‘Habiak’, Maite Gurrutxaga & Dejabu | Iraitz Ugalde

http://www.ivoox.com/habiak-iraitz-ugalde_md_2696171_1.mp3″ Ir a descargar

“Sustraiak ditut zainen ordez.

Nire begietan kimuak

bilatzen dituenak

zuhaitz bat aurkituko du.

Nire begietan leihoak bilatzen dituenak,

zuhaitzen adarrek sostengatzen duten zerua

aurkituko du.

Sustraiak ditut zainen ordez.

Izakien malkoak edaten

dituzten txorien zain

eman dut bizitza.

Txori ixilak, txori anonimoak…

oroitzapenak nahi bezala astintzen dituzten

txori ixiliak,

anonimoak.”

Pertsonak ezin du txoriak bezala hegan egin. Gure bizilekutik alde egitera behartuko bagintuzte ere, ez lukete lortuko gure sustraiak erauztea. Baina lotzen gaituzten sustrairik gabe nola egin hegan? Kukuak beste txorien arrautzak nola, Ximon ere bere baserritik bota zuten Abiadura Handiko Trena eraikitzeko. Berriki alargunduta, herriko pisu batean kabitu behar berak eta bere bakardadeak. Ez dio horregatik amets egiteari utziko. Hegoa zaurituta izan arren, plan bat du. Eta horretan dihardu lanean, xorro-xorro, txoriak habia egiten duen egonarri eta dedikazio guztiarekin.

Selmak beste arrazoi batzuk tarteko utzi behar izan du bere habia. Han urrutian, Bosnian, etxekoak ditu zain. Ximon zaharra jagotera etorri da Euskal Herrira. Badaki berak bilduko duen diruaren premia gorria dutela gerrak astindutako Gorazde herrian. Inkomunikaziora kondenatuta dirudite Ximonek eta Selmak. Euren munduen bategiteak ekar dezakeen harmonia ilustratuko zaigu, ordea, gaur hizpide dugun liburuan.

Dejà vu panpin laborategia Ainara Gurrutxagak eta Urko Redondok osatzen dute. Aurpegi ezagunak bienak, beste kide batzuekin batera eurek sortutako antzezlanak (Errautsak (2010), Gure bide galduak (2011)…) gauzatzen oholtza gainean ikusi ditugunontzat. Oraingoan, Maite Gurrutxaga marrazkilariarekin elkarlanean, antzerki gisa argia ikusi zuen Covek nije ptica/Gizona ez da txoria (2009) lana komikira ekarri dute, HABIAK izenburupean. Batera argitaratu da NIDOS, gaztelaniara eginiko itzulpena. Jatorrizkoa bezalaxe hiru hizkuntzatan dago idatzia: euskaraz, gaztelaniaz eta bosnieraz. Bietan errespetatzen da euskara Ximonen ahotan, eta bosniera Selmaren esparruan. Ingurua da erdal hiztuna izango dena Nidos-en, eta euskalduna, berriz, Habiak-en.

Hitz gutxiko liburua da, baina marrazkiek narrazio gaitasun handia dute. Simultaneoki gertatzen diren egoerak erakustea lortzen da, pertsonaia bakoitzaren haria galdu gabe istorioaren gauzatze eta ebazte osora iritsi arte. Mugimendua eta efektuak guztiz lortuta daude. Tonalidadeekin jolasten du marrazkilariak, oroitzapenak zuri beltzera eta pasarte ezberdinak hori, arrosa nahiz urdin zaporera ekarriz. Gertakizun hunkigarriek eta pertsonaien arteko harreman samurrak emozioz kargatzen dute irudi liburua. Pasa den urteak utzi digun ale berezienetariko bat, inondik ere, komikizaleontzat.

“Sustraiak ditut zainen ordez.

Nire begietan kimuak

bilatzen dituenak

zuhaitz bat aurkituko du.

Nire begietan leihoak bilatzen dituenak,

zuhaitzen adarrek sostengatzen duten zerua

aurkituko du.

Zuhaitzen sustraiek

hirietako espaloiak zartatzen dituzte”

‘En la orilla’, Rafael Chirbes | Jon Iraola

http://www.ivoox.com/en-orilla-jon-iraola_md_2672892_1.mp3″ Ir a descargar

“Los viejos amigos”-eko kontu-garbitzeekin nahikoa ez zenuela izan pentsatzen al duzu? “Crematorio”-ren osteko bixamonaren berri nahi duzula izan? Zorionekoa zu, lagun!, “En la orilla”-n biak ala biak topatuko baitituzu: protagonistaren eta bere ingurukoen bizitzari emandako errepaso gordina batetik, eta burbuila lehertu osteko katastrofe humanitarioa bestetik. Bada Chirbesen idazkerak are ilunagoa eta are gordinagoa ezin zuela izan pentsatzen duenik… Ez du, noski, “En la orilla” oraindik irakurri…

Parean daukat liburua, eta Pasaiako portuko txatarra pilen edo Zorrotzaurreko fabrika abandonatuen aurrean bezala sentitzen naiz: txatarra pila hori zaborra da, bai; herdoila besterik ez dute fabrika horiek, ongi da; baina horren guztiaren atzean, estetikaz aparte ere, bada zerbait, istorio ugari daude. Efektu berbera eragin dit “En la orilla”-k. Egunkari eta albistegien bazka den krisiaz baliatuz, Chirbesen begien atzean ezkutatzen den deabru madarikatuak istorio eder, gogor, krudel eta zorrotzak eman baitizkigu.

Baina entzulea nahastu aurretik: nire uste apalean, “En la orilla” ez da krisiari buruzko nobela bat; ez horri buruzkoa bakarrik behintzat. Gerra zibilarekin batera jaio zirenen bizitzaren atzera begiratze bat iruditu zait gehiago, protagonista eta narratzaile nagusi den Estebanen ahotik: Karl Liebknecht eta Rosa Luxemburgori buruzko hizketaldiak; Lou Reed, Janis Joplin eta Jimi Hendrix-en posterrak; gerran benetan zer pasa zen deskubritzen joatea; iniziazio-bidaiak (Paris, Londres, Ibiza); lehen maitasuna; pixkanaka-pixkanaka lagunak urrunduz sentitzea; bakoitzaren ibilbidea zein izan den ikustea…

Esteban, nobelako protagonista, hirurogeita hamarrak bete dituen mutilzahar frakasatu bat da. Bizitzan ez du helburu zehatzik izan, anbizio gabeko pertsona izan da: ez zuen idazle izan nahi, ez zuen eskultore izan nahi eta, batez ere, ez zuen arotza izan nahi (bere aitaren lanbidea), eta are gutxiago nahi zuen aitarekin lan egin; maitea maitatzearekin nahikoa zuen. Nora joan ez dakienarentzat, ordea, ez da bide onik: Esteban arotza izan da lanbidez, berrogeita hamar urtez gainera, guztiak bere aitaren tailerrean; eta maiteak, bere maite bakarrak, pikutara bidali zuen. Eta hori gutxi balitz, bere eta bere aitaren azken urteak duin pasatze aldera (bere aitak ezin baitu bere kabuz bizi –ez hitz egin, ez garbitu…-), zituzten aurrezki, jabetza eta ondasun guztiak higiezin-salmenta handi bateko sozio izateko hipotekatzen ditu. Estebanen aroztegiarekin, etxearekin eta aurrezkiekin zer pasa zen sumatuko zenuten jada… Baina aizue, garai haietan zeinek aurreikus zezakeen 2008ko gainbehera?

Baina, nire iritziz, argumentuan baino askoz ere mami gehiago dago pertsonaietan, batez ere Estebanen bi kontrapuntuetan: bata, bere aita (herra, sumina, bakardadea); bestea, Francisco, gaztetako lagun mina (arrakasta, luxua, jan eta edaneko bizimodua). Aitak errepublikaren alde borrokatu zuen, eta beste edozer baina biziago darama barruan marxismoaren garra. Franciscok, kontrara, frankista zuen aita, gerraostean aberastu zen kriminal horietakoa, baina ongi baino hobeto arduratu da jatorri iluneko urak garbitzen eta bere burua burgesia mokofinenaren parte bihurtzen: elkarte katoliko ezkertiarretan hasi zen; jarraian, garai berriei tankera hartuta, sozialdemokraziari esker ehundu zuen bere lehen kontaktu sarea; eta, sare honetaz baliatuz, Espainiako ardo aldizkaririk sonatuenaren zuzendari izatera iritsi zen.

Paradoxikoa dirudi, baina Estebanek, aldi berean, izan zitekeena du mutur aurrean (Francisco) eta baita bere nahiaren kontra bihurtu dena ere (bere aita). Bestalde, sozialdemokraziaren traizioa (Felipe González, Soltxaga…) eta, batez ere, trantsizioak difuminatutako klase borroka inon baino biziago plazaratzen direla nobela honetan uste dut. Bigarren mailako pertsonaien zerrenda zabala ikustea besterik ez dago gaur egungo miserien polifoniaz jabetzeko (Liliana Estebanen etxeko andre kolonbiarra, aroztegiko lana galdu duten Ahmed, Joaquín, Alvaro, Julio eta Jorge-ren istorioak…).

Laburbilduz, “En la orilla”: heriotzaren eskuetan erori aurretik burua altxatzea inguruko paisaia ikusteko (itsasoa, dunak, inguru zingiratsua), eta oroitzea: osabaren magalean eserita bere gutunei zigiluak itsasten; edota ama plantxan eta ama kantuan; edota lehen maitearen mingaina belarrian, bizkarrezurra gurutzatzen duen zirrara sortuz. Urrun sentitzea zoriona, Estebanek sentitzen duen bezain urrun. Eta adimena Chirbesen idazkera zurrunbilotsuaren baitan askatzea, bizitzaren meandro lakar eta garratzetan barrena, atzera bueltarik gabe eta uholde baten indarrez, Estebanen herrixkako zingiraraino. Eta zingirako ura sentitzea hotz, oso hotz, eta Spree ibaiko ur izoztuez gogoratzea, eta Karl-etaz, eta Rosataz.

‘Aiztoa eta arkatza’ & ‘Idazten ari dela idazten duen idazlea’ | Iraitz Ugalde

http://www.ivoox.com/aiztoa-eta-arkatza-iraitz-ugalde_md_2592931_1.mp3″ Ir a descargar

Idaztearen kirolak arimaren gihar nekeak ematen ditu. Idaztearen ofizioak ez du dirurik ematen. Idaztearen aisia aislatzailea da. Eta, hala ere, zenbatek eta zenbatek gozatzen duen pentsamentuak hitz bilakatze horrekin. Makina bat irakurlek ere sentituko zuen idaztera pasatzeko tentazioa, edota irakurgaiari adina idazleari erreparatzeko bulkada.

‘Aiztoa eta arkatza’ liburua sona handiko idazleek idazteari buruz eginiko zenbait hausnarketaren bilduma da. Irati Jimenezek egin ditu testuen hautaketa eta gibelsolasa. Harkaitz Canoren hitzaurreak ematen dio hasiera liburuari eta Antton Olariagaren marrazkiek aberasten dute edukia. Bi atal nagusitan banatzen da: Lehen atalean XIX eta XX. mendeko zenbait idazleren biografiak datoz (A. Monterroso, V.Wolff, R Carver, C. Bukowski…). Bizi oso baten sintesiak obraren atzean dagoen pertsonaren argazkia egiten digu. Biografiatxoaren segidan idazleak literatura sortzeari buruz hausnartu eta aholkatutakoak biltzen dira. Ironiaz eta intimitatetik esandakoak euren izakeraren eta idazkeraren isla dira.

Bigarren atala, berriz, lau kontzepturen bueltan eraikitzen da: inspirazioa, blokeoa, estiloa eta kritika. Sorkuntza munduko zenbait pertsonalitatek (P.Picasso, A. Ginserg, A. Nïn, Sokrates…) ideia hauen inguruan eginiko aipuen bilduma da, luxuzko brain storm kolektiboa osatzen duena. Idazlearen ajeekin enpatizatzen lagun dezake liburuak, idazketa prozesua barrutik ezagutzen eta idazlearen irudian topikoetatik idiosinkrasira dagoen tartea zenbatekoa den ikusten.

Gogoan izango duzuen bezala, literaturaren inguruko munduaz mintzo diren ipuinen sorta plazaratu zuen iaz Iban Zalduak ‘Idazten ari dela idazten duen idazle’ izenburupean. Euskal literaturaren munduan dabilen edozein idazle, itzultzaile nahiz irakurzalek erraz  topatuko du bere burua bertan. Kritikariekiko sinbiosi behartua, argitaratzera iritsi bitarteko lehia migotsa, liburu denda perfektuan bizi den mutikoa, inspirazioaren bilaketa desesperatua…

Gutxi asko literaturaren gaixotasunak jota daude liburuko pertsonaiak. Ipuin bakoitzean amaiera hurbiltzearekin batera indartzen da trama (idazlea bera Philip K. Dick bilakatzen den momentua esaterako). Feedback handiko istorioak dira, batzuk kasik zirkularrak (Tentazioari eusten, Deskribapena). Pertsonaien ekintzek deskribapenek dioten guztia fin-fin berresten dute.

Istorioaren barruan kontatzen den istorioaren barruko istorioa. Idazlearen fikzioa idazlea bera denean, irakurlea ere norbait da ipuinean. Fikzioan guztiz murgildu eta pertsonaien fluktuazio mental bakoitzean parte hartzera iristen zara (Kafkaren itzultzailea). Hortik aurrera irakurle bakoitzaren sinesberatasunaren esku geratzen da batzuetan errealak diruditen (Potroak), besteetan fantasiosoagoak eta surrealistagoak diren (Bidegurutzea) kontakizunek emango dioten astindua.

Metaliteratura apur bat, beraz gaukoan, ‘Aiztoa eta arkatza’ bilduma-lan dokumentatua
bata, ‘Idazten ari dela idazten duen idazlea’ ipuin-liburua bestea.

The Devil All The Time (Donald Ray Pollock)| Jon Iraola

http://www.ivoox.com/diablo-a-todas-horas_md_2505543_1.mp3″ Ir a descargar

Mendebaldeko eta ekialdeko kostak, lurraldearen ezkerretara eta eskuinetara dauden bi parentesi bezala. Halaxe irudikatzen dute AEBak bertako jende askok. Estatubatuar arrunta, autentikoa, ez dela ez New York-en ez Los Angeles-en bizi diote, etxez etxe sakabanatutako erdialde zabal horretan baizik.
Barrualdeko Estatu Batuetara eramaten gaitu, preseski, El diablo a todas horas-ek, Ohio-ra eta West Virginia-ra hain zuzen ere. Hasiera batean, non zeuden ere ez nekien. West Virginia agian bai, John Denver-en Country Roads kantagatik. El diablo a todas horas eleberriaren antipodetan dagoen kanta, bidenabar. Paisaia idiliko eta doinu melenga gutxi, orrialde hauetan.
Izan ere, aspaldi zen horrelako istorio odoltsu eta gogorrik irakurri ez nuela: bizioa, gainbehera, etsipena, amorrua, biolentzia, heriotza… Ufffffffffa. Mizkinak bazarete, edo bihotzeko arazotxoren bat baduzue, badakizue: urrutira, aire! Ez pentsa, hala ere, Tarantinoren odol-festa baten aurrean gaudenik: heriotza asko daude, bai, baina ez dira arinak edo funsgabekoak. Idazle honek badu azken arnasak deskribatzeko talentu berezi bat…
Eleberria Bildungsroman bat da hein handi batean, Arvin Russell protagonistak ume izatetik gizon izaterako ematen duen saltoa baitu ardatz, Bigarren Gerra Mundialaren ondorenean hasi eta hirurogeigarren hamarkadaren amaierara arte. Arvin-ek ez du bizitza samurra izan: oraindik ume dela, bere ama minbiziak jota erremediorik gabe hiltzera doa, baina bere aitak, Willard Russell-ek, otoitzaren bidez ama salba dezaketenaren uste osoa du. Basoaren erdian aldare bat eraikitzen du horretarako, animaliak sakrifikatzen ditu hauen odola aldarean isurtzeko, eta Arvin-ekin batera bertan igarotzen ditu egunak eta gauak, errezoaren eldarnioan, gogortutako odolaren eta hildako animalien artean, ama etxeko ohean hilzorian dagoen bitartean.
Horrela hasten den istorioak jarraipen alairik izan al dezake? Pertsonaia guztiek dute kaltegarria izan daitekeen erotasun puntu bat, edo fanatismo ukitu bat, edo krudelak dira, edo ezjakinak, edota aurreko guztia batera. Esaterako: Lee Bodecker, sheriff ustel eta alkoholikoa; Carl eta Sandy, Estatu Batuetako errepideak irrika hiltzailez zeharkatzen dituzten senar-emazte serial killer-ak; Preston Teagardin, apaiz anker eta bortxatzailea; edota Roy eta Theodore, lehena Jainkoa debozio itsuz -eta arriskutsuz- miresten duen sermolaria, eta bigarrena aurrekoaren bidaia-lagun paralitiko gitarrista (ez dakit zergatik, baina Midnight Cowboy pelikulako bikotea ekarri didate gogora; hori bai, bertsio jainkozale burubero arriskutsuan).
Sinesgarritasuna falta zaiela? Ez dut uste, ez dut hori nabaritu liburua irakurri bitartean. Alderantziz, nabari da idazlea hiru dimentsioko pertsonaiak sortzen saiatu dela; bigarren mailan dauden pertsonaiak ere ederki landu ditu. Pixka bat artifiziala iruditu zaidana muntaia izan da, hau da, sorpresak sorpresa, heriotzak heriotza, dena ondoegi-edo etortzen dela bat, igande arratsaldeko pelikula batean bezala puzzleko pieza guztiek ederki egiten dutela bat.Gainontzean? Nahiz eta idazlearen ahotsa gogorra eta gupidagabea izan, arin irakurtzen da, eta ez da dena izugarrikeria: badaude momentu ederrak, laguntasunezkoak, duintasunezkoak.
Baina herri txikia, infernu handia sentsazioak ez zaitu inoiz abandonatuko. Nobelak asko baitu ezintasunetik, herri txiki nazkagarri puta batean trabatuta eta usteltzen sentitzetik: basakeria, whisky botilak, larrutan egin ostean bide ertzean abandonatutako putak, pobrezia, kulpa ezin eramana, utzikeria, pistolak eta lokatzetan hondoraino bizi diren pertsonak.
Ongi etorri, entzule, American way of life-aren alderik ezezagun, ilun eta bortitzenera.

Preso nago | Iraitz Ugalde

http://www.ivoox.com/preso-nago_md_2410028_1.mp3″ Ir a descargar

2002an sortu zenetik Ataramiñe elkarteak Euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoak izenburupean Euskal Presoen testuak biltzen dituen urtekaria ateratzen du Durangoko Azokan. Horrez gain, askotariko sorkuntza lanak argitaratu ditu, poesia nahiz komiki, musika edota ipuin, preso dauden sortzaileek euren plaza izan dezaten. Gisa honetara ikusi dute argia gaur hizpide izango ditugun komiki liburuxkek.

Irribarrez apur bat libreago dio 2010ean Mikel Orbegozok argitaratu zuen ‘Preso nago’ komikiko lehen marrazkiak. Filosofia horrekin berberarekin dator aurtengoan ere Intxaurrondokoa ‘Preso nago 2’ lanarekin aurreko ale hari segida ematera.

Izan liteke lau hormen artean egositako bakardadearen aterabide naturala, asperdurari forma emateko modu bat, klaustrofobiaren aurkako terapia kreatiboa edota edozein gizakik berezkoa duen adierazteko nahia. Izan liteke gustoz edo halabeharrez eginiko zerbait. Edo guztiaren nahastura. Kontua da Mikel Orbegozok bere-beretik sortu duenak gauzatze aparta izan duela.

Hondoratuta egonda urari oxigenoa erauzteko gaitasuna, horretatik asko erakusten du Orbegozok. Eta positibitate hori transmititzen asmatzen du. Hain estimulu gutxi eskaintzen dituen unibertso mugatutik kolore biziz bete ditu orriak. Biñeta batean irudikatzen duen matriuxkan bezala: espetxean moduloa, moduloan zelda, zeldan pertsona, eta pertsonarengan baloreak. Mundu bat. Irudimenaren infinitua, hormez ulertzen ez duena, sorkuntzak ilustratzen duelarik zeldako itzala.

Argazki latzak karikatura sinpatiko bilakatzen ditu, pintatzen duen eskuak koloretan pentsatzen baitu. Umore beltzetik badu zerbait (funtzionaria presoekin non dago pelotatxoa jolasera jostatzen denekoa), ideia surrealistaren bat ere bai tarteko (oinpeetan jaiotako sustraien bitartez presoek euren herriko festetako herri bazkarietan bapo jaten dutenekoa).

Euskara eta gaztelania tartekatzen dira, pertsonaia bakoitzaren rollari dagokion hizkuntza erabiliz. Naturalak dira egoerak. Bi komiki lanetan kartzelan koexistitzen duten bi espezieren arteko elkarbizitzaren pasadizoak dira nagusi. Badaude presoen argazkiekiko aferari, Euskal Preso Politikoen Kolektiboari eta preso gaixoen problematikari eskainitako atalak ere.

Marrazkiak sinpleak dira baina badakite hizketan. Kontakizunetariko asko samurrak dira, elkartasuna samurra baita. Hala ere, kartzelako dinamika errutinarioari zorrotz ateratzen dio punta, bertako kontraesanak parodiatuz eta duintasunaren definizio praktikoak emanez.

Aise irakurtzeko komiki atseginak beraz, gaurkoan, sensibilitate handiz baina irribarrea ere lapurtzeko moduan idatziak.

‘The Pearl’ [John Steinbeck] | Nagore Ares

http://www.ivoox.com/the-pearl-john-steinbeck-nagore-ares_md_2224547_1.mp3″ Ir a descargar

Urrearen distirak milaka gizaki hil ditu. Hala egiten du oraindik munduko txoko anitzetan, hala egiten dute diamanteek eta baita petrolioak ere. Gizakien arteko borroka eta gerra anitzen iturburu, gizadiaren alderik ederrena eta okerrena loratzeko gai izan da horien distira. Loraldi horren eragile da John Steinbeck idazle estatubatuarraren istorioko perla ere.

Steinbeck-ek, bizitzaren dualtasuna mintzagai izan zuen The Pearl liburuan, munduko gauzarik ederrena, itsusiena bihur daitekeela azaleratu zuen  Kino arrantzalerearen, Juana emaztearen eta Koyotito semetxoaren istorioaren bidez.

Eskorpioi baten hozkadak larri gaixotuko du umetxoa, gurasoek medikuenera eramango dute, baina sosik ez dutenez medikuak ez du umea ikusiko. Egoera era bat aldatuko da  Kinok perla distiratsu eta handi bat topatzen duenean.

Herrian inoiz ikusitako perlarik handiena eta ederrena izango da eta familiaren eta haien auzokideen ametsak elikatuko ditu. Baina ametsekin batera, inbidiak eta mesfidantzak ere harrotuko ditu “munduko perlak”, haien bizitzak bortizkeriaz josiz.

Izan ere, bortizkeria maila eta mota anitzez ari da Steinbeck liburu honetan. The Grapes of Wrath (1939) eta East of Eden (1952) liburuen idazleak estilo eta gai berberei heltzen die oraingoan ere. Hizkuntza sinplez, gai konplexuen inguruan aritzen da, hain zuzen ere, pobreziak eta aberastasunak sortzen duten bortizkeriaz, eta baita gizakien izaera moralaz eta sozialaz ere. Horrekin batera, genero ezberdintasunen inguruan ere hitz egiten du, esplizituki zein inplizituki, Juana eta Kino pertsonaia nagusien rolen eta Juanaren gogoeten bidez egiten du hori.

Idazleak, haren obraren zati esanguratsua munduko pobreen bizitzen inguruan hausnartzeko erabili zuen; botereak pobreziarekiko duen jarrera eta pobreziak sortutako bortizkeria azaleratu eta salatu zituen horien bidez.

The Pearl, 1947an argitaratu zen lehen aldiz.  Liburuaren euskarazko itzulpena 1988koa da. Ruper Ordorikak ekarri zuen euskarara eta Elkar argitaletxeak argitaratu zuen.

Steinbeckek Mexikon entzundako legenda batean inspiratu zen haren kontakizuna sortzeko. Horren arabera,  gizon gazte batek perla eder eta handi bat topatu zuen, perla saltzen saiatu zen, baina erosleek diru gutxi eskaintzen zioten eta itsasora bota zuen. Mutilaren “heroi” izaera azpimarratzen du istorio mexikarrak, Steinbeck-ek, ordea, pertsonaiei izaera gizatiarra eman nahi izan zien. Hala, gizatasunaren inguruko metafora  zorrotza ondu zuen.

Steinbecken obra nagusien artetik at geratu den arren, The Pearl idazle estatubatuarraren libururik ezagunetarikoa da eta badago horretarako arrazoirik. Horretan ere, kazetari eta idazleak, apaingarririk gabeko hizkuntzaren bidez, irakurlearen bihotzera heltzea lortzen baitu. Distira alde batera utzita, horren azpian ezkutatzen diren egi unibertsalez aritzen da.

Gauzarik distiratsuenak balioa galdu dezaketen antzera, azalean barrena eginez gero, disdirarik gabekoek balio ikaragarria izan dezakete. Horren erakusle dira Steinbecken liburu eta artikuluak eta, bereziki, hizketa gai dugun hau. Liburu laburra eta idazkera sinplekoa, garai eta geografia orotako gizakien kontzientziak astindu ditu.

Pascal Brutal | Jon Iraola

http://www.ivoox.com/pascal-brutal_md_2187376_1.mp3″ Ir a descargar

Frantzia… Etorkizuna… Iritsi gabeko egunen lanbro ukiezinean barna, ez da gauza handirik atzematen… Bai… Hots lauso bat: 1992 adidas torsion zapatilena asfaltoaren kontra…  Eta distira iheskor bat lainopean: zilarrezko eskumuturreko bat, “Pascal” idatzia duena… Eskumuturreko honek badu bere jabea:

PASCAL BRUTAL!
Bai, tontoarena pixka bat egin ondoren, gaurkoan azken urteetako Frantziako komikigintzako pertsonajerik handienari buruz arituko naiz. Nire komikigile frantses kuttunenak, Riad Satouff-ek, mende honen lehen hamarkadaren amaiera aldera publikatutako trilogian biltzen dira Pascal-en abenturak: “Pascal Brutal, gizontasun berria”; “Pascal Brutal, Ar menperatzailea”; eta “Pascal Brutal, indartsuenak baina indartsuago”.
Imajina ezazue: Iban Zaldua eta Santi Leoné frantsesak balira, eta Xabinaitor komikiaren baliokide frantses bat eskuz esku idaztea otuko balitzaie -zientzia fikzio dosi txikiak iparraldera begira dagoen umore sotilarekin nahasiz-, ziur naiz emaitza Pascal Brutal-en antzeko zerbait zatekeela.
Pascal Brutal etorkizun hurbilean kokatutako ukronia bat da: etorkizun hurbil honetan, Frantziako presidente Alain Madelin neo-faxista da; gizarte frantsesa, gizarte ultra liberal eta lehiakorra; eta Pascal, gizarte gogor horretara egokitutako idisko garaiezina (harrapari nekaezina, indartsuetan indartsuena, gizonetan gizonena…). Egundoko gorputz honen baitan, ordea, ez da goitik beherako gizonik bizi, sen primarioa ezkutatu ezin duen nerabe naif bat, samurtasun eske dagoen ume bat baizik. Eta desoreka honek egiten du, niretzat behintzat, Pascal Brutal hain maitagarri.
Abentura basati, gorabeheratsu, lizun eta ganberroz josita daude hiru albumak: bere jaiotzaren kontakizuna da horietako bat (amaren sabeletik bere kasa atera baitzen gure Pascal); amaren mutil-lagunari muturra txikitzen dionekoa ere ez da makala; edota gizonak ere desiatzen dituela bere buruari ezkutatzeko, egun berean 49 emakumerekin oheratzen denekoa; etorkizuneko Algeriara lagun musulman batekin bidaiatzen duenekoak ere badu mamia (ukronia honetan, Algeria Estatu Arabe Bateratuen baitan dago, eta arabiar estatu hau energetikoki independientea izateaz gain, aurrerakoia da eta ortodoxia islamistatik erabat aldenduta bizi da; hau, noski, ez dakite ez Pascal-ek ez bere lagun musulmanak…).
Pascal Brutal irakurri bitartean gizontasun klixe katoliko-mediterraneoaz trufatzeko parada izango du irakurleak; aitortzen dizuet ni behintzat barrez lehertu naizela behin baina gehiagotan. Egoerei ironia eta umorearekin buelta ematen aditua den autore honek komikiaren baliabide guztiak jartzen ditu barre algaren zerbitzura eta baita, noiz edo noiz, hausnarketaren (hausnarketa arinaren) zerbitzura ere.
Beraz, laburbilduz: ahaztu liburukoteak, ahaztu mila orrialdeko best-seller-ak; hondartzarako, entzule, Pascal Brutal –en parekorik ez da!

A pior banda do mundo (Jose Carlos Fernandes) | Iraitz Ugalde

http://www.ivoox.com/a-pior-banda-do-mundo_md_2151829_1.mp3″ Ir a descargar

Jose Carlos Fernandes portugaldarrari metal astunek landareengan duten eraginaz ikertzeari utzi ostean otu zitzaion, hogeita bost urte bazituenean, bere ideiei forma emateko komikia erabiltzea. Munduko bandarik txarrena da Fernandesen sorkuntza lanen artean gaurko aukeratu duguna, aurten iritsi baita euskararen plazara Bego Montorio itzultzailearen eskutik.
Orain arte Portugalen, Espainian eta Brasilen entzutea izan duen sei komikiko sortaren lehen hiru liburukiak biltzen ditu euskarazko edizioak: Utopiaren kioskoa, Gauza huts eta garrantzi gabekoen museo nazionala eta Babelgo hondakinak. 2002. urtean hasi zen Jose Carlos Fernandes Munduko bandarik txarrena marrazten. Nobela grafikoaren esparruan sar genezakeen lana da, influentzia eta karga literario handiko komikia. Bi orrialdeko istorio motz eta independenteek osatzen dute.
“1958az geroztik itxita dagoen jostundegi bateko sototik, musika soinu motelduak jalgitzen dira. (…) Hantxe egiten ditu entseguak munduko bandarik txarrenak”. Hogeita hamar urte da lau taldekideak jazza jotzeko batzen direla, baina oraindik ez dute jendaurrean zuzeneko kontzerturik sekula eman.
Kutsu griseko hirigunean gauzatzen dira istorioak. Sepia koloreko orriek eta zuri-beltzeko pertsonaien gogo aldarteak izen sobietarrak dituzten kaleen dekadentziari lagun egiten diote. Bulegoak, komertzio xelebreak, etxe-barruak eta bizi estiloa 50. hamarkadan koka genitzake, baina anakronismoz beteta daude.
Pertsonaiak bitxiak dira, ofizioz eta afizioz: lur lauaren elkarteko kideak, alderdi inpopular idiosinkratikoko liderra, zerua zeharkatzen duten hodeien forma erregistratzen duten langileak, suizidioak gertatu diren tokiak hiriko mapetan markatzeaz arduratzen dena, telefono zutoinen entzuketan ibili ohi den telefilologo taldea, munduko bandarik txarreneko musikariak… Lunatikoak eta eszentrikoak. Zorionetik urruti noraezean dabiltzan antiheroiak.
Nabarmenak euren satisfazio eza eta errealizazio falta. Kezka kafkianoak eta ohitura surrealistak dituzte. Euren joera naturala frakasatzea da. Fernandesek berak parekatzen ditu jazz pieza batean behar ez lukeen momentuan jotako nota erratuarekin.
Trajedun gizonak, gorbatak eta kapeluak. Megaharpa eta kontraokarina bezalako ezinezko musika tresnak. Narratzaileak hausnar lerro bat markatzen du, pertsonaien hitzek beste bat. Sare oso baten hari muturrak dira istorio bakoitzeko ideia iradokitzaileak. Pertsonaiak, objektuak eta lekuak errepikatu egiten dira, ordena konkreturik gabe, istoriotik istoriora. Baita liburukitik liburukira ere. Feedback horrek hari gidari bat eskaintzen dio istorio solteen bildumari eta irakurlea Fernandesek eraikitako mundu absurdoan integratuta sentiarazten du.
Ironiaren eta kritikaren bitartez irakurlea deskolokatzea du xede Fernandesek. Liburuki bakoitzean soinu banda zabala iradokitzen du gainera komikigileak. Jazz melodiek sorkuntza bidean lagun egin omen diote. Musika apur baten laguntzaz, edozein unetan, liburua ireki eta istorio solte bat irakurtzeko aproposa, beraz.Lehen hiru aleekin gozatua hartu ostean, hurrengoen zain geratzen gara.

Que se mueran los feos | Nagore Ares

http://www.ivoox.com/que-se-mueran-feos_md_2069575_1.mp3″ Ir a descargar

Nobela beltza, zientzia fikzioa, pornografia… ezinezkoa da Boris Vianen Et on tuera tous les affreux eleberria genero jakin batean sailkatzea. Que se mueran los feos genero guzti horien artean dabilen gatzdun nobela da, erabat absurdoa, Vianen lan gehienen antzera.
Zientzialari handinahitsu baten esperimentuei aurre egin beharko die Rock Baileyk eleberri honetan. Gazte kaliforniarrak detektibe rola hartuko du, haren inguruan gertatzen ari diren hainbat desagertze eta berriz agertze bitxi ikertzeko. Bitartean, sexuz blai dagoen inguruan, haren birgintasuna gorde nahian ibiliko da, hitz emanda baitu ez duela sexu harremanik izango 20 urte bete artean.
Nobela beltzaren parodia barregarria egiten du Vianek liburu honetan, eta hori baliaturik, gizarte kritika zorrotzak agertzen ditu, beti ere, umoreari eutsita. Puritanismoa eta irudi fisikoaren gehiegizko garrantziak eta edertasun estereotipatuak salatzen ditu, besteak beste. Horiei barre egiten die Schultz doktorearen obsesioen eta Rock Baileyren jardunaren bidez.
Liburuan, Vianek egoera absurdoak irudikatzen ditu etengabe. Hala izanik, ezinezkoa zaio irakurleari barreari eustea.
Esan beharra dago, Boris Vian idazle iraultzailea izan zela bere garaian. 1948an garaiko irakurle asko deseroso sentiaraziko zituen seguruenik nobela honekin, hain zuzen ere, gehiegizko karga sexuala eta lengoaia bortitza erabiltzen dituelako.
Idazle eta jazz musikari frantziarrak, Vernon Sullivan ezizenez sinatu zituen haren lehen lanak, argitaratzeko trabei aurre egiteko, baina baita garaiko kritikari adarra jotzeko eta haien snobismoa agerian uzteko. Horien artean ezagunetakoa da Ttu eginen dut zuen hilobietan eleberri laburra, hori ere Vernon Sullivan ezizenez sinatutakoa. Haren benetako izena itzultzailetzat jarri zuen Vianek eta liburuek nahiko harrera ona izan zuten kritikarien artean. Baina engainuaren berri eman zuenean, ez zuten berria lar ondo hartu eta haren kontra jo zuten askok.
Talde batzuetan, ordea, oso estimatua izaten jarraitu zuen bere lana, eta zientzia Patafisikoaren autore handien artean sartu zuten. Soluzio imajinarioak eta eszepzioak erregulatzen dituzten legeak ikertzen dituen zientzia parodikoa da Patafisika. Alfred Jarryren liburu batetik datorkie izena patafisikoei. Eskola horretakoak izan ziren, besteak beste, Joan Miro margolaria eta Unberto Eco idazlea.
Vianen testuingurua ezagutu gabe, zaila da nobela behar bezala ulertzea eta baloratzea, egiten dituen bromak batzuetan absurdoegiak eta gustu txarrekoak gerta daitezkeelako.
Hau ez da, inondik ere, idazlearen lanik onena. Batzuetan, irakurleak pasarte batzuk sobran direla sumatuko du, nahiz eta etengabeko dialogoek irakurketa arintzen duten. Hala ere, denbora pasatzeko nobela bat baino gehiago da, oso dibertigarria eta izaera kritiko zorrotzekoa, izan ere, Vianek garai hartako haren beste liburuen umoreari heltzen dio oraingoan ere.
Oro har, esan daiteke, ondo pasatzeko liburua dela, barre egitekoa eta Vianen mundo absurduan nabigatzen hasteko aproposa. Ez da, ordea, estereotipoekiko sensiblegiak diren pertsonentzako liburua, ezta haien buruaz barre egiteko gai ez direnentzat ere. Barrez lehertzen ez direnak, espantuz lehertuko dira.

Editchka Veniaminovitch Savenko, Limonov ezizenez | Jon Iraola

http://www.ivoox.com/limonov-jon-iraola_md_2030025_1.mp3″ Ir a descargar

Hala du izena gure gaurko protagonistak. Hezur-haragizko protagonista da gainera, gaur egun bizi-bizirik baitago, eta oraintxe bertan libururen bat modan baldin badago, Emanuel Carrère-k bere bizitzari buruz idatzitako nobela da. Limonov-en kurrikuluma ez baita edozelakoa: nazismoaren aurkako gerra patriotiko handiaren erdian Karkhov-en (Ukrania) jaioa; gazteetan gaizkile arrunta izandakoa; ondoren, Brezhnev-en garaian, poesiari atxiki eta Moskuko artista giro underground-ean ezagun egindakoa; 70. hamarkadaren bigarren
zatian New York-era, fama, distira eta ospearen bila joana, baina miseria gorrian luzez bizi izan zena, aberats baten maiordomo izatea lortu zuen arte; 80. hamarkadan Parisera aldatu eta bere lehen nobelei esker enfant terrible fama merezimendu osoz irabazi zuena Saint-Germain-des-Prés-ko zirkulu literarioetan; hori gutxi balitz, Balkanetako gerran fusila hartu eta serbiarren alde borroka egin zuena; 90. hamarkadaren hasieran, Sobiet Batasuna desagertu ostean, boterea hartu asmoz Moskura iraultza gosez itzuli zena; Errusiako gazte punky eta kaskamotzak biltzen dituen alderdi Nazional Boltxebikearen sortzaile karismatikoa; eta, azkenik, Putin-en aurkako oposizioko liderretako bat.

Literaturako Johnny Rotten-a, Bernard Henry Lévi-ren antitesi errusiarra, Jack London sobietarra. Galtzaileen liderra, neskatxa ederrenen maitalea, zakur amorratua, eskuan lehertuko zaizun granada, kamarada fidela, gogorrenetan gogorrena: hori da Limonov! Protagonistaren antzera, liburua ere klasifikatzen zaila da: abenturazko nobela bat al da? Biografia bat? Historiari buruzkoa, agian? Literaturari buruzkoa?

Izan ere, denetik du! Askotan iruditu zait idazleak azken mende erdiko historia kontatzeko baliabide gisa erabili duela soilik Limonov, saltsa guztietan sartutako gizona izan baita. Besteetan, aldiz, iruditzen zait Limonov-en bizitzak eta bere abenturek egiten dietela tira
nobelari. Letra larriz idatzitako Historian eragiten saiatu izan baita Limonov, galtzaileen bandotik betiere. Miseria, gosea, bakardadea, kartzela… ezagutu ditu. Eta ez du inoiz ere diruak mugitu. Esperientzia, bizitza bera, ospea eta pasioa dira desio dituenak.

Letra larriz idatzitako Historian zuzenean eragiten saiatu izan diren jende ugari
hobekiago ezagutzeko aukera izango dugu hala, nobela honetan: gerrillari eta politikariak;
azken momentuko oligarka errusiarrak (orain gutxi erbestean hildako -ajam- Boris Berezovski, adibidez); artista, poeta, kazetari eta idazleak (Limonov-ek gorroto dituen Solzhenitsin-ez eta Brodsky-z gain, Erofeev, Novaia Gazeta-ko Zakhar Prilepine, edota historiako liburuek ahanzturan utzitako smogistak).

Izan ere, Limonov mila ate parez pare irekitzen dituen nobela da, amaierarik gabekoa, nahi bezainbeste adar eta ihesbide dituena. Niretzat plazer hutsa izan da politikoki zuzenaren kontrako ezten nekaezin hau ezagutzea, eta bere borroka eta bizitzaren bidez, Errusia garaikidea ulertzeko parada izatea.

Limonov XX. mendeko pasioen mende bizi izan den pertsonaia da, Peter Pan sobietar bat, eta oso modernoa iruditzen zait, zentzu guztietan. Bide beretik, politika ulertzeko beste modu bat eskaintzen digu mendebaldar ñoñooi, historiaren interpretazio ofizialei aurpegira tu eginez. Hori gustatu zait gehien liburu honetan: batzuetan ni sentitzen nintzela txistua botatzen; besteetan, ordea, egurra jasotzen zuena ni nintzela.

Personaje hau ezagutzen joan zaitezten, 2010eko abenduan The Guardian-ek egin zion elkarrizketa batetik ateratako adierazpenekin amaituko dut kritika. Hala dio Limonov-ek: “Europarrak hain dira lotsatiak, adineko pertsona gaixoen antza hartzen diedala. Europa zahar-etxe handi bat bezalakoa da. Hainbestekoa da adostasuna, hainbestekoa politikoki zuzenaren indarra, ezin duzula ahorik ireki. Kartzela baina okerragoa da. Horregatik ez dago jada kulturarik mendebaldean. Heriotza garrasiak soilik. Errusian, zorionez, jendeak oraindik ere badu espiritu barbaroa. Europar eta amerikarrak, aldiz, hiltzen ari dira, gaixo eta ezindu”.