Urrutiko intxaurrak | Iraitz Ugalde

Aniztasuna, errez esan eta errez ulertu, baina naturaltasunez nekez bizi dugun
zerbait da. Eguneroko xumean handi geratzen zaigu.

Jatorri ezberdinetako biztanlez bete dira gure hiriak, inoiz baino urrunago
bidaiatzen dugu guk geuk ere eta edonongotarrak dakartzagu gurasoenera
otordutara. Baina, barru-barruan, berdinen artean mugitzen ohituta gaude.

Elkartasunaz eta kultura ezberdinen elkarbizitzaz diharduten bi liburu aukeratu
ditut gaurko.

Horien artean lehena Karlos Zurutuzaren TRIPOLI KABUL. Donostiarrak 2012.
urtean Rikardo Arregi eta Argia sariak jaso zituen ekialdeko zenbait herrialdetan
eginiko kazetari lanagatik. Free lance gisa ibilitako denboran Libian, Sirian,
Iraqenn, Kurdistanen, Beluchistanen, Pakistanen eta Afganistanen ezagututako
egiak bildu ditu irakurlearentzat. Gure besaulkitik imaginatu ere egin ezin ditugun
testigantzak, ideologiak eta bizimoduak erretratatu ditu. Argazkiz, kolorez eta
indarrez beteriko liburua da. Egiaren zorrotzaz, istorio gatazkatsuen jabeei
izena, aurpegia eta hitza eman die. Gerrillariak, erlijiosoak nahiz gaztetxoak,
lehergailuetatik ihesi, baina kikildu barik, euren ametsen atzetik. Albistegietan
motzegi geratzen direnak liburu baten patxadara ekarri ditu Zurutuzak.
Irakurtzera eseri eta zabaldu dezagun leihoa, desertuko hondarrak begietan min
egingo digula jakinda.

Erabat bestelako da Ainara Gorostitzu Mugikak idatzi duen ALDAMENEKOA.
Emigrazioa ardatz duten egiazko hamar istorioren bilduma da. Moldabian,
Marokon, Palestinan, Venezuelan, Espainian, Senegalen, Kolonbian nahiz
Nikaraguan zituzten sustraiak erauzi eta Bermeon, Donostian, Idiazabalen,
Oreretan eta Euskal Herriko beste zenbait txokotan lekutu behar izan dute
protagonistek. Beste batzuk Euskal Herritik emigratu behar izan zuten
ameriketara, eta hango burbuila euskaltzalean sortu zuten familia, gurera datozen
etorkinek hemen egiten duten gisara. Baina egun arrotz zaie behinola utzitako
sorterria.

Istorio hauekin guztiekin, bizimodu duin bat hutsetik eraikitzea nolakoa den
gertu-gertutik ezagutuko dugu. Hurreratu eta lau ziren intxaurrekin aurrera
egin beharra. Gizatasuna borborrean. Istorio zirragarriak, egiatik hain gertu
daudelako beharbada. Euskal Herriarekin eta euskaldunekin harreman estuan
egonik, kanpokoen begietatik geure buruari begiratzen lagunduko digute.
Eta akomodatuta bizi garen europarrak garen aldetik, beste horrenbeste.
Pribilegiatuok gure bizi mailari eusteko munduaren beste erdia baldintzatzen
dugula bistan geratzen da.

Begirada liburuetara jaitsita ikuseremua zabal litekeela egia izan daiteke. Tripoli
Kabul. Aldamenekoa. Hortxe bi aukera.

Advertisements

2 thoughts on “Urrutiko intxaurrak | Iraitz Ugalde

  1. Nere postekin loturak: 4. Euskarazko literatur blogak | Obabako Testiguak

  2. Nere postekin loturak: Obabako Testiguak #4 Euskarazko literatur blogak

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s