Peter Ostolazarekin hizketan | Lander Arretxea

http://www.ivoox.com/peter-ostolazarekin-hizketan-lander-arretxea_md_3260699_1.mp3″ Ir a descargar

Denboraldiko azken saioa dela eta, Peter Ostolazari elkarrizketa egin dio Lander Arretxeak, irratsaioari eta Obaba Fest-i buruz, oro har. On egin!

Poema dadaista bat egiteko gomendio berriak | Lander Arretxea

http://www.ivoox.com/poema-dadaista-bat-gomendio-berriak_md_3168344_1.mp3″ Ir a descargar

Lander Arretxeak hilero legez erreportajea osatu digu. Oraingoan, poema dadaista bat egiteko gomendio berriak ekarri dizkigu. Ea zer iruditzen zaizkizuen!

Fernando Morillo literatura irakurterrazaz | Lander Arretxea

http://www.ivoox.com/lander-arretxea-literatura-errazaz_md_2945219_1.mp3″ Ir a descargar

Literatura irakurterrazeko sail berria plazaratuko dute laster Fernando Morillo eta enparauek Gaumin argitaletxearekin. Aukera baliatuz, kontzeptuaren jatorria eta garrantziaren berri eman digu Obabako Testiguoi. Bide batez, Iban Zalduarekin izandako solasaldiaren osagarri gisa, balizko literatur mailen inguruan ere galdegin diogu.

DSC_0049

Zer da literatura irakurterraza?

Zenbait aditu eta irakasle konturatu ziren gutxi gorabehera irakurleen %30ak egoera normal batean zailtasunak dituela ohiko literatur lanak irakurtzeko. Tartean daude gaixotasunak dituztenak, edo hizkuntza menperatzen ez duten etorkinak, edo adinekoak, edo irakurtzeko ohiturarik sekula izan ez dutenak. Haientzako asmatu zuten testuak egituratzeko beste modu bat, sinpleagoa, baina helduek gozatzeko modukoa. Katalunian duela hamar urte hasi ziren, eta ezustea izan bazen ere, arazodun pertsonentzako zen literatura bat, arazorik gabeko askok ere oso ondo hartu zuten.

Horregatik, orain hasi da pixkanaka zabaltzen, baina dena gazteleraz, eta inork ez zuen euskarara salto hori egin nahi. Ni urte asko aritu naiz literatura sinplifikatu nahian, eta ikusi nuen molde hori gurera ekartzea oso garrantzitsua zela. Hasteko, adin jakin batetik aurrerako askok zailtasunak dituzte euskaraz irakurtzeko, ez zirelako euskaraz alfabetatu. Bestetik, ni asko ibiltzen naiz eskoletan, eta argi eta garbi ikusi dut gazteek nahiz eta euskaraz ikasi, zailtasunak dituztela irakurtzeko.  Literaturak irakurleak behar ditu, eta horretarako jendea ohitzea beharrezkoa da. Hori errazteko modu bat da literatura irakurterraza.

Gaumin argitaletxean gisa horretako liburuekin sail berria abiatuko duzue laster…

Halaxe da bai. Katalunian hamar urte daramatzate halako liburuekin lanean eta hara joan ginen horretan aritu direnak ezagutzera. Haiekin elkartu ondoren, erabaki genuen abiatzeko lau liburu argitaratzea. Bertako bi emakumeren liburu banaren itzulpena argitaratuko dugu eta beste biak Ander Izagirre kazetari eta idazleak eta nik neuk idatziak izango dira.

Forma aipatu dugu literatura erraza definitzeko. Baldintzatzen du edukia ere?

Edozein testu modu irakurterrazean idatz daiteke, baita nobela klasiko bat moldatu ere. Edozein generotarako balio dezake beraz. Forma da baldintzatzen duena: esaldi hautsiak erabiltzen dira adibidez, irakurtzeko askoz errazagoak paragrafo luzeak baino. Baina gaiaren aldetik ez dago mugarik. Mugak oro har bi dira: hiztegia zaindu eta forma errazak bilatzea.

Literaturak onak konplexua behar du izan? Nola ulertzen duzu kalitatea zuk?

Literatura ez da zientzia, askoz subjektiboagoa da. Hortaz, zaila da esaten zer den ona eta zer ez.  Niretzat ona da zerbait pizten didan literatura, izan zentzu sentsualean, intelektualean… Harrapatzen banau, gustatu egiten zait.

Salmentak irizpide egokia izan daitezke?

Ezetz esango nuke, salmentak publizitateak baldintzatzen baititu. Asko saltzeak, ez du esan nahi ona denik. Baina jendeak erosi eta gainera gozatzen badu liburuarekin, orduan kalitatezkoa dela esan daiteke.

Badira liburu batzuk ahoz aho zabaltzen direnak eta izugarri saldu. Kasu horietan, jende askorengana iristen dira promozio kanpainarik gabe; zerbait berezia baduten seinale.

Soiltasunarena ariketa pertsonala da edo irakurleari begira egindako ahalegina?

Alde batetik, nobela beltza, fantasia, zientzia fikzioa eta abarrak asko gustatzen zaizkit, eta halako liburuak idaztea da maite dudana. Baten bati entzun nion idazleak bi pauso egin behar dituela: bere buruarentzat idatzi lehenengo, eta jarraian, irakurlea hor dagoela gogoratu. Badirudi askori bigarren pausu hori ahaztu egiten zaiela, irakurleengan pentsatzea zure lanari artea kentzea balitz bezala. Nik, artearen historiari erreparatuta, artistek haien lana helarazteko ahalegina egin izan dutela ikusten dut ordea. Irakurleari entzun egin behar zaio, nahiz eta gero norberaren irizpideak izan nagusi. Eskutik heldu eta elkarrekin egiteko bidaia da.

Testuak gero eta ahalegin gehiago eskatu orduan eta oihartzun handiagoa uzten duela esaten duenik bada…

Izan daiteke, baina agian norbere buruari egindako tranpa bat ere bada. Demagun lagun bati esaten diogula: mendira bazoaz Himalayara joan, mendi txikiek ez dute merezi eta. Hori esaten badiogu edo bidean geratuko da edo ez da saiatu ere egingo. Goi mailako kirolariek gozatzeko izugarrizko sufrimendua behar dute, baina ezin zaie denei hori eskatu. Mendi txikiagoez ere gozatu daiteke.

Gogoan dut Borgesen testu bat, James Joycen Ulisses-ez mintzo zena. Bertan aitortzen zuen nobela garaiena zela, tontorra ukitu zuena,  baina aldi berean,  izan zela porrota ere.  Liburuaz gozatzeko behar zen jakinduria eta kontzentrazio maila hain zen altua, non irakurtzearen plazera galtzen zen.

Euskaraz ez omen da ia best-sellerik. Zergatik gertatzen da hori? Euskal irakurlea jantziagoa da?

Hori entzuten dudan bakoitzean ez dakit barre edo negar egin. Ez du inongo zentzurik. Munduko irakurle onenak ditugula badiozu, edo itsua zara, edo historiako salbuespen handiena daukagu.

Ezin dugu hori esan eta gainera harro agertu. Nire kezka da ikusten dudala irakurle txiki askok kanpora joan behar dutela euskara zaila egiten zaielako. Asko euskalzaleak dira, baina hala ere ezin dute.  Pena da, egile oso onak ditugu euskaraz, baina irakurle gehienak ez dira iristen. Irakurle gehienak dira hizkuntzari oso lotuak daudenak: idazleak, filologoak, kazetariak, euskara irakasleak…

Baina denontzako moduko liburuak ere behar ditugu, euskaraz irakurtzeko ohitura sor dadin; eta larria da, txikitik hasteko aukera ez badute liburu mardul eta sakonagoetara ere ez direlako pasako. Irakurle xume asko kanporatu egiten dira. Best seller irakurleak egon badaude, baina ez dute euskaraz aurkitzen eta beste hizkuntza batzuetara jotzen dute bila.

Gerta daiteke euskal idazle batek Nobel saria irabaztea, oso idazle onak baititugu, baina aldi berean euskarazko irakurlerik gabe geratzea. Askotan iruditzen zait gure aurrean pertsona bat ari dela odolusten eta bere orrazkera dela gure kezka nagusia.

Iban Zaldua midcult literaturaz | Lander Arretxea

http://www.ivoox.com/midcult-literatura-lander-arretxea_md_2851482_1.mp3″ Ir a descargar

Midcult literatura, goi-literatura, literatura komertziala… Gai arantzatsua da literaturaren mailaketarena, eztabaida amaigabeak piztu ditzakeena. Iban Zalduak gaiari heldu dio hala ere, euskal literaturari begira jarrita. Aukera baliatuta, Obabako Testiguak harekin izan gara balizko literatura mailen arteko arantzetan gehiago arakatzeko asmoz.

Iñaki Larrañaga (ZuZeu)

Iban Zaldua bere bulegoan (Iñaki Larrañaga / ZuZeu)

Lausoak dira elkarren arteko mugak; baina midcult, literatura komertziala eta goi literatura bereizteko forma da irizpide nagusia? Edo edukiak ere badu bere pisua?

Edukiak printzipioz ez luke irizpidea izan behar. Azken finean, artea artisautza edo masa-kultura egiteko edozein gai izan beharko litzateke baleko. Egia da azpi-genero batzuk gehiago daudela lotuta masa kulturarekin, baina literaturaren historiak frogatu du printzipioz bigarren mailako lehengaitzat hartzen zirenekin maila altuko lanak egin daitezkeela: Dashiel Hamettek nobela beltzarekin egin zuena esaterako; edo neurri batean, Bolañok zientzia fikziozko elementuak erabiliz egin zuena ere bai. Hala ere, nik uste dut forma baino egilearen intentzioa dela bereizgarri nagusia. Egilearen intentzioa denean berez artea ez den zerbait, arte gisa saltzea, orduan litzateke midcult delako hori.

Hori da irizpide bat, baina egiazki irizpideak oso labainkorrak dira. Izan ere, neurri handi batean tranpa egiten ari gara halako kategoriez hitz egiten dugunean. Non kokatzen duzu marra artea denaren eta ez denaren artean? Nork markatzen du marra hori? Gainera eztabaida guzti honek badu kutsu elitista bat, nahi duena masa kulturaren eta hezkuntzaren zabalkundearen aurrean, nolabaiteko hesi batzuk paratu, elite baten onerako. Hori ere kontuan hartu behar da. Baina nik tranpa hori onartzen dut, besteak beste, uste dudalako euskal kulturaz eta literaturaz hitz egiten ari bagara, askotan dena berdina balitz bezala saltzen digutela, eta beharrezkoa den eztabaida pizteko tresna interesgarria izan daiteke.

Galden eta zure blogean argitaratutako artikuluan bertan aipatzen duzunez, izan da historikoki goi literatura eta salmenta uztartu diren garairik. 60. Hamarkadan Hego Amerikako zenbait idazlek lortu ei zuten esaterako…

Bi gauza ezberdin dira [literatur maila eta salmentak], baina gehienetan batera doaz eta jotzen dugu identifikazio horretara. Gauza bat da merkatu arrakasta, eta beste bat da goi-mailako, erdi mailako edo behe mailako literatura egiten duzun. Egia da normalean argitalpena testuinguru industrial batean gertatzen denez, irensteko errazenak diren produktuek aukera gehiago dutela asko saltzeko. Baina alde horretatik egon dira porrotak ere, arrakasta lortzeko elementu guztiak zituzten lanekin. Literaturaren misterioa da hori. Horregatik, literaturak edo hamburgesak egiteak ezberdina izaten jarraitzen du oraindik, neurri batean behintzat.

Momentuetako bat non biak uztartu ziren, boom amerikarraren garaian izan zen. Euskal kasura etorrita Obabakoak izango da behar bada horretara gehien hurbildu dena. Baina euskal literaturan aldagai gehiago hartu behar dira kontuan: liburuak nolako zabalkundea izan duen euskalduntze edo institutuen sarean adibidez. Gero agian, Ramon Saizarbitoria asko poztu daiteke Martutene asko saldu delako; baina zenbat da hori? Ziur asko oso gutxi edozein best-sellerrek izan dezakeen arrakastarekin alderatuta.

Badago euskal irakurlea beste literatur sistemetakoa baino jantziagoa delako ustea. Best-seller gutxiago irakurtzen omen ditugu beste herrialde batzuetakoek baino. Zer deritzozu?

Zaila da hori esatea. Benetan egon arte nahikoa liburu best-seller modukoak eta aldi berean aterako balira beste hizkuntzetan eta euskaraz, orduan egin ahal izango genuke konparaketa bat. Kontua da gure egoera diglosikoak hori guztia nahastu egiten duela.

Nik batzuetan badut horrela pentsatzeko joera, egun optimistak ditudanean, baina gero Durangoko azokara joaten zarenean eta Ereingo standean Toti Martinez de Lezearen aurrean dauden errenkadak ikustean, pesimisten aldera lerratzen naiz. Ez dugu konparatzeko eremu argirik. Azken finean euskal irakurleak badu gaztelaniazko edo frantsesezko kontsumo literatura premia hori asetzeko. Karlos Linazasoro entzutea besterik ez dago jakiteko zeintzuk diren gehien mailegatzen diren liburuak, esaterako.

Harkaitz Zubiriren ildotik, irakurle zirkuluak aztertzen baditugu, nahiz eta optimistegia iruditzen zaidan,15.000-20.000 irakurle posible horien artean bai egon daiteke nukleo bat benetan exigentzia maila altukoa.

Egia da, adibidez, 111 akademiak, normalean nahiko irizpide populistekin ematen dituenak urteko irakurlearen sariak, Martutene saritu duela. Orduan, agian badago itxaropenik. Hala ere, azken aldi honetan ez nago oso itxaropentsu.

Hala ere, best-seller liburuak idazten dituztenek defendatzen dutenez, horrelako liburu bat ondo idaztea ere ez da erraza.

Goi, erdi eta behe planteatu beharrean, behar bada, kategoria horietako bakoitzaren barruan ondo edo gaizki eginaren artean bereiztu beharko litzateke. Dudarik gabe lotzen zaituen eta tarte on bat pasarazten dizun axaleko abenturazko nobela bat egiteak eskatzen du teknika bat; eta hori ez dago guztien eskura. Baina irakas daiteke, eta badaude horretarako tailerrak. Zineman ere ikusten dugu, abenturazko pelikula batzuek funtzionatzen dute ondo, eta beste batzuk trabatu egiten dira, nahiz eta osagaiak batean edo bestean antzekoak izan. Alde horretatik miresten dut halako lan ondo egina. Gertatzen dena da gero literatura mota horrek duen ondorioa, hau da, uzten dizun arrastoa, oso txikia dela. Hain zuzen ere, bere helburua da pasatzea eta beste bat kontsumitzea ahalik eta lehenen. Hori lortzeak behar du bere teknika, eta mundu guztia ez dago horretarako prest. Baina irakurlearengan uzten duen arrastoa eta horren esanahia ezin dira konparatu goi-literaturarekin. Goi mailako literaturak, existitzen bada, eta nire zalantzak ditut, lan gehiago eskatzen du irakurlearen aldetik, eta neurri berean, uzten dizun arrastoa luzerakoagoa da, edo baita betierekoa ere.

Demagun  goi-mailako literatura eta midcult delakoa existitzen direla. Uste duzu azken horrek lehenengoari protagonismoa edo irakurleak kendu dizkiola goi-literaturari?

Goi literaturak ez ditu irakurle asko behar hala izaten jarraitu eta bizirauteko, bere patua eternitatea baita, kurtsi jarrita. Beraz ez dut uste hori arazo bat izan daitekeenik. Ikusgarritasunaren aldetik, edo egile horiek duten eragin kultural eta sozialaren ikuspegitik, bai egon daitezkeela defizitak eta hori da ni gehien arduratzen nauena.

Azken finean diferentzia handienetako bat hori da: artearen itxura izateko asmoarekin sortzen da midculta, eta goi arnaseko literatura besterik gabe sortu egiten da. Horregatik esaten dizut intentzioa oso garrantzitsua dela. Alde horretatik egon daiteke joera bat, bai sarietan eta baita kritikarien lanetan esate baterako, dena berdintzat jotzekoa. Eta orduan, espazioa galtzen du goi-literaturak, sarien behar gehien duenak. Izan ere, kritika eta sariak dira, neurri batean, kontsolazio sari bat, salmentetan eta halako kontuetan lehiatu ezin dezaketen lanentzat.

Baina bestalde, hori ez litzateke problema izan behar goi arnaseko idazleentzat, horiek ez baitute publikoaren harrera eta sariak lortzeko idazten. Hor ere badago kontraesan bat.

Hortaz, gaur nola esnatu zara: soziolinguista ala literaturzale?

Gaur literaturzale bai, apokaliptiko. Baina egunaren arabera izaten da. Soziolinguista jartzen zarenean euskararen etorkizunean ari zara pentsatzen. Zentzu horretan bai, kontsumo literatura beharko litzateke euskaraz gehiago irakur dadin. Baina bestalde hain da zaila esparru horretan mugitzea ezen gaur erabaki baitut pentsatzea: halako produktuak zenbat eta gutxiago, hobe.

Galdera zailena orain. Zure literatura zein multzotan kokatuko zenuke? Edo zein muga lausotan, nahiago baduzu.

Egileek geroz eta gehiago egiten dugu, baina oso itsusia da norberaren obra jujatzea. Eta nire intentzioa ere, zenbat eta gutxiago jakin orduan eta hobeto. Nik sinesten dut Marta Sanchez kantariak dioen horretan: misterioa mantendu egin behar da.

Gaur egun gailentzen den jarrera, eta hori oso midcult da gainera, zure obra nola irakurri behar den esatea da. Ez bakarrik aurkezpenean edo elkarrizketetan…  baita liburuan bertan ere. Kiribilak kiribiltzea iruditzen zait.

Bestetik midcult literaturaren arauetako bat da: midcult literatura praktikatzen duenak sekula ez du esango hala egiten duenik, hain justu bere helburua delako salgai ez bereziki aberiatu bat arte itxurarekin saltzea. Hortaz…

Horrela utziko dugu orduan. Aipatuko zenuke zein den goi-literaturak ohi duen arrasto hori utzi dizun azken liburua?

Nazioarteko literaturako bat aipatuko dut, eta beste bat bertakoa. Nazioartekoa da John Williamsen Stoner. 60ko hamarkadan idatzitako nobela da baina 2009an itzulia gaztelerara, oker ez banago. Xumeki kontatutako nobela da, unibertsitateko irakasle baten bizitza ezin grisago bati buruzkoa. Midcultak esaten dizu zer sentitu behar duzun, baina honek ez du hori egiten. Bizitza xume baten kontaera da, espanturik gabe. Ni benetan hunkituta utzi ninduen, eta hala jarraitzen dut. Duela hilabete irakurri dut.

Eta bestea Xabier Montoiaren Azken afaria da. Badute biek lotura, Stonerren aipu batekin hasten baita. Nik uste dut helburu antzekoa dutela nahiz eta gaiak erabat ezberdinak izan. Baina bai konpartitzen dutela nolabait gauzak kontatzeko helburu hori. Liburuan agertzen denaren transfondo ideologikoaren askotan bat ez natorren arren, iruditu zitzaidan erabat absorbentea den nobela bat eta batez ere oihartzuna utzi didana barruan. Bueltaka daramatzat bi nobelak azken aldian barruan, eta nik uste dut hori dela literatura onak eta narratiba onak egin beharko lukeena.

Poesia izan daiteke midcult? Euskal literaturan egin daiteke sailkapen hori?

Zailagoa da, poesia berez minorientzatko langintza bat bihurtu denez gero. Midculten ezaugarrietako bat zera da, efektu artistikoaren bilaketa hori eta inposaketa irakurleari. Hau sentitu behar duzu esaten dizunean, orduan badakizu midcult literatura dela. Neurri batean, jolasak eta hizkuntza gailentzen bazaio formari, izan daiteke beste zantzu bat. Uste dut egon badagoela, baina ez dut emango izenik ez delako nire alorra eta ez naizelako mugitzen behar bezain besteko ezagutzarekin. Egon badago eta poesia irakurle onek badute radar bat gauza horietarako; baina minoritarioagoa da.

Eta amaitzeko, laster lan berri bat argitaratuko omen duzu. Zerbait aurreratzerik?

Ipuin liburu bat da, azken zortzi urtetan idatzitako ipuinekin osatua. Nire aurreko bi proiektuak, Biodiskografiak eta Idazten ari dela idazten duen idazlea espezifikoagoak dira; hau ipuin liburu orokorragoa da. 39 ipuin dira, eta egun batzuetan gogoratzen naiz liburuaz eta pozik nago, eta beste batzuetan gorroto dut. Apirilaren bostean aurkeztuko dugu oker ez banago.