Plataforma | Jon Iraola

http://www.ivoox.com/plataforma-jon-iraola_md_1870558_1.mp3″ Ir a descargar

Gabon!

Gaurkoan bi bisitari izango ditugu gurean. Lehenengoa, eta garrantzitsuena, Plateforme nobela da, Plataforma, Flammarion-ek frantsesez 2001. urtean plazaratu zuena (gaztelaniaz Anagramaren eskutik argitaratu zen, 2002. urtean). Nobela gordina, gogorra. Profetikoa ere bai, liburuan landutako gai guztien artetik argitaratutako garaian bi izan baitziren oihartzun handiena lortu zutenak: muturreko islamismoa eta turismo sexuala.

Profetikoa diot, alde batetik, sexua merkatu libreko ekonomiak konkistatutako azken esparru bezala irudikatzen duelako, moralitatearen kargetatik aske, salerosketaren legeetara makurtua. Eta profetikoa diot, bestetik, oker ez banaiz 2001eko ekainean argitaratu baitzen Plataforma, dorre bikiak erori baino hiru bat hilabete lehenago. Eta momenturako propio idatzia dirudi, Michel protagonista gizateriara lotzen duten bi dorreak -urtean pare bat aldiz ikusten duen aita eta bere bizitzako maitasuna, Valérie- fanatismo islamdarrak eraunsten baititu…

Errepara diezaiogun geure buruari, National Geographics-eko dokumentalen zehaztasun
zientifikoarekin. Ni ote naiz, Dow Jones-eko broker-en gisa, diskoteketan “akzio salerosketan” ibili ohi den hori? Michel ere, “middle age crisis” delakoan hondoratutako protagonista bakartia, gaur egungo miseria sexualen jakitun da. Arratsero, lanetik atera eta gero, barrabilak Peep Show-etan husten ditu, eta Tailandiara bidaiatzea erabakitzen du, aitaren hilketaren ostean. Nouvelles frontières –ek organizatutako bidaia horretan bertan ezagutuko du Valérie, liburuko pertsonaia eder, interesgarri eta indartsuena dudarik gabe. A zer emakumea! Michel eta Valérie-ren arteko maitasun erlazioa da liburuko helduleku, arnasbide eta esperantza bakarra…

Valerie-k indar handiko turismo enpresa batean egiten du lan, eta Michel-ek argi eta garbi
esaten dio. “Valérie, entzuidan: munduaren mutur batean, diruz eta lanez lepo, nahi adina
duten milioika pertsona zauden; nahi duten guztia, dena, sexua salbu. Eta zorigaitzekoak ditun horregatik, zeharo zorigaitzekoak. Munduaren bestaldean, ordea, milaka milioika pertsona zauden xentimorik gabe, gosez hiltzen, gazterik hiltzen, eta euren gorputza ez besterik dutenak saltzeko. Trukerako egoera hoberik ba ote? Zergatik ez diten, beraz, agentziek turismo sexuala eskainiko?”

Valérie-k aurrera eramango al du Michel-en ideia? Zein izango ote dira ondorioak? Plataforme-n aurkituko dituzu erantzunak, entzule.

Ai… Zorionekoak bizitzaz, sexuaz eta maitasunaz erabat eta libreki gozatzen dutenak!

Ondo segi!

Jon Iraola | “Jirafas en mi pelo, una vida de rock´n´roll”

Gabon! Gaurkoan, Fantagraphics Books-ek ingelesez eta La Cúpulak gazteleraz argitaratutako komiki-liburu bati buruz arituko naiz. Jirafas en mi pelo, una vida de rock´n´roll

Askotan galdetu izan diot nire buruari nolatan bihurtu ote ziren 60. hamarkadako
bakearen aldeko slogan horiek, 70. hamarkadako no future-an. Noiz gorde ziren ganbaran
pantalones campana eta kamiseta multikolore horiek, txupa beltzez eta malla estuez
ordezkatzeko? Nolatan bukatu ote zuten, finean, fusilen ahoetan jarritako lore horiek
zakarrontzian?

Erantzunaren zati bat Jirafas en mi pelo, una vida de rock’n’roll honetan aurki daiteke:
bertan Bruce-en, komikiko protagonistaren, hogei eta hogeitahamar urte bitarteko ibilerak kontatzen dira: 60. hamarkada bukaeratik hasi eta 70. aren amaierara arte. Rock’n’roll-aren arorik gozoenetako bat, bidenabar. Zortea izan zuen kabroiak.

Egia esan behar badizuet, Bruce-k egiten dituenak amestu bai, baina inoiz ez
naiz ausartu gauzatzera: lehenengo pasartetik (18 urterekin autostopean alderrai hastea
erabakitzen duenetik) azkeneko pasartera arte (30ak ospatzeko puta batekin oheratzen
denera arte) konbentzionaletik gutxi duen bizitza darama aurrera: lagunen etxeetan, etxe
okupatuetan, belazeetan, autoan edota zirko ibiltarietan lo eginez; AEBak hatz lodia gora
begira duela alderik alde zeharkatuz; era guztietako drogak probatuz… Alain Ginsberg eta Jack Kerouac-en diszipulo fina, gure Bruce!

Konbentzionaltasun dosirik badu, hala ere, gure gizonaren biziak: hogeita gutxi urte
dituela neskatxa batekin ezkontzen da (nahiz eta, asmatuko zenuten jada, askorik ez duten batera irauten) eta lan ere lan egin izan du ; ez luzez, baina bai lanbide ederretan: zaldi hezitzaile, Times Square-ko disko denda batean gauez saltzaile, musika kritikari…

Abentura adoleszente eta erreferentzi gose den edonori gomendatzen diot, anekdota
eder eta parranda ero artean bertatik igarotzen baitira, zeharka baldin bada ere: The Who
edota Hank Williams-en kantak hasiera batean; Pantera Beltzak, Jack Kerouac-en hobia eta komikiari izenburua ematen dion T-Rex –en « Main man » kantua erdialdera; eta, amaitzeko, New York-eko lehenengo punkyak, The Heartbreakers-eko Johnny Thunders –i eskainitako kapitulu gogoangarrian kasu.

Jirafas en mi pelo, una vida de rock’n’roll. Ikasketetaz, lanaz edo lan ezaz, bikoteaz,
familiaz, hipotekaz edota dale mamasita con tu takatáz potroetaraino zaudenerako.

Ondo segi!