Gauak irabazi dizu | Bud Letona

‘’Boletuak eskuan, ekaitza edo loteria tokatzeko boletuak; garrantzikoena boletua, patua bera, engainatzen saiatzea dun, etorri behar denaren aurrean trikimailuak erabiltzea, hasperen egiteari utzi akaso, zoriontasuna ohiko ez diren zokoetan aurkituz bestela’’.

Hiriko tranpolinik handiena duen igerilekua aukeratu.

Ordutegiak arakatu eta gau hartan zaintzaile izango denaren lagun bilakatu, neoizko budweiser zeinu duen tabernan, … 7 zerbezen segurtasun aparrea mundua josi, 3 alditan gutxienez eta mesedez, gau batez, berandu, argirik gabe igeri egiten uzteko eskatu, lasaitasun hori behar duzula, zure ilusio handienetako bat dela, benetan eskertuko diozula, intimitate zerutiar hori edukitzen laguntzen badizu.

Kostata baina lortu duzu, ordu erdiko parentesi hau, eta prozesu luze baten ondorioz lortzen diren gauza oro bezala, momentu honek irribarre bat lapurtu dizu, bainujantzia jantzita 15 bat metroko hormigoizko kume honen azken pisuan, ertza behatz lodiz laztandu duzu, igeri egiteko prestaturiko bide bereziak ezker eskuin luzatzen direla arnasari eutsi nahi diozu.

Ura geldo mugitzen da, barrenak mihatzen izan dituen igerilari guztiak etxeratu eta merezi duen lasaitasunarekin.

Gauak irabazi egin dizu. Beste behin.
Beste borroka bat. Ez da lehena, ez da azkena ziurrenik, bizitzaren argazkia hauxe baita, isiltasunak mina sentiarazteraino betetzen zaituenekoa, giza kondizioan berezko den hutsunea onartzeak dakarren baretasuna.

Estatistika berari desafio egin diozu, ehuneko hamar baten ehuneko hamar hotz horretan zaudela, beste behin, alkohol botilaz gorputza busti, pizgailua atera,  eta zure buruari su eman diozunean. Hau ez da naturari irabazi nahi diozun liskar bat, ez da heldutasuna mehatxatzea. Suntsitzearen plazera da. Sortzearena.

Bitartean, hiru azukre geruzako opil industriala jaten ari den zaindaria ez da ezertaz ohartzen, lana du bibotearen forman egokitu zaion krema piloa miazkatzen eta egunkarian ateratzen diren futbolarien artean bere ametsak aurkitzen.

Sutan zaude. Salbazioak jauzi baten forma hartu du, baina ez daukazu salbatzeko asmo ez gogorik, hau da benetako erronka, isilik gorputza pixkanaka nola kiskaltzen den ikustea, azala tantaka sentitzea, segundoen zehaztasunez, ez mugitzea, … sentitzea, hiriko tranpolinik garaienaren azken pausoan zaudela, bizitzaren azken tartean.

Nahiago nuke, hau ikusterik bazenu- aurpegiratu diozu zure buruari.

Jon Iraola | “Jirafas en mi pelo, una vida de rock´n´roll”

Gabon! Gaurkoan, Fantagraphics Books-ek ingelesez eta La Cúpulak gazteleraz argitaratutako komiki-liburu bati buruz arituko naiz. Jirafas en mi pelo, una vida de rock´n´roll

Askotan galdetu izan diot nire buruari nolatan bihurtu ote ziren 60. hamarkadako
bakearen aldeko slogan horiek, 70. hamarkadako no future-an. Noiz gorde ziren ganbaran
pantalones campana eta kamiseta multikolore horiek, txupa beltzez eta malla estuez
ordezkatzeko? Nolatan bukatu ote zuten, finean, fusilen ahoetan jarritako lore horiek
zakarrontzian?

Erantzunaren zati bat Jirafas en mi pelo, una vida de rock’n’roll honetan aurki daiteke:
bertan Bruce-en, komikiko protagonistaren, hogei eta hogeitahamar urte bitarteko ibilerak kontatzen dira: 60. hamarkada bukaeratik hasi eta 70. aren amaierara arte. Rock’n’roll-aren arorik gozoenetako bat, bidenabar. Zortea izan zuen kabroiak.

Egia esan behar badizuet, Bruce-k egiten dituenak amestu bai, baina inoiz ez
naiz ausartu gauzatzera: lehenengo pasartetik (18 urterekin autostopean alderrai hastea
erabakitzen duenetik) azkeneko pasartera arte (30ak ospatzeko puta batekin oheratzen
denera arte) konbentzionaletik gutxi duen bizitza darama aurrera: lagunen etxeetan, etxe
okupatuetan, belazeetan, autoan edota zirko ibiltarietan lo eginez; AEBak hatz lodia gora
begira duela alderik alde zeharkatuz; era guztietako drogak probatuz… Alain Ginsberg eta Jack Kerouac-en diszipulo fina, gure Bruce!

Konbentzionaltasun dosirik badu, hala ere, gure gizonaren biziak: hogeita gutxi urte
dituela neskatxa batekin ezkontzen da (nahiz eta, asmatuko zenuten jada, askorik ez duten batera irauten) eta lan ere lan egin izan du ; ez luzez, baina bai lanbide ederretan: zaldi hezitzaile, Times Square-ko disko denda batean gauez saltzaile, musika kritikari…

Abentura adoleszente eta erreferentzi gose den edonori gomendatzen diot, anekdota
eder eta parranda ero artean bertatik igarotzen baitira, zeharka baldin bada ere: The Who
edota Hank Williams-en kantak hasiera batean; Pantera Beltzak, Jack Kerouac-en hobia eta komikiari izenburua ematen dion T-Rex –en « Main man » kantua erdialdera; eta, amaitzeko, New York-eko lehenengo punkyak, The Heartbreakers-eko Johnny Thunders –i eskainitako kapitulu gogoangarrian kasu.

Jirafas en mi pelo, una vida de rock’n’roll. Ikasketetaz, lanaz edo lan ezaz, bikoteaz,
familiaz, hipotekaz edota dale mamasita con tu takatáz potroetaraino zaudenerako.

Ondo segi!