Gure belaunaldiaz | Peter Ostolaza

Gure belaunaldia ez dago, oro har, lore jokoetarako. 90eko hamarkada zoriontsuan, industrialki oparoan, gure Euskadi jator, goxo eta ez hain puta honetan hazi ginenon penak zoriontsuegiak dira poetarenak izateko. Ez dugu topatu zeri emantzipaturik, oro eman digute nahieran, establishmentak irentsiriko behinolako iraultzaileak dira gure gurasoak, haiengan dakusagu gure asmo bakoitzaren hutsaltasuna. Ez gara deus egiteko gai. Ez diogu aberriari kantatzen, maiteminak bi egun irauten digu asko jota, heriotza ez da kasik existitu ere egiten. Oi gu hemen, bidean galduak, inoiz inon izan diren literatur sariketa gehien ezagutuagatik literaturaz zinezko interesik izan ez dugunak, “estolda” eta “gudu-zelai” esaldi berean jarriz gero aurrera samarrean ibiliko ginelakoa sinetsi genuenak. Eta batez ere, oi gu, hamabost urterekin poema txatxuz josiriko blogak ireki genituenak, sakon sakonean ligatzeko asmo arrunt bezain errespetagarriak bultzaturik (batere emaitzarik gabe, esan beharrik ez dago). Horretantxe geratu baita literatura geuretzat, adoleszentziako anekdota ezdeus batean, behinola beste helbururen bat lortzeko balio zigun bitarteko kadukatu antzekoan.

Eta, bestalde, zer diren kontuak: plazara atera nahi izan dugun okasio apurretan taxuzko zerbait besapean hartuta atera nahi izan dugu, lehendabiziko obra argitaratu izanaz damuturik diren aski idazleren berri dugu honezkero. Ikasi dugu, ustez, zerk eragiten digun mina begietan, baina zertaz idatzi behar genukeen jakitea falta zaigu, baldin eta esne mamitan bizitakook aparteko intereseko ezertaz ari bagaitezke. Pare bat esaldi ekibokatu papereratzea baino isiltasunaren perfekzioa nahiago dugu aukeran, oi guk, kritikatuko, gaitzetsiko, akaso egurtuko gaituzten beldur garenok. Gure belaunaldiko bururik argienak ikusi ditugu isiltzen umiltasunaren izenean, listoia altu jartzen duenak autoezeztatzera jo ohi duen gisa berean. Uste sendorik gabeak ez ezik, ego ahulekoak gara, ez dugu zopetarako ere balio. Agian arima urratu jaiotzea izan da gure akatsa, baina akabo, beranduegi da orain, psikologorik entzutetsuenek ere ez gaituzte arrastoan sartuko. Isilpean eta inor gogaitu gabe igaroko gara zuen albotik.

Advertisements

6 thoughts on “Gure belaunaldiaz | Peter Ostolaza

  1. Nere postekin loturak: Asteburuan kulturaz pentsatzeko pare bat irakurgai | Boligrafo gorria

  2. Nere postekin loturak: » Gure kontraesanak Nire kontra esanak

  3. Nere postekin loturak: Gure kontraesanak |

  4. Nere postekin loturak: Egia berdaderoa » 25 Geltokia

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s