‘Azken afaria’, Xabier Montoia | Jon Iraola

http://www.ivoox.com/azken-afaria-jon-iraola_md_2739655_1.mp3″ Ir a descargar

Felix  eta  Juanjok,  Xabier  Montoiaren  azken  eleberriko  protagonistetako  bik, armagnacak  eta whiskyak  edanez,  Habanakoak  errez  eta Laboaren  abestiak  egusentiraino  kantatuz  ematen  diote amaia  “Azken  afaria”ri. Momentu horretan,  ni  behintzat,  liburua  kolpe  batez  itxi  ostean,  burua atzera bota eta zer egin ez nekiela gelditu nintzen: barrez lehertu? Nire burua tristuraren  zulorik sakonenean hondoratu?

Txiste bat bezala hasten da liburua. Deustuko unibertsitatean zuzenbidea ikasitako lau lagun ohi Bilboko soziedade batean bazkaltzera  elkartzen dira: Kosme Astoreka, PNVko handi­mandi  bat; Juanjo Rodera, komunista madrildar euskaldundu bat; Felix Goñi, jeltzaleen orbitako abokatu bat; eta Samuel Salaberria, Nobel sariaren kinieletan dagoen euskal idazle bat. Bizitzak aurrera egin du, ibilbide  ezberdinak  aukeratu  dituzte  denek.  Umorerik  ez  dute  galdu  halere,  elkarri  ziria sartzen artistak baitira. Hori bai: dosi txikitan bada  ere,  erresumina, inbidia  eta gorrotoa suma daitezke, baina bekaturik larriena ere mahai bueltan bapo janez eta edanez barka daiteke… ezta?

Luze  baino  lehen  lehertuko  da  istorioa  ordea:  Ertzainak  Felix  Goñiren  etxean sartzen  dira,  eta semea,  Eneko,  atxilo  eramaten  dute,  kale  borrokako  zenbait  ekintza  egotzita. Hasierako oreka puskatu  da  betirako:  Audientzia  Nazionalerako  joan  etorriak,  Felix  Goñiren  lagun  eta  iragan jeltzalearen betiko haustura (Kosme Astorekatik  erabat urrunduz  eta Juanjo Roderaren lagunmin bihurtuz),  torturak,  mehatxuak, sufrimendua.  Enekoren  atxiloketak  bai  bikotean  eta  bai semean beragan duen eragina suntsitzailea da erabat. Horren erakusle dugu liburuaren harribitxietako bat, Gauaren  gaua  kapitulua.  Niri  bereziki  jasangaitza  egin  zait,  pertsonaiak  sufritzen  ari  diren insomnio, obsesio eta torturak irakurlearenak egiten baititu Montoiak. Erabat gainera. Batzuetan, ez dakit ba, pixka bat pasatzen dela iruditzen zait… Adibidez: “Aukera, dugun bakarra, ez baita hil ala bizi, hil ala hil baizik”. Irakurle, aldez aurretik abixatuta zaude: Xabier Montoiaren liburu bat da; zer nahi duzu ba. Egia da, hala eta guztiz ere, azken kapituluak, “Afaria” izenekoak, baduela kontrapuntu  funtzioa.  Izan  ere,  beharrezkoa  iruditzen  zait  “Gauaren  gaua”  bezalako  kapitulu itogarri baten ondoren, nobela orekatzeko irakurleari arnasbide bat gutxienez eskaintzea.

“M  letraz  hasiriko  hitzak  erauziko  nituzke  hiztegietatik”,  dio  momentu  batean  Felix  Goñi­k. “Maitasun, malko, menpeko, min…” (idazlea ala musikaria ari ote zaigu hitz egiten?). Dena den, nire irudikoz lau hitz horiek dira, ondoren  aipatutako Tortura  eta Traizioaz gain, liburuko gaiak hobekien laburbiltzen dituztenak. Maitasun, Malko, Menpeko, Min, Tortura, Traizio. Hein handi batean, “Denboraren izerdia” ekarri dit gogora, oso gustuko dudan bere beste nobela bat. “Azken afaria” ere nobela gogorra  baita. Askotan  ez  dizu  bakerik  emango,  ez dizu  arnasten utziko,  zure zauri sakonenetan ibiliko da aztarrika, baina barre egiteko ere parada izango duzu. Aukeratu duen hizkeragatik, elkarrizketen freskotasun eta zorroztasunagatik, istorioaren gertutasunagatik eta, nola ez, espiritu punky­agatik (iluna, desesperatua, etorkizunik gabea, baina edozerri eta edonori barre egiteko prest beti), “Azken afaria” aspaldi honetan irakurri dudan nobelarik borobilena iruditu zait.

Advertisements

One thought on “‘Azken afaria’, Xabier Montoia | Jon Iraola

  1. Nere postekin loturak: 22. ‘Azken afaria’, Xabier Montoia | Obabako Testiguak

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s