Teletipoa III | Ion Olano Carlos

http://www.ivoox.com/teletipoa-iii-ion-olano-carlos_md_1986286_1.mp3″ Ir a descargar

“Gogoratu esnea erostea, gogoratu xanpua, gogoratu, gogoratu, gogoratu” emaztearen kaligrafia borobilduaz agendako marjinetan bic urdinez zirriborratua, alabaren argazkia esanez “ordaindu nire pixoihal bizikleta botika arropa eta ikasketak”. Eta Mikel Bengoa, egiaren alde, behingoagatik teletipoari esanez “ez, ez, ez! Hori ez naiz ni”. Erredakzioko atea kanpotik itxi eta zuri ikusi du dena, oro betoker, miope, astigmatismoak jota. Ikarak izoztu egin dio odola. “Ni al nintzen?” Eta heriotzaren esne artean ahots batek esan du:

—Hau dek hau behelainoa, motel… Ez diat pitorik ikusten. Ze habil, Mikel? Al bizio?

Postetxera doala argitu dio Bengoak atezainari. Tipo jatorra da, astun xamarra batzuetan, adibidez prentsaurrekotik ekitalditik elkarrizketatik itzuli korrika eta presaka eta zaindaria, atarian, hasten zaionean kontatzen bere baratzean barraskiloek eta bareek egindako triskantza.

—Halakorik ez, zuen paperetan, e?

Gogorra da gero, kazetariaren bizimodua. Korapiloak sorbaldan omoplatoetan klabikulan eta auskalo non gehiago. Atezainaren hizketa triki-traka hasi aurretik fiuuu egin du txistu Bengoak tren zaharrak bezala, behelainopean. Kontxo, okurrente dabil, konturatu denetik ez dela hil. Begira, errimatu eta guzti egiten du. Martin Ugalde parketik urrundu ahala desagertu da behelainoa. Kostatu zaio, hala ere, betiko errepide bikoitz mortala zeharkatzea, zebrabiderik gabe. Gero instintiboki joan zaizkio pausoak trenerantz, baina et, et, et, non dago herri honetan postetxea? Tabernan jakingo dute.

Bidean tipi-tapa, burua ezkerretara jiratu, eta itxura bitxia hartu die Bengoak pinuei. Halako koilarin beltz erraldoi bana daukate, parabolika moduko bana, zaila da deskribatzea. Hurbildu ahala konturatu da pinu beldarrak edo prozesionariak biltzeko jarri dituztela kono edo enbutu horiek. Aurkikuntzaren emozioarekin, ia erori egin zaio besapeko karpeta, ia ahaztua.

Post-gonzo-poetry, zioen teletipoak. Zer ote da? Hori al da berak idazten duena? Karpetan daraman hitz ebaki anabasa, hori al da poesia? Tabernan, ohi bezala, hatz erakuslea altxatuz eskatu du uxuala. Hain hitz ederra, eta ez du ahoskatu ere egin: uxuala. Bengoari aspaldi heldu zitzaizkion Heineken berde guztiak. Orain, urrup batean klik, barrura uxuala. Hura jaitsi ahala igo zaio ideia, bihotzerrea bezala. “Post-gonzo poesia ez dago oraindik idatzita, ez horixe”. Karpeta zabaldu eta eskukatu egin ditu aspaldi ebakitako informazio zatiak, huskeriak. Gainetik irakurri ahala, irudi freskoekin nahastu eta olerki lerroak loratzen hasi zaizkio irudimenean.

“Alajaina! Eguneroko txikikeria horiek dira albisterik handienak. Barraskiloen triskantzak, esne-hautsa eta pixoihalak, pinu beldar enbutuak… horixe behar du munduak: egia pittin bat, egia hutsa. Argi eta garbi ikusi dut orain. Irakurri dudan teletipoa ez zen albistea, halako premonizio bat baizik. Bai jauna, poeta izango naiz. Kazetari-poeta handia”. Satisfazio borobilez ahoskatu du bere kabutarako: Breaking News”… Baina et, et, et, gogoratu… teletipoko Mikel Bengoaren heriotza-data ez al zen gaurkoa, 2013an? Kaka! Egia ote?

Advertisements

One thought on “Teletipoa III | Ion Olano Carlos

  1. Nere postekin loturak: 7. Uxue Alberdi | Obabako Testiguak

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s