‘The Pearl’ [John Steinbeck] | Nagore Ares

http://www.ivoox.com/the-pearl-john-steinbeck-nagore-ares_md_2224547_1.mp3″ Ir a descargar

Urrearen distirak milaka gizaki hil ditu. Hala egiten du oraindik munduko txoko anitzetan, hala egiten dute diamanteek eta baita petrolioak ere. Gizakien arteko borroka eta gerra anitzen iturburu, gizadiaren alderik ederrena eta okerrena loratzeko gai izan da horien distira. Loraldi horren eragile da John Steinbeck idazle estatubatuarraren istorioko perla ere.

Steinbeck-ek, bizitzaren dualtasuna mintzagai izan zuen The Pearl liburuan, munduko gauzarik ederrena, itsusiena bihur daitekeela azaleratu zuen  Kino arrantzalerearen, Juana emaztearen eta Koyotito semetxoaren istorioaren bidez.

Eskorpioi baten hozkadak larri gaixotuko du umetxoa, gurasoek medikuenera eramango dute, baina sosik ez dutenez medikuak ez du umea ikusiko. Egoera era bat aldatuko da  Kinok perla distiratsu eta handi bat topatzen duenean.

Herrian inoiz ikusitako perlarik handiena eta ederrena izango da eta familiaren eta haien auzokideen ametsak elikatuko ditu. Baina ametsekin batera, inbidiak eta mesfidantzak ere harrotuko ditu “munduko perlak”, haien bizitzak bortizkeriaz josiz.

Izan ere, bortizkeria maila eta mota anitzez ari da Steinbeck liburu honetan. The Grapes of Wrath (1939) eta East of Eden (1952) liburuen idazleak estilo eta gai berberei heltzen die oraingoan ere. Hizkuntza sinplez, gai konplexuen inguruan aritzen da, hain zuzen ere, pobreziak eta aberastasunak sortzen duten bortizkeriaz, eta baita gizakien izaera moralaz eta sozialaz ere. Horrekin batera, genero ezberdintasunen inguruan ere hitz egiten du, esplizituki zein inplizituki, Juana eta Kino pertsonaia nagusien rolen eta Juanaren gogoeten bidez egiten du hori.

Idazleak, haren obraren zati esanguratsua munduko pobreen bizitzen inguruan hausnartzeko erabili zuen; botereak pobreziarekiko duen jarrera eta pobreziak sortutako bortizkeria azaleratu eta salatu zituen horien bidez.

The Pearl, 1947an argitaratu zen lehen aldiz.  Liburuaren euskarazko itzulpena 1988koa da. Ruper Ordorikak ekarri zuen euskarara eta Elkar argitaletxeak argitaratu zuen.

Steinbeckek Mexikon entzundako legenda batean inspiratu zen haren kontakizuna sortzeko. Horren arabera,  gizon gazte batek perla eder eta handi bat topatu zuen, perla saltzen saiatu zen, baina erosleek diru gutxi eskaintzen zioten eta itsasora bota zuen. Mutilaren “heroi” izaera azpimarratzen du istorio mexikarrak, Steinbeck-ek, ordea, pertsonaiei izaera gizatiarra eman nahi izan zien. Hala, gizatasunaren inguruko metafora  zorrotza ondu zuen.

Steinbecken obra nagusien artetik at geratu den arren, The Pearl idazle estatubatuarraren libururik ezagunetarikoa da eta badago horretarako arrazoirik. Horretan ere, kazetari eta idazleak, apaingarririk gabeko hizkuntzaren bidez, irakurlearen bihotzera heltzea lortzen baitu. Distira alde batera utzita, horren azpian ezkutatzen diren egi unibertsalez aritzen da.

Gauzarik distiratsuenak balioa galdu dezaketen antzera, azalean barrena eginez gero, disdirarik gabekoek balio ikaragarria izan dezakete. Horren erakusle dira Steinbecken liburu eta artikuluak eta, bereziki, hizketa gai dugun hau. Liburu laburra eta idazkera sinplekoa, garai eta geografia orotako gizakien kontzientziak astindu ditu.

Que se mueran los feos | Nagore Ares

http://www.ivoox.com/que-se-mueran-feos_md_2069575_1.mp3″ Ir a descargar

Nobela beltza, zientzia fikzioa, pornografia… ezinezkoa da Boris Vianen Et on tuera tous les affreux eleberria genero jakin batean sailkatzea. Que se mueran los feos genero guzti horien artean dabilen gatzdun nobela da, erabat absurdoa, Vianen lan gehienen antzera.
Zientzialari handinahitsu baten esperimentuei aurre egin beharko die Rock Baileyk eleberri honetan. Gazte kaliforniarrak detektibe rola hartuko du, haren inguruan gertatzen ari diren hainbat desagertze eta berriz agertze bitxi ikertzeko. Bitartean, sexuz blai dagoen inguruan, haren birgintasuna gorde nahian ibiliko da, hitz emanda baitu ez duela sexu harremanik izango 20 urte bete artean.
Nobela beltzaren parodia barregarria egiten du Vianek liburu honetan, eta hori baliaturik, gizarte kritika zorrotzak agertzen ditu, beti ere, umoreari eutsita. Puritanismoa eta irudi fisikoaren gehiegizko garrantziak eta edertasun estereotipatuak salatzen ditu, besteak beste. Horiei barre egiten die Schultz doktorearen obsesioen eta Rock Baileyren jardunaren bidez.
Liburuan, Vianek egoera absurdoak irudikatzen ditu etengabe. Hala izanik, ezinezkoa zaio irakurleari barreari eustea.
Esan beharra dago, Boris Vian idazle iraultzailea izan zela bere garaian. 1948an garaiko irakurle asko deseroso sentiaraziko zituen seguruenik nobela honekin, hain zuzen ere, gehiegizko karga sexuala eta lengoaia bortitza erabiltzen dituelako.
Idazle eta jazz musikari frantziarrak, Vernon Sullivan ezizenez sinatu zituen haren lehen lanak, argitaratzeko trabei aurre egiteko, baina baita garaiko kritikari adarra jotzeko eta haien snobismoa agerian uzteko. Horien artean ezagunetakoa da Ttu eginen dut zuen hilobietan eleberri laburra, hori ere Vernon Sullivan ezizenez sinatutakoa. Haren benetako izena itzultzailetzat jarri zuen Vianek eta liburuek nahiko harrera ona izan zuten kritikarien artean. Baina engainuaren berri eman zuenean, ez zuten berria lar ondo hartu eta haren kontra jo zuten askok.
Talde batzuetan, ordea, oso estimatua izaten jarraitu zuen bere lana, eta zientzia Patafisikoaren autore handien artean sartu zuten. Soluzio imajinarioak eta eszepzioak erregulatzen dituzten legeak ikertzen dituen zientzia parodikoa da Patafisika. Alfred Jarryren liburu batetik datorkie izena patafisikoei. Eskola horretakoak izan ziren, besteak beste, Joan Miro margolaria eta Unberto Eco idazlea.
Vianen testuingurua ezagutu gabe, zaila da nobela behar bezala ulertzea eta baloratzea, egiten dituen bromak batzuetan absurdoegiak eta gustu txarrekoak gerta daitezkeelako.
Hau ez da, inondik ere, idazlearen lanik onena. Batzuetan, irakurleak pasarte batzuk sobran direla sumatuko du, nahiz eta etengabeko dialogoek irakurketa arintzen duten. Hala ere, denbora pasatzeko nobela bat baino gehiago da, oso dibertigarria eta izaera kritiko zorrotzekoa, izan ere, Vianek garai hartako haren beste liburuen umoreari heltzen dio oraingoan ere.
Oro har, esan daiteke, ondo pasatzeko liburua dela, barre egitekoa eta Vianen mundo absurduan nabigatzen hasteko aproposa. Ez da, ordea, estereotipoekiko sensiblegiak diren pertsonentzako liburua, ezta haien buruaz barre egiteko gai ez direnentzat ere. Barrez lehertzen ez direnak, espantuz lehertuko dira.

Memorias de mis putas tristes | Nagore Ares

http://www.ivoox.com/memorias-mis-putas-tristes_md_1947123_1.mp3″ Ir a descargar

Gabriel Garcia Marquezen inguruan aritzeak ez du zentzu handirik, idazle eta kazetari kolonbiarra aski ezaguna da mundo osoko irakurleontzat. Errealismo magiko latinoamerikarreko ikurrik nabarmena da Cien años de Soledad haren eleberria. Bere obra oparoaren arteko liburuak dira, besteak beste, El amor en los tiempos del cólera eta Crónica de una muerte anunciada

Gaurkoan, ordea, hain ezaguna ez den haren nobela laburretako bat izango dugu mintzagai, Gaboren azken lanetako bat, 2004koa. Hain zuzen ere, Memorias de mis putas tristes. 90 urteko kazetari zaharraren istorioa jazotzen du liburuak. Denboraren joan etorri etengabeaz oharturik, bizitza erdia burdeletan eman du eta ez du sekula maitasunik ezagutu. Heriotza gertu ikusten duela, neska birjina bat eskatuko dio burdeleko jabeari; pasiozko gaua pasatu nahi du nerabe batekin. Drogaturik, lo aurkituko du nerabea burdeleko ohean, haren esperoan. Umea lo aurkitzeak ezustean hartuko du hasiera batean, baina gero, neskatxoa ohean lo ikusirik gozatuko du, sexu harremanik izateko beharrik gabe. Enkontruak behin eta berriz errepikatuko dira eta, neskatoaren edertasun biluziarekin maitemindurik, krisian sartuko da zaharra. Benetako iraultza gertatuko da haren barrenean, maitasunaren garrantzia ezagutuko du lehen aldiz, eta horren aurreko haren bizitzaren kaskarkeriarekin eta gaiztakeriarekin ohartuko da, haren gorputzaren narriadura fisikoa gailurra jotzen ari denean.

Yusnari Kawabata idazlearen Loti ederrak liburuari omenaldia egin nahi izan zion Garcia Marquezek liburu honekin eta anitzak dira liburuari egiten dizkion aipamenak. Nolanahi ere, ezberdintasun ugari daude liburu bien artean. Zahartzaroaz eta sexualitateaz ari dira biak, nostalgiaz eta bakardadeaz. Hain zuzen ere, bakardadea da liburu bietako muina. Baina, era berean, Garcia Marquez maitasun berantiarraren zoriontasunaz ere ari da nobela honetan, -maitasun hori platonikoa den arren-, Kawabataren liburuak baino irudi optimistagoa emanez. Neurri batean, esan daiteke, liburua mendebaldeko zahartzaroaren ereduaren kontrako mezua igortzen duela. Zahartzaroaren nolabaiteko aldarrikapena eginez, inoiz ez baikara bizitzeko, maitemintzeko, edo nahi ditugun gauzak egiteko zaharregi. Bizitzaren eta bakardadearen metafora ederra dugu Memoria de mis putas tristes; ez du Garcia Marquezen beste nobelek jasotako kritika zoragarririk jaso. Agian ez da idatzi duen libururik sakonena, ezta originalena ere, baina liburu ederra da eta ezin da ukatu literatur maisu batek idatzi duela. Hala azaleratzen dute idazteko bere modua eta gai unibertsalak jorratzeko duen trebezia.

Hizkuntza sinple eta argiz idatzia, urteekin Garcia Marquezek haren estiloa sinplifikatuz joan da. Arraz urrun geratzen da Cien años de soledad liburuaren trama korapilatsua, eta oraingoan, idazleak trama sinple bati tiratzen dio. Itxurazko sinpletasun horrek, neurri batean, Garcia Marquezen irakurle asko desengainatu ditu. Baina Memoria de mis putas tristes bigarren eta hirugarren irakurketak merezi dituen nobela dugu. Liburuan sakontzen joanez gero, irakurleak bizitzaren sinpletasuna eta konplexutasuna islatzen asmatu duen maisulan batekin egingo baitu topo.

The Gravedigger’s Daughter | Nagore Ares

http://www.ivoox.com/nagore-ares_md_1791180_1.mp3″ Ir a descargar

Gaurkoan Joyce Carol Oatesen liburu batekin nator, The Gravedigger’s Daughter, La hija del sepulturero gazteleraz. Jose Luis Lopez Muñozen itzulpena argitaratu zuen Santillana argitaletxeak 2009an, boltsikoko liburuen bilduman. Liburua 2007koa da eta oraindik ere, euskarara ekarri gabe dago.
Nobelak, Rebeca Schwart gaztearen istorioa kontatzen du, hobiratzailearen alabaren istorioa. Beste alemaniar askok egin bezala, Schwartarrak AEBtara erbesteratu beharko dira II. Mundu Gerra hasi aurretik. Nahiz eta aita, Alemanian institutu entzutetsu batean irakasle izandakoa den, ez du horrelako beste lanik topako AEBtan, eta hobiratzaile lanetan jardun beharko du herri txiki batean. AEBtako jendearen aurreiritziek, familiaren gabezi emozionalekin batera, tragedia larria ekarriko diete Schwartarrei. Rebecak, alaba txikiak, bere bidea egin beharko du handik aurrera.
Maitasuna, sexualitatea, matxismoa, erbesteak sortutako trauma eta emakumearen rola gizartean dira liburuko muinak, besteak beste. 680 orrialde inguruko ibilbidean, Rebeca Schwartek kontzientzia hartuko du munduan eta gizartean duen tokiaz.
Oro har, identitatearen bilaketaren inguruko nobela dugu honakoa. Idazle estatubatuar handien gai kutuna, eta Oatesen gai kutuna ere. Idazkera bizia eta indartsuaz idatzia. Handinahirik gabe, idazleak protagonistaren bizipenak gure egitera eramaten gaitu maíz. Istorioa hirugarren pertsonan kontatzen duen narratzaile orojakilearen bidez egiten du hori. Era horretan, irakurlea pertsonaien konplize bihurtzea errezte du.
Klasikoa bihurtzera deitutako nobela dugu honakoa, Joyce Carol Oatesen beste hainbat lan legez.
1964ean With Shuddering Fall haren lehen nobela argitaratu zuenetik, bide oparoa egin du letretan. Estatu Batuetako egungo idazle handienen artekoa dugu Oates. Besteak beste, pobrezia, genero indarkeria, gizarte klaseen arteko tentsioa eta botere nahia dira gehien jorratu dituen gaiak. Horietako gehienak The Gravedigger’s daughter-en ere jorratzen ditu. Bortizkeria eta tradizionalki gizonezkoei lotutako beste zenbait gai jorratzeko duen moduak gainera, beste askoren artean, Norman Mailer autorearen aintzezpena ekarri zion Oatesi.
The Gravedigger’s daughter nobela emozionala izateaz gain, emozionantea ere bada. Adimenetik sortutako liburua da, eta adimenera bideratuta dago. Pertsonaiak, pertsona oro bezala, gatazkatsuak dira. Topikoetan eta gehiegikerietan jauzi gabe, Oatesek pertsonaien barne bizitzara leihotxoa zabaltzen digu eta, bide batez, barnera begira dezagun eskatzen digu; barnera begiratu eta barnera sartu gaitezen.
Idazkera sinplearen bidez eramaten gaitu bertora, inolako literatur artifiziorik gabe. Horrez gain, noizbehinka suspentsea tartekatzen du, nobelak beharrezkoa ez duen arren. Izan ere, pertsonaien barne bizitza ezagutzeko irrikak eramaten du irakurlea liburuan aurrera egitera.
Irakurketa erreza izanik ere, The Gravedigger’s Daughter irakurlearengan behin betiko arrastoa uzten duten liburu horietakoa da.