4. Euskarazko literatur blogak

http://www.ivoox.com/4-euskal-blogosfera_md_1830185_1.mp3″ Ir a descargar

4. saio honetan euskarazko literatur blogak izan ditugu ardatz, eta gida antzeko batean blog interesgarrienak aipatu ditugu (beti ere geuk topatu dtugunak). Nobedadea Elearazi webguneko Danele Sarriugartek eta Garazi Arrulak ekarri diguten “Autoreak Plazara” atala izan da. Gaurkoan Anais Nin-en inguruan hitz egin digute. Gainera, Bud Letonaren nire kolkotik, Iraitz Ugalderen liburu komentarioa, Martin Riellaren kantu kontari eta Iraitz Agirrek idatzitako Mr Lopetegiren abenturen azken atala izan ditugu. On egin!

Hemen, saioan aipatu ditugun blog-ak. Literaturari buruzko besterik ezagutzen baduzue, jakinarazi, eta gehituko dugu zerrendara!

Elearazi http://elearazi.org/
Metropolitan http://www.donostialdetik.blogspot.com
Eremu Lauak http://eremu4ak.blogspot.com.es/
Boligrafo Gorria http://www.blogari.net/boligorria eta http://www.argia.com/blogak/boligrafo-gorria/
Hitz egiteko modu bat http://www.bsarasola.wordpress.com
Separata http://separata.wordpress.com
Kevin Heredia http://www.kevinheredia.mundua.com
Juan Luis Zabala http://www.berria.info/blogak/zabala helbidean
Taperware kolektiboa http://www.taperware.mundua.com
Bernardo Atxaga http://www.atxaga.org
Lagun batek esan dit… http://www.eibar.org/blogak/gabiria
Nire uste harroan http://www.eibar.org/blogak/mendiguren
Gauez eta Azpikeriaz http://www.blogari.com/katixa
Asel Luzuriaga http://www.blogak.goiena.net/asel
Volgako Batelariak http://eibar.org/blogak/volga
Oharrak eta Hondarrak http://ibanzaldua.wordpress.com
Idazkola http://www.idazkola.com
Barnemuinetan http://www.tximinia.net
Lasai, ez da ezer gertatzen http://samulasaitasuna.tumblr.com
Xerezaderen artxiboa http://www.blogak.com/xalp
Txiribueltaka http://txiribueltaka.blogspot.com
Ugaitz Agirre http://www.psychedelictearoom.blogspot.com
Peru Iparragirre http://www.nomadagaldua.blogspot.com
Literatur Mikropilulen Farmazia http://www.mikropilula.blogspot.com
Hankahutsik http://www.hankahutsik.blogspot.com
Idatziz http://idatziz.tumblr.com
Celosamente Gordea http://www.celosamentegordea.tumblr.com
Nire kontra esanak http://zuzeu.com/blogak/nire-kontraesanak
Alter eta Ego http://www.alteretaego.wordpress.com
Errailak http://www.blogak.com/errailak
Bookhunterblog http://www.bookhunterblog.wordpress.com
Hitzen Uberan http://www.uberan.org
Sareinak http://www.sareinak.net/
Kapittanttanen Salakota http://blogak.com/kapittanttan/
Oihartzuna naiz http://oiartzunanaiz.wordpress.com/
Hasier Larretxea http://www.hasierlarretxea.com/hasier/

Anaïs Nin | Autoreak Plazara

Elearazi webguneko Danele Sarriugartek eta Garazi Arrulak autore bat ekarriko digute plazara hilero, euskarara itzulita. Aste honetakoa Anaïs Nin izan da. Hemen ikus dezakezue post originala.

______________________________________________________________________

Otsailarekin batera dakarkizuegu autore ezagun bat, tamalez apur bat ezkutuan geratu dena bere bizitzaren eta harremanen itzalpean. Autoreak plazara honetan saiatzen gara kanpoko autore bat ezagutarazten, normalean bere idatziren bat euskaratuz. Oraingoan, ordea, idazle honen bizitza dakarkizuegu, bideo batekin batera; ikus-entzunezkoan autorea bera mintzo zaigu, eta beste autore ez hain ezagun horietako batzuk aurkezten dizkigu, Lou Andre Salome kasu. Pixka bat hazkatu, beraz, eta autorez bete otsaila topatu dugu. Irakurle gosetiz bete dadin espero dugu orain.

“Idazten dugu bizitza bitan dastatzeko, unean eta atzera begiratzean.”

Anaïs Nin

Anaïs[1] Ninek maite zuen hitzaldiak haurra zeneko istorio batekin hastea: antza, haurtzaroan, izugarri lotsatia zen, halako moldez non hurbileko senideekin ez beste guztiekin ez baitzen mintzatzeko gai. Haren isiltasunari erreparatuta, behin, bisitan joan zitzaien senide batek errukia adierazi zion Anaïsen amari, haur anormal bat sortzeagatik. Pasadizo horrek barregura sortu ohi zuen entzuleengan, izan ere, Anaïs Nin garaiko jario handiko hizlari trebeenetakoa zen, eta nekez irudikatzen ahal zuten halako komunikazio zailtasunekin.

1903an sortu zen Anaïs Nin (sortzez Angela Anaïs Juana Antolina Rosa Edelmira Nin y Culmell), Pariseko aldirietan. Ama Rosa Culmell erdi frantses erdi daniarra zen, kantuan Kuban ikasitakoa, eta aita, berriz, Joaquin Nin katalan-kubatar konpositore eta piano-jotzailea zen. Gurasoak banandu egin ziren aitaren emakumezaletasunarengatik, eta Anaïsen amak Amerikara eraman zituen seme-alabak, bizitza berri bati ekiteko. AEBetarako bidaian, hamaika urteko neskatxa eguneroko bat idazten hasi zen, aitari bidaliko zion gutunaren gisan. Amerikan ekin zion idatzi eta argitaratzeari, bere kasa ikasi zuen eta modelo lanak egin zituen, etxean laguntzeko. Hogei urterekin ezkondu zen, Hugo Guiler bankariarekin. Gizonaren lanak Frantziara bizitzera eraman zituen berriz, non idazten segitu baitzuen, flamenko dantzari ere aritu zen arren. Psikoanalisiari ekin zion, Otto Rank terapeuta austriarrarekin, hogei urtez Freudekin aritutakoa. Idazleak zioen egunerokoetan esandakoaren eta adierazi gabe utzitakoaren arteko trantsizioetan bere sentimenduen sakontasuna deskubritzen lagundu ziola; birjaiotza batez ere mintzatu zitzaion terapeutari, “bigarren jaiotzaren ardura geurea da erabat; auto-sorkuntza bat da. Bigarren jaiotza hori zuk egin dezakezun hori da” (A Woman Speaks, 1975: 6).

1939an, Anaïs eta Hugo New Yorkera itzuli ziren, heltzear zen gerrak presaturik. 1947an, Anaïsek 44 urte zituela, Rupert Pole aktore izandakoa ezagutu zuen Manhattanen, amorante bihurtu, eta Kaliforniara bidaiatzen hasi zen. Handik gutxira, harekin ezkondu, eta Los Angeles eta New York artean igaro zituen hurrengo urteak, Rupert eta Hugo artean, sei astero batetik bestera. Anaïsek bi ezkontide izate horri “bi kostaldetako trapezioa” deitzen zion, eta zaila egiten zitzaionez sekretuari eustea, gezurren kaxa deiturikoa sortu zuen, non bi bizitzen dokumentazioa gordetzen baitzuen. Bazirudien Hugok ez zuela beste ezkontzaren berri, edo, behintzat, ez jakitea aukeratu zuela. Affairhorretaz gainera, Anaïsek hamaika amorante izan zituen, hala nola, Henry Miller idazlea (amodio eta laguntasun harreman luzea, tarte batez Anaïsek mantendu ere egin zuen), Otto Rank psikoanalista, Gonzalo More iraultzailea eta beste aldizkako sexu-harreman batzuk, baita emakumeren batekin ere. Bada aunitz eztabaidatu den beste harreman bat ere, aitarekin izandako intzestu harreman bat, Anaïsek 33 eta aitak 55 urte zituela, bere eguneroko batean azaltzen denez; batzuek diote haurtzaroan abandonatu zuen aitaren arreta bereganatzeko saiakera zela, beste batzuek sexu bidezko mendekua, eta bada dioenik ez zela benetan gertatu, ariketa psikologikoa baizik ez zela izan.  Anaïs Nin 1977an hil zen.

Idatzitako bizitza bat

Argitaratu dituen egunerokoengatik da Anaïs bereziki ezaguna. Bizi zela hamabost liburu kaleratu zituen, zazpi eguneroko eta elkarrizketa liburu bat. Kritikariek diotenez, haren liburuetako gehienak estilo surrealista frantseseko abangoardia liburuak dira. 30eko urteetan, bere idatzietan interes gutxi zegoenean, bere obrak inprimatzeko makina erosi zuen, eta orduak eta orduak eman zituen horren aurrean. Egunerokoak bere bizitzaren berri emateko modu bat zen, testigantza idatzita uzteko; “badakit uste duzuela zuek ni deskubritu ninduzuela Diarya argitaratu nuenean, baina, egiaz, nik deskubritu zintuztedan zuek” (140). Hamabost urterekin argitaratu zuen lehenengo lana, eta lotura askea izatearen garrantzia aldarrikatzen zuen. Orotara, 69 eguneroko liburuki daude; idatzi originalek 35.000 orrialde baino gehiago dituzte. 1966an, 63 urterekin, Anaïsek egunerokoak merkaturatzeko baimena eman zuen. Arrakasta itzela izan zuten, sexu-iraultza zurrunbilo baten erdigune bihurtu ziren, eta hitzaldiak emateko deitzen hasi zuten unibertsitateetatik; ehunka gutun jaso zituen zaleengandik, eta guztiei erantzuten zien. Bere esanetan, “arrakastaren sekretua ez du zertan talentu bikain baten ondorio izan; hori baino, burugogorkeria bikainaren ondorio da. Ez gara bikainak hastapenetan; bikain bihurtzen gara patuak gure aurrean jarritako oztopoak onartzeari uko egiten diogunean” (45).

Horren aurretik, 28 urte zituela, Anaïsek ez-fikziozko liburu bat idatzi zuen, DH Lawrence: An Unprofessional Study izenekoa, ez zuena autoreak nahiko zukeen arrakasta izan. Orduan ekin zion idazle bizitza dantzarekin konbinatzeari. Diru beharrez, bildumagile ezezagun batentzat kontakizun erotikoak idazteari ekin zion, orrialdea dolar baten truk. Idatzi horiek autorea hil eta gero argitaratu ziren, Venusen Delta eta Little Birds liburuetan, eta egunerokoek baino ospe handiagoa izan zuten. Lorpen artistikoak apartak izanagatik ere, autorearen bizitza paregabeak zeresan handiagoa eman du, eta biografia eta ikerlan aunitz bete ditu. Mugimendu feministaren eztandak, 60ko urteetan, Anaïsen hogei urteko lana baliatu zuen ikuspuntu feminista emateko, eta alde horretan sakondu nahiak ere eragin zuen hainbat hitzaldi sorta; “irakurri ohi ditudan emakumeak –zeren eta beti irakurri izan ditut emakumezko autoreak, inspirazio iturri handia izan direnak–beren burua askatzeko gai ziren, beren askatasuna eskatzen ez zutenak, hori sortzeko kapaz zirenak” (33). Halere, Anaïsek ez zuen bere burua garaiko aktibismo politiko horri lotzen.

Orrialdea dolar baten truk

Anaïsek uste zuen narrazio erotikoetan aurkezten zituen pertsonaiak muturreko karikaturak zirela, eta sekula ez zuen asmorik izan horiek argitaratzeko; alta, 1970. hamarkada hasieran iritziz aldatu zuen. Esan bezala, Delta of Venus ipuin bilduma 40ko urteetan fikzio erotikoa nahi zuen bildumagile batentzat idatzi zituen, poesia alde batera utzi eta sexuan arreta jar zezan eskatu ziona Anaïsi; alta, autoreak lortu zuen pornografia baino erotikoa sortzen. Zalman Kingek zuzendutako filma aurkeztu zuten 1995ean, liburu horretan oinarrituta.

Gurean, bilduma honetako ipuin guztietan ezagunena Euskalduna eta Bijou izenekoa izanen da segur aski. Desira objektu gisa aurkezten du izenik gabeko Euskalduna, adeitsu eta trebea:

[Mamanek] Euskalduna gogoko zuen, eta ez bakarrik haren soslai klasikoagatik, alegia, sudur labur, almendra itxurako begi, ile beltz distiratsu, ibilera leun eta irristakor eta keinu geldoengatik. Ez zuen gogoko ez bufanda gorriagatik ez buru gainean pikarokeriaz alde batera okertutako bonetagatik. Ezta emakumeekin zerabiltzan manera limurtzaileengatik ere. Gogoko zuena pendentif bikain hura zen, kirten noble hura, haren erantzuteko gaitasun sentibera eta nekaezina, zakil haren sinpatia, adiskidetasuna eta hedatzeko ahalmena. Maman halakorik egundo ikusi gabea zen. Euskaldunak mahai gainean jartzen zuen batzuetan, zorroa bete diru uzten duenak nola, eta zakilarekin joka hasten zen arreta bereganatu nahian bezala.


[1] Idatzi honen bertsio laburtu bat Gure Liburuak irakurle klubeko aldizkarian kaleratu zen, 2012ko neguan.

“Y sin embargo” – Joaquín Sabina

Gaurkoan ez dut gehiegi sakonduko, eta Joaquín Sabinaren “Y sin embargo” kanta hartu dut.

Entzun berri dugun kanta 1996an kaleratu zen “Yo, mi, me, contigo” diskoan, Sabinaren diskoetan arrakasta handienetakoa jaso zuena.

Akaso gaur egunean, Sabinak egin dituen adierazpen harira, ez du Euskal Herriko jendeak gehiegi maite, baina esan beharra dago 1970.ean Espainiatik alde egin behar izan zuela koktel molotov bat “banco de Bilbaoko! Egoitza batean jaurti zuelako Burgoseko prozesuaren aurka agertu zen eta. Londresen errefuxiatu zen, eta bere londoneko etxean hainbat ETAko kide eduki zituen gordeta. Lehen aldiz hauteskundeak izan zirenean HB bozkatu zuela esan zuen berak.

Baina gerora Euskal gatazkaren auziaz guztiz aldendu zen eta zenbait hitz latz esan izan ditu geureari buruz.

Dena den, intro txiki honek bere bizitza kokatzeko soilik balio nahi zuen. Eta zergatik aukeratu dudan kanta? Ba kanta honek baditu zenbait berezitasun. Lehenengoa musikala da. Kanta ia gehienek bi zati melodiko izaten dituzte, eta honek hiru ditu, progresibidade handia ematen diotenak. Bestalde, Sabinaren ia kanta guztiak bezala, oso luzea du letra, eta nahiko korapilotsua. Errimaz josia dago kanta eta amodioaren gaia jorratzen du. Luxuzko esaldiak ditu, adibidez,

Ematen ditudan musuek pozoitzen naute,
Eta hala ere, zu gabe lo egiten dudanean
Zurekin egiten dut amets
Eta guztiekin nire ondoan lo egiten baduzu,
Eta baldin bazoaz teilatutik egiten dut alde
Jaberik ez duen katuak bezala
Etsipenaren zapian galdurik
Zure edertasuna zikindu gabe lausotzen duelarik.

Datorren astean beste kanta berri bat ekarriko dut gurera.

Lopetegi Jauna IV | Iraitz Agirre

http://www.ivoox.com/mr-lopetegi-4-iraitz-agirre_md_1829396_1.mp3″ Ir a descargar

Haize bolada, marea behera datorrenean bezala, bere baitan irentsiz aldendu da sukaldetik. Alabak leihorantz begira jarraitzen du. Ez du zirkinik egin, soa hirugarrenean geldi dagoen gizonak esku artean duen objetibora, zuzen bideratuta duen arren. Harritu egin da Lopetegi jauna; badirudielako alabari, diskreziorik gabe leihotik begiratzen dion pertsona bat badela jakiteak, ez diola batere axola; eta harritu egiten da, ez zuelako alaba hain sosegatua gogoan. Baina zer ote daki berak begirada zorrotzeko emakume hartaz? Zela jakin gauero aitari deitzea ahaztu zitzaion neska hark, ze burutazio ote duen bi kristalen arteko puntu horretara begira ari den bitartean?

Alabak begirada itzuli dio aitari eta ezkaratz gainean dagoen edalontziari begira. “Ba al dago niretzako?”. Kosta zaio zertaz ari den konturatzea, azken orduetan edan dituen guztien eraginez beharbada, baina bai, aterako dio whiski bat alabari, nola ez ba. Botila gerturatu du eta banda erdoilduek hala moduz eusten duten armairutik, bigarren edalontzi bat atera du. Alabarena betetzen hasi da lehenengo, likidoa gorantz eta zeharka begira, badaezpada, gehiegi botatzen ari ote den pentsatzen bezala. Baina hark ez dio deus esan, ez dio begiratu. Nahikoa dela iritzi duenean, “To Ainhoa” esan dio, eta bere edalontzia bete du, lehen edalontziaren tamainan, badaezpada.

Harritu egiten du alabaren soseguak bai, eta pentsatu du, hauek ez direla urte samurrak izan beretzako. Begiradan igartzen zaio, hatzamarrak mugitzeko eran, ezpanak bustitzen ez dituenean, egoteko duen lasaitasun artifizialean. Isiltasun deserosoa apurtzeko asmoz, galdetzera ausartu da, “Eta, zer moduz habil ba?”. “Hainbestean” erantzun dio. Eta isiltasuna berriz, koipetutako baldosa urdinek hozten duten sukaldean, horman zintzilikatutako erlojuaren tik-tak-ak momentua laban zorrotz baten gisan mozten duen bitartean. Zertara eta ze arraiogatik etorri den galdetu nahi lioke, baina ez da esatera ausartu, hatz erakuslea luzatzeko inor ez dela iritzita, eta zain gelditu da, whiskiari, alabak eta emazteak kafea edaten bezala, hurrupa txikiak ematen dizkion bitartean.

“Laster nire bila etorriko dira aita, ez dakit gaur, bihar, etzi… tarte horretan zure etxean geldituko naiz, axola ez badizu behintzat” esan du Ainhoak su gaineko baldosa apurtuari begira, “hainbestean” erantzun duen tonu, tinbre eta gogo berdinarekin. Lopetegi jaunak zer esan jakin gabe jarraitu du, baina hurruparik eman gabe, whiskiaren azken tantak eztarri barruraino irentsiz. Ez dio galdetuko zer egin ote duen, zergatik datozen bere atzetik, nola erabaki duen aitaren eta amaren etxera itzultzea, etxe hari zentzua ematen zion ama, tximinia gainean dagoen txuri beltzezko argazki bat bihurtu den garaiotan. “Eta axola ez badizu aita, zure 62 argazki edukitzea gura nuke, eramaten nautenean, zure Reflexaren begietatik mundua ikustea gurako nuke eta, ez badizu axola behintzat…”. Bere gorputza hotzikara batek zeharkatu du. Ez ditu bi arazo Lopetegi jaunak, arazo bakarra da ikuspegi, lente eta prisma ezberdinetatik erretratatua. Badaki besarkada bat emateko momentu ona dela, baina ez zaio tripetatik edo bihotzetik edo besarkadak sortzen diren leku horretatik ezer irten. “Noski Ainhoa, bihar hasiko gaitun argazkiok aukeratzen, ondo baderitzon behintzat…”. Alabari begietan malko bat ikustea begitandu zaio pijaman jantzitako gizonari. “Amaren antza daukan” bota dio, whiskiaz edalontziak berriro betetzen dituen bitartean.

Gauero ez bezala, konpainian edango du Lopetegi jaunak eta oheratzerakoan, denborak ilundutako marko marroitik irribarrez begiratzen dion zuri-beltzezko emazteari keinu bat egingo dio “faltan bota haugu maitea”, edo antzeko zerbait esateko. Eta ez dio garrantzirik emango auzokoek edo hirugarreneko zelatariak argazki bati hizketan harrapatuko balute pentsatzeari. Gauero ez bezala, hurrengo egunean 62 argazki aterako ez dituela pentsatzen loak hartu du Lopetegi jauna.

Simulakro bat | Bud Letona

http://www.ivoox.com/simulakro-bat-bud-letona_md_1829289_1.mp3″ Ir a descargar

Inguratu zaituen ustelkeriaren parekoak dira zure ametsak, sasikume hutsak

Momentu honetan 10000mila kilometro orduko geldotasunaz mugitzen den hegazkin baten hegalean eserita zaude, itxatxiriko aulki mistikoegi batean.

Hodei berde horien errotik atera berri duzun zuhaitza esku biekin heldu eta zupada luzeegi bat eman diozu, eta zure barrura sartu zara, ke beltz forman, eta biriketan pausatu, etzan.

Sortu zinen ezerez ezezagun eta misteriotsura bueltatu zara, eta linbo delakora iritsi, eta lasaitasun zerutiar baten bigarren platera dastatzen ari zinenean.

Joder, necesito un cigarro esan du zure ondokoak behatzen amaierari hozkaka. Amen, my friend, nik ere bai.

Eta badakizu iraganak, oroitzapenek, ez dutela baimenik eskatzen, ez zarenaren saiakerek ahulduta, arrautz formako leihotik begira zabiltza, eta gibelari mailegu bat eskatzen diozu, ‘azkena’, eta azafatari gezurrezko hiruzpalau whisky botila nimiño, besterik ez bada ere, momentu batez, izan denaren aurkako borrokan, lehen asaltuan KO gordina ekiditeko.

Ingurukoei begira, inora ez doan hegazkin batean nola bukatu duzun galdetzen diozu hutsik dagoen plastikozko ur botilari. Lotsagabeak ez dizu erantzuten.

Baina hemen zaude, eta bi ordutan 50 euro lortzeko aukerari ezetza luzatzea delitua litzake.
Zeinek esango zuen hegazkin istripuen simulakroak esistitzen zirela, eta bidaiari beldurtiak behar dituztela, egoera larrietarako azafatak trebatzeko. Sinestezina.
XXI.mendeari bota diozu errua.
Hutsik dagoen plastikozko botilari ados al dagoen galdetzen dion.
Lotsagabeak ez dizu erantzuten.

15 minutu barru hasiko omen da simulakroa, eserlekuetan egoteko agindu din aurretik-grabaturiko ahots batek. Joder, necesito un cigarro errepikatu din ondokoak eta azkazala lurrera jaurti din ezpainekin egindako soinu nazkagarri samar batek lagunduta.
Gezurrezko hegazkin batean komunak egiazkoak al dira?
Altxa eta pasiloan zehar jendeari begira euren bizitzak marrazten dituzu bat-batean, intentzio txarrik gabe, neurturiko krudeltasun dosi batekin.

Ikusten dun ileori hori?
David dun, lehen egunez lanean ari den gezurrezko azafatoa.
El baño? galderari “Allí señora” erantzuten dio…
Eta “Allí” zoaz, bertan, ezkutuan, zigarro bat erretzeko aukera izango duzunaren itxaropen xumearekin.
Ondoan inor ez dagoela baieztatu, alboratutako gortinaz intimitatea-edo sortu eta barrura zoaz

Lehen zupada eman diozu zigarroari eta keak birikak zigortzen dituen momentu horren berotasuna maite duzuela atzematen zaizue biei kea ahotik botatzeko eran. Kea, pentsatu duzu.
Elementu berezia, nonahi hagoela, jantzi grisak dituen ohiko maizter hire bizitza osatzen duten naranja-hori-gorri kolore eskalan.
Eta hirugarrena. Agian egoera irrealenetan direlako sentimenduak inoiz baino errealago, edo uste horrek lasaitasun apur bat mailegatzen dizulako…

“zu ere larri diruz?”- bota diozu ispiluari

burura etorri zaizu zure lagun amerikarra…. mozkorrak elkarrekin trago bat hartzera gonbidatu zenituzten gau batean kontatu zizun, anaia galdu zuela auto istripu batean. Anaia handia, “literally”, gehitu zuen. Urtero bere hilobia bisitatu eta zerbeza eta kokainaz lepo, musika entzuten zuen hiltzeko adina lasaitasun bildu arte.

Egun batean surf taula hartu eta itsasoan barren sartu zenekoa gogoratu duzu, bertan egon nahi zuela, hiltzeko adina bakardade baitzegoen han. Zein egunetan hil zen galdetu zenion eta, zuk urteak betetze zenituen egun bera zen, azaroaren 23a. Irribarrez, ilusio bazina bezala begiratu zintuen. Azaroa iristean gitarra hartu eta zerbezak lagun, hondartzan iraultza hasiko zenutela esan zenioten elkarri, bizitzeko adina lasaitasun bildu arte.

Giltza itxura duen soinu bat atzematen duzue atea ireki nahian. “ ¿Hay alguien ahí? galdera eta bultzada bat dakartzan David delako azafatoa da. Bultzadak atea irekidu, hanken artean trabatu zaizu ordea eta ezeroso mugitzen denaren ahoko soinu horiek lagun, fite altxa zara, abiadura horrek eztula eragin dizu. Ke ugarik alde egin du presaka eta David-en begitartea apaindu, benetan haserre dago eta

Arduradun batek lagundurik utzi duzu gezurrezko hegazkina, gezurrezko azafatoak. Entzun behar izan dituzunak. Jarrera txarra izanagatik ere ordaina jasoko ez duzula esandakoan erretzearen umekeria garestitxo atera ez ote zaizun galdetu diozu aireportu berari.

Simulakroa ere amaitu da hainbestez, eta zortea eduki dute, hegazkinak ez du lurra jo.

Eta zu nor zara? galdetzen diozu zeure buruari.

Agian benetako hegazkin bat naiz eta ez dakit aireratzen edo lurreratzen ari naizen, edo are okerrago, simulakro hutsa ez ote naizen.

“Nessun Dorma” – Giacomo Puccini

Azkenaldian nahiko triste nabil tabernan jarri behar dudan musikagatik. Perrea-perrea, takata, mamasita, barabara berebere, eta horrelako kantu “dantzagarriak”.

Musika hil da. Ez dakit non dagoen egunez, akaso, norbanakoen aurikular zurietan lurperatu da. Edota Ipod nanoen zeruan egongo da. Nahita edo nahi gabe, denok egon gara musikaren hiletan Taberna zuloetan Budwisserrak edaten ditugun bitartean. Shakira, David Guetta, Michel Tello eta Bisbalek ez dute akatu. Gu izan gara. Gu gara “noche de sexo” edota “rabiosa” eskatzen ditugunak. Gu gara kokaina bezala azken “hit”ak kontsumitzen ditugunak, gaindosiak jota txahala bota arte.

Mundu hobeago batean egongo da musika, ziur. Agian antzokietan errefuxiatu da, edota Durangoko azokako azken standean. Agian, ez dugu berriz gauez ikusiko. Horregatik, nire tristezia hedatzeko hurrengo kanta jarriko dut, gomedatzen dizuet begiak ixtea eta musika ondo entzutea. Imaginatu zeuen buruak Erromako Operan:

Entzun duguna, Nessun Dorma du izena. “Ez dezala inork lorik egin”. Giacomo Puccinik egindako opera da, Turandot izenekoa, eta berau bukatu gabe hil zen musikagilea. Franco Alfanok amaitu zuen eta 1926an eman zen aditzera.

Jarritako kanta, 2007an hildako Luciano Pavarottik kantatzen du era ezinhobean. Pavarottik modan jarri zuen kanta izan zen Nessun Dorma.

Letrak honakoa dio:

Ez dezala Inork lorik egin! Ez dezala inork lorik egin!
Zuk ere ez Printzesa.
Zure gela hotzean
izarrak ikusten dituzu
amodio eta esperantzaz dardarka.
Baina nire misterioa nire baitan dago,
Nire izena ez du inork jakingo. Ez, ez
Zure ahogainean esango dut.
Argiak dirdir egitean.
Eta nire musuak nire egingo zaituen isiltasuna urtuko du.

Alde egin, oh gaua!
Desegin zaitezte, izarrok! Desegin, izarrok!
Egunsentian, irabaziko dudala!
Irabaziko dudala!
Irabaziko dudala!

Eta zergatik ekarri dut gaurkoan opera gurera? Lehenik eta behin, esan, ez dudala horrelako musikarik nahi taberna zuloan, taberna ixteko ez bada behintzat. Baina interesgarria iruditu zait ikustea nola aldatzen diren kontsumo bideak. Duela hamar bat urte tabu ziren gaur egun entzuten ditugun kanten baliokideak. Gaur entzuten diren kanten letrak, orokorrean esanda, oso sexistak direla iruditzen zait. Eta gero pankarten aurrean ikusten ditugunak ere gerturatzen dira barra ertzera horrelako kantak eskatzera.

Kantaz gain, bukaera izugarria duela portzierto, gustatzen zait nola jokatzen duen bere izenaren misterioarekin. Nola erabiltzen dituen gaua eta izarrak debekua aitortzeko, eta nola garraxi egiten dion egunsentiari. Irabaziko dut! Egunsentian, Irabaziko dut!

3. Arantxa Urretabizkaia

http://www.ivoox.com/3-arantxa-urretabizkaia_md_1789887_1.mp3″ Ir a descargar

Arantxa Urretabizkaia izan genuen Añorgako irakurle klubean, eta bisita aprobetxatu genuen irratsaioan entzun ahal izango duzuen elkarrizketa grabatzeko. Era berean, Peter Ostolazak gutuna idatzi die bere gurasoei, Nagore Aresek liburu komentarioa egin du, Gorka Gurrutxagak azaldu digu nola Berlineko harresiak, aspaldi bota zuten arren, oraindik ere zutik jarraitzen duen, Martin Riellak asteroko kantua komentatu du, eta Manex Agirrek Lopetegi jaunaren istorioaren hirugarren zatia kontatu digu.

On egin!

Arantxa Urretabizkaiari Elkarrizketa

http://www.ivoox.com/arantxa-urretabizkaia-elkarrizketa-osoa_md_1791347_1.mp3″ Ir a descargar

Arantxarekin elkartu ginen Añorgako Obabako Testiguak eta unea aprobetxatuz irratsaiorako elkarrizketa egin genion. Saioan ezin izan genuen osorik ipini, baina hemen duzue elkarrizketa osoa.

Harresi arrastoak | Gorka Gurrutxaga

Ezer ulertzen ez zuen garaia, orori harriduraz behatzen ziona, joana bada ere, koxkortua jada, 8 urte amaren sabeletik ihes egin zuela mundura, badira gauza batzuk oraindik ondo ulertzen ez dituenak, eta euretako batek goibel dauka. Gaur egingo dio aitonari itauna, tristura ahaztu ezean,  zergatia jakiteko bederen.

Autoan doaz aita-amak eta semea, bi iganderoko ohituraz aiton-amonen etxera bazkaritara. Charlottenburgetik Friedrichshainerako bidean, Berlin hegalez hegal zeharkatzen dute, mendetik ekira. Haurra harritu egiten da bidaia bakoitzean bidean ikusten dituen kontrasteez. Etxeinguruko Zara, Mc Donald’s eta abarrak, desagertu ez arren, hurritu egiten dira nabarmen aiton-amonenera heldu orduko. Eraikinak handiagoak dira, edo handientsuagoak behintzat. Eta geometrikoak. Hiribideak luze eta zabal. Akaso trajedun gutxiago ibilitzen da inguru hauetan, ilea kolore fosforeszentez margoturiko gehiago, eta zakur saldoa lagun, haiek lotzekoez gain soinean kate ugari duen jendea.

Aitak beti esaten dio Oberbaumbrücke igarotzen ari direla, behiala harresi bat izan zenaren arrastorik luzeena gelditzen dela han ezkerretara. Aitak kontatzen dion moduagatik, garai iluntzat dauka semeak harresiaren hura. Zail zaio ordea orain hain koloretsu ikusten duena, koadro erraldoi bat bailitzan, sasoi beltz batekin lotzea. Zubia zeharkatzen duten bakoitzeko errepikatzen dio euren ekialdeko anaiek altxa zutela harresi hori, eurengandik bereizi nahiez, eurek, mendebaldekoek, zer ikusirik ez balute bezala murruaren eraikitzean. “Haiek ziren gugandik bereizi nahi zutenak. Guk ez genituen gorroto, ongietorriak ziren gurean, eta asko eta asko gugana etorri ziren, gobernuagandik ihes askatasun bila. Eta horrexegatik eraiki zuten horma, beldur baitziren ez ote zien jende gehiegik alde egingo gurerantz”. Are nahasarazten duena, gaiztotzat deskribatzen dituen haiei anai eta ez etsai deitzen diela.

Aitonak atea ireki orduko muxu bat eman ohi dio bilobari, eskuaz kaskoa laztantzen dion bitartean. Amona izaten da hurrena, hura sukaldean izaten baita lanpetuta, senarrari utziz atea irekitzeko betebeharra edo ohorea, gauzak nola ikusi. Mahaira esertzen dira saltoan, jana hoztuko den beldur, eta gosez, halakoetan gosaldu gabe joaten baitira, jakinaren gainean nahikoa izango dutela gero ere sabela betetzeko.

Gaurkoan haragia prestatu du saltsan, patata pure batez lagundua, eta aza hartzituz. Postrerako txokolatetxo batzuk eta gabonetan soberan izandako Spekulatius-ak. Eta kafearekin batera betiko leloak, eta bere bi eredu handi horiek, handi ikusten baititu oraindik, eztabaida sutsu xamarrean, zeinaren eraginez etxeko bi emakumeek atzeko gelara eramaten zuten giro nahasitik babestu nahiez; aspaldian gehiago egiten ez dutena, koxkortua delako edo aitonak eskatuta, bilobak herriaren historia jakin behar duela defendatuz.

Aitonak esaten du eurek bizi ziren tokian ez zegoela langabeturik, ez zela beldurrik izaten hurrengo egunean lanetik kaleratua izateko, ez eta hurrengo egunez tripa betetzeko aukera izango zuten larritasunik ere. Antzeko jakiak beti, baina mahaia beterik. Aitak berriz, lana baietz baina askatasunik ez zeukatela batere, estatuak programatuta bizi zirela, ezin zutela aukera egin txokolatea edo laranjak meriendatzeko, ez baitzen ez batik eta besterik oro har, eta izatekotan, bietako bat besterik ez. Horiek ez direla ezinbesteko gauzak aitonak, badirela behar primitiboagoak eta horiek aserik izatea dela balio duena. Eurek hala izan zituzten urte luzez, hezkuntza, osasungintza… Ez zutela aukerarik nork gobernatuko zituen erabakitzeko ere, atzera aitak. Eta aitonak ea ondo funtzionatzen duen gizarte batean gobernaririk behar ote den. Aitak hitza: arropak ere denek berdinak zituztela, ez zela norbanakoa aintzat hartzen, talde sentimenduak suntsitu egiten zituela norbanakoaren berezitasunak, eta halako gizarte batek beldurgarriaz gain aspergarria izan behar duela. Nahiago duela hori, multinazionalen inperioan lepoa estu, arnasestuka bizi baino, aitonak.

Ez du askoz gehiagorako ematen eztabaidak, arratsaldeko bostak izaten direnez gero bietako batek azken hitza bota duenean, etxeratzeko ordua biharamunean eskolara eta gurasoak lanera joan beharra medio. Azken hitza nork bota egunaren araberakoa da, batzuetan aita izaten da, eta autoan doazelarik “gaurkoan ahoa itxita utzi dut zure aita egoskor hori” esaten dio amari. Bestelakorik gertatu bada, mutu egin ohi du itzulerako bidaia.

Haurra noraezean uzten dute eztabaida hauek. Ez daki zeini eman arrazoia, ez daki zeinen alde jarri, askoz errazago zaio hautu hori egitea lagunekin eztabaidan. Orduan etxekoaren alde egiten du beti, dela aita dela aitona, baina kasu honetan biak senideak izanik, ez daki gorri ala urdin. Ohartzen da biek ala biek esaten dituztela nahiko arrazoizko gauzak, eta iruditzen zaio, ez ote dauden, aita eta aitona, uste dutena baino gertuago euren iritzietan. Baina agian umea delako da hori, oraindik ez dituelako ondo ulertzen zehaztasun guztiak. Argi daukana ordea zera da, goibel daukala aitaren eta aitonaren arteko ezinikusiak. Gainera bada gauza bat oraindik ulertzen ez duena, eta etxeratu aurretik itauna egin behar dio gaur aitonari, tristura ahaztu ezean, zergatia jakiteko behintzat, eta galdetu zergatik ez den inoiz etorri euren etxera bazkaritara.

“Berreziketaren zailtasunari buruz” – Ruper Ordorika

Gaur galdera batekin nator: “badituzu 10 minutu?”. Azkar doa denbora. Azkarregi akaso. Eta izan ginen tximino horretatik milioika urtetara gauden arren, azkar doa denbora. Azkarregi. Hain doa azkar, ezen ez baikara segundu bakar batean ere geratzen ingurukoaz gozatzeko, hausnartzeko eta ulertzeko ere. Hemen dauzkazue ba, bost minutu kantuaz gozatu eta ulertzeko.

Ruper Ordorika oñatiarrak sartu zuen lehen aldiz bere diskografian 1985. urtean “bihotz erreak” diskoaren barnean. Gero 2000. urtean “Gaur” zuzeneko lanean argitaratu zuen berriro.

Kantuak gaurkotasun handia duela uste dut, esaten diren esaldiengatik. Adibidez, zeri ematen diogu garrantzia? “Munduaren salbazioa hil ala bizikoa denean barberoenera joaten dira” edoKausa zuzenearen alde borrokatu beharrean biruela eta barizen kontra ari dira”. Horrelako esaldiek badute gaurkotasunik.

“Izan ere, dena pikutara joaten da gizonengatik. Gizonekin ezin da inolako estaturik jaso. Zorri saku bat asko da euren aldean.

Zalantza aldeanoak.

Idiotak kontsumoan baino pentsatzen ez duzuenak.

Ohartu gaitezke idazten duenak ez duela bere burua “gizon” kontzeptuaren baitan.

Eta bukatzeko, esaten du “Ez dagoela denak akatzerik, alegia. Ezin egunero ibili gauzak esaten. Hau pagotxa gizonik ez balego. Orduan zer?” 

Zer gizonik ez balego? Zer joango zen pikutara? Non jartzen dugu begirunea geure zilborrean ez bada?

Berreziketaren Zailtasunari buruz

Munduaren salbazioa hil ala bizikoa denean
barberoenera joaten dira.
Abangoardiaren orpotik xoraturik joan gabe hala diote:
ez huake zerbeza bat gaizki etorriko orain.
Kausa zuzenearen alde borrokatu beharrean
biruela eta barizen kontra ari dira.
Unerik larrienean hortxe doaz
buzoi edo ohe bila.
Hastekotan dela milurtekoa
ba heurak beren haurzapietara.
Izan ere, dena pikutara joaten da gizonengatik.
Gizonekin ezin da inolako estaturik jaso.
Zorri saku bat asko da euren aldean.
Zalantza aldeanoak.
Idiotak kontsumoan baino pentsatzen ez duzuenak.
Iraganaren kondarrak.
Ez dagoela denak akatzerik, alegia.
Ezin egunero ibili gauzak esaten.
Ene! gizonik ez balego
orduan bai pagotxa.
Ene! gizonik ez balego
orduan zer.