Lopetegi Jauna (1. atala) – Beñat Gaztelumendi

Gauero bezala, afaldu ondoren telebista piztu du Lopetegi jaunak baina, gauero bezala, bizkarra eman eta platerak garbitzeari ekin dio. Gauero bezala, ezkerreko eskuak atzera egin dio ihes eskuinekoak kanilako ura hotzegi graduatu duenean. Eta, gauero bezala, txorrota itxi eta berriro ireki du gaueroko entsalada plater ozpindua garbitu ahal izateko. Ondoren, gauero bezala, tximinia gaineko apalean hautsak jandako emazte ohiaren argazkira zuzendu du begirada. “Bukatu ditinat gaurkoak ere” bota dio ohiko tonu eroriz Lopetegi jaunak denborak ilundutako marko marroitik irribarrez begiratzen dion zuri-beltzezko emakumeari. Esango lioke beste zerbait, “faltan botatzen haut” adibidez, edo “gaur ere gure alaba horri ahaztu egin zaion deitzea” edo halako zerbait, baina zer pentsatuko lukete auzokoek argazki bati hizketan harrapatuko balute? Beraz, gauero bezala, eskuak trapu zuri-urdin zulatu batekin lehortu eta gela ilunera abiatu da.

Hantxe daude, bi sokatatik zintzilik eta argi gorrixka batek goxatuta, gaur ateratako 62 argazkiak. Egunero 62. Ez gehiago, eta ez gutxiago. Bere reflex zaharra ikusi du, argi-itzaletan, mahai gainean, berari begira. Gauero bezala esku artean laztanduz gazte garaiez oroitu da Lopetegi jauna, berari ere “reflex” deitzen zioten garaiaz; “hi, reflex, frenteko argazkiak behar ditiat eguerdirako” edo, “hi, Reflex, herriko alkateak maitale bat omen zeukak, ea argazkiren bat ateratzen dioan” edo “hi, Reflex, ea futbolarien aldagelan sartzea lortzen duan” eta halakoak. Eta hantxe joango zen Lopetegi jaun artean gaztea, “Reflex”, argazki kamera lepotik zintzilik, ikusezin, badaezpada ere flasha itzalita, inork ezer suma ez zezan. Kale kantoiren batean jarriko zen, zakarrontziren baten aldamenean beti prest gure “Reflex”, eta hantxe aterako zituen ateratzerik ez zeuden argazkiak, besteren bizitza pribatuei lapurtutako negatiboak. Hantxe joango zen gure “Reflex” erredakziora, eta hantxe utziko zizkion argazkiak editoreari paperez betetako mahai baten gainean, kazetariei diosalik ere egin gabe, jakina, inork ez baitzekien nor zen egunero azalean agertzen ziren argazkiak ateratzen zituena, “Reflex”. Kaka.

Betaurrekoak lurrindu zaizkio berriro. Eskuineko eskuarekin erantzi eta ezkerrekoarekin zapi bat hartuta garbitu ditu, gauero bezala. Hotzikara bat sentitu du bizkarrezurrean barna, labezomorro ejertzito bat akaso, gaztetan kale kantoietan zakarrontzien itzaletan auto atzean makurtuta zuhaitzen baten atzean sentitzen zuenaren parekoa. Eta, gauero bezala, betaurrekoak jantzi eta, aztoratuta atera da parkeko pago ihartuari ateratako 62 argazkiak zintzilik dauden gelatik. Azken 20 urteetan egunero 62 argazki eseki dituen sokak dardarka gelditu dira. Atea itxi duenean, atepeko argiak odola dirudiela iruditu zaio. “Zahartzen ari naun” esan dio kristalezko emazte ohiari. Telebistak nekagaitz dirau sukaldean. Baina zaratari ihesi, logelako atea itxi, gaueroko pijama bera jantzi eta leihora hurbildu da Lopetegi jauna, pareko eraikineko balkoietan ilargiak erakusten dituen sekretuen bila. Eta hantxe ikusi du, hirugarrenean, kamera lepotik zintzilik eta ipurtargi itxurako zigarro bat errez, berari begira.

Advertisements

One thought on “Lopetegi Jauna (1. atala) – Beñat Gaztelumendi

  1. Nere postekin loturak: 1. irratsaioa | Obabako Testiguak

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s