Musika eta literatura | Lander Arretxea

http://www.ivoox.com/lander-arretxea_md_2452110_1.mp3″ Ir a descargar

Sail berria estreinatu dugu irratsaioan. Hemendik aurrera, Lander Arretxea etorriko zaigu hilean behin, literaturarekin lotutako erreportaje bat eginda. Hemen duzue lehendabizikoa, musika eta literaturaren arteko harremanaz egindakoa. Ruper Ordorika eta Jon Benitoren adierazpenak entzun ahal izango dituzue, besteak beste. Ea gustatzen zaizuen.

Irratsaioan bildutako aipuekin nahikoa ez eta Benito edo Ordorikari egindako elkarrizketak osorik irakurri nahi dituenarentzat idatziz jaso ditugu:

JON BENITO

Hainbat musika taldek zuk idatzitako hitzak dituzten abestiak kantatzen dituzte. Nola ematen da elkarlan hori?

Bi formatutakoak daude eta egile bakoitzaren arabera lanketa desberdina izaten da. Batzuetan nonbait idatzi duzun zerbait irakurtzen dute, dela liburu batean, edo aldizkari batean, gustatzen zaie, eta zuri baimena eskatuta moldatu edo dagoen horretan kantatzen dute.

Beste kasu batzuetan, harreman bat sortzen da, lanketa bat egiten da, eta beraiek planteatzen dizute gaia edo tonua. Batzuetan doinua ere ematen dizute eta testu bat bertan egokitzea da nahi dutena.

Eta zergatik jotzen du musikariak idazlerengana?

Ni musika entzule izan naizenean, artistari berari eskatu izan diot prozesu osoan bera izatea sortzailea, alegia, zerbait adierazi nahi izatea. Hortaz, adierazten duen horretan batasun bat egon behar du. Gaur egun iruditzen zait badaudela musikan teknikoki oso onak diren artistak baina zer esanik ez daukatenak, eta letrak haien esperientziaren bigarren mailako zerbait behar bezala ulertzen dituzte. Musika bera ere ez da zerbait esan beharretik abiatzen, beste motibazio batzuetatik baizik.

Orduan, letren enkargua egitea bada batetik, esateko ezer ez dutela salatzea. Tratuan hutsune bat izango du: ez dituzte letrak bere sentituko eta egin dioten melodia polit baten aparteko zerbait izango da letra. Eta bestetik, momentu batzuetan, ez beti, sentitu dut idazlea dela marka bat beraien proiektura eraman nahi dutena.  Idazleak berez ez du marka sozial garrantzitsurik, baina batzuetan plus bat ematen dio diskoari. Berdin du letra horiek zer esaten duten; berdin du onak, duinak edo txarrak diren.

Enkarguz idazteak eragina du sormen prozesuan?

Zu zerotik abiatu bazara eta gero poema hori musikatu badute,ez dizkiozu zure buruari mugak jarri. Gainera, halako prozesu  bat aberasgarria da beste norbaitek testu hori bere egiten duela ikusten duzulako.

Norbaitek doinuaren gainean idazteko eskatzen dizunean aldiz, mugak daude. Batzuetan muga horiek akuilu dira sormena beste eremu batzuetatik eramateko, eta baita inoiz aritu ez zaren lanetan aritzeko ere: errimak edo hoskidetasuna zaintzen. Niretzat, prozesurik zailena da hori.

Hala ere, letra hori zerotik abiatu arren, beti egin behar dira moldaketak egileak egin duen kantura egokitzeko. Estrofa bat gehiago beharko du, edo bat gutxiago…

Zer irabazten eta zer galtzen du poema batek kantatzen denean? Eta idazleak?

Nik entzule bezala musika bizitzeko izan dudan sentipenetik, asko eman dit nire letrak kantatzeak. Hasteko, ohore pertsonal bat izan da abeslari batzuk nirekin kontatzea haien kantuak osatzeko. Horrekin batera, beste dimentsio bat eman diote testu horiei. Nik lan horiek ikusi ditut niri lotuta, baina beste norbaitek kantatu dituenean beste zentzu bat hartu dute, eta ikusi dut beste irakurketa bat ere izan zezaketela. Eta gero, musikaren eragin ahalmena askoz handiagoa da literaturarena baino, eta jendea zure letra kantatzen duenean, nahiz eta zuk abiapuntuan zenuen sentimen hori ez mantendu, zentzua hartzen du beste norbaitentzat.

Zer behar du poema batek kantu bihurtzeko?

Kantu bat aurreneko sentipenean harrapatu behar zaituen zerbait da. Liburu batean poema bat hamar aldiz irakurri dezakezu, baliabide guztiez konturatu arte; baina kantu bat da irratian edo dentistaren kontsultan esperoan zaudenean entzuten duzuna …

Kantatuko den zerbait zerotik sortu behar dudanean edo kontzertuak ikusten ditudanean ohartzen naiz, bigarren irakurketak egotea aberasgarria izan badaiteke ere, lehenengo entzunaldian beteko zaituen zerbait izan behar duela. Ez da gehiegi nahasi behar.

Kontzertuetara emozioa sentitzeko prest goaz, baina jaso nahi dugun emozio hori zuzena da; ez intelektuala, emozionala baizik. Balio literariokoa eta jasoa den zerbait egin nahi baduzu kantuaren beraren funtzioa kaltetu dezake. Gero eta gehiago, ahalegintzen naiz kantuetan gauza sinpleak egiten.

RUPER ORDORIKA 

Zure lehenengo diskoa Bernardo Atxagaren testuekin osatu zenuen, eta gerora Joseba Sarrionandiaren hitzekin ere hainbat abesti egin dituzu…

Hautsi da anphora diskoaren kasuan, orduan ari ginen Pott aldizkaria ateratzen elkarrekin, eta nik harreman oso zuzena izan nuen Etiopia argitaratzearekin. Fainera, disko bat egiteko eskatzen zidaten, eta nire zalantzen artean pentsatu nuen Bernardo Atxagaren testuak izan zitezkeela horretarako behar nuen ardatza. Orain esanda ebidentea dirudi, baina artean inork ez zuen Bernardo ezagutzen, eta niretzako errebelazio bat izan zen bere poesia.

Hainbat urte beranduago egin dut disko bat osorik Sarrionandiaren testuekin ere bai, baina oso modu desberdinean. Kantu asko egin genituen elkarrekin, eta gehienak ez dira poema kantatuak.

Zer behar du poema batek kantu bihurtzeko?

Harremana poesia eta musikaren artean, gizakiaren hasieratik dator, baina euskal kasuan bada ondo arakatzeko gaia, ez baitut uste inon hainbeste ematen denik fenomeno hori.

Poema on batek ez du derrigorrez kantu on bat egiten, bestela denok egingo genituzke kantu onak. Kantuak bere gauzak behar ditu. Batzuetan pentsatzen dut, nork ezagutuko ote zuen Eguneroko bizitza edo 37 galderak edo Herdoilarena kantatu ez bagenitu? Alde horretatik badute baliorik. Baina nire aldetik nik ezin dut irakurri horrelako testu bat eta kantatu gabe utzi. Zer behar dudan? Identifikazioa handia. Nondik datorren? Ez dakit.

Poesia zalea naiz eta irakurtzen ditut hemen eta han, asko gustatzen zaizkidan poemak, baina ikusten dut ez direla kantatzeko modukoak. Ez bakarrik ez direlako errimatuak, edota luzeak edo motzak direlako, gehiago da barne erritmo bat. Hitzek lilura bat ere sortu behar dute. Bernardoren lehendabiziko poesiak sortzen zuen hori nigan, ikaragarri. Ordura arte maite nituen zenbait euskal poeta, baina orduan lehendabizikoz sentitu nuen neronek nahi nukeela halako indarra sortzen zuen zerbait idatzi.

Hitzak doinua baldintzatzen du? Eta alderantziz?

Badira disko batzuk letrak nik idatzi ditudala, eta kasu denetan musikatik abiatzen naiz. Kantari eta musikarien elkarrizketak irakurriz gero, denetarik ikus daiteke, baina gehienek esaten dute lanik zailena musika bati hitzak jartzea dela. Niretzako ez, biak batera datoz. Musika sortzen dudanean badut giro bat buruan, sentimendu bat, intuizio bat… Noiz ematen uztarketa dudan ontzat? Zerbait pizten didatenean hitz horiek, apelatua sentitzen naizenean. Poemak musikatzen ditudanean berriz, niretzako hitzek eta esaera horiek duten arnasa errespetatzen saiatzen naiz, beste batekin berbetan banengo bezala.

 

Advertisements

2 thoughts on “Musika eta literatura | Lander Arretxea

  1. Nere postekin loturak: 15. Genero-ariketak, feminismoaren subjektuak | Obabako Testiguak

  2. Nere postekin loturak: Obabako Testiguak #15 Genero-ariketak, feminismoaren subjektuak

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s