‘En la orilla’, Rafael Chirbes | Jon Iraola

http://www.ivoox.com/en-orilla-jon-iraola_md_2672892_1.mp3″ Ir a descargar

“Los viejos amigos”-eko kontu-garbitzeekin nahikoa ez zenuela izan pentsatzen al duzu? “Crematorio”-ren osteko bixamonaren berri nahi duzula izan? Zorionekoa zu, lagun!, “En la orilla”-n biak ala biak topatuko baitituzu: protagonistaren eta bere ingurukoen bizitzari emandako errepaso gordina batetik, eta burbuila lehertu osteko katastrofe humanitarioa bestetik. Bada Chirbesen idazkerak are ilunagoa eta are gordinagoa ezin zuela izan pentsatzen duenik… Ez du, noski, “En la orilla” oraindik irakurri…

Parean daukat liburua, eta Pasaiako portuko txatarra pilen edo Zorrotzaurreko fabrika abandonatuen aurrean bezala sentitzen naiz: txatarra pila hori zaborra da, bai; herdoila besterik ez dute fabrika horiek, ongi da; baina horren guztiaren atzean, estetikaz aparte ere, bada zerbait, istorio ugari daude. Efektu berbera eragin dit “En la orilla”-k. Egunkari eta albistegien bazka den krisiaz baliatuz, Chirbesen begien atzean ezkutatzen den deabru madarikatuak istorio eder, gogor, krudel eta zorrotzak eman baitizkigu.

Baina entzulea nahastu aurretik: nire uste apalean, “En la orilla” ez da krisiari buruzko nobela bat; ez horri buruzkoa bakarrik behintzat. Gerra zibilarekin batera jaio zirenen bizitzaren atzera begiratze bat iruditu zait gehiago, protagonista eta narratzaile nagusi den Estebanen ahotik: Karl Liebknecht eta Rosa Luxemburgori buruzko hizketaldiak; Lou Reed, Janis Joplin eta Jimi Hendrix-en posterrak; gerran benetan zer pasa zen deskubritzen joatea; iniziazio-bidaiak (Paris, Londres, Ibiza); lehen maitasuna; pixkanaka-pixkanaka lagunak urrunduz sentitzea; bakoitzaren ibilbidea zein izan den ikustea…

Esteban, nobelako protagonista, hirurogeita hamarrak bete dituen mutilzahar frakasatu bat da. Bizitzan ez du helburu zehatzik izan, anbizio gabeko pertsona izan da: ez zuen idazle izan nahi, ez zuen eskultore izan nahi eta, batez ere, ez zuen arotza izan nahi (bere aitaren lanbidea), eta are gutxiago nahi zuen aitarekin lan egin; maitea maitatzearekin nahikoa zuen. Nora joan ez dakienarentzat, ordea, ez da bide onik: Esteban arotza izan da lanbidez, berrogeita hamar urtez gainera, guztiak bere aitaren tailerrean; eta maiteak, bere maite bakarrak, pikutara bidali zuen. Eta hori gutxi balitz, bere eta bere aitaren azken urteak duin pasatze aldera (bere aitak ezin baitu bere kabuz bizi –ez hitz egin, ez garbitu…-), zituzten aurrezki, jabetza eta ondasun guztiak higiezin-salmenta handi bateko sozio izateko hipotekatzen ditu. Estebanen aroztegiarekin, etxearekin eta aurrezkiekin zer pasa zen sumatuko zenuten jada… Baina aizue, garai haietan zeinek aurreikus zezakeen 2008ko gainbehera?

Baina, nire iritziz, argumentuan baino askoz ere mami gehiago dago pertsonaietan, batez ere Estebanen bi kontrapuntuetan: bata, bere aita (herra, sumina, bakardadea); bestea, Francisco, gaztetako lagun mina (arrakasta, luxua, jan eta edaneko bizimodua). Aitak errepublikaren alde borrokatu zuen, eta beste edozer baina biziago darama barruan marxismoaren garra. Franciscok, kontrara, frankista zuen aita, gerraostean aberastu zen kriminal horietakoa, baina ongi baino hobeto arduratu da jatorri iluneko urak garbitzen eta bere burua burgesia mokofinenaren parte bihurtzen: elkarte katoliko ezkertiarretan hasi zen; jarraian, garai berriei tankera hartuta, sozialdemokraziari esker ehundu zuen bere lehen kontaktu sarea; eta, sare honetaz baliatuz, Espainiako ardo aldizkaririk sonatuenaren zuzendari izatera iritsi zen.

Paradoxikoa dirudi, baina Estebanek, aldi berean, izan zitekeena du mutur aurrean (Francisco) eta baita bere nahiaren kontra bihurtu dena ere (bere aita). Bestalde, sozialdemokraziaren traizioa (Felipe González, Soltxaga…) eta, batez ere, trantsizioak difuminatutako klase borroka inon baino biziago plazaratzen direla nobela honetan uste dut. Bigarren mailako pertsonaien zerrenda zabala ikustea besterik ez dago gaur egungo miserien polifoniaz jabetzeko (Liliana Estebanen etxeko andre kolonbiarra, aroztegiko lana galdu duten Ahmed, Joaquín, Alvaro, Julio eta Jorge-ren istorioak…).

Laburbilduz, “En la orilla”: heriotzaren eskuetan erori aurretik burua altxatzea inguruko paisaia ikusteko (itsasoa, dunak, inguru zingiratsua), eta oroitzea: osabaren magalean eserita bere gutunei zigiluak itsasten; edota ama plantxan eta ama kantuan; edota lehen maitearen mingaina belarrian, bizkarrezurra gurutzatzen duen zirrara sortuz. Urrun sentitzea zoriona, Estebanek sentitzen duen bezain urrun. Eta adimena Chirbesen idazkera zurrunbilotsuaren baitan askatzea, bizitzaren meandro lakar eta garratzetan barrena, atzera bueltarik gabe eta uholde baten indarrez, Estebanen herrixkako zingiraraino. Eta zingirako ura sentitzea hotz, oso hotz, eta Spree ibaiko ur izoztuez gogoratzea, eta Karl-etaz, eta Rosataz.

Advertisements

One thought on “‘En la orilla’, Rafael Chirbes | Jon Iraola

  1. Nere postekin loturak: 20. ‘Pendrive’, Arrate Mardaras | Obabako Testiguak

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s