Itzaletik | Iraitz Ugalde

http://www.ivoox.com/itzaletik-iraitz-ugalde_md_1986309_1.mp3″ Ir a descargar

Barrura begiratzeko leihoak dokumentala ikusi duen orok izango du gogoan Mikel Antzak Maixoli bere zeldatik deiadar egin eta honek irrintzi batez erantzuten dionekoa. Nola ahaztu eszena magiko bezain pagano hori. Mikel Antzaren barrura begiratzeko beste modu bat bere azken liburua dugu, ATZERRI. Bertan kontatzen ditu Martuteneko azaña sonatuaren ondorioz Hego Euskal Herria utzi behar izan zuenetik urte luzetan bizi izan dituenak.

Gaztea zen artean. Bere aktibismoa kulturaren bidetik zeraman. Susa literatur taldean eta Argia aldizkarian zebilen. Antzerkigintzan eta literaturan lehen urratsak ematen ari zen. Eta ihes egin beharra egokitu zitzaion. Harrez gero, elkartasunaren haritik zintzilik biziraungo du, eta biziraute horren kronika intimoa da liburua. Orri luzeetako noraeza. Akitaniako makina bat sukaldetatik pasatu ostean Mexikora aldegiteko aukera sortuko zaio. Ihes betearen hegazkina hartu edo Parisen geratu eta ardura estrategiko sakonen jabe egin.

Liburuko argazki gogoangarrietariko bat, nire gusturako, Euskal Herriaren askapen borrokari emanda bizitzea erabaki ostean, bolalumaren indarra armen pisuagatik ordezkatzeko hautua egin eta gero, ezkutalekutzat duen enegarren etxe- zuloan Olivetti bat aurkitzen duenekoa da. Militante-idazlearen eskizofreniaren irudi.

“Izan al naiteke oraindik izan nahi izan nuen idazle hori?” iradokitzen du Mikel Antzak berriki Argiari emandako elkarrizketa batean. Gaurkoan bere liburuarekin geratuko gara, hausnarrak hausnar, dotorezia handiz idatzia baitago.

Carmen Gisasola Langraiz bidean murgilduriko presoa da. Euskal Preso Politikoen Kolektibotik at, atzerabegirako bestelako ikuspuntua du markinarrak. Hori islatzera dator GAUR ZORTZI, bere lehen liburua.

Eleberriaren hasieran espetxean urte asko daramatzan Andonik neska ezezagun baten amaren gutuna jasoko du. Bertan kontatuko dio, alabak ihes egin duela etxetik atxilotua izateko beldurrez. Eta ama horren hitzak egiten dira liburuaren jabe. Amatasunean oinarritutako autoerrealizazioa eta bere alabaren erabakiekiko ezinulertua adieraziko ditu gutunean. Ez du bat egiten militantziaren pisua bizkarrean hartu eta goitik beherako erabakiei men egiteko gar horrekin. Andoni ezagutzera ez gara erabat iritsiko, leku txikia geratzen zaio liburuan amaren antagonista litzatekeen pertsonaiari.

Aktibista gaztea, preso zaildua eta ama kritikoaren irudia jendarteko iritzi ezberdinen ispilu dira, edota pertsona beraren barruan talka egiten duten osagaien irudi, etengabeko barne-gudu ideologiko batean.

Itzaletik idatzitako bi liburu izan dira gaurkoak, oso koordenada ezberdinetan dauden bi egileren lanak, biak ala biak, herri honen testuinguru soziopolitiko bereziaren mosaiko erraldoiaren parte.

Advertisements

One thought on “Itzaletik | Iraitz Ugalde

  1. Nere postekin loturak: 7. Uxue Alberdi | Obabako Testiguak

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s