Editchka Veniaminovitch Savenko, Limonov ezizenez | Jon Iraola

http://www.ivoox.com/limonov-jon-iraola_md_2030025_1.mp3″ Ir a descargar

Hala du izena gure gaurko protagonistak. Hezur-haragizko protagonista da gainera, gaur egun bizi-bizirik baitago, eta oraintxe bertan libururen bat modan baldin badago, Emanuel Carrère-k bere bizitzari buruz idatzitako nobela da. Limonov-en kurrikuluma ez baita edozelakoa: nazismoaren aurkako gerra patriotiko handiaren erdian Karkhov-en (Ukrania) jaioa; gazteetan gaizkile arrunta izandakoa; ondoren, Brezhnev-en garaian, poesiari atxiki eta Moskuko artista giro underground-ean ezagun egindakoa; 70. hamarkadaren bigarren
zatian New York-era, fama, distira eta ospearen bila joana, baina miseria gorrian luzez bizi izan zena, aberats baten maiordomo izatea lortu zuen arte; 80. hamarkadan Parisera aldatu eta bere lehen nobelei esker enfant terrible fama merezimendu osoz irabazi zuena Saint-Germain-des-Prés-ko zirkulu literarioetan; hori gutxi balitz, Balkanetako gerran fusila hartu eta serbiarren alde borroka egin zuena; 90. hamarkadaren hasieran, Sobiet Batasuna desagertu ostean, boterea hartu asmoz Moskura iraultza gosez itzuli zena; Errusiako gazte punky eta kaskamotzak biltzen dituen alderdi Nazional Boltxebikearen sortzaile karismatikoa; eta, azkenik, Putin-en aurkako oposizioko liderretako bat.

Literaturako Johnny Rotten-a, Bernard Henry Lévi-ren antitesi errusiarra, Jack London sobietarra. Galtzaileen liderra, neskatxa ederrenen maitalea, zakur amorratua, eskuan lehertuko zaizun granada, kamarada fidela, gogorrenetan gogorrena: hori da Limonov! Protagonistaren antzera, liburua ere klasifikatzen zaila da: abenturazko nobela bat al da? Biografia bat? Historiari buruzkoa, agian? Literaturari buruzkoa?

Izan ere, denetik du! Askotan iruditu zait idazleak azken mende erdiko historia kontatzeko baliabide gisa erabili duela soilik Limonov, saltsa guztietan sartutako gizona izan baita. Besteetan, aldiz, iruditzen zait Limonov-en bizitzak eta bere abenturek egiten dietela tira
nobelari. Letra larriz idatzitako Historian eragiten saiatu izan baita Limonov, galtzaileen bandotik betiere. Miseria, gosea, bakardadea, kartzela… ezagutu ditu. Eta ez du inoiz ere diruak mugitu. Esperientzia, bizitza bera, ospea eta pasioa dira desio dituenak.

Letra larriz idatzitako Historian zuzenean eragiten saiatu izan diren jende ugari
hobekiago ezagutzeko aukera izango dugu hala, nobela honetan: gerrillari eta politikariak;
azken momentuko oligarka errusiarrak (orain gutxi erbestean hildako -ajam- Boris Berezovski, adibidez); artista, poeta, kazetari eta idazleak (Limonov-ek gorroto dituen Solzhenitsin-ez eta Brodsky-z gain, Erofeev, Novaia Gazeta-ko Zakhar Prilepine, edota historiako liburuek ahanzturan utzitako smogistak).

Izan ere, Limonov mila ate parez pare irekitzen dituen nobela da, amaierarik gabekoa, nahi bezainbeste adar eta ihesbide dituena. Niretzat plazer hutsa izan da politikoki zuzenaren kontrako ezten nekaezin hau ezagutzea, eta bere borroka eta bizitzaren bidez, Errusia garaikidea ulertzeko parada izatea.

Limonov XX. mendeko pasioen mende bizi izan den pertsonaia da, Peter Pan sobietar bat, eta oso modernoa iruditzen zait, zentzu guztietan. Bide beretik, politika ulertzeko beste modu bat eskaintzen digu mendebaldar ñoñooi, historiaren interpretazio ofizialei aurpegira tu eginez. Hori gustatu zait gehien liburu honetan: batzuetan ni sentitzen nintzela txistua botatzen; besteetan, ordea, egurra jasotzen zuena ni nintzela.

Personaje hau ezagutzen joan zaitezten, 2010eko abenduan The Guardian-ek egin zion elkarrizketa batetik ateratako adierazpenekin amaituko dut kritika. Hala dio Limonov-ek: “Europarrak hain dira lotsatiak, adineko pertsona gaixoen antza hartzen diedala. Europa zahar-etxe handi bat bezalakoa da. Hainbestekoa da adostasuna, hainbestekoa politikoki zuzenaren indarra, ezin duzula ahorik ireki. Kartzela baina okerragoa da. Horregatik ez dago jada kulturarik mendebaldean. Heriotza garrasiak soilik. Errusian, zorionez, jendeak oraindik ere badu espiritu barbaroa. Europar eta amerikarrak, aldiz, hiltzen ari dira, gaixo eta ezindu”.

Advertisements

3 thoughts on “Editchka Veniaminovitch Savenko, Limonov ezizenez | Jon Iraola

  1. Nere postekin loturak: 8. Vila-Matasi segika | Obabako Testiguak

  2. Nere postekin loturak: 27. Eduard Limonoven ibilerak | Obabako Testiguak

  3. Nere postekin loturak: Obabako Testiguak #27 | Eduard Limonoven ibilerak

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s