Jokin Labayen | “Lopetegi jauna II”

Film bateko pertsonaia gaiztoa bailitzan, irribarre maltzurra marraztu
nahi izan die bere ezpainei. Lortu duelakoan dago. Iluntasunari errezelak
eskaini, sukaldera hurreratu eta edalontzia bete du whiski eskoziarrez. Izotzik
ez, badaezpada. Besaulkian eseri eta tragoa kendu dio nahi baino antsietate
handiagoz. “Zure argazkiak onak ez badira, nahikoa hurbildu ez zarelako da”.
Bere buruari errepikatu izan dio sarri Robert Capari mailegatutakoa. Oraingoan,
baina, bozgora oihukatu dio hirugarreneko zelatari anonimoari. Bat-batean,
abaildu egin da. Akaso, Robert Caparen aholkuak eraman du galbidera. Bere
eguneroko jardunaren abiapuntu eta helmuga bilakatu nahi izan du. Baita egin
ere…

Sen berekoi hari jarraiki kontsumitu zitzaion emaztea azken arnaseraino.
Alabak garaitsu hartan erabaki zuen aitari deitzea ahaztu egingo zitzaiola,
gauero. Esaten zioten arriskutsuegia zela, larrutik ordainduko zuela eta gogotik
damutuko zitzaiola. Baina gehiegi gustatzen zitzaion argazkilari justiziazale
altruistaren posea. Sinetsi egin zuen bere barruko abenturazalearen destinoa
mundua aldatzea zela eta hurbildu egin zen… Gehiegi hurbildu ere… Eta lortu
zituen argazkiak, norbait hura asko estutuko zuten argazkiak. Hantxe joan zen,
birritan pentsatu gabe, erredakziora eta hantxe utzi zizkion argazkiak editoreari
paperez betetako mahaiaren gainean, kazetariei diosalik ere egin gabe. Auzia
lehertu egin zen eta, noski, guztiek jakin zuten nor zen egunero azalean
agertzen ziren argazkiak ateratzen zituena. “Reflex”, Lopetegi jauna.

Edalontzia hustu ahala, hirugarreneko zelatari anonimoaren azken
hogeita lau orduetako ibiliak imajinatu ditu. Mezu sinple eta hotz bat jaso,
esaterako, “tren geltokia, 117. armairua” , eta zuzenean abiatu da agindutako
lekura gainontzeko egin beharrekoak beste baterako utzita. Motxilatxoa
bizkarrean eta mezuarekin batera helarazi dioten giltza hotza eskuan duela iritsi
da jendez lepo dagoen geltokira, sartu du giltza sarrailan eta han aurkitu du
bere misioa betetzeko beharrezko duen informazio guztia: helbide bat eta
jarraitu beharreko pertsonaren argazkia. Biak jakako patrikan sartu eta dei bat
egin du geltokiko kabinatik. Zurrumurru ozenegia dago zer esan duen jakin ahal
izateko. Eskegi eta ziztuan abiatu da, oinez, berea ez dirudien auzo bateko
atari bateko hirugarren solairuko ate baten parean geratu den arte. Badaki
etxea hutsik dela. Ingurura begiratu, motxilatxotik xafla fin luzexka batzuk atera
eta sarraila ireki du ia poetikoki. Ez du argirik piztu. Leihora hurbildu, kamera
prestatu eta zain gelditu da… Zain, Lopetegi jauna, pijama soinean eta
betaurrekoak jantzita agertu den arte.

Beste hotzikara bat sentitu du bizkarrezurrean barna. Kaka. Bizkarra
izerdi patsetan duela ohartu da. Beste trago bat behar du. Zutitu eta, eskuaren
dardara medio, whiski eskoziarra irabiatu egingo zaiola pentsatu du. Lehen
aldiz, damutu egin zaio emazteari kasurik egin ez izana. Alabari deitu nahi dio
zer moduz dagoen galdetzeko, beragandik betiko urrundu dadila iradokitzeko.
Ez da ausartu eta txirrinaren soinuak lasaitu egin du, hein batean.

Advertisements

One thought on “Jokin Labayen | “Lopetegi jauna II”

  1. Nere postekin loturak: 2. Beat belaunaldia | Obabako Testiguak

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s