Gabon | Peter Ostolaza

http://www.ivoox.com/gabon-peter-ostolaza_md_2851461_1.mp3″ Ir a descargar

Gabon letra jale amorratuoi eta ez hain amorratuoi, gabon  mesanotxearen hanka herrena orekatzeko Martuteneren alea erabiltzen duzuenoi, gabon liburu elektronikoak irakurri bitartean papereko tabakoa erretzen duzuenoi, eta gabon paperezko liburuak irakurri bitartean zigarro elektronikoak erretzen dituzuenoi. Gabon guztioi. Gabon baita ere itsasoarekin metaforak egitea barregarri iritzita zer eta ibaiaren fluxuarekin metaforak egiten hasi zaretenoi, biba zuek. Gabon, nola ez, satelite jendeari, kausarik gabeko errebeldeei, munduarekin konforme ez baina inolako mugimendu eta teoriatan kabitzen ez diren kontuak esaten dituztenei, gabon.

Eta gabon, gabon, gabon, mila bider gabon aldarean bizi zaretenen intelektualei, zuen jakintza liluragarriz eta teoria puruz kontraesanak dituen edozein mugimendurekiko hiper-kritiko agertzen zaretenoi, gabon. Gabon eta ohore zuri, arazo sentimentalak ahanzteko herrigintzan buru-belarri zabiltzan horri, ai, denek oinazea hain ongi bideratuko balute, beste ahuntz batek egingo luke eztula! Orobat gabon, lan bila zabiltzatenoi, curriculuma puztu beharraren beharraz zazpi urterekin auzoko krosean zilarrezko domina irabazi zenutela ipintzen duzuenoi. Gabon bizilagunarekin haserre zaudetenoi, etxeko atetik hanka puntetan irten aurretik portaleko argia itzali arte itxaroten duzuenoi. Ahaztu aurretik, gabon Gaboneko biztanleoi, gauero akordatzen gara zuekin. Ospelak al dira hango haranak?

Gabon euskaltzale jatorrei, sukaldeko Seaskako egutegiaren eraginez zuen seme-alabei Trumoi eta Jare bezalako izen autentikoak jartzea deliberatu duzuenoi, gabon Gabiri Racing-eko jendeari, eta gabon manifa amaieran ezker ukabila altxatuta ‘Eusko gudariak’ abesten hasi eta pixkanaka bolumena eta ukabila jaisten duzuenoi. Bidenabar, gabon asozialei ere, ezezagunekin elkarrizketa arrunt bat edukitzeko gai ez zareten guztioi, oharkabean igarotzea besterik ments ez duzuenoi. Gabon aristokrata odoleko artistei, zerbait egitearen eta deus ez egitearen artean alderik ez dagoela uste dutenei, gabon bizitza osoa bizitzeko oinarrizko azpiegituraren bila darabilzuen guztioi, gabon estrategiaren eraginkortasunari bainoago norbanakoaren sakrifizio pertsonalari begiratzen dioten militante prestuei,  gabon eskolara bilobari ogitartekoa ematera joaten diren aiton amonei.

Eta gabon aste osoko barne hutsunea arindu asmoz igande goizero ohe desberdinetan esnatzen zareten arima isolatuoi, gabon idazle handienen kezka berberak dituzuen idazle kaskarrei, gabon monologista penagarriei, gabon inoiz esperientzia mistikoren bat bizi izan eta geroztik gainontzekoei Egiaren bidea irakasten zabiltzatenei. Gabon jende pragmatikoari ere, kooperatibismoaren praktikante itsu ohiei, gabon eraldaketa proiektu bateko kide orori. Azkenik, gabon, zuen burua boz-emaile aldakortzat aurkezten duzuenoi, harro egoteko moduko zerbait balitz bezala.

Gabon dizuela denoi. Eta goraintziak etxean.

Berlin V | Gorka Gurrutxaga

http://www.ivoox.com/berlin-v-gorka-gurrutxaga_md_2151814_1.mp3″ Ir a descargar

Hozkailuan izokin xerra bat geratzen da oraindik. Telefonoa hoska ari da eta halere ezta imintziorik ere. Ipurdian loktite tanta batek egiten duena. Irratiak dio tiroak ez direla gelditu aste betean, eta bonbak laster hasiko direla lurreratzen. Txokolatea urtzen ari da eta baita izozkia ere.
Termometroa 30era iritsi da gaur. Hondartza turistaz lepo da, medusek gutxi batzuk uxatu badituzte ere. Gereziak belarritik zintzilik, udari freskotasuna ematearren, eta arropa zuriak. Era guztietako sandaliak, galtza motzak, soineko alaiak. Bonbak jausi dira hiriko karriketara. Hiltzeko jaioak.
Gosaritarako meloia, eta bazkaritarako baserriko tomatea, bere horretan, oliba olio eta gatz pixkatekin. Txoriak txioka ordulariaren tik-tak monotonoarekin batera ari dira. Sirena hotsak entzuten dira, poliziarenak, suhiltzaileenak edo anbulantziarenak. Zerua urdina da gaur. Umeak plisti-plastaka urertzean eta hondar gazteluak egiten. “Amazon”-en bidez ume bana erosi dute 2000 internautek. Haurrentzako arropa dendak zabalik gaueko hamarrak arte. Izozkia saltzen duten postua hamabiak arte ere bai, izozkia lehenago amaitzen ez bada. Banilazkoa da amaitzen lehena. Herriko festak iristear dira. Orduan marrubizkoa ere gaueko hamabiak baino lehen bukatu ohi da.
Aiton-amonek muxu ematen diote elkarri eta bilobak galdetu ez al diren zaharregiak elkarri muxuka ibiltzeko. Amonak tomatea jarri dio platerean, oliba olioz eta gatzez, eta isildu egin da umea. Ahoan baduelako nahikoa lan, tomatea xamurra egon arren. Ezker eskuan ogirik gabe jatean hutsune bat sentitzen da, platera hustean betekada. Helatuarentzat beti dago lekutxo txikitxo bat, dastatu ahala handitu egiten dena, batez ere helatua jogurtezkoa bada eta txokolatezko bizkotxoa badauka ondoan. Platera mingainez garbitzeko modukoa. Kreuzbergstrasseko 75.etik hitz egiten ari natzaizuen azken aldia da entzule. Autoen burrunba etengabea da.
Zerua urdina da eta txoriak aspertu dira ordulariaren martxan kantatzeaz. Hegazkin bat ari da orain teilatu gainean hegaldatzen. Turistak medusarik gabeko itsasoren batera eramango ditu. Irratiak dio bonbek helburu militarrak soilik kolpatzen dituztela. Zibilek ez dutela arriskurik, eta lasai joan daitezkeela mandarinazko helatu bila. Irratiak dio bero sapak ez duela alde egingo.
Irratiak dio elurra ere laster etorriko dela. Lehenik baina, euria eta haizea. Halere joateko lasai hondartzara, bonbek kuartelak soilik erasotzen dituztela. Eskaintza: limoizko izozkia 80 xentimotan. Meriendatarako.
Sagardo botila hotza ireki da eta eztarri lehorrak busti ditu. Parrila indarra hartzen ari da, eta laster jarriko dira erretzen txuletak, hirugiharrak eta piperrak. Lehen sagardo botila hustu da. Festa giroak ez du etenik izango hemendik aurrera. Bozak alaiak dira. Bala batek ume jaioberri bat kondenatu du. Saltxitxak laster egongo dira bere puntuan. E-mailera ez da mezurik iritsi. Parrilaren ondoren udare eta platanozko izozkia postre moduan.
Irratiak dio gauean 24 gradura jeitsiko dela beroa. Mahuka motzeko blusez ateratzeko modukoa. Eta lehergailuek etena egingo dutela. Gerra hegazkinak, piloturik ez duten arren, gasolinaz hornitu behar baitira egunaren bukaeran. Telefonoak aspaldi utzi zion garrasi egiteari, eta txokolatea eta izozkia urtu dira. Izokin xerrak bere horretan darrai.

Berlin IV | Gorka Gurrutxaga

http://www.ivoox.com/berlin-iv_md_2069535_1.mp3″ Ir a descargar

Ez errurik bota eguraldiari zure inspirazioa eskasiagatik, zu zeu zarenean errudun bakarra. Udaberria ez da zure antzutasun literarioaren kausa. Ez aitzakia gisa negar eguzkiak berotzen duela eta ideiak lurrundu zaizkizula. Kalera nahi duzula egin jauzi, banillazko izozkia ahoan urtzearekin bat hostoen jaiotza zure begiz gozatu, gainontzeko hiritarrek bezala, flexoaren argitan idazmakinaren teklak sakatzen ari ordez.
Neguan errazagoa dela papera hitzez betezea diozu. Kolore apurren bat emateko elur zuriari eta zuhaitzen hezurdurek behelaino grisean margotzen dituzten silueta beltzei. Koloregabetasun horri aurre egiteko diozu idazten duzula, eta arrazoi izango duzu agian; baina udaberriari gorazarre eginez ere izkiari zenitzake berba xalo batzuk.
Funts-mamirik gabekoak direla diozu ordea. Ele errugabeak orriratu baino karrikara maiteago jaitsiko zarela. Eta zu zeu izan errugabe, banillazko izozkia eskuan, loreei begira.
Berehala ohartu zara baina, udaberriak ez dituela gaitz guztiak sendatzen. Lorautsari diozun alergia esaterako. Neguan etzenuen doministikurik egiten, eta orain izozki bolatxoa airean aterako duten haize boladak eragiten dituzu.
Hori ez dela arazo larria. Edozeinek egin dezakeela aurrera polenari alergia izanda ere. Inor ez duela loretxo baten haziak hilko. Asko jota ere doministikuaren erruz banillazko izozkia jausiko dela lurrera.
Ez al zinen baina gozoki horren bila irten kalera? Baietz diozu, izozki bila egin duzula pausoa karrikaruntz, baina baita aire umelaren usaina gozatzeko ere.
Ez al dituzu ordea sudurzuloak itxita lorautsak eraginda?
Idazmahaira itzultzea duzu onena, eta zure barneko neguan arakatzea, ea han baden papera zikintzea merezi duen konturik. Kanpoan eguzkiak dirdir egin arren zure baitan iluna baita oraindik Maiatza; kolore biziko soinekoek estaltzen badizute ere azala.
Baina ezetz diozu, ez duzula sinesten poeta zorigaiztokoen mitoan; eta barrenak argi behar duela, kanpoan ilun den bitartean, xentimorik balio duten berbak plazaratzeko. Eta aurkakoa dela orain egoera, kanpoan argia nagusi eta barnean ilun.
Ez iezaiozu errua eguraldiari bota zure inspirazio eskasiagatik, zure barnean dago arazoa.
Eta kanpoan ere bai, esaten didazu. Barrenaren eta kanpoaren arteko harreman gatazkatsuan zehazki, borobiltzen.
Baina hainbestekoa al da barrenaren eta kanpoaren artean dagoen aldea? Banillazko izozkiak ere gure erraietan hartzen du azken batean atseden. Eta ekiaren epelak, txorien kantuak, loreen perfumeak.
Egunen batean horiek guztiek argituko dizute iluna, ordurako baina negua izango da ostera ere hor kanpoan.

Axola duena | Peter Ostolaza

http://www.ivoox.com/axola-duena-peter-ostolaza_md_2030212_1.mp3″ Ir a descargar

Ingurukoak baino lehenago aspertzen zelako igaro zen literaturara, eta geroztik bertutetzat du azkar aspertzeko gaitasuna. Ezezagunak erakarri izan du obsesiboki, etengabe harago iritsi nahi batek, jakin-min aseezina da atzera begira bere bizitzan detekta dezakeen konstante bakarrenetarikoa. Eta horrekin erabat kontrastean, errezelo gogaikarri bat, tankera guztien arabera honezkero alde egingo ez diona: ez ote dabilen etengabe etxeko patioan itzulika, bertan goxo, emana izan zaiona bere horretan onartuaz, ohitura ohituragatik erreproduzitzen.

Ohartzen da honek denak duen funtzionatzeko modua ez zaiola aski, are, eramanezin zenbaitetan, bizitzako plazer txikiekin zoriontsu dela dioen hori berbera izan ohi dela bizitzako kolpe txikienarekin zoritxarreko konpleto. Bigarren Erregionalean gabiltza Championsean jokatzen dugulakoan -lotsatu da otu zaion konparazioaz-, denbora pasan, , mintzaren mintzean lardaskan. Bizi izan zezakeenaren eta bizi izan duenaren arteko distantzia itzelezkoak ikaratzen du. Kondizio kabroia gurea, kexatu izan da bera ere.
Mesfidati da bizitzako lezioak esplizitu antzean ematen dituzten narrazioekin, eta hala ere auto-laguntzarako duin askoak ateratzen zaizkio azkenaldian. Akaso aipu borobilek oro har beragan uzten duten momentuko orbain puztuxearen ondorioetatik ari da, pisu astunetako bati aditu dizkionak gogotik apartatu ezin dituela: ezarria denaren aurkako akzioa omen idaztea. Berak gehituko luke: ez da soilik literatura Egiaren bilaketa gisara uler daitekeela, Errealitatearen arrakalak bere konplexutasunean erretratatzeko saiakera modura nahi bada, ez; Errealitate Ofiziala dagoenik eta gauzarik anti-literarioena da.

Axola ez duena zer den erabaki zuenetik dabil alderrai, inon pausatu gabe, erantzunei izkin egiten. Gauzen mamian gehixeago barneratu nahi luke tarteka, irristan ibili den gainazala zulatu, benetan axola duenaren bila. Eta aspaldian domatu antzeko duen bere baitako eszentrikora itzuli, hura elikatu, hura bere egin, hark bizi dezan utzi eta harengandik idatzi. Isiltzeak limurtzen du gehienetan, ordea: ituna sinatu eta betiko erretiratu. Bere eskuetatik ez litzateke literatura deitzea merezi duen deus sortuko. Obrarik ezean, bere kezkek batuko dute literatoekin. Eta zein zaion akigarri hamarkada oso batzuetan zehar izango dituen mamuak hain garbi irudikatzea.

New York nola imajinatzen dudan | Bud Letona

http://www.ivoox.com/nola-imajinatzen-dudan-new-york_md_1986301_1.mp3″ Ir a descargar

Gure protagonistak denbora makina sortu du, azkenean… ama larriturik zuen, garajean horrenbeste ordu pasata, zertan ote zebilen… eta 22garren gauean, makinaren argi-salda eta kolore guztietako ke horien pean, hiru pertsona arrantzatu ditu, iraganeko zokoren batetik.

Aste bete igarota, auzoko harategirik garestienaren ondoko tabernan daudela, zuri beltzez jantzitako kamareroa hurbildu zaigu, John, atsekabetuta, taberna berritu egin behar duela, ez omen dela antzerki bateko dekoratua dirudien kale honen korroskada berantiar bat besterik, arraza ezberdineko jendez osaturiko puding-a dela bere espezialitatea, eta taberna honetan begirada tiroketarik ere izaten dela.

garagardoa beti omen da inork ezagutzen ez duen Europa ekialdeko nazio batean egindakoa, hau da zulo honen interes bakarra, garagardo ona izatea, bestela tabernak itxura hori du, Picassok San Fermin ondorengo astelehen batean egindako koadro batena.

Baina gure protagonista eta bere hiru lagunek ez dute asmo berezirik, mozkortzea besterik.

STOP

Gauean

Gutunazalak irekitzeko beste zera zorrotz horietako bat azaldu da John tabernako jabearen bihotz erdian iltzatuta eta odol ibaia ondoan, gainezka … eszena groteskoa da, atzean dituen botila hutsen sentsibilitatea urratzeraino, gure protagonista pasa da kaletik, eta gorpua ikusi du, eta izutu eta DEW PORK YOLICE NEPARTMENTera deitu eta:

– Aizu, hemen gorpu bat dago, Harris eta Longview kaleen iskina egiten duen tabernan… ni ez naiz izan!

ETA ESKEGI

Momentu horretan, ez oso urrun, gure protagonistaren hiru lagunak gauaren gainean irristan dihardute…ondoren sirena hotsak, eta atxiloketak.

Ondoren, komisarian imajinatu behar dituzue denak, imajinatu Groucho Marx oso haserre komisaria batean, purua ezpainetan etzanda duela, gaur egun erabiltzen ez diren hitzekin biraoka indarrez, poliziak ez dio kasu egiten eta, Marilyn Monroe-en bular aldea aurrean baitu, kontzentrazioa lapurtzen, ordainsaria azal zuri eta perfektu horren gainean etzateko gonbita delarik.

Zubi bat sortu dute biek, euren korneak biltzen dituen pasiozko zubia. Brooklyneko zubia baino ezagunagoa izatera iritsiko da.

Ezkerrean, Napoleon Bonaparte jauna, honek ere eskuak lotuta, bere baitan malko batzuk aitortu ditu, ezin izan baitio Waterloo izeneko sex shop baten ondotik igarotakoan barruari eutsi.

Poliziaren galderak ostean, arrapaladan eta errespetu justuaz, eta akusatuak euren larruazal berezietan bilduta, txintik esan gabe, Napolean eztulka, Marilyn behatza ahoan sartu eta masailean duen oasi beltz hori igurtziz, eta Groucho, erre ezin den komisaldegian puru bat bestearen atzetik ahoratuz, izeberg marroi baten tankerako ke harresia eginez.

– Tabernariaren hilketa egozten zaizue hiruoi. Ezer ba al duzue esateko?

– Tabernariak ez zuen tabernan erretzen uzten, putakume hutsa zen, baina nik ez dut hil -Grouchok

– Niri izterraldea ere laztandu zidan kafea eskatu eta ondora ekarri bezain laster, nazka ematen zuen, baina nik ez dut hil- Marylinek.

– Putakume hutsa zen… Napoleonek.

Ezdakitnongo epaileak heriotza zigorra ezarri die hirurei 7 orduko elkarrizketa baten ostean. Bibote baten ileak, ezpainak margotzekoa eta Napoleonen zaldia aurkitu omen zituzten tabernan.

Gure protagonista hiru aulki elektrikoei begira ari da, egun batzuk beranduago, batera piztu dituzte, eta Grouchoren buruari dario kea lehendabizi, protagonista kristalaren atzean, gau hartan makinaren bitartez arrantzaturiko hirukoteari begira, egindako traizioari ezin eutsi.

Hildako tabernaria John, zerura bidean, Niagarako ur jauzi eta zentro komertzialetako eskailera mekanikoen nahasketa omen da zerurako bidea, eta bere bizitzako eszenak zeinen modu traketsean akitu dituen pentsatu du, autore nobel batek erdi aroko heroi bihurtu zuenekoa, ile horia zuen, izan ez zitekeen amodio istorio horietako bat, kaloria gaindosia. 22 urterekin Hego Ameriketako idazle batek nola txertatu zuen abenturazko road book horietako batean, ez zuen lerro gehiegirik, istorioko graziosoa zen, esaldi graziosoarena, ez zen beste munduko ezer izan…. Gogoan du ordea behinola nola autore honek, nik, super-heroi nola bilakatu nuen, eta zakur, aitona, umemoko eta bestelakoak nola salbatu zituen, gaizkiaren atzaparretatik, eta zeinen arrakasta handia izan zuen istorio horrek, zenbat salmenta, nola bilakatu zen irakurle unibertsalaren errespetuzko figura, umeen heroi, guztien sexu grinaren pizgarri; garai ziren, baina nik ez nion barkatu, ez nion barkatu fikziozko pertsonaia izanda ni baino errekonozimendu gehiago jasotze hori.

Gaurko protagonistarekin hitzartuta nuen, sasi-plan bat, hilketa bortitz bat, baina gordinegia zen, eta pittin bat erregalu paperez estali nahi izan dugu.

Ez dago datorren istorio laburrean garrantzia gehiago emango diozunaren eskaintzaren aurrean ezetza emango dizun pertsonaiarik, ez dago.

(Ni)re obra literarioa | Peter Ostolaza

Nire obra literarioak
defendituko nau
poliziaren kontra,
izpi ultramoreen kontra
zaldi haragiaren kontra,
larru jotze mediokreen kontra,
defenditu
egingo nau
nire obra literarioak.
Esango ditut
hitz totelak
txiste negargarriak
iritzi ekibokatuak;
esango ditut
zurikeriak,
besteen sekretuak,
pentsatu eta esaten ez diren gauzak,
baina nire obra literarioak defendituko nau.
Atzerrira eramango dute,
eta itzulita defendatuko nau
nire obra literarioak;
ale denak agortuko dira,
eta edizio berriekin defendituko nau
nire obra literarioak.
Errezitaldi eskainiak
kongresuak,
tesiak
egingo dizkiote,
eta fortunarekin defendituko nau
nire obra literarioak.
Nire obra literarioa hilen da,
haren zaleak desagertuko dira,
haren oroimena galduko da,
baina nik
iraunen dut
zutik.

Amonari [Berlin III] | Gorka Gurrutxaga

Harrizko bilakatu nintzen amak berria emandakoan. Harrizko baino, automata bihurtu
nintzela esatea egokiagoa izango da. Harrizko automata agian. Izan ere, goizero gisan, ez bainion hortzak garbitzeko usadioari uko egin. Ahoa aparrez mukuru, eskumuturraren eragiteari ezer gertatu ez balitz bezala jarraitu nion. Horregatik automata, agian harrizkoa, mugitu mugitzen bainintzen, harriak ez bezala, baina harrizko bainintzan. Ahaztuta ene giza kondizioa, barrua zuri edo beltz, ez dakit, harrizko esatea zehatzena. Barrua huts sentituagatik, pisu baitzen aldi berean. Automata bat bainintzan erosi nituen hegazkin tiketak, maleta egin, lotu beharrekoak lotu, abisua eman eman beharrekoei. Eta bideari ekin nion, nora nindoan jakinaren gainean, zertara nindoan ordea ohartu gabe oraindik, edo onartu gabe oraindik, edo ahaztu nahian. Esan bezala, barrena hutsa baina astun, aurrera nindoan bidean. U-bahn-a eta autobusa. Hegazkina gero Bartzelonara. Handik berriz Bilbora. Bilbotik autobusez etxeratu nintzen azkenik. Horrela bat-batean, goizean Berlinen jaiki eta Donostian oheratzen dena bezala, goizean bizirik itzarri eta gauen hilik itzaltzen dena bezala.

Bidai luzerako, humanoa naizela ez ahaztearren edo, Sarrionandiaren “Narrazio Guztiak”
hautatu nituen bidelagun, ene barneko harri puska hura xamurtu nahian. Sentimenduak baina, beste edozeren gisan, ez dira loratzen behartuak badira. Horregatik, “Amaiera, funtsean, tragikoa da” irakurrita, enuen inolako saminik sentitu, amaiera baten aurrean nengoela banekien arren. Une hartan ez nengoen ezer sentitzeko agian, harri pusketa haundi bat izateko baizik. Zeren eta beste hitzok ere, “heriotzak amaiera antza izan behar dik”, gertatu zena gertatu zenetik bi aste igaro direlarik barrena iraultzen didaten arren, etxerako bidean, ez ziren izan paperean margoturiko letra hurrenkera bat besterik.

Behar izaten baita denbora gauza alai eta tristeak onartzeko, jazo denak benetan zer ondorio dituen ohartzeko, begiak betiko itxirik ikusi nuen arte enuen benetako negar malkorik isuri. Orduan ordea bai, entzunez soilik jasotako berria hezur haragiz pairatzean, orduan, harri pusketa hura birrintzen hasi zen. Eta behiala idatzi nion hitz hurrenkera hura, “Nago gaztetasunak ez ote dizun ihes egin”, agur gisa irakurri nionean, bertan esandakoa, iragana bazen ere, milaka zatitan desegin zen arroka. Eta zerraustu zen lehengusuek eginiko kanta haren lehen akordeak entzunarekin bat.
Hori etxeratu eta biharamun goizean izan zen. Arraltsalderako jada lasaituago nengoen
ustean, ezin izan nion eutsi malko erauntsiari, kanta haren doinua berriro entzundakoan. Orduan ene barneko harri puska hura zenaren zerrautsak aireratu ere egingo ziren agian. Arindu nintzen nolabait, baina harria sostengatzen zuen indar guztia ere zerrauts haiekin batera aireratu zela zirudien. Burumakur, ahul, hutsik nengoen. Egoeraz jabetuta, lagundu nahirik, emakume bat gerturatu zitzaidan, eta lasai egoteko, amona zeruan zegoela eta. Zeruan ez dakit pentsatu nuen ene baitarako, baina nire oroitzapenetan, baserriko sukaldeko mahaiburuan, ikuiluan ardiak jezten, soroan belarretan, gazta egiten, leku horietan zihur egongo zela betiko ohartu. Eta hilkutxa horretan azken muxua ematen niolarik, eta nire agurra irakurtzen niola, gaztetasunak baino zeozer gehiagok alde egina bazion ere.

Nago gaztetasunak ez ote dizun ihes egin,
eskuartean harrapatu nahi duzun keak bezala.
Denborak ez ote zaituen zizel kolpez urratu.
Denborak eta urte luzeetako lanak.

Aulkian eseri zara hezurretako minez kexu,
zapatak zure kabuz lotu nahi eta ezinez.
Magalean babestu nahiko zenuke biloba txikia,
baina nahikoa lan botiken kaxari eustearekin.
Pilula bat duzun min eta gaitz bakoitzerako,
nahiz eta zuk badakizun, hizketa-laguna
biloben irribarrea eta seme-alaben esker ona
dituzula benetako sendagai.

Simulakro bat | Bud Letona

http://www.ivoox.com/simulakro-bat-bud-letona_md_1829289_1.mp3″ Ir a descargar

Inguratu zaituen ustelkeriaren parekoak dira zure ametsak, sasikume hutsak

Momentu honetan 10000mila kilometro orduko geldotasunaz mugitzen den hegazkin baten hegalean eserita zaude, itxatxiriko aulki mistikoegi batean.

Hodei berde horien errotik atera berri duzun zuhaitza esku biekin heldu eta zupada luzeegi bat eman diozu, eta zure barrura sartu zara, ke beltz forman, eta biriketan pausatu, etzan.

Sortu zinen ezerez ezezagun eta misteriotsura bueltatu zara, eta linbo delakora iritsi, eta lasaitasun zerutiar baten bigarren platera dastatzen ari zinenean.

Joder, necesito un cigarro esan du zure ondokoak behatzen amaierari hozkaka. Amen, my friend, nik ere bai.

Eta badakizu iraganak, oroitzapenek, ez dutela baimenik eskatzen, ez zarenaren saiakerek ahulduta, arrautz formako leihotik begira zabiltza, eta gibelari mailegu bat eskatzen diozu, ‘azkena’, eta azafatari gezurrezko hiruzpalau whisky botila nimiño, besterik ez bada ere, momentu batez, izan denaren aurkako borrokan, lehen asaltuan KO gordina ekiditeko.

Ingurukoei begira, inora ez doan hegazkin batean nola bukatu duzun galdetzen diozu hutsik dagoen plastikozko ur botilari. Lotsagabeak ez dizu erantzuten.

Baina hemen zaude, eta bi ordutan 50 euro lortzeko aukerari ezetza luzatzea delitua litzake.
Zeinek esango zuen hegazkin istripuen simulakroak esistitzen zirela, eta bidaiari beldurtiak behar dituztela, egoera larrietarako azafatak trebatzeko. Sinestezina.
XXI.mendeari bota diozu errua.
Hutsik dagoen plastikozko botilari ados al dagoen galdetzen dion.
Lotsagabeak ez dizu erantzuten.

15 minutu barru hasiko omen da simulakroa, eserlekuetan egoteko agindu din aurretik-grabaturiko ahots batek. Joder, necesito un cigarro errepikatu din ondokoak eta azkazala lurrera jaurti din ezpainekin egindako soinu nazkagarri samar batek lagunduta.
Gezurrezko hegazkin batean komunak egiazkoak al dira?
Altxa eta pasiloan zehar jendeari begira euren bizitzak marrazten dituzu bat-batean, intentzio txarrik gabe, neurturiko krudeltasun dosi batekin.

Ikusten dun ileori hori?
David dun, lehen egunez lanean ari den gezurrezko azafatoa.
El baño? galderari “Allí señora” erantzuten dio…
Eta “Allí” zoaz, bertan, ezkutuan, zigarro bat erretzeko aukera izango duzunaren itxaropen xumearekin.
Ondoan inor ez dagoela baieztatu, alboratutako gortinaz intimitatea-edo sortu eta barrura zoaz

Lehen zupada eman diozu zigarroari eta keak birikak zigortzen dituen momentu horren berotasuna maite duzuela atzematen zaizue biei kea ahotik botatzeko eran. Kea, pentsatu duzu.
Elementu berezia, nonahi hagoela, jantzi grisak dituen ohiko maizter hire bizitza osatzen duten naranja-hori-gorri kolore eskalan.
Eta hirugarrena. Agian egoera irrealenetan direlako sentimenduak inoiz baino errealago, edo uste horrek lasaitasun apur bat mailegatzen dizulako…

“zu ere larri diruz?”- bota diozu ispiluari

burura etorri zaizu zure lagun amerikarra…. mozkorrak elkarrekin trago bat hartzera gonbidatu zenituzten gau batean kontatu zizun, anaia galdu zuela auto istripu batean. Anaia handia, “literally”, gehitu zuen. Urtero bere hilobia bisitatu eta zerbeza eta kokainaz lepo, musika entzuten zuen hiltzeko adina lasaitasun bildu arte.

Egun batean surf taula hartu eta itsasoan barren sartu zenekoa gogoratu duzu, bertan egon nahi zuela, hiltzeko adina bakardade baitzegoen han. Zein egunetan hil zen galdetu zenion eta, zuk urteak betetze zenituen egun bera zen, azaroaren 23a. Irribarrez, ilusio bazina bezala begiratu zintuen. Azaroa iristean gitarra hartu eta zerbezak lagun, hondartzan iraultza hasiko zenutela esan zenioten elkarri, bizitzeko adina lasaitasun bildu arte.

Giltza itxura duen soinu bat atzematen duzue atea ireki nahian. “ ¿Hay alguien ahí? galdera eta bultzada bat dakartzan David delako azafatoa da. Bultzadak atea irekidu, hanken artean trabatu zaizu ordea eta ezeroso mugitzen denaren ahoko soinu horiek lagun, fite altxa zara, abiadura horrek eztula eragin dizu. Ke ugarik alde egin du presaka eta David-en begitartea apaindu, benetan haserre dago eta

Arduradun batek lagundurik utzi duzu gezurrezko hegazkina, gezurrezko azafatoak. Entzun behar izan dituzunak. Jarrera txarra izanagatik ere ordaina jasoko ez duzula esandakoan erretzearen umekeria garestitxo atera ez ote zaizun galdetu diozu aireportu berari.

Simulakroa ere amaitu da hainbestez, eta zortea eduki dute, hegazkinak ez du lurra jo.

Eta zu nor zara? galdetzen diozu zeure buruari.

Agian benetako hegazkin bat naiz eta ez dakit aireratzen edo lurreratzen ari naizen, edo are okerrago, simulakro hutsa ez ote naizen.

Harresi arrastoak | Gorka Gurrutxaga

Ezer ulertzen ez zuen garaia, orori harriduraz behatzen ziona, joana bada ere, koxkortua jada, 8 urte amaren sabeletik ihes egin zuela mundura, badira gauza batzuk oraindik ondo ulertzen ez dituenak, eta euretako batek goibel dauka. Gaur egingo dio aitonari itauna, tristura ahaztu ezean,  zergatia jakiteko bederen.

Autoan doaz aita-amak eta semea, bi iganderoko ohituraz aiton-amonen etxera bazkaritara. Charlottenburgetik Friedrichshainerako bidean, Berlin hegalez hegal zeharkatzen dute, mendetik ekira. Haurra harritu egiten da bidaia bakoitzean bidean ikusten dituen kontrasteez. Etxeinguruko Zara, Mc Donald’s eta abarrak, desagertu ez arren, hurritu egiten dira nabarmen aiton-amonenera heldu orduko. Eraikinak handiagoak dira, edo handientsuagoak behintzat. Eta geometrikoak. Hiribideak luze eta zabal. Akaso trajedun gutxiago ibilitzen da inguru hauetan, ilea kolore fosforeszentez margoturiko gehiago, eta zakur saldoa lagun, haiek lotzekoez gain soinean kate ugari duen jendea.

Aitak beti esaten dio Oberbaumbrücke igarotzen ari direla, behiala harresi bat izan zenaren arrastorik luzeena gelditzen dela han ezkerretara. Aitak kontatzen dion moduagatik, garai iluntzat dauka semeak harresiaren hura. Zail zaio ordea orain hain koloretsu ikusten duena, koadro erraldoi bat bailitzan, sasoi beltz batekin lotzea. Zubia zeharkatzen duten bakoitzeko errepikatzen dio euren ekialdeko anaiek altxa zutela harresi hori, eurengandik bereizi nahiez, eurek, mendebaldekoek, zer ikusirik ez balute bezala murruaren eraikitzean. “Haiek ziren gugandik bereizi nahi zutenak. Guk ez genituen gorroto, ongietorriak ziren gurean, eta asko eta asko gugana etorri ziren, gobernuagandik ihes askatasun bila. Eta horrexegatik eraiki zuten horma, beldur baitziren ez ote zien jende gehiegik alde egingo gurerantz”. Are nahasarazten duena, gaiztotzat deskribatzen dituen haiei anai eta ez etsai deitzen diela.

Aitonak atea ireki orduko muxu bat eman ohi dio bilobari, eskuaz kaskoa laztantzen dion bitartean. Amona izaten da hurrena, hura sukaldean izaten baita lanpetuta, senarrari utziz atea irekitzeko betebeharra edo ohorea, gauzak nola ikusi. Mahaira esertzen dira saltoan, jana hoztuko den beldur, eta gosez, halakoetan gosaldu gabe joaten baitira, jakinaren gainean nahikoa izango dutela gero ere sabela betetzeko.

Gaurkoan haragia prestatu du saltsan, patata pure batez lagundua, eta aza hartzituz. Postrerako txokolatetxo batzuk eta gabonetan soberan izandako Spekulatius-ak. Eta kafearekin batera betiko leloak, eta bere bi eredu handi horiek, handi ikusten baititu oraindik, eztabaida sutsu xamarrean, zeinaren eraginez etxeko bi emakumeek atzeko gelara eramaten zuten giro nahasitik babestu nahiez; aspaldian gehiago egiten ez dutena, koxkortua delako edo aitonak eskatuta, bilobak herriaren historia jakin behar duela defendatuz.

Aitonak esaten du eurek bizi ziren tokian ez zegoela langabeturik, ez zela beldurrik izaten hurrengo egunean lanetik kaleratua izateko, ez eta hurrengo egunez tripa betetzeko aukera izango zuten larritasunik ere. Antzeko jakiak beti, baina mahaia beterik. Aitak berriz, lana baietz baina askatasunik ez zeukatela batere, estatuak programatuta bizi zirela, ezin zutela aukera egin txokolatea edo laranjak meriendatzeko, ez baitzen ez batik eta besterik oro har, eta izatekotan, bietako bat besterik ez. Horiek ez direla ezinbesteko gauzak aitonak, badirela behar primitiboagoak eta horiek aserik izatea dela balio duena. Eurek hala izan zituzten urte luzez, hezkuntza, osasungintza… Ez zutela aukerarik nork gobernatuko zituen erabakitzeko ere, atzera aitak. Eta aitonak ea ondo funtzionatzen duen gizarte batean gobernaririk behar ote den. Aitak hitza: arropak ere denek berdinak zituztela, ez zela norbanakoa aintzat hartzen, talde sentimenduak suntsitu egiten zituela norbanakoaren berezitasunak, eta halako gizarte batek beldurgarriaz gain aspergarria izan behar duela. Nahiago duela hori, multinazionalen inperioan lepoa estu, arnasestuka bizi baino, aitonak.

Ez du askoz gehiagorako ematen eztabaidak, arratsaldeko bostak izaten direnez gero bietako batek azken hitza bota duenean, etxeratzeko ordua biharamunean eskolara eta gurasoak lanera joan beharra medio. Azken hitza nork bota egunaren araberakoa da, batzuetan aita izaten da, eta autoan doazelarik “gaurkoan ahoa itxita utzi dut zure aita egoskor hori” esaten dio amari. Bestelakorik gertatu bada, mutu egin ohi du itzulerako bidaia.

Haurra noraezean uzten dute eztabaida hauek. Ez daki zeini eman arrazoia, ez daki zeinen alde jarri, askoz errazago zaio hautu hori egitea lagunekin eztabaidan. Orduan etxekoaren alde egiten du beti, dela aita dela aitona, baina kasu honetan biak senideak izanik, ez daki gorri ala urdin. Ohartzen da biek ala biek esaten dituztela nahiko arrazoizko gauzak, eta iruditzen zaio, ez ote dauden, aita eta aitona, uste dutena baino gertuago euren iritzietan. Baina agian umea delako da hori, oraindik ez dituelako ondo ulertzen zehaztasun guztiak. Argi daukana ordea zera da, goibel daukala aitaren eta aitonaren arteko ezinikusiak. Gainera bada gauza bat oraindik ulertzen ez duena, eta etxeratu aurretik itauna egin behar dio gaur aitonari, tristura ahaztu ezean, zergatia jakiteko behintzat, eta galdetu zergatik ez den inoiz etorri euren etxera bazkaritara.

Bokazio madarikatua | Peter Ostolaza

Amari eta aitari, bihotzez,

Badakit azkenaldian arraro samar nabilela. Atzoko pasadizoak ere ez du azalpenik, “etxe honetan ez dago ganorazko ezer idatziko duenik!” bota eta oihuka desagertu nintzen korridorean barrena, horretarako inolako motiborik gabe. Barkamena eskatzen dizuet, beraz, aldez aurretik. Ez dira, ordea, garai onenak idazle jendearentzat, eta are gutxiago nire tankerako hasiberri ilustratu ustekoentzat, esateko deus gutxi eduki arren paper zuriaren aurrean jartzera derrigortzen nau indar hautemaezin batek behin eta berriro. Bokazio madarikatua nirea.

Eta barkatuko didazue atrebentzia, baina zuek ere bazarete erruaren parte. Zeren bestela, esadazue zer dela eta, zuek, psikologo entzutetsu samar zareten pare horrek, pertsonaren osatze prozesuan bizitzako lehendabiziko urteek duten garrantzia demasekoaren berri ondo asko dakizuen berberek, bete zenidaten apala Teoren kolekzioarekin, Bostak eta Hollister familiaren abenturekin, ez aipatzeagatik Kittano, Pottoko, Kaskarintxo edota Txan fantasma. Zergatik, guraso maiteok? Garai hartan jakin nuen, kontu serioetara dedikatu beharrean, Joxemek ohelikopteroan bidaiatzen zuela, ez zegoela Madame Kontxesi Uribe Brigadak argitu ezin zuen kasurik, Xolak bazuela lehoien berri. Zerbait probetxugarria ikas nezan saia zintezketen, udako kanpamendu teknologikoan apuntatuta edo, nik zer dakit. Baina ez, zuek zuenean sendo, ingurukoek soberan zituzten paper-meta denak nire logelan kontzentratzen, eta nire logela leporaino jositakoan bi arrebenean, eta, azkenik, bi anaienean (ez dizuet sekula eskertu hainbeste senide munduratu izana; zuei eskerrak badugu gure penak nori kontatu). Nerabezaroa ailegatu zenerako nire kasuak ez zuen erremediorik: Joxerra Garziaren gazte literaturarako esku abilak harrapatu ninduen institutura jauzi egin berritako garai sentibera hartan. Handik puska batera, punk-oi! musika, galinbak eta Erreala besterik maite ez nuenean -Mujika taldeko hooligan eta guzti egin nintzen, pentsa-, letren krisialdi sakonetik sekula aterako ez nintzela zirudienean, hara non agertu zen gure etxean susmagarriki Juan Luis Zabalaren Galdu arte eleberria, supituan neure Bibliatzat hartu nuena, ohartu bainintzen literaturak bazituela nire bulkadarik antisozialenak ere barnebiltzeko adinako baliabideak, ez nuela sekula abandonatuko, are, literarioki eta literaturagatik biziko nintzela.

Eta horretantxe saiatzen ari naiz orain, ene guraso bihotzekoak. Ez badakizue ere, Kaktus eleberriari, nire opera prima izango denari, azken ukituak ematen ari naizelako igarotzen dut hainbeste denbora ordenagailuaren aurrean. Etxeko garrasi festa etengabeagatik ez balitz, bukatua nuke honezkero. Ados, onartzen dut, atzoko erreakzioa gehitxo izan zen, “etxe honetan ez dago ganorazko ezer idatziko duenik!” bota ostean ez nion zertan sarrerako ateari gisa horretako danbatekorik eman, baina konpreni nazazue ni ere: gurasoen etxean fikzioa egitea Mikel Markezen baladek bihotza samurtzea baino zailagoa da. Hor zabiltza, garunaren zirrikiturik bazterrekoenean arakatzen, narratzailearen barne monologoarekin itzulinguruka, eta bat-batean alboko gelako anaien liskarrek haria galarazten dizute. Edo arrebak ea tabako paketea ezkutuan zeure gelan gordeko diozun eskatzen dizu justu asebeteko zaituen estiloaren bila erotu beharrean zabiltzanean, gau ilunean hiriko zokorik zokoenetan ibiltzea laket duten pertsonaien aldarte drogatuarekin era egokian bat egingo duen idazkera nahasi, bizi eta bihurria topatu nahi duzunean (aitortzen hasita, egia da noiz edo noiz, obraren mesedetan, peyotearekin esperimentatzen aritu izan naizela, baina edonola ere, nirea hutsaren hurrengoa da zuek hippie garaian hartutakoarekin konparatuta). Edo, zertarako ukatu, zeure burua imajinatzen duzu Durangoko azokako standean irribarre mozolo adina liburu saltzen, kazetariz mukuru den areto batean esaldi ponpoxoak boteaz, “eleberri garaikide bat egiten ahalegindu naiz”, edo are hobe, “izaki postmodernoak bizitzea egokitu zaion garaiarekin duen barne-gatazka izan dut mintzagai, nola bera egituratu duten oinarri ezegonkorretan bizitzeari uko egin arren saihestezina zaion betiko joera beretara itzultzea, esentzia aldaezin bakarra aldaketa bera balitz modura”, eta esnobismoaren gandu horretan galduta, aitaren tinbre lehorra entzuten duzu hormaz bestaldera, zeuri sekulako oilaskoa montatzen, hainbestetan desagerrarazteko agindu dizun zabor poltsak betiko tokian jarraitzen duela eta.

Horregatik harrapatu nuen halako kasketatzarra atzo, horregatik bota nuen “etxe honetan ez dago ganorazko ezer idatziko duenik!” oihua eta horregatik alde egin nuen etxetik, sarrerako ateari danbateko itzelezkoa eman ondotik: min eman zidalako literaturaren bideari fidel jarraitzeko neure moduaz ohartzen ez zinetela ikusteak, zaila delako subordinatu egoeran sentitzen den Ni batetik obra txukunik sortzea. Baina, sinetsidazue, jada ez dago herrarik ene baitan, portalean behera desagertu eta lau eskailera maila jaitsi nituenerako aski baretua nintzen, eta kalera irteterako, aldarte bozkariotsuz. Bokazio madarikatua baitu izan norbere zoritxarrak zinez sentitzen ez dituenak, norbere burua ere esperimentazio laborategitzat besterik ez daukanak, lehen pertsonako sufrimendu oro ondoren berak beste zerbait sortzeko lehengaitzat hartzen duenak. Eta nik, kaleko haize freskoa arnastearekin bat, pentsatu nuen: “Peter, gaurko liskarra bazka ezin aproposagoa izango zaik literatura pixka bat egiteko”.