Zer eragina dauka Durangoko azokak euskal kulturan? | Garazi Arrula

http://www.ivoox.com/garazi-arrula-durangoko-azokaz_md_2637402_1.mp3″ Ir a descargar

Egunero bezala gosaldu bitartean Kale gorrian saioa entzuten ari zela, euskara mundialaren eta hondakinen kudeaketaren eta final handiaren iragarki artean, galdera bat geratu zitzaion buruan itsatsirik: Zer eragina dauka, zure ustez, Durangoko azokak euskal kulturgintzan eta oro har euskalgintzan? Beste ezeren aurretik, kirrinka egin zion zure ustez horrek, «noren ustea izanen da ba?». Baina atariko hutsalkeria linguistikoak alboratuta, mamiaz hausnarrean hasi zen. Info7koek entzuleei astean galdera bat egin eta whatsapp, email eta dei bidez erantzuteko aukera ematen dute; nahi duen orok erantzuteko moduko erraztasuna: modernoek eta nostalgikoek, hatz arinek eta mihi-dantzariek, labur-maiteek eta erretorika oparokoek.

Zer eragina dauka, zure ustez, Durangoko azokak euskal kulturgintzan eta oro har euskalgintzan? egin zuen bere baitarako hortzak garbitzen ari zela. Aurten inoiz baino herrikoiagoa saldu digute, lur gaineko burdinbidearen desagertzeari esker. «Sortzaileak eta kulturzaleak elkartzeko hiria» diote, eta listu xaboitsua konketan botatzearekin batera pentsatu zuen kulturzaleak ez ote diren sortzaile, sortzaileak ez ote diren kulturzale, nondik elkarketa horren beharra, nork eskatu du. Liburu eta diskoez gain (izena ez baitute apeta hutsez aldatu), panpinak, postalak, egutegiak, kamixetak eta beste hamaika gauza salgai, Olentzeroren zain. Batzuek atzerapausotzat hartuko dutela pentsatu zuen, Mursegoren kantu berrian tokirik ez luketen gauza horiek guztiek letra larrizko Kultura zikintzen dutelakoan. Kultura barruan zer sartzen den. Kultura barruan egoteko zer prezio ordaintzen den eta nork ordain dezakeen. Ausentziak ez dira kultura izanen, ez lau egun horietan, behintzat. Ez bazaude, ez zara.

Zer eragina dauka, zure ustez, Durangoko azokak euskal kulturgintzan eta oro har euskalgintzan? Buruan zuen bulegoko aulkian hondoratu zenean ere. Errentagarritasunaren izenari hainbeste begiratzen zaionean, zergatik ez daude kulturaren plazan (ez fisikoan ez irudizkoan) Coches, Marie Claire, Marca, Playboy, Meristation edo Cestas y setas moduko euskarazko aldizkariak? Ordenagailua piztearekin irudikatu zuen bat baino gehiago hozka egiteko prest esaldi hori ahoz gora esan izan balu. Edorta Jimenez agian ez zebilen erratuta euskal kultura munstro bat zela zioenean, beso bat garatua eta bestea moztua… Ez dira horiek nahi ditugun ereduak, jakina, baina Euskal Herrian milaka irakurle gehiago izanen dute aldizkari horiek edozein euskal idazleren liburuek baino. Ez al luke benetan horrek euskal kultura bultzatuko? Ez kulturgintza, pentsatu zuen, baina euskalgintza bai, dudarik gabe. Euskararen normalizazioa, alegia. Zeren, bururatu zitzaion, garbiegiak izan nahi dugu, eta inozoki pentsatzen dugu euskararen normalizazioa elite kulturalak salbatuko duela. Euskararekin ere, Duhaldek zioen bezala, maita dezagun gutxigo eta goza dezagun gehiago.

Zer eragina dauka, zure ustez, Durangoko azokak euskal kulturgintzan eta oro har euskalgintzan? Accessa zabaldu zuen. Eragina. Urteko beste egun guztietan baino trikiti eta pandero gehiago Plateruenan. Urteko beste egun guztietan baino abertzale gehiago Palentinoan. Urteko beste egun guztietan baino euskara gehiago Durangon. Lau egun horiei esker justifikatuko dute komunikabide batzuek euskarazko kulturari eskaini beharreko gutxieneko zutabeak. Lau egun horietako irudiekin esanen dute askok kultura osasuntsu dagoela gurean. Baina guztia ez da itsusi: beti bezala parrandara edota aldarrikapenetara soilik joanen denik egonen baita aurtengoan ere; egunaren arabera, berdez, urdinez eta laranjaz jantziko dira kaleak, horretarako abagune ere baita Durangoko azoka. Eta lagun zaharrak ikustekoa. Eta elkar egurtu eta igurztekoa. Eta euskal kulturgintzaren inguruan marmarrean aritzekoa.

Zer eragina dauka, zure ustez, Durangoko azokak euskal kulturgintzan eta oro har euskalgintzan? Galderarekin oraindik eulien pare hasi zitzaizkion eguerdiko tripazorriak. Ez zuen whatsappik bidaliko, ez emailik idatziko ez deirik eginen. Zertarako hautsak harrotu? Dugun gutxi hori babestu behar dela ongi irakatsi ziguten. Ekarpenik egin gabe marmarka aritzea hutsala dela. Durangoko azokara joanen zen, emanaldiren bat ikusi eta poteoan ibiliko zen. Sortzaile ezagunik aurkituz gero, beharbada haren sormena erosi eta sinadura ere eskatuko zion. Hori bai, joan eginen zen bertan egon gabe gaizki-esaka ibiltzea ez delako gizalegez jokatzea, norbere buruarekin bada ere, edo batez ere norbere buruarekin.

Advertisements

2 thoughts on “Zer eragina dauka Durangoko azokak euskal kulturan? | Garazi Arrula

  1. Nere postekin loturak: 19. Durangoko Azokatik | Obabako Testiguak

  2. Nere postekin loturak: Obabako Testiguak #19 | Durangoko Azokatik

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s