‘Gela bat norberarena’, Virginia Woolf eta ‘Anne Franken egunkaria’, Anne Frank | Iraitz Ugalde

http://www.ivoox.com/gela-itxi-bat-iraitz-ugalde_md_2898366_1.mp3″ Ir a descargar

Azken Durangoko azokan presentzia berezia izan zuen Virginia Woolf-en Gela bat norberarena liburuak. Alde batetik, Maria Colera Intxaustik Consonniren eskutik eginiko itzulpena orduantxe argitaratu zelako. Bestalde, aldizkariko azala pintatzen zuten hitzak bertako pasarte ezagunenetariko batekoak zirelako.

Virginia Woolfek 1928an Newnham eta Girtongo Eskola Femeninoetan emandako bi hitzaldi biltzen ditu liburuak. Emakumeak, fikzioa idatziko badu, dirua eta gela propioa behar dituela dio. Ideia hori helarazi nahi die Woolf-ek bere entzuleei, mundua interpretatzeko emakumearen modua idatzita gera dadin, bere garaiko emakumeen hitzak irakur daitezen. Gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasuna baliabideek ezarria dela dio, eta Shakespeare-en balizko arrebaren adibide kuriosoa ipintzen du, haren gaitasun berberak izanda ere, emakume jaio izate hutsak zertan amaitzera eramango lukeen irudikatuz.

Harago doa, gainera, analisia. Gizartean hartzen ditugun rolak aztertzen ditu: “Zergatik edaten zuten gizonek ardoa eta emakumeek ura?”. Gure portaeretan ezustean bezala daramagun generoaren inpronta sakon aztertzen du, “Sexu baten segurtasun eta oparotasunaz eta bestearen pobrezia eta segurtasun gabeziaz” eta horren zergatiez hausnartuz. Eta horrela iritsi da beharbada, egun, generoaren inguruko edozein lanketatan erreferentzia izatera.

Woolfek bere entzuleei opa ziena baino gutxiagorekin idatzi zuen bere egunkaria Anne Frank. Josu Zabaletak itzulia, Erein argitaletxeak berrargitaratu berri du II. Mundu Gerraren kontakizunaren zati den lekukotza hunkigarri hau. Ez zuen gela bat berea Anne Frankek. Beste zazpi lagunekin elkarbanatu beharreko ezkutalekua besterik ez zuen. Dirudun familiako alaba izateak ezin uka lagundu zionik.

Euren babesleek lepoa jokatu zuten ezkutaldi osoan zehar eta behar zuten guztia erosteko adina diru izan zuten Frank-tarrek egonaldi itogarriak iraun artean. Baina Annek bere gela propioa koadernoan idazten zuenarekin eraiki behar izan zuen. Horixe baitzen bere esparru pribatu bakarra. Inozentzia pixkanaka erantziz doazen konikak dira, Anneren izaerarako eta bizipenetarako atea parez pare zabaldu eta II Mundu Gerrako errealitatearen argazki gordina egiten dutenak, historia oraindik idazteke zegoen garaian. Beti izango ditu Anne Frankek 13 urte. Beti izango da heziketa aristokratikoko neskato lotsabakoa. Sarraski historiko baten erdi-erdian bere eguneroko bizimoduko arazoak, amorru, min eta maiteminak, izuari eta itolarriari aurre egiteko estrategiak bide batez bezala kontatzen dizkiguna.

XX. mendeko bi emakumeren ahotsak biltzen dituzten liburuak gaurkoan. Gela bat norberarena zen Woolfek bere entzuleei opa zien handiena. Ez zuen halakorik izan Frankek bere egunkaria idazteko garaian, baina, Woolfek nahiko zukeena utzi zuen historiarako, garaiko emakumeen ahotsa idatzita geratzea.

Advertisements

2 thoughts on “‘Gela bat norberarena’, Virginia Woolf eta ‘Anne Franken egunkaria’, Anne Frank | Iraitz Ugalde

  1. Nere postekin loturak: 25. Albert Camus oroituz | Obabako Testiguak

  2. Nere postekin loturak: Obabako Testiguak #25 | Albert Camus oroituz

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s