene barneko harri puska hura xamurtu nahian. Sentimenduak baina, beste edozeren gisan, ez dira loratzen behartuak badira. Horregatik, “Amaiera, funtsean, tragikoa da” irakurrita, enuen inolako saminik sentitu, amaiera baten aurrean nengoela banekien arren. Une hartan ez nengoen ezer sentitzeko agian, harri pusketa haundi bat izateko baizik. Zeren eta beste hitzok ere, “heriotzak amaiera antza izan behar dik”, gertatu zena gertatu zenetik bi aste igaro direlarik barrena iraultzen didaten arren, etxerako bidean, ez ziren izan paperean margoturiko letra hurrenkera bat besterik.

Behar izaten baita denbora gauza alai eta tristeak onartzeko, jazo denak benetan zer ondorio dituen ohartzeko, begiak betiko itxirik ikusi nuen arte enuen benetako negar malkorik isuri. Orduan ordea bai, entzunez soilik jasotako berria hezur haragiz pairatzean, orduan, harri pusketa hura birrintzen hasi zen. Eta behiala idatzi nion hitz hurrenkera hura, “Nago gaztetasunak ez ote dizun ihes egin”, agur gisa irakurri nionean, bertan esandakoa, iragana bazen ere, milaka zatitan desegin zen arroka. Eta zerraustu zen lehengusuek eginiko kanta haren lehen akordeak entzunarekin bat.
Hori etxeratu eta biharamun goizean izan zen. Arraltsalderako jada lasaituago nengoen
ustean, ezin izan nion eutsi malko erauntsiari, kanta haren doinua berriro entzundakoan. Orduan ene barneko harri puska hura zenaren zerrautsak aireratu ere egingo ziren agian. Arindu nintzen nolabait, baina harria sostengatzen zuen indar guztia ere zerrauts haiekin batera aireratu zela zirudien. Burumakur, ahul, hutsik nengoen. Egoeraz jabetuta, lagundu nahirik, emakume bat gerturatu zitzaidan, eta lasai egoteko, amona zeruan zegoela eta. Zeruan ez dakit pentsatu nuen ene baitarako, baina nire oroitzapenetan, baserriko sukaldeko mahaiburuan, ikuiluan ardiak jezten, soroan belarretan, gazta egiten, leku horietan zihur egongo zela betiko ohartu. Eta hilkutxa horretan azken muxua ematen niolarik, eta nire agurra irakurtzen niola, gaztetasunak baino zeozer gehiagok alde egina bazion ere.

Nago gaztetasunak ez ote dizun ihes egin,
eskuartean harrapatu nahi duzun keak bezala.
Denborak ez ote zaituen zizel kolpez urratu.
Denborak eta urte luzeetako lanak.

Aulkian eseri zara hezurretako minez kexu,
zapatak zure kabuz lotu nahi eta ezinez.
Magalean babestu nahiko zenuke biloba txikia,
baina nahikoa lan botiken kaxari eustearekin.
Pilula bat duzun min eta gaitz bakoitzerako,
nahiz eta zuk badakizun, hizketa-laguna
biloben irribarrea eta seme-alaben esker ona
dituzula benetako sendagai.

Harresi arrastoak | Gorka Gurrutxaga

Ezer ulertzen ez zuen garaia, orori harriduraz behatzen ziona, joana bada ere, koxkortua jada, 8 urte amaren sabeletik ihes egin zuela mundura, badira gauza batzuk oraindik ondo ulertzen ez dituenak, eta euretako batek goibel dauka. Gaur egingo dio aitonari itauna, tristura ahaztu ezean,  zergatia jakiteko bederen.

Autoan doaz aita-amak eta semea, bi iganderoko ohituraz aiton-amonen etxera bazkaritara. Charlottenburgetik Friedrichshainerako bidean, Berlin hegalez hegal zeharkatzen dute, mendetik ekira. Haurra harritu egiten da bidaia bakoitzean bidean ikusten dituen kontrasteez. Etxeinguruko Zara, Mc Donald’s eta abarrak, desagertu ez arren, hurritu egiten dira nabarmen aiton-amonenera heldu orduko. Eraikinak handiagoak dira, edo handientsuagoak behintzat. Eta geometrikoak. Hiribideak luze eta zabal. Akaso trajedun gutxiago ibilitzen da inguru hauetan, ilea kolore fosforeszentez margoturiko gehiago, eta zakur saldoa lagun, haiek lotzekoez gain soinean kate ugari duen jendea.

Aitak beti esaten dio Oberbaumbrücke igarotzen ari direla, behiala harresi bat izan zenaren arrastorik luzeena gelditzen dela han ezkerretara. Aitak kontatzen dion moduagatik, garai iluntzat dauka semeak harresiaren hura. Zail zaio ordea orain hain koloretsu ikusten duena, koadro erraldoi bat bailitzan, sasoi beltz batekin lotzea. Zubia zeharkatzen duten bakoitzeko errepikatzen dio euren ekialdeko anaiek altxa zutela harresi hori, eurengandik bereizi nahiez, eurek, mendebaldekoek, zer ikusirik ez balute bezala murruaren eraikitzean. “Haiek ziren gugandik bereizi nahi zutenak. Guk ez genituen gorroto, ongietorriak ziren gurean, eta asko eta asko gugana etorri ziren, gobernuagandik ihes askatasun bila. Eta horrexegatik eraiki zuten horma, beldur baitziren ez ote zien jende gehiegik alde egingo gurerantz”. Are nahasarazten duena, gaiztotzat deskribatzen dituen haiei anai eta ez etsai deitzen diela.

Aitonak atea ireki orduko muxu bat eman ohi dio bilobari, eskuaz kaskoa laztantzen dion bitartean. Amona izaten da hurrena, hura sukaldean izaten baita lanpetuta, senarrari utziz atea irekitzeko betebeharra edo ohorea, gauzak nola ikusi. Mahaira esertzen dira saltoan, jana hoztuko den beldur, eta gosez, halakoetan gosaldu gabe joaten baitira, jakinaren gainean nahikoa izango dutela gero ere sabela betetzeko.

Gaurkoan haragia prestatu du saltsan, patata pure batez lagundua, eta aza hartzituz. Postrerako txokolatetxo batzuk eta gabonetan soberan izandako Spekulatius-ak. Eta kafearekin batera betiko leloak, eta bere bi eredu handi horiek, handi ikusten baititu oraindik, eztabaida sutsu xamarrean, zeinaren eraginez etxeko bi emakumeek atzeko gelara eramaten zuten giro nahasitik babestu nahiez; aspaldian gehiago egiten ez dutena, koxkortua delako edo aitonak eskatuta, bilobak herriaren historia jakin behar duela defendatuz.

Aitonak esaten du eurek bizi ziren tokian ez zegoela langabeturik, ez zela beldurrik izaten hurrengo egunean lanetik kaleratua izateko, ez eta hurrengo egunez tripa betetzeko aukera izango zuten larritasunik ere. Antzeko jakiak beti, baina mahaia beterik. Aitak berriz, lana baietz baina askatasunik ez zeukatela batere, estatuak programatuta bizi zirela, ezin zutela aukera egin txokolatea edo laranjak meriendatzeko, ez baitzen ez batik eta besterik oro har, eta izatekotan, bietako bat besterik ez. Horiek ez direla ezinbesteko gauzak aitonak, badirela behar primitiboagoak eta horiek aserik izatea dela balio duena. Eurek hala izan zituzten urte luzez, hezkuntza, osasungintza… Ez zutela aukerarik nork gobernatuko zituen erabakitzeko ere, atzera aitak. Eta aitonak ea ondo funtzionatzen duen gizarte batean gobernaririk behar ote den. Aitak hitza: arropak ere denek berdinak zituztela, ez zela norbanakoa aintzat hartzen, talde sentimenduak suntsitu egiten zituela norbanakoaren berezitasunak, eta halako gizarte batek beldurgarriaz gain aspergarria izan behar duela. Nahiago duela hori, multinazionalen inperioan lepoa estu, arnasestuka bizi baino, aitonak.

Ez du askoz gehiagorako ematen eztabaidak, arratsaldeko bostak izaten direnez gero bietako batek azken hitza bota duenean, etxeratzeko ordua biharamunean eskolara eta gurasoak lanera joan beharra medio. Azken hitza nork bota egunaren araberakoa da, batzuetan aita izaten da, eta autoan doazelarik “gaurkoan ahoa itxita utzi dut zure aita egoskor hori” esaten dio amari. Bestelakorik gertatu bada, mutu egin ohi du itzulerako bidaia.

Haurra noraezean uzten dute eztabaida hauek. Ez daki zeini eman arrazoia, ez daki zeinen alde jarri, askoz errazago zaio hautu hori egitea lagunekin eztabaidan. Orduan etxekoaren alde egiten du beti, dela aita dela aitona, baina kasu honetan biak senideak izanik, ez daki gorri ala urdin. Ohartzen da biek ala biek esaten dituztela nahiko arrazoizko gauzak, eta iruditzen zaio, ez ote dauden, aita eta aitona, uste dutena baino gertuago euren iritzietan. Baina agian umea delako da hori, oraindik ez dituelako ondo ulertzen zehaztasun guztiak. Argi daukana ordea zera da, goibel daukala aitaren eta aitonaren arteko ezinikusiak. Gainera bada gauza bat oraindik ulertzen ez duena, eta etxeratu aurretik itauna egin behar dio gaur aitonari, tristura ahaztu ezean, zergatia jakiteko behintzat, eta galdetu zergatik ez den inoiz etorri euren etxera bazkaritara.

Eta batez ere kebapak

Lur hartu du hegazkinak. Flughafen Schönefeld. Gaua da arratsaldeko lauak izanagatik. Neguko gauak luzeak izaten dira hemen, egunarekin alderatuz behintzat. Apika ez dute berdin irizten gauaren esperoan bizi direnek. Negu ilunaz gain Berlini esaten zaio egunero dela desberdin, aldaketa etengabean uneoro. Hogei bat egun izango dira azkenekoz hemen egon nintzenetik. Ez dirudi hemen denborak halako eraginik izan duenik, ezpada “viva España!” dioen pintadagatik, azkenekoz ikusi ez nuena, denak bere horretan dirau, arkupetik noala akordeoiez ekialdeko doinuak haizatzen dituen gizonaren presentziak egiaztatzen duenez. Doinu jostariz existentzia alaitu nahian, oharkabean zer pentsa emanaz, bakan batzuei zer dantzatua ere, igarotzen diren turista, enpresagizon, ikasle eta abarrei. Nahiz eta ondoren, trenean arloteak begietara begiratzen digularik diru apurren bat eskatuz, ahaztuak izan ekialdeko doinu hark, urruna dagoeneko, pentsarazi dizkigunak.

“Aussteigen bitte” dio ahots batek megafoniatik, irteteko alegia, eta gure estazioa ez izanagatik hori ulertu egin dugu, ezin jasan alderraiaren begirada. Hurrengo trena noiz etorriko, denbora dortokaz mozorrotu da, arloteak begirada zuzentzen zigunean bezala, hurrengo trena iritsi den arte. “Einsteigen bitte” dio orain megafonoak, eta trenera egin dugu jauzi poltsikoko txapon apurren eskean ari zitzaigula ulertu ez diogun, ulertu nahi izan ez diogun, haren begiradatik ihesean, trenetik gure helmugara iritsi aitzin atera garenok, “aussteigen” entzundakoan. Lasaiago goaz orain nahiz eta damuak harturik eta kontzientzia gaiztoak. Ezabatuko ditugunak, bata zein bestea, gure geltokira iristearekin bat erosketen zerrenda burura datorkigularik eta Augustiner-a erosten dugunean, Gabonetako azken kapritxoa, hidratatzeko beharreaz. “Damen und Herren, Herren und Damen” eta “Bitteschön, Bitteschön”, belarrira bitexen denaz, ongietorria supermerkatuko turkiarrak, sagar eskaintza “Angebot, “Ananas aus Caracas”, eta kebab-ak, eta arkupeetakoaren zerikusi handirik ez duen ekialdeko musika, kantatua, instrumentu askoz lagundua, arkupeko akordeoi soilaren aldean konplexua, betegarria ere bai. Kaletik igaro den emakume alemaniarrak musikaren bolumena jeisteko gomendioa, poliziarekin arazorik nahi ez badute, hobebeharrez ari dela zin eginda. Eta bapatean sirena hotsa“Polizei” idatzirik duen autotik.

Ez dira gelditu, sirenaren hotsak eragotzi egingo zien supermerkatuko zarata aditzerik, edo agian emakume alemaniarrarena mehatxua besterik ez, goiko pisuan bizi denez lo egin ezin duelako. Sagarrak bai, eta gainera eskaintzan, “angebot”, mandarinak ere bai, laranjak, platanoak, kiwiak, letxuga, tomateak, piperrak, kalabaza, alles ja, dena bai, eta ondoren etxera, dena txukun gordetzera, hozkailuan. Ahaztua ibildaunaren eskaria eta begirada, asteko erosketak buruan. Dena erosi ote zalantza. Baiezkoan, atzera kalera. Spätkaufean Augustiner bat ohiko Berliner merkeagoaren ordez, Gabonetako azken kapritxoa eta zentzua emateko arloteari xentimo haiek eman ez izana. Zerbeza hau erosteko behar nituen. Arlotearen begirada ahaztu banuen sagar eta piperrekin, orain baita harengandik ihes egin izanaren damua ere, xentimoak zerbezatarako behar ditudan aitzakia horrekin. Zerbeza garrantzitsua baita hidratatzeko, baita sagarrak ere. Bitamina ugari dituzte. Aurreraxeago Mustafas Kebab famatua eta Currywurst, kebab-ak saltxitxak patatekin, mahonesa eta ketchupez blaituak, eta sagarrak eskaintzan, “Angebot”. Helatuak “Vanille und Marillen”, Melita Sundstrom kafe iluna, Rausch taberna homosexuala, eta kebab-ak. Kebab asko, batez ere kebab-ak. Ilara luzeak Mustafarenean, festa eroa Rausch-en, jendetza Currywurst 36-n, eta sagarrak “Angebot”, ahots nekatuaz, jada “Damen und Herren, Herren und Damen, Bitteschön, Bitteschön”-ik, belarrira bitexen dena, gabe. Egun osoa lanean zutik egon izanaren ordaina.

Pauso batzuk aurrera eta metroa, U-Bahn Mehringdamm, eta inoiz baino beteago doa trena. Larunbat gaueko hamabiak dira, edozein asteguneko goizeko zortzietan ere ez da halako overbooking-ik , aldatua du ordutegi biologikoa Berlinek. Oraindik ez zuen gaindituko harresia erori ondoren ekialdetik mendebaldera egindako bidaian pairaturiko jet-lag-a. “Einsteigen bitte” eta aireportuko trenean ikusiriko arlotea, eta burura sagarrak, piperrak, kalabazak, platanoak, letxugak, tomateak, eta kebab-ak batez ere kebab-ak. Augustiner-a hidratatzeko.

Hurrengo egunak argituko du, eta berriro Turkiarrak “Damen und Herren, Herren und Damen, bitteschön, bitteschön!”, belarrira bitexen denaz, esnatuko gaitu eta ahaztuko arlotea, buruan piperrak dauzkagulako eta kebab-ak, batez ere kebab-ak, Augustinerra hidratatzeko eta “Angebot”, baina gaur anana eskaintza, “ Ananas aus Caracas”.